Solasean
Idazten ez duenean urduri dagoen pertsona horietakoa da Yoseba Peña (Sodupe, 1977). Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Hodeien adorea aurkeztu zigun joan den maiatzean. Bere lehen nobela. Bertan, “plaza zokoan hil duten droga-saltzailea”-k Preciado anaien inguruko pasadizoak dakarzkigu, bestelako Donostia batean kokaturiko istorioan. Hasieratik astinduko gaituen nobela da. “Imajinatu Donostia, baina ez postaleko glamourra; eguneroko asfaltoa irudikatu: beltzak orgatxoekin, hipoteka kitaezinak, txiza espaloietan…”.
Ezer ez da ematen duena?
Nobela honetan ezer ez da ematen duena; dena gezurra da. Egia esan, pertzepzio soiletik harago, errealitatea gure interesen arabera eraikitzen dugu; teoria hau eremu zabalago batera aplika daiteke. Esate baterako, azken aldi honetan sarritan aipatutako “kontakizuna”: batzuek zein besteek gure herriko historia hurbila eraiki nahi digute. Pertsonalki, nik ere horrelakoak bizi izan ditut: gauza bat era batean gogoratu eta nirekin bizi izan zutenek, erabat ezberdin. Hauxe da eleberri honen atzean dagoena.
Hori dela-eta, bestelako Donostia erakutsi nahi izan duzu?
Donostia aukeratzea kostatu zitzaidan. Hastapenetik, istorio euskaldun bat egin nahi nuen eta horretarako kokapenak sinesgarria behar zuen izan. Gasteiz eta Iruñeak ez zuten balio eta Bilborekin zalantzan nengoen. Bestalde, Donostia betidanik hartu dugu hiri edertzat; bere marko kognitiboa argi eta garbi agertzen zaigu horrela (Zinemaldia, Kontxa, glamourra…). Halere, donostiar guztiak ez dira Mirakontxan bizi, ezta pijoak ere. Auzo ziztrin asko daude. Dena den, harrituta nago, jende askok ez baitu Donostiaren alde hori naturaltasunez onartzen. Hori zela eta, hiri bat asmatzeko zorian egon nintzen, baina, azkenean, Donostian kokatzea erabaki nuen.
Jon, “bestelako donostiar” eta langile baten semea dugu; Maddi, ostera, Igeldoko bizilaguna eta aberats kumea. Bikotekide dira, baina argi uzten duzunez, erlazioak ez du etorkizunik. “Igogailu sozialak” ez al du existitzen?
Ezagutzen dudan jende gehiena klase ertainekoa da; esparru oso zabalekoa, alegia. Aberatsen zirkulua beste kontu bat da. Bertan izen, bi abizen eta normalean aita edota amaren lana (lantegia, bufetea, enpresa) ezinbestekoak dira. Nik ezagutu ditudanak oso normalak izan arren, atxikia dute nolabaiteko aura bat, zerbait esatearren. Adibidez, guztiak ezagutzen dute elkar; guk ez, ordea. Hori dela eta, pentsatzen dut igogailu sozialak klase ertainean baino ez duela existitzen.
Donostiako jendeaz aparte, euskara, abertzaletasuna, drogarekiko portaerak eta beste hainbat kontu kritikatu dituzu liburu honetan. Baliteke Hodeien adorea gizarte osoari egindako nolabaiteko kritika izatea?
Liburua idazten nuen bitartean, Lisabö eta Delirium Tremens entzuten nituen, batik bat. Oso jenio txarra daukate talde biek eta eragin handia izan dute nobela hau osatzean. Bestalde, liburu bat leitzen duzun bakoitzean, zer edo zer eragiten dizu; nago, liburu batzuek pittin bat aldatzen zaituztela. Halere -aitortu behar dut- baliteke kritikan pasatu izana, baina barruak hustu nahi nituen eta huste horretaz baliatu naiz liburua idazteko. Gainera, ondo etorri zait alteregoa (droga-saltzailearen pertsonaia) kritika hori plazaratzeko. Hau ez da XIX. mendeko nobela errealista bat izango, baina kritika soziala beste era batean agertzen da.
Berak botatzen dituen iritzi guztiekin bat etortzen zara?
Aitor dezadan, ni oso kritikoa naizela, orohar. Esaten duen guztiarekin ez nago ados, aitzitik. Pertsonaia honek neure iritzi guztiak plazaratuko balitu, ez luke sinesgarritasunik izango; biok testuinguru, jatorri eta egoera ezberdinak bizi ditugulako.
Saminduta agertzen zaigu, gero
Bai, tipoa mingostuta dago. Normala da; hil ezkero, teorian beste denak bost axola dizu. Dena den, liburuan ahalegindu naiz geruza ezberdinak eratzen, norberak bere ondorioak atera ditzan. Estiloak horretarako aukera ematen zidan, gainera.
Pertsonaia konplexuak sortzean, buruan ditugun estereotipoak hautsi nahi izan dituzu?
Bertsolariek diotenari buelta bat emanez, “ofiziotik kanpo” aritzen saiatu naiz. Horretarako, estereotipoak abiapuntutzat neuzkan eta erronka nobelak aurrera egin ahala beste leku batzuetara era natural batean eramatea zen. Bestela, irakurleak ez lituzke pertsonaiek jasandako aldaketak ulertuko. Hala eta guztiz, irakurleak egiten duen ariketa oso pertsonala da. Horregatik harritu naute lagun batzuen iritziek. Esaterako, ezin dut ulertu zergatik maite duten Txefe horrenbeste; niretzat badu berekoi puntu bat. Ez nuen batere espero. Nik Jon Preciado ederto ulertzen dut, adibidez. Borrokalaria da. Patua bere kontra dauka. Nahiz eta askotan galdu, beti handira jokatzen du, gainera. Txefe sikuagoa da, haatik.
Estereotipoak abiapuntutzat hartu dituzula aitortuz gero, Jonek ez al du aberats-berriarena egiten?
Bai, bere aurreko bizitzarekin apurtzen du. Demagun, Donostian arrakastatsua izan ezkero, Madrilera joan behar izatea. Kasu honetan ere bere aurreko bizitzarekin hautsiko zukeelakoan nago. Euren munduarekin apurtu beharra duten hamaika kasu daude gizarte honetan. Halere, Jonen kasuan, arrazoi edo motor nagusi bat hautatuz gero, dirua baino, maitasuna aipatuko nuke Jonen kasuan. Kamaleoien antzera, emakumearen arabera aldatzen da; Estitxu-rekin “borroka” agertzen zaigu, Maddirekin “pijo”, ordea.
Bestelako Donostia erakutsi nahi izan digu Yoseba Peñak, horretarako hizkera literariotik harago joan da; etxeko hizkuntzara alegia. Zer dela-eta?
Euskara jalgi da plazara jadanik, zorionez, plazako edo kaleko hizkuntza da. Hodeien adorea elkarrizketa bat da. Horregatik, ahalegindu naiz euskara bi islatzen: euskaldun petoarena eta ikastolako euskaldun “berriarena”. Gainera, oso argi neukan Donostiako euskara erabiliko nuela. Baliteke berbategiaren aldetik murritzagoa izatea baina sinesgarria izan behar zuen. Hizkerak lotura estu bat erakutsi behar zuen Donostiarekin. Hiri honen aldeko beste puntu bat zen; adibidez, Bilbon kokatuz gero, euskaldun petoaren ahots sinesgarri bat lortzea askoz ere zailagoa zen: bizkaierazko berbak bai baina aditzak batueraz? Bizkaiko esamoldeak baina gainontzekoa batueraz?
Bizkaitarra izanda, ez al zaizu gogorra egin “donostiarrez” idaztea?
Bai, baina Zarautzen bizi naizenez Gipuzkoako euskararekin eguneroko kontaktua dut. Dena den, berba bakoitza aztertu behar izan dut, “Donostia” labela ipintzeko. Probintzialismotik at, hizkera bizia nahi nuen, bizkorra, kalekoa. Horretarako, metodo bat erabili nuen maiz: Transpotting-en hasierako kanta metronomo bat balitz legez erabiltzen nuen. Ewan McGregorren off ahotsa “Choose a life, choose a job…” (Aukera ezazu bizi bat, aukera ezazu ogibide bat…) hamaika bide entzun izan dut abiadura markatuz.
Sarritan, Hodeien adorea idazteko Transpotting-en oinarritu zarela esan duzu; halere estruktura aldetik Dickensen Eguberri kanta aipatuko nuke. Oker al nago?
Imajinatzen dut omenaldien kontua idazle hasiberrien gauza dela; besteak beste, Dickens-i ageriko omenaldi bat dago. XIX. mendeko literatura izugarri maite dut; nire ustez, garai hartako idazleek idazle baten eginkizuna betetzen zutela: istorio bat kontatzea irakurlea hunkitzeko. Ez dakit poesia, nobela eta literatura oro har mailu bat diren baina argi daukat misio sozial argi bat badaukatela. Horrexegatik, pasadizoak kontatzeko dauden bitartean nobela ez da hilko. Errealitatetik alde egiten laguntzen digu.
Zeure nobela irakurri bezain laster, estilo aldetik, Hodei Preciadoren bakarrizketak harritu egin ninduen. Gainerako nobelarekin oso estilo ezberdin dauka monologoak. Zail egin zitzaizun pertsona autista baten pentsamenduak idaztea?
Nobelaren denboraz aparte, idazleak idazteko hartutako denbora dago. Jo eta ke ibili nintzen luzez Hodeien monologoa idazten, bere ahotsak zelangoa izan behar zuen pentsatzen. Autista baten kasu bat ezagutzen dut pertsonalki; horretaz aparte, dezente egin nuen lan dokumentazioan; izugarria da gaur egun soilik bideotan dagoen informazioa gai honen inguruan. Zoritxarrez aurreiritzi larregi dago gaixotasun honen inguruan, ezjakintasuna ere bai. Niretzat erronka bat izan zen: autista batek, betiere nire ustez, ez du gure antzera pentsatzen edo sentitzen eta gure parametro arruntetik irtetea oso zaila egin zitzaidan. Gainera, asko izkiriatu arren, zati horrek ezin zuen luzeegia izan, beraz, sano moztu nuen. Bestalde, Hodeien “gezur” eta “aldaketak”, alegia bere bertsioa, espazio txiki batean kontatu behar izateak ez zuen bereziki laguntzen.
Liburua erreferentziaz josia dago, bai musika (Negu Gorriak, Radiohead), bai literatura (Sarrionaindia, Rulfo), bai zinema (Transpotting). Zeure erreferentzien mapa ote?
Ez horixe! Narratzaileen iritziak bezala, erreferentziak pertsonaiarekin zerikusia daukate. Ostera ere, erreferentzi horiek nireak balira, Hodeien adorea-k ez luke sinesgarritasunik izango. Testuinguruaren arabera hautatutakoak dira, hein handi batean.