Solasean
Duela bi urteko Durangoko Azokan ‘Kristalezko bularrak’ ipuin bilduma aurkeztu ondoren, beste ipuin bilduma bat argitaratu du Pablo Sastre idazle gipuzkoarrak, Susa argitaletxearen eskutik oraingoan ere: bi narrazio luze biltzen dituen liburuari narrazioetako baten izenburua ezarri dio egileak: ‘Mariaren mendea’.
‘Mariaren mendea’ eta ‘Hautsi du negua’ dira Sastreren liburu berria osatzen duten bi ipuinen izenburuak. Aspaldidanik zebiltzan bi ipuin hauek egilearen buruan, berak aitortu digunez. “‘Hautsi du negua’ aspaldi samar idatzi nuen, duela sei bat urte edo. ‘Mariaren mendea’ idazteko proiektua ere duela sei bat urte sortu zen”.
‘Mariaren mendea’ izeneko ipuinaren oinarrian, Pablo Sastrek Goizueta inguruetan hango gertaera batzuei buruz jasotako lekukotasunak daude. Gerra zibilaren garaietan dute abiapuntua lekukotasun horiek. “Goizuetara joan-etorri asko egin nuen, eta bertako jendearen lekukotasunak jaso, gero material harekin zer egingo nuen oso ondo ez banekien ere”, gogoratu digu idazleak. “Denborarekin, hor nobela bat idazteko materiala zegoela konturatu nintzen”.
Material guztia makinaz pasatu zuenean, folio mordo handia zeukan esku artean Sastrek. “Gertatzen dena da gero, narrazioaren galbahetik pasa ondoren, askoz ere folio gutxiago geratu direla. Izan ere, narrazioak argumentua eskatzen du, eta argumentu horren eta koherentzia narratiboaren mesedetan, lekukotasunetako asko alde batera utzi beharra izan dut, eta baita zenbait gauza neure kabuz asmatu ere. Dena dela, lekukotasun guzti horiek hor daude, ipuinaren oinarrian”.
Hizkuntza aldetik ere, lekukotasun horietan oinarritu da Sastre, “nahiz eta ez dudan jatorrizko hizkerarekiko erabateko fideltasunez jokatu”.
Bortziriko irudi bat oinarrian
‘Mariaren mendea’ ez bezala, ‘ hautsi du negua’ huts-hutsetik sortutako narrazioa da, egileak duela sei urte inguru egina, nahiz eta argitalpenari begira azken orduko ukitu batzuk ere egin dizkion. “Bortzirietako herrietan mendian ibiliz, Etxalar, Bera eta Lesaka inguruan ikusitako irudi batzuk izan ziren kontaketa honen abiapuntu eta oinarria”.
Neurri aldetik berezi samarrak geratu zaizkio Pablo Sastreri liburu honetako narrazioak, ipuin izateko luzeegi eta nobela izateko laburregi. “Neuri neurri honetan atera zaizkit, besterik gabe. Ez dut orrialde kopurua kontrolatu. Ez dakit zergatik ez den neurri honetako narrazio gehiago egiten. Beharbada lehiaketetarako ez duelako balio, beharbada, irakurleek komentzio literarioen arabera irakurtzen dutelako eta neurri honetara ohiturik ez daudelako. Zinean ere hiru ordu laurdeneko filmerik ez egiteko agintzen du konbentzioak. Nire bi ipuin hauek horrelakoak dira neurri batean, hiru ordu laurdeneko filmeen antzekoak”.
Liburudendetan aurki daiteke dagoeneko ‘Mariaren mendea’, baina aurkezpen ofizialik ez du oraindik izan Pablo Sastreren liburuak. Durangoko Azokan, ordea, bere azken produktuen aurkezpena egingo du Susak, eta Sastreren liburua ere hantxe izango, Susaren azken lan berriekin batera: Joseba Sarrionandiaren ‘Gartzelako poemak’ —liburudendetan dagoeneko— eta Xabier Montoiaren ‘Emakume biboteduna’ ipuin bilduma
Batasuna eta koherentzia
Bi ipuin luze hauek “ez daude kasualitatez liburu berean bilduak”, Pablo Sastrek adierazi digunez. Duela ia-ia bi urte ‘Kristalezko bularrak’ bildumak gaur egungo gizartearen ikuspegi berezia lantzen bazuen —batasun koherente batez loturiko bilduma batean—, liburu berri honetako bi lanek ere lotura estuak dituzte elkarren artean.
Bi narrazioak mende honetakoak dira —“Mariaren mendekoak”, Sastreren hitzetan—, eta bietan gerrak garrantzi-handia du; 1936koa da gerra hori ‘Mariaren mendea-n’ eta, ziur aipatzerik ez dagoen arren, gerra horixe bera izan daiteke ‘Hautsi du negua-n’ agertzen dena ere. Oro har, oinarri historiko sendoa duten kontaketak dira biak. Gainera, bi narrazioak Euskal Herriaren ekialdean daude kokatuak, Nafarroa eta Iparraldeko inguruetan, eta bietan garrantzi handia dute, hala ere, pertsonaia gipuzkoarrek.
Idazteari emana baina beste era bateko proiektu bat lantzen ari da egun Pablo Sastre. Nobela bat lantzen ari dela esan digu, baina ez digu aurreratu nahi izan nobela horri buruzko xehetasunik.