Solasean
Ez da Andolin Eguzkitza poemak erraz eta arin kaleratzen dituen idazleetakoa. Susa etxeaz argitara eman duen bilduma honek hamar urtetako metaketa itxaron behar izan du hogeita bat poema emateko. Idazle eta munduko toki erreferentziaz kargatuta datoz hizkuntzalariaren maitasun eta saminezko olerkiok.
Los Angelesen hasi eta Hamburgera iritsi arte kilometro asko geratu dira atzean, eztia eta mikaztasuna sorrarazi zutenak ere bai. Tartean irakurritako liburuetatik ateratako zipristinak hor daude. Konfuzio, Pasolini, Llach, Natan Zach, Aresti, Marguerite Yourcenar, W.B. Yeats, Lauaxeta, Daniel Landart, Isaak Babel, Ausländer, Miquel Marti i Pol, Donald Justice, Jesus Galindez, Gabriel Korta, Fernando Pessoa dira bide horren erreferentea.
Zer egiten du hizkuntzalari batek poeta lanean?
Niretzat literatura da, badakit topiko eta pedantea izan daitekeela baina, bizitzeko beharrezkoa den zerbait. Eta topiko osoa esatearren, salbabide bat. Gramatika, linguistika maite dut eta hori da nire lanbidea, baina literatura aurrera egiteko indarra ematen didan ekintza da. Beharrezkoago egiten zaidan gauza da. Poesia irakurtzen 27 urtez hasi nintzen, eta honezkero ‘olerkinomano’ bihurtu naizela esan beharko nuke. Ohizkoa izaten da irakurlea denak zertxobait idaztea.
Hogeita bat poema munduan zehar barreiatuta, ihes egiteko modu bat al da?
Nire hezkuntzarako zoria izan dut eta munduan ibili naiz askotan, eta munduan zehar ibiltzeak baditu puntu onak, lortu dudan prestakuntza esaterako, baina beste aldetik herritik urrun egoteak eta bakarrik egoteak sentipenak eta minak eragiten ditu. Nik uste dut horren ondorioak direla poema hauek.
Liburuaren izenburuak dioen bezala, ‘Mila urte igaro eta, urak bere bidean’ amodiozko poemak dira eta gainera kontzientzia horrekin eginda, salbuespen pare batekin. Amodioa indar asko daukan sentimendua da eta nik poema hauek idatzi bitartean, idatzi ditudan bakarrak hamar urtetan, presentzia handia izan du, eta ez beti zoriontsuena. Ez nuke nahi, hala ere, poema hauek ‘poema aspirinak’ izatea, norbera triste eta ilun egonez gero poema bat idazten du aspirina hartzen duenak bezala.
Poema gehienak hirietan idatzi dituzu.
Poema liburu honen idazketa Los Angelesen hasi nuen, gero hemen ibili naiz, Alemanian eta Ameriketan berriro ere, eta hiri horiek ez ditut bereziki aukeratu efektu poetikorik lortzeko, ez bada ibili naizela eta giza geografia posible direlako.
Zure poema gehienetan beste idazle batzuen erreferentziak datoz. Zer esan nahi du honek, zuk idatzi nahi zenituenak beste idazle batek zuk baino lehenago idatzi dituela?
Askotan aurreko erreferentzia horiek pizgarri moduan erabiltzen ditut, egiazkoak direla pentsatzen dut. Batetik testu ederrak dira eta edozein pertsonarentzat atseginak, eta ezagutzera eman behar dira, eta bestetik hor inspirazioa hartu dut, gehienetan, eta zergatik ez dut esango egia bada?
Hortaz liburu honek bi liburu ditu, bata zeurea eta bestea zeuri inspirazioa eman dizuten idazleena.
Ez da hainbesterako, gainera poema guztietan ez daukat horrelakorik. Hauek dira hamar urtetan idatzi ditudan poemak eta ez dut besterik. Niretzat poemak egitea gauza kostagarria da, denbora asko ematen dut, oso gutxitan gertatu izan zait poema bat ordu betean idaztea eta bertan uztea. Ni, zentzu horretan, ez naiz batere emankorra.
Ura eten gabe agertzen den elementua da. Zein da zure mitologia pertsonalean urak daukan esanahia?
Nire mitologia pertsonalean, edo euskal esakeran, zeren esakera hau aspaldiko euskal herri poemetan agertzen den topikoa da, eta gero azkeneko poema ‘Panta Rei’ gauza bera da, Efesoko Heraklitoren ideia. Ura badoa, amodioa ere badoa eta hala ere bizitzen segitu behar dugu. Zoritxarrez dena mugitzen da, ezer finkorik ez dago eta guk konpondu behar dugu, hori da adierazi nahi dudan ideia, eta izenburuan ere hori da adierazi nahi nuena.
Orain zer tokatzen zaizu, nobela?
Bai, nobela bat idazten nago, eta ez dakit noiz amaituko dudan. Badaukat gauza pare bat argitaratzekotan, bat segurua, Kavafis poeta grekoaren antologia bat, berrogei poema Olga Omatos grekozko irakaslearekin batera itzulitakoak, eta noizbait Pamiela argitaletxeak aterako duena. Beste elaberri bat daukat ingelesetik itzulia, ‘The companion’, nik ‘Laguna’ itzultzen dudana. Orain eleberri berri bat idazten nago eta poltsikoan ere badaukat hasita nire Ameriketako egotaldiei buruzko egunkari moduko bat.
Eleberrirako beste hamar urte?
Ez, ez, nobela hori laster amaituko dut, behar bada sei hilabete barru edo. Gerorako badaukat beste proiektu bat.
Zertan da zure nobela hori, aurrera badaiteke?
Badira pertsona batzuk niretzat oso miresgarriak direnak. Gerra aurrean kasu batez, Nafarroan batik-bat, Iruñean bizi ziren hainbat abertzale beraien interes ekonomikoetatik eta klase jatorriagatik ederto zeudenak, eroso bizi zitezkeenak eta hala ere abertzale izan zirenak.