Solasean
Idiaren eraman erraza saiakerako sormenari buruzko gogoeta, Katebegi galdua nobelako intriga, Camembert helburu-ko genero nahasketa... Alonsoren aurreko lanen kezkak ageri dira plazaratzear duen Euskal Karma-n.
Aste batzuk barru aurkeztuko du liburu berria Jon Alonsok, ohiko argitaldariarekin (Susarekin) eta kezkekin bueltaka. Formula diferentean eman du, hala ere, Euskal Karma.
Rapsodia izengoitia du zure liburuak. Rapsodia, musikan, beste obren pasartez edo herri doinuz ondutako lana da, egituraz oso askea.
Zuk diozun bezala, musikan ez ezik, rapsodia, literaturan, “besteren zatiez osatutako obra” da, are “obra literarioa, bertsoz edo prosaz, osorik edo partez besteren esanaz eta adieraziaz osatua”. Hori dela eta, uste dut definizioa egoki zaiola, generoaren sailkapenaren aldetik; izan ere, beste hainbat idazleren pasarteak, kantuen hitzak erabiltzen ditut. Askotxo, gainera.
Liburuan bada txantxa hutsa eta txantxa hutsa ez diren gauzak. Odol txar pixka bat ere bada. Orduan, hari guztiari izena jartzeko, nobela, ipuin, saiakera edo dena delakoa baino gehiago, rapsodia bat zela esatea egokiago ikusi nuen. Zentzu guztietan, gainera. Halako hibrido bat da. Liburuaren sarrera hitzetan, rapsodia hitzaren definizio hori azaltzen dut, eta liburu honek bere irakurleak bilatzen dituela gaineratzen. Hau da, liburua ez doala inoren aurka esan nahi dut, gustukoa eduki lezakeenaren alde baizik.
Bilatzen dituzun irakurleek martetar euskaldun bat Arantzazun agertzetik abiatzen den testua aurkituko dute. Euskararen ajeak konpontzeko bidean, kanon literario baten aurkikuntza ezartzen die lehen martetarrak urrats gisa lurtar euskaldunei. Hortik abiatuta, fartsa bat eraikitzen duzu, gai oso serioak ukituz.
Denok, edo gehienok, idazten dugunean, inguruan daukagun eta ikusten dugun errealitateari edo errealitatearen alderdi bati erantzun kultural egoki bat ematen saiatzen gara. Erantzun kultural egokia, kontzeptu bezala ere, zer izan daitekeen oso gauza zabala eta eztabaidagarria da; niretzat, kontzeptu horren ezaugarri garrantzizkoenetako bat da baliagarritasuna, eta baliagarritasuna esaten dudanean esan nahi dut liburuak zer edo zer eskaini behar diola irakurleari, sartuta dagoen saltsaren erdian hobeki moldatzen lagunduko diona: ideiaren bat, hitz batzuk, bere egiten ahalko duen argudioren baten formulazio egokia, edo, bestela, denbora-pasa dibertigarria, irribarreren bat, bizigarriren bat... zerbait. Baliagarritasun hori beste hainbat osagarrirekin lotuta dago: irakurleak irakurtzeko eduki dezakeen denbora normalean gero eta mugatuagoarekin, idazleak idazteko dituen baldintzekin, tonuarekin... Tonuari dagokionez, gero eta gehiago iruditzen zait esperpento edo obra absurdu bateko hirugarren mailako arizaleak garela. Zenbat eta obra absurduago, orduan eta ankerrago, arriskutsuago eta hilgarriago bihurtzen da, gainera. Liburuaren tonuak sentipen hori islatu nahiko luke.
Eta zeintzuk dira, bada, gure kulturarekiko dituzun sentipenak?
Nahiz eta euskal kulturari begira egina egon, uste dut guretik kanpoko kontuekin ere lotura zuzenak dituela sentipen horrek. Munduan gero eta gauza larriagoak, absurduagoak eta ulertezinagoak gertatzen direla iruditzen zait. Denak saiatzen gara esplikazioak bilatzen, baina jende arruntak sekula ez daki gertatzen ari denaren klabeak non dauden; klabe horiek ezkutatzen dizkigute, eta horren ordez gezurrak kontatzen dizkigute barra-barra. Ezin, ezjakintasun eta toreatze sentsazio hori adierazten saiatu naiz alde horretatik, eta, asmoa berez nahikoa irrigarria bada ere, liburuaren bidez erantzuten. Euskal kulturari buruz, aspertuta nago aspaldi. Filologoen kontua, adibidez. Hemen beti baldin bagabiltza hitza nondik datorren eta zer forma behar duen, ez gara oso urruti joango.
Zure aurreko lanen zantzuak aurki daitezke, beraz, Euskal Karma honetan. Zein urrats berri ekarri du orduan lan honek?
Gaien aldetik, lehen esandakoa sakontzen, osatzen, biribiltzen, berritzen, hobeki berridazten saiatzen naiz. Hala ere, nik uste dut urratsa, urratsik bada kasu honetan, formala dela batez ere; ohiko generoen konbentzioetatik aldendu nahia, erregistro eta estilo sarkastiko samarrak lantzeko saio txikia... Hor badago orijinaltasunari buruzko nire aurreko gogoeten segida bat. Dena esana badago, eta gainera bikain, eta horri buelta ematerik ez badago, zein izan daiteke orijinalitate famatu hura? Agian, idatzita dagoena zure kontakizunean funtzionala izan dadin baliatzea.
Intertestualitate famatuaz ari al zara?
Beno, hitz hori azken hamabost urteetan gora eta behera dabilen beste hitz magiko bat da. Besteren testuak hitzez hitz kopiatzea ez da intertestualitateari nik harrapatzen diodan esanahia. Eztabaida literarioaren puntu honetan, orijinaltasuna besteren pasarteei norbere kontakizunean funtzionaraztea ez ote den iradoki nahi izan dut.
Euskal Karma-n kanon literarioaren beharra zalantzan jartzen duenik ageri da. Kanon literarioaren definizioa ematen duenik ere bai. Zer diozu zuk kanonari buruz?
Kanonari buruzko eztabaida betikoa da, baina orain dela bost bat urte nahiko modan jarri zen Estatu Batuetan, eta, haren oihartzunez, Europan; nire ustez, eta errespetu guztiarekin esanda, jarrera literario atzerakoienen erakusgarri garbia den Harold Bloom kritikariaren iritzien bidetik. Mendebaldeko literaturan bere ustez kanonikoak diren autoreak zerrendatu zituen Bloomek liburu batean. EEBBetan bertan kontra egin zioten, gizon zuriak bakarrik aipatu zituelako. Alegia, mendebaldeko literaturatik emakumezkoak eta zuriak ez ziren idazleak egotzi zituen. Eztabaida horrek ez du gure artean oihartzun askorik eduki, nahiz eta gauza irrigarririk ekarri duen —guri begira, nazionalismoa=aldeanismoa etengabe aritzen den horietako bat edo beste sutsuki protestaka aritu izana, esaterako, Bloomek bere kanonean espainiarrak ez zituelako behar bezainbeste kontuan hartzen—. Dena den, kanonaren eztabaidak alderdi asko lituzke, konplexua da, kanonikoa izateko eskatzen diren baldintzetatik beretik hasita; nire liburuan kanonaren afera aitzakia bat da, euskal kultura mundu zabalekoarekin alderatzeko. Bestetik, liburuan dauden iritzi literario guztiak ez ditut erabat nire egiten. Nik koadro osoa nire egiten dut, baina ez xehetasun guzti-guztiak, eta ez naiz inorekin bereziki identifikatzen.
Ez ote dute irakasleek, kritikariek, argitaldariek, kazetariek eta itzultzaileek idazleek baino eragin gehiago kanon literarioaren eraketan une hauetan?
Bai, idazleak ez du zer esan handirik. Kritikariek bai, eta, batez ere, irakaskuntzak, unibertsitateak. Enric Sullak, Bloomek eragindako eztabaidaren haritik, kanon nazionalen arazoa mahai gainean jartzen du. Tira, nazionala dio, baina estatuez ari da. Estatu batek era dezake bere kanona, horrenbesterako antolamendua eta erakundeak badituelako. Baina gu, zein tokitan gaude gu eztabaida horren ikuspuntutik?
Eta zein ondoriotara heldu zara?
Hori erantzutea nekeza, luzea eta korapilatsua da. Horregatik, hori baino, nahiago eztabaida horren funtsa kolokan jarri; hau da, kontua da ea gaur egun kanonaren beharrik ba ote den ala ez. Inori esan behar al diozu zer den ona, zer irakurri behar duen eta beste? Nire iritzia da kanonaren eztabaida gaur egun planteatzea atzerakoia dela. Nire kasuan, aitzakia bat izan da batez ere beste hainbat gairi buruz hitz egiteko. Literaturan, norberak bere ereduak ditu. Nik ere bai. Kontua da inork ez duela zertan erabaki besteren kanona zein izan behar duen.
Irakurleek ere badituzte euren kanonak. Irakurleek ere testu literarioa egiten dutela gogoratzen digu, gainera, zure liburuko pertsonaietako batek. Nolako irakurleak imajinatzen dizkiozu zure liburuari?
Irakurleak testu literarioa egiten duelako hori, zaharra ez ezik, egia handitzat har daitekeen baieztapena ere bada, eta uste dut literaturan zenbat eta esperientzia handiagoa eduki, orduan eta garbiago gelditzen den gauza dela. Hori klasikoekin oso garbi ikusten da. Irakurketa bakoitzak, nahiz eta irakurketa guztiak berdinak ez diren, interpretazio bat, ñabardura berezi bat gaineratzen dio liburu bati; hortaz, asko irakurri den liburu batek —hau da, urte luzeetan ezaguna izan den liburu batek; klasiko batek, beraz— ñabardura eta ezpal asko dauzka, oso aberatsa da. Irakurketa eta ñabardura asko onartzen dituen testua, testu handia da, testu oso ona da, noski; baina, irakurleek beren irakurketekin, beren interpretazioekin osatuko ez balute, testuak potentzialki dituen aberastasun guztiak ez lirateke kanpora aterako. Gainera, aurreko irakurleen irakurketa eta interpretazio horiek irakurle berrien irakurtzeko eta ulertzeko moduak baldintzatzen dituzte; guk ezin dugu, demagun, On Kixote irakurri, ia bost ehun urtetan egin zaizkion irakurketak ez baleude bezala; On Kixote sekula irakurri gabe ere, aldez aurretik gauza asko dakizkigulako Kixoteari buruz. Beraz, Kixotea sormen lan kolektiboa da, On Kixote batez ere Cervantesek, baina baita beste makina bat jendek ere egin duen liburua da. Irakasleek, kritikoek, zinemagileek eta beste hainbatek lagundu dute On Kixote sortzen. Nire liburu xume honi dagokionez, interpretazio ahalegintxoa egingo duen irakurlea nahiko nuke; trukean, nahiko nuke liburuak ere irakurle horri zer edo zer ematea, jakin-mina piztea edo irri pixka bat eginaraztea baizik ez balitz ere.
Irakurleok gure klasikoak ez ditugu On Kixote bezala idatzi.
Hori da gure ahulezia kulturalaren parte bat. Egia da baita ere gaur egungo literatura ikuspegitik On Kixote askoz narratiboagoa dela, askoz lotuagoa dagoela gaur egungo ikuspegi literarioei Axular baten lana baino, adibidez. Baina gure literatura klasiko horri guztiari interpretazio berriak aurkitzen hasiz gero, ziurrenik beste ikuspegi bat izango genuke gure klasikoez. Baina horretarako, jende prestatua behar da, eta jende prestatu hori nonbait bildu, erakunde moduan antolatu. Unibertsitatearen lana litzateke, finean.
Liburuaren egituraren eta mezuaren, anekdotaren eta mamiaren arteko oreka lortzeak buruhausterik eragin al dizu?
Oraingo idazle jendeak oso aske eta oso natural nahasten ditu jeneroak, erabiltzen ditu lizentzia literarioak, egitura kapritxosoak eratzen ditu, hankapetzen ditu prezeptibak, apurtzen ditu tradizioak... Nik ere askatasun hori bera erabili nahi izan dut. Egituraren aldetik ez da liburu biribila, baina ez nuen nahi liburua biribil izaterik. Liburu apur bat kaotikoa izatea esperpentoaren parte da.
Liburua bukatu nuenean, gustura geratu nintzen. Iruditu zitzaidan nahiko bete nituela nahi nituen helburuak, baina hainbat jendek burutik egin zaidala pentsa dezake.
Borgesen heroiak eta traidoreak
Jon Alonsok jolas literario ugari proposatzen dizkio irakurleari Euskal Karma-n. Testuaren barruan beste testu bat eraikitzen du, esaterako, Jorge Luis Borgesen ipuin batean oinarrituta. Traidorearen eta heroiaren gaia izena du ipuinak, zeinean pertsona bera baita, aldi berean, traidorea eta heroia. “Traidorea eta heroia kategoria arketipikoak dira, hau da, ereduak. Errealitatea ez da sekula eredua bezalakoa izaten, alegia, inor ez daiteke izan egoera guzti-guztietan heroi —edo traidore—, inoiz ez delako une eta erabaki guzti-guztietan erabat justua den kausarik. Heroiarena eta traidorearena, liburuaren barruan, gai garrantzitsuenetakoa da, egia da, baina aitortu behar dut halako jolas literario moduan planteatuta dagoela, eta Borgesen ipuina ezagutzen ez duenari zati horren esanahia lausoago geratzen ahal zaiola. Dena den, gaia oso sujerentea dela iruditzen zait, plegu asko dituena, eta espero dut Borgesen ipuina ezagutu gabe ere, zer edo zer iritsiko dela”. Borgesen ipuina oso laburra da. Irlandan gertatzen da. Irlandarrak independentzia lortzekotan daude, baina beti huts egiten dute, traidore bat badagoelako haien artean. Orduan, irlandarren buruak, heroiak, bere laguntzaileari agintzen dio traidore hori harrapatzeko. Laguntzaileak deskubritzen du traidorea buruzagi-heroia bera dela. Honek eskaera egiten du: heroi baten moduan hil nahi duela hala ere, bere aberriari gutxienez aurrera egiteko indarra uztekotan. Orduan, antzezlan baten moduan antolatzen dute buruzagiaren hilketa. “Traidorea eta heroia, beraz, pertsona bera da. Borgesen ipuinak aukera handiak ematen ditu denetariko gogoetak egiteko, eta horretan saiatu naiz. Espero dut Borgesen ipuina ezagutzen ez duenak ere nolabaiteko funtsa aurkituko diola nire jolas literarioari. Esperantza horrekin egin dut, behintzat”.