Solasean
Liburu berria kaleratu du Itxaro Borda idazle oragarretarrak, Susa argitaletxearen eskutik. ‘Bestaldean’ izeneko bilduman azken hiru urteotan idatzitako poemak bildu eta orden alfabetikoan ezarri ditu egileak.
“Poema guztiak bakarra zirela sentitzen nuen, eta ordena bat aurkitu behar zen. Ordena alfabetikoa gertatu zen errazena”, adierazi digu Itxaro Bordak. “Beraz, lehenengotik hasi eta azkenera arte irakurtzen ahal dira poemak, edota bestela hartzen ahal da alfabetoko edozein letra, edozein lekutan”.
Liburuari ezarri dion izenburuak zentzu ugari izan dezake, egileak berak adierazi digunez: “Alde bat eta beste bat, eta alderantziz, han eta hemen, atzo, orain, bihar; zu, ni, gu... alde guztiak”.
Nolanahi ere, liburuarekin batera, Baionatik Pariserainoko trenerako txartel baten kopia banatzen da, nolabaiteko pista izan daitekeena. Orain dela hilabete batzuk arte —Maulera destinatua izan arte— Itxaro Borda Parisen aritu zen lanean, postari gisa, eta joan-etorri ugari egin zituen Oragarretik Parisera. Garai horretakoak dira liburu berriko poemak eta “hiriak eta herritik hirirako joan-etorriek —emigrante bizimoduari lotuak— asko markatu dute liburua”, egilearen hitzetan. Baina izenburuak bestelako adierazpide asko ere izan dezake, noski.
Liburu horrek etapa berria zabaldu du egilearen poesiagintzan, berak adierazi digunez. “‘Just Love’ poemarioko sentsazio materiala desmaterializatu nahi nuen, eta uste dut liburu berriko poema guztiak materiarik gabekoak direla. Urdinaren ideiarekin hasi, errautsarena gero, mineralarena...”. Horregatik, “eztiagoa, samurragoa” bide da Itxaro Bordaren lan berria, berak aitortzen duenez, “eta lirikoagoa ere bai beharbada”.
Mintzaira berri eta diferente baten bila aritu da Itxaro Borda bilduma honetako poemetan, orain arteko bere idazlanetan indar handiz azaldu izan diren “erreibindikazio eta borroken bestaldean”. Liburuaren beste ezaugarri bat, emakumeen presentzia handia da. “Hori ere beharbada desmaterializazioaren ondorioa da, eta bakardade zenbaiten ondorioa ere bai”. Baina ez bide da hori guztia. Luce Irigarairen aipu bat aurki daiteke liburuaren atarian, eta aipu horrekin zerikusirik baduten hitzak esan dizkigu Oragarreko idazleak: “Emakumeok beste zentzu batzutan asmatu edo erabili behar ditugu hitzak”.
Sustraiak hodeiekin lotuta
“‘Bestaldean’ sustraiak hodeiekin lotzen dituen liburua” dela dio Tere Irastortzak liburuaren hitzaurrean. Hitzaurre horrekin oso konforme dago liburuaren egilea, “Terek hurbiletik segitu bait du liburua, sorreratik amaiera arte”. Tere Irastortzak bere hitzaurrean “Itxaroren poemak irakurtzean (...) berriro nere hitzak berak emandako adierarekin berrirakurtzeko, bere hitzak neureetara biltzeko” premia sentitzen duela dioen legez, Itxaro Bordak ere onartzen du Irastortzaren eragina bere poema berri hauetan: “Harreman aberasgarri bat dago gu bion artean eta segitzen bada eragin sistema hori, idealera helduko garela dirudi, hau da, isiltasunera”.
Maulen bizi denetik gutxiago idatzi duela aitortu digu Itxaro Bordak: “Egunkariako ‘Liburuak’ sailean aipatzen dudan isiltasunaren tentazionea benetan sentitzen dut. Parisetik Maulera etorri naizenetik idaztea ez dela hain beharrezkoa sentitzen dut, edo ez dela hain urgentea. Hala ere, “tentazionea gauza bat da eta egiten dena beste bat”.