Solasean
Bertol Arrietak Alter ero liburua kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Zortzi narrazio, edonorenak izan daitezkeen minak azaleratzeko, bizitzan egindako aukeren bazterrean utzi ditugun bideak gogoan hartzeko. Umorez, sotiltasunez, pelikula baten erritmora irakurri daitezkeen hitzezko eszenen bitartez.
2004an kaleratu zuen Txikira beti hordago!, bertako 'What a wonderful world' narrazioa ardatz hartuta zuzeneko hainbat emanaldi egin zituen. Bertol Arrietaren alter eroen munduan murgiltzeko aukera dugu orain Susak kaleratu duen liburuan, eta egileak berak hainbat gai jorratzeko zabalik duen blogean: Zure tunela.
Liburuaren aurkezpenean komentatu zenuen liburuko ipuin batzuen abiapuntua gertakizun xume ez ohikoak direla, baina irakurri osteko sentsazioa da gero urrunera eramaten dituzula narrazio horiek. Nolakoak izan dira abiapuntuak, nola garatu dituzu?
Lehenbizi esan beharra dago zortzi urteko tartean idatzita daudela ipuin hauek, beraz haien artean ere denetik dagoela. Abiapuntua izan diren gertakizun horiek batez ere liburuaren bizkarrezurra osatu duten ipuinetan daudela esango nuke: 'By-pass', 'Stand-by' eta 'Bye' izenekoetan, hain zuzen ere.
Berrienak direnak.
Bai, idatzi ditudan hiru azkenak dira. Horietan bai iruditzen zait horrelako gertaera xumeetatik abiatuta dagoela eraikia narrazioa, nahiz eta gertaera horiek bereziak izan. Gertaera horiek nire minak kontatzeko nolabaiteko aitzakia dira, ez minei buruz esplizituki idazteko baina bai inplizituki: bide bazterretik, zeharka esplikatzen dira min horiek. Aipatutako minak nireak badira ere jende askorenak izan daitezke era berean, batez ere bizkarrezurra diren hiru ipuin horietan.
Eta nolako bizkarrezurra da hori? hiru ipuin horietan pertsonen arteko harremanak bereziki presente daudela iduri lezake...
Lehenbiziko ipuinaren azpian dagoen mina heriotzarena da, baina bai, pertsonen arteko harremanen marko baten barruan dago kokatua guztia. 'Stand-by' bigarrenean gehiago da denborarik ez izatearen mina, lana eta beharraren arteko borroka. Hirugarrenean bikote harremanei buruz hitz egiten da zuzenean, fideltasunari buruzko gogoeta eginez. Batez ere hiru horiek badira harremanen ingurukoak: bikotea, lagunak, familia... 'Ordezko atezainaren balada' izeneko ipuinean ere badago adiskidetasunari buruzko nolabaiteko istorio bat. Nire alter ego ilun edo ero horiek bizi nahiko lituzketen bizitzen deskribapen bat dago funtsean: idazlea dago, eskubaloiko atezaina, irakaslea, tesigilea, aita... nire nitasunetik idatzitako ipuinak dira gehienak. Bizitzan erabaki bat hartzen dugunean bide bat markatzen dugu, eta interesgarria da bide hori, baina liburu honekin niri batez ere erabaki bakoitzaren kanpo geratu diren bide horiek aztertzea eta horiei buruz idaztea zen interesatzen zitzaidana.
Agian informazio gaindosi bat dugulako da hori? Gure aurrekoek segur aski ez zuten bizitza horrela sentituko.
Bai, edo konformatzeko joera gehiago zegoen baita ere, beste garai batzuetan oso zaila baitzen egokitu zitzaizun bizitzatik ateratzea. Orain agian errazagoa da, baina uste dut gaur egun lanaren bidez lotu gaituztela. Lanik ez dagoen garai hauetan gogorra da hau esatea baina, ipuin batean aipatzen dudan moduan, lanak libre egingo zaitu diogu baina lanarekin ez al gaude lotuta. Zenbat denbora kentzen digu lanak egunean? Niri iruditzen zait presio horrek eramaten gaituela hainbat bizitza bizi nahi izatera. Zerotik behin eta berriz hastea erotzeko modu segurua da, ez baduzu literaturan egiten behintzat. Nik ipuinekin egin nahi izan dut hori, bizi ezin ditudan bizitza horiek imajinatu.
Horri heltzeko umoretik eta ironiatik jo duzu, dramatismotik baino.
Nik uste dut baietz. Minei buruz idatzi dudala esan izan dut, eta eman lezake dramatismora jo dudala, baina ez da horrela izan, ez baita min esplizitua. Hor hondoan daude, nik uste dut ipuinen motorra direla min horiek, baina gero haiei buruz era askotara idatzi dut. Idatzi dezakezu heriotzari buruz zure burua heriotzara zigortutako pertsona baten larruan jarrita, edo zeharka beste modu batean aipatuta. Minei buruz sotilki hitz egitea bilatu dut, eta horretarako modu bat umorea erabiltzea izan da. Woody Allenek bere pelikuletan egiten duen moduan: irribarre batekin ikusten dituzu, baina era berean konturatuz azpian asko dagoela. Hori bilatu dut.
Autofikzioaren gaia egun pil-pilean dago, asko jotzen da horretara literaturan eta oro har artean. Zuk zein neurritan jo duzu uneren batean horretara ater eroak bilatzerakoan?
Gertaerak ez dira derrigor nireak, baina era berean horrek ez du esan nahi nireak ere ez direnik. Ez dauka inportantziarik zer gertaera diren nireak edo zeintzuk ez diren, inporta duena da horien azpian dauden minak eta horiek nola sentitzen ditudan nik, eta nola eraman daitezkeen orokorrean jendeak sentitzen dituen minekin lotzera. Asko dago niretik, baina berdin ingurukoetatik. Azkenean idazleak putre lana egiten du, nik inguruan dudan guztia absorbitzen dut eta gero zerbaiti buruz idazten ari naizenean inkontzienteki atera egiten dut. Detaile txikiek asko aberasten dute ipuina. Carver ari naiz irakurtzen orain, eta askotan egiten du hori.
Galdera hori egin dizut orain honakoa egin ahal izateko: 1,92ko altuera duzu, 'Un tal Ekain' ipuinean Julio Cortazarren oinordeko espirituala dela sinetsita dagoen pertsonaiak bezala?
(Kar-kar) Ipuin horretan kontatzen dena da Cortazarrek duen altuera eta protagonistarena justu bera dela. Nik ordea 1,96 daukat. Ipuin horren abiapuntua zein da? Batzuetan idazten hasi eta nahi gabe Cortazar plagiatzen ari naizela konturatzean zakarrera doa testu hori, Cortazar edo Hemingway edo... zerbait originala egin nahi duzu baina konturatzen zara nahi gabe irakurri dituzun testu horietara jotzen ari zarela. Cortazarrekin gertatu zaidana gainera bitxia da: ipuinaren barruan laburmetraia baten istorioa kontatzen da, eta egiazkoa da. Iñigo Salaberria pertsonaia bezala agertzen da hor, baina benetako pertsona bat da, baimena eman zidan bertan azaltzeko. Bera Parisera joan zen zinea ikastera eta txinatar pare batekin bizi zen etxe berean. Haietako bat zuzendaritza ikasten hasi zen, eta Cortazarren ipuin batekin laburmetraia egiteko asmoa agertu zion Iñigori, karrera bukaerako proiektu gisa. Lortu zuten Cortazarrekin kontaktua egitea baimena eskatzeko, eta horrekin batera Cortazar bera protagonista izatea ere. Gero gertatu zen Cortazar laburmetraia egin behar zen egun berean hil zela. Istorio horretatik tiraka, ni altua naiz eta Cortazar bera ere altua da.... hariak lotzen hasi eta ipuinak forma hartu zuen. (Irakurri 'Un tal Ekain').
Kasu horretan bezala literatura oso presente dago liburuan, idaztearen inguruko kontuak... zer du literaturak eta idazketak berak idazgai ere izateko? Horren masokistak ote dira oro har idazleak?
Masokistak ez, kontrakoa. Gaixotu egiten zara batzuetan idazten ari zarenean, hainbeste gustatzen zaigu literatura... zeri buruz idazten duzu normalean? Interesatzen zaizkigun gaiei buruz, eta literatura horietako bat da. Literaturaz idaztea normala iruditzen zait.
Zure aurreneko liburua (Txikira beti hordago!, Erein 2004) ipuinekin osatu zenuen, liburu honekin egin duzun bezala. Zer du generoak erakargarri?
Askatasuna. Saiatu naiz askea izaten idazterakoan. Gizartean nahiko lotuta gaude jada, ezin diozu ondokoari burutik pasatzen zaizun lehenengo gauza esan, apur bat erreprimituta gaude eta normala da, bestela hau erokeria izango bailitzateke. Literaturan sudur puntan jartzen zaidana egiten dut alde horretatik. Ur Apalategik 'Alter ero'ren aurkezpenean zera esan zuen, harritu zitzaidan baina poztu egin nintzen liburua irakurrita ondorio horretara iristea: ez dudala idazten kritikarientzat ez euskal literaturaren stablishment horrentzat, irakurlearentzat egiten dudala baina ez lotura fidel bat egiteko... sentsazio hori hartu badu niretzat asko da, alde horretatik aske izaten saiatzen naiz.
Ipuingintzan asko jotzen da ipuinen estrukturekin, bukaerako kolpeekin, estilo ariketekin jolastera. Hortik jo izan duzu zeuk ere?
Ez nuke esango bertakoak ipuin konbentzionalak direnik, adibidez ez dut bukaerako kolpea bilatzera sobera jo.
Kolpe horiek emateko modu asko egon daitezke ordea.
Bai, badago hortik zer edo zer baina ez naiz horren bila joan. Egitura eta erregistro diferenteak probatzera jo dut gehiago, 'Un tal Ekain' artikulu moduan dago idatzita, 'Ipuin perfektua'n protagonistaren erokeriak agintzen du, 'Ordezko atezainaren balada'n irudi poetiko bat sortzea bilatu dut... bizkarrezurra osatzen duten hiru ipuinetan berriz gehiago da detaile kontua, emozio sotilak sortzea bilatu dut haietan. 'Bye' ipuinean adibidez hainbat proba egin nituen, azkenean lehen pertsonan hasi eta hirugarrenean amaitzen da.
'Ipuin perfektua' izeneko narrazioan idazleak muturrera eramaten du ipuin perfektua idazteko obsesioa, idazlearen borroka jaso duzu hor.
Bai, ipuin batean guztiak du garrantzia: hasierak, bukaerak... metafora bat jartzerakoan asko pentsatu dut, adjektibo bat lehen oso erraz jartzen nuen eta orain bakar bat jartzeko ere... lanak! Lehenengo ipuin liburuan dena instintiboago egin nuen, eta bigarrenean berriz guztia dago bi-lau-bost-zazpi aldiz pentsatuta. Prozesuan ikasi dudana altxor handia da.
Zinearen eragina aipatu izan duzu liburu honetaz mintzo. Ipuin batzuetan iruditu zait oso nabarmena dela eragin hori, kontatzeko moduan esaldiak planoka irudikatu ditzakezu kasik.
Ipuin asko eszenatan daude banatuta. Horregatik iruditzen zait zinera eramateko errazak direla, salbuespenak salbuespen. Metaliterarioak diren ipuinak kenduta oso zinematografikoak dira zentzu horretan, eszenen kateaketagatik. Zergatik hartu dut bide hori? Emozioen sotiltasuna transmititzea bilatu nahi nuelako. Barne gogoetan murgiltzen bazara ere egin dezakezu zer edo zer sotila, baina iruditzen zait eszenek distantzia hartzera eramaten zaituztela. Gertakaria kontatzen ari zara, eta hori norbaiten barne gatazka kontatzea baino objektiboagoa da. Sotiltasunean irabazteko hartu nuen joera hori.