literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

A. Ormaetxea
Euskaldunon Egunkaria,
Xabier Aldai:
«Poesia mailu bat da eta ezin da bizi den gizartetik banatu»

Xabier Aldai azpeitiarra iaz hasi zen poesia idazten eta urtebeteren buruan kaleratua du jada bere lehen liburua. Idaztea gogoko du baina etorkizunean poesia bere lanbidea izango den ala ez geroak argituko duela esan digu.

Zer egiten dute zu bezalako mutil gazteek poesia idazten?

Gehiago izango zen belaunaldi baten etorrera bezala. Hala ere, gazteen poesia ezagutu nahi duenak aukera ona negu honetan izango du. Aditu nahi duenak aditu dezala, eta nahi ez duenak berak jakingo du zer egin.

Zer da zuretzat poesia?

Hori Gabriel Aresti aipatu gabe ezin da erantzun. Poesia mailu bat da, poesia ezin da bizi den gizartetik banatu. Alde horretatik Euskal Herriak aberastasun handia eskaintzen du, bi hizkuntzetako herri batek, bi kulturetako herri batek, bi pentsakera politiko duen herri batek aberastasun ugari ematen du.

Noiz konturatu zinen poesia idaztea gogoko zenuela?

Konturatu, ez dut uste behin ere konturatzen zarenik. Gehiago da lehenengo eskolako ariketetan, Jose Luis Otamendi poetarekin ariketetan hasita, gerora afizioa sortzen du. Alde horretatik, poesiak zuk zeuk dauzkazun kargak edo sentimenduak lasaitzeko, arintzeko balio du. Lasaigarri bezala da. Neri asko lasaitzen dit poesia idazteak, kafea hartu beharrean...

Non topatzen dituzu poesia idazteko gaiak edo zertan oinarritzen zara?

Ez dut uste gai trinkorik dagoenik. Gehiago da momentu puntualetako ikuspegiak edo ikuspuntuak. Tren bateko bidaia bezala dela esango nuke, bidaian zehar paisaia askotatik pasatzen zara, zirku eta zoologiko asko ikusten dituzu eta bi elementu horien deskribapena izango litzateke. Beti ere, bizi zaren gizarteari begiratuta.

‘Bala zeru urdina’ liburuan dauden poemak noiz idatzi zenituen?

Lehenengoa 1992an idatzi nuen. Urtebete besterik ez daramat poesia idazten.

Liburu honek izango du ondorengorik?

Ez, hori ez dut uste planteatu ere egin daitekeenik. Lehenengo nago neu pertsona bezala, neure familia, neure lagunak. Gero ikasketak daude, nire adinari begiratuta ikasketei garrantzi handia eman behar diet, etorkizunean izango naizena ikasketetan zehaztuko delako. Hirugarrenik, denbora baldin badago eta denbora baino garrantzitsuagoa dena zerbait berria esateko modurik badago, ba bai, zerbait egingo nuke.

 

Bilaketa