Solasean
Poesia ez da izan generorik ugariena Durangoko Azokan aurkeztu diren nobedadeen artean, baina ez da falta izan, hala ere, emaitza berri eta interesgarririk. Horien artean, Juanjo Olasagarre poeta arbizuarraren lehen liburua, Susa argitaletxeak plazaratu duen ‘Gaupasak’, alegia. Berarekin mintzatu gara.
Liburua osatzen duten poemak azken bi urteotan idatzi ditu Juanjo Olasagarrek. “Liburua osatzeko, ez nekien nola antolatu poemak, eta halako batean burura etorri zitzaidan egitura nola osa zitekeen: gaupasek izan ohi duten egituran oinarrituta”.
Gaupasa baten bilakabidea erakusten du Olasagarrek prestatutako egitura horrek. Kalera irten aurretik, ispiluan bere buruari begira aurkitzen dugu poeta (“bere arteko gogoetak egiten, urteak pasa eta geroz eta zimur gehiago, hire asmoak ez dituk betetzen eta horrelakoak...”); ondoren, ‘Jantziak eta hatuak’ hartzen ditu (“arazo sozialei buruzko kezkak” horien artean: “presoak, emakumeak eta abar”) eta kalera irteten da.
Gauean barneraturik, desioaren ordua da poetarentzat: “Desiratutako gorputzarekiko ideiak eta aurriritziak azaltzen dira, eta desioaren definizio ahalegin bat era badago”, Olasagarrek azaldu digunez; ‘Desioaren bideak’ eta ‘Desioak’ ataletan gaude, eta maitasunari buruzko iritzia ere azaltzen digu poetak: “Maitasunaren sentimenduarekiko fede gutxi dut nik, eta pixka bat ziria sartzen diot horri, neurri batean, neure erara”.
Desioaren atzetik ‘Larrua’ dator desio hori asetzera, eta ondoren ‘Goizaldean’ “mozkortuta, nekatuta, zigarro mordoa erreta” harrapatzen eta “salatzen” du egunargiak poeta, “lehen ispilu aurrean izan dituen kezka berberak berpiztuz”.
Egiturara errenditu beharrak aginduta, poema batzuk liburutik kanpo uztea deliberatu zuen Arbizuko poeta gazteak, liburuak bere batasuna eta izaera propioa izan zezan. Beste batzuk, despistez geratu zaizkio kanpoan berak aitortu digunez: “Atzo bertan, koaderno batean begiratzen ari nintzela, beste hiru edo lau poema aurkitu nituen, ahaztuta nituenak eta poema liburu honetan toki egokia izan zezaketenak”.
Auden, Atxaga, Vallejo...
Liburuko poemak egitura batu batean biltzeko ideia horretan Olasagarrek “oso gustokoa —gustokoegia beharbada—” duen Bernardo Atxagaren ‘Etiopia’ izan du erreferentzia nagusitzat. “Buruan izan dudan eredu bat izan da, nahiz eta Atxagaren liburua eta nirea oso diferenteak izan, noski”.
W.H. Auden poeta britainiarraren lanak itzultzen ari da Juanjo Olasagarre gaur egun, eta poeta horrekiko sintonia sentitzen duela aitortu digu: “Nire poemetako esaldi batzuk Audenen zenbait poematako esaldien kalkoak direla ohartu naiz orain, Audenen poemak itzultzen ari naizelarik. Oso gustokoa dut nik Auden, sakontasun handikoak dira bere poemak, baina sakontasun hori adierazteko figura eta erreferentzia hurbilak erabiltzen ditu, eguneroko errealitatekoak, eta indar handia ematen dio hurbiltasun horrek”.
Beste idazle batzuk aipatzeko eskatu diogunean, Cesar Vallejo, Gil de Biedma, eta Yeats aipatu dizkigu Olasagarrek.
Bere lehen liburua plazaratu ondoren, idazten segitzeko asmoa du Arbizukoak. “Beste poesia liburu bat ere badut buruan, baina lasai hartuko dut hori, presarik gabe. Idazten segitzen badut, prosa saioak ere egingo ditudala pentsatzen dut, baina oraingoz ez dut horretarako plan zehatzik”.
Liburu honetan bere esperientzia eta bizimodu pertsonalaren zantzuak utzi ditu poeta arbizuarrak, belaunaldi bati lotuak horietako asko, liburuari izenburua damaioten ‘gaupasak’ berak, adibidez. Horretaz gain, badaude, ordea, edozein irakurleri, edozein poesiazaleri interesatzeko moduko kezkak ere, nahiz eta egileak berak aitortzen duen liburu hau irakurtzea ez dela gauza samurra: “Koadrilakoen artean banatu eta ez dutela ulertzen esan didate gehienek”.