Solasean
"Izugarri gustatzen zait Amaia Ezpeldoien larruan sartzea. Nitarik ere biziki hurbil dago pertsonaia, noizbait erran dut nire alter-(h)egoa zela...". Ezpeldoi detektibearen bosgarren nobela karrikaratu du Itxaro Bordak: Boga boga (Susa). Aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da baina, honakoan, bost neska adiskideren laguntza izango du. Noski, ertz gehiago ere badira Ezpeldoi detektibearen abentura berrian: "Aldi honetan nahi nuen fikzioaren bidez aztertu zer bihurtu zen Ipar Euskal Herria erakunde armatuaren hogeita hamar urteko presentzia gogorraren menpean", aitortu digu Baionako idazleak.
Bestelako lanetan aritu zara azken urteotan, poesiaren inguruan bereziki. Amaia Ezpeldoi aktibatzeak zer suposatu du zuretzat?
Egoera eta galdera bereziei erantzuteko, nire erantzunaren bilatzeko eta osatzeko aktibatzen dut Amaia Ezpeldoi pertsonaia. Aldi honetan nahi nuen fikzioaren bidez aztertu zer bihurtu zen Ipar Euskal Herria erakunde armatuaren hogeita hamar urteko presentzia gogorraren menpean. Nobelan agertzen den bezala sufrimendu anitzetan kikildu, pentsamenduan hertsatu eta hondarrean izeneraino aldatu da, baina hor dago bere nortasun berria sakontzeko prest menia indarrean jarri bezain laster.
Amaia Ezpeldoi pertsonaia sinbolikoa da. Bide luzea osatzen ari da euskal literaturan; are gehiago, parekorik ez duela esango nuke. Horrek ardura handiagoa dakar bere baitan, ala ez?
Ardura handia da Amaia Ezpeldoien aktibatzea ez baita nehoiz txantxetakoa, ikertzen dituen gaiak astunak dira: ekologia, militarizazioa, familia kontuak, industriaren suntsiketa, hizkuntzaren kezka eta orain borroka armatua... aldi berean pertsonaia aski friboloa da, axolagabea eta Candide baten pare aitzinatzen da nobeletan zehar, galderak ditu, digresioz hantzen doazkion oharrak, batzuetan zuzengabeak, bakartzen duten ebazpen injustuak, jendarte zehatz batean, gurean, bermatzen diren iritzi ezberdinak, kontrajarriak, behingoz idaztea helburu. Nobela hauetan garatzen den jendartea konfliktiboa da bikoteetaraino.
Orain 25 urteko desagertze bat argitzeko ardura jasoko du Amaia Ezpeldoi detektibeak. Baionako bestetan ikusi zuten azkenekoz Jana Elgebeltz eta zer gertatu ote zen jakin nahi du bere anaiak. Gaurko eta orduko Baionari buruzko zertzeladak jaso dituzu nobela honetan; errugbi partida bat abiapuntu harturik. Ez da kasualitatea. "Gizonezkoena" den kirol hori ere izan daiteke emakumeen gozagarri, ezta?
Errugbia bai egiazki gizonezkoen kirola dela! Errugbilariek fama txarra dute euskaldunen artean, salbaiak dira, matxistak eta frantximantak. Euskaldun zintzoak beti hobetsiko du hegoaldeari uztartzen gaituzten futbola edo pilota bistan dena. Hala ere Baiona bezalako hiri batean Aviron Bayonnais horrekin egunero zalapartatzen diren psikodramek generoen eta euskal kulturaren mugak uhertzea lortzen dute, pasionatzen gaituzte. Hiriaren historia marraztu daiteke bere taldearen hatzetarik. Eta Baiona, Miarritze eta kostalde guztiaren maneran, oso hiri literarioa da, batez ere nobela beltz baten kokatzeko orduan.
Detektibeak, honakoan, polizia baten laguntza jasoko du. Bitxia da, genero honetako nobeletan detektibeak eta poliziak ez baitira ondo moldatzen. Maitasunaren indarrak muga guztiak gainditzen ez baditu behintzat...
Noizbehinka ongi konpontzen dira, sekretuan bederen, detektibeak eta poliziak. Nolwen Kergelen bretainarra da eta duela hamar bat urte idatzi nuen Batasuna Borrokan ipuin luzeko Yves Kergelen komisarioaren familiakoa liteke. Amaia Ezpeldoien eta Nolwen Kergelen ekinak iparraldeak onuragarri lukeen beste ardatza hornitzen du, hau da arku atlantikoarekiko lotura eta urrunago joanez, hegoalderako gure funtsezko interesaz gain, frantses estatuko beste eskualdeekikoa, okzitandar edo kortsikarrekikoa adibidez. Eta frantses sistemako polizia bat euskarazko eleberri batean sartzea azken fronterra bat ere zen, gure literaturan polizia gutxi agertzen delako, etsaia edo kontrarioa deitzen dugunaren ikuspegiaz beldur bagina bezala. Irakurle zenbait txokatuak izan dira polizia horren pertsonaiaren urratsak jarraitzean, gehiegi bailitzan, baina antza denez amodioak eta fikzioak ematen libertateak hegiak oro leuntzen dituzte.
Udaberrian, nobela beltzari buruzko erreportajea argitara eman genuen Hitzen Uberan. Xabier Mendigurenen hitzetan, Amaia Ezpeldoi detektibearen nobelak azpimarragarri dira hainbat alderdietatik: "identitate sexualaren bilaketa eta aldarrikapena, hainbat bazterren erretratu soziologikoak egitea...". Idatzi dituzun guztien artean, queer kutsu handiena duen nobela izango da hau?
Amaia Ezpeldoi pertsonaiarekiko bost nobelak progresioak dira, batetik hizkuntza mailan —euskalkitik euskara batura- eta bestetik norabide sexualaren onartze alorrean —harpetik plazara- eta Boga Boga da alde horretarik asumituena, queerena. Amaia Ezpeldoien lagun taldea, adin batekoa jada, Miarritzeko Wittig Bar-en biltzen dena, gaurko jendartearen lagin bat da, arabiar jatorrizko neska bat dago, beltz bat, polizia bat, pin-up bat eta Amaia bera, hondarrean bere lesbiana izaeraz gozatzen dabilena. Bakoitzak bere biografia du eta egoerarekiko ikusmoldea. Nobela beltzak edo detektibe nobelak aburuen aniztasunaren paperean paratzea baimentzen du, dit, behintzat. Eta gainera izugarri gustatzen zait Amaia Ezpeldoien larruan sartzea, idazten pasatzen ditudan bederatzi hilabeteetan. Nitarik ere biziki hurbil dago pertsonaia, noizbait erran dut nire alter-(h)egoa zela...
Zentzu honetan, oraindik aurreiritzi asko daudela ere begi bistakoa da Boga Boga nobelan. Normalizazioaren bidean, literaturak ere bere funtzioa bete dezake, ezta?
Aurreiritziak premiazkoak dira jendarte batean hauei kontra egiteko baizik ez baldin bada ere. Nobelan, errealitatean bezala, homofobia zantzuak agertzen dira. Ez dakit sekula normalizatuko direnez gauzak alor horretan, hain gizonkoia eta sakonean hain kristaua den Euskal Herri honetan! Literaturak ez du mundua aldatzen ahal, irakurlea bai aldiz. Eleberriak irakurleak bizitzen duen ingurunearen ispilu edo mirail moduan funtzionatu dezake. Euskal literatura main stream-ak gutaz dugun irudi perfektua eskaintzen digu eta gure periferietakoak kontrestan itxura desformatu, tolestu, sufritu, gorrotatu, gohai eta zalantzakor bat. Bata bestearen aberasgarri dira neurri bateraino.
"Pertsonaia honen bidez, Euskal Herriaren gainean idazteko aukera dut", hori aitortu zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Hausnarketak ez dira azalekoak. Bere pisua dute nobelan, ezta?
Bai hausnarketak pisuak dira. Nobela idazten ari nintzela gainera ETAk armen uztea erabaki zuen. Bartzelonan nintzen egun hartan. Amaia Ezpeldoi pertsonaiari esker, berrogeita hamar urteko erakunde armatuaren ekinaren bilana egiteko aukeraz baliatu nintzen, bero-beroan, kalkulatu gabe, hitzak eta gogoetak zentsuratu gabe, ikertzeko iparraldean diskurtso ofizialetarik kanpo nolako eragina eduki zuen hegoaldeko borrokak... Uste dut Emilio Lopez-ek Maiatzen atera duen liburuan ondorio berdinak zizelkatzen dituela: biek derrota kolektibo baten kontakizuna eskaintzen dugu. Baina nik Emiliok zuri abandonatzen dituen xokoak ekintza imajinatuz betetzen ahal ditut fikzioaren bahea baliatuz. Jakiteko eskubidea dugu errealki ala fiktiboki zerk gaituen hainbeste urtez fisikoki eta intelektualki lehertu! Amaia Ezpeldoiek aitzina eramaten du lan zikin hori.
Euskal jendartean, boz altuan hitz egiteko premia ikusten al duzu?
Bai, gorago nioen bezala, derrota kolektibo horren aztertzeko hizkuntzari eduki berria ematea komeni zaigu, bestela ezin-erran hilgarri batean gartzelaturik geratuko gara. Borroka armatuak iraun duen mende erdian euskarazko hitzak beraien erranahiaz hustiatuak izan dira, maskulinizatu dira, sakrifizioraino mutu arazi. Behartuak gara, literaturaz baino ez baldin bada ere, egoera horretaz jabetzera, hil ala biziko auzia da aldion.
Aurrekoak ez bezala, Boga Boga Euskal Herritik kanpo idatzi duzu. Beka bati esker, Wiesbadenen (Alemanian) izan zinen bi hilabetez eta han taxutu zenuen nobela hau. Zertan lagundu eta zertan oztopatu zaitu hain urruti idatzi behar izateak?
Wiesbadenen idazteak eguneroko ordutegiaren zamatik libratu ninduen. Virginia Woolfek zioen moduan gela propioa banuen, dirua eta denbora izkiriatzeko, sekula agitu ez zitzaidana. Beti idazten dut denborari denbora ebatsiz eta oraino pozik horrela liburuak bukatzea lortzen dudalako. Fisikoki urrun banintzen ere, buruan ez nuen bi hilabetez Baiona kitatu, hurbil nengoen arras. Baina Baionan izan banintz, lanean halaber, idatziko ez nituen gauza batzuen papereratzera ausartu naizela iruditzen zait, pentsatzen ahal nituelako gehien bat, gaizki edo ongi, eman dezagun borrokaren krudeltasunaz eta porrotaz idazterakoan hazten eta anitzetan baldintzatzen nauen jendartetik urruti senditzen nintzen, salbatua bezala. Aski harrigarria zitzaidan..
Amaia Ezpeldoiren ipuin batzuk beste hizkuntza batzuetan emanak daude. Euskal literaturaren mugak gainditu ditu beraz. Boga Boga katalanez edo alemanerez zabaltzeko asmorik al duzu?
Maiatzen atera genituen 2001ean uste dut “Entre Les Loups Cruels” izeneko bilduman Amaia Ezpeldoien hiru ipuin euskaraz eta frantsesez, bretainerrara itzulia izan da “Kan Ha Diskan” , katalanez irakur daiteke”Rossynol d’un Vol” eta alemandarrez “Occupy Frankfurt” eta Herri Urratsen gertatzen den “I walk the line”. Estatu Batuetako genders studies sailetako ikerlari eusko-hispaniar zenbait Amaia Ezpeldoien fans delakoak dira irakur dezaketen apurraren arabera. Interesgarriak litezke Amaia Ezpeldoien bost menturaldi nagusiak inguratzen gaituzten beste hizkuntzetan, gure jendartea urratzen dituzten eztabaidak bertan daudelako, sarrera txartela antzera, baina naski hemen berean berehala eta kasik segidan ahanzteko kontsumitzekoak dira. Iparraldean gainera itzultzaile lan zakarra idazleak berak ez badu hartzen mission impossible bat deladirudi.