literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1991-03-02
Jon Arano:
«liburuak ez dira heroiez bakarrik osatzen»

Jon Arano idazle itsasondoarrak joan den ostiralean egin zuen ‘Malezia sorta’ bere bigarren poema liburuaren aurkezpena, Iruñeko Zaldiko-Maldiko elkartean. Urte askoan pilatutako lanak bildu ditu Aranok liburu hau osatzeko.

Txikitandik izan du Aranok irakurtzeko joera. Egunkariak eta aldizkariak izan ziren bere gaztetako irakurketa nagusiak: El Viejo Topo, La Codorniz, Zeruko Argia... Liburuak ere gustokoak zituen hala ere: abenturako nobelak (Salgari, Pio Baroja), Hermann Hesse...

Idazten ere, gazterik hasi zen. Legorretan izandako greba bat zela eta, bertsoak jarri zituen hamahiru urterekin. Beste asmo berezi batzuk ere bazituen: “Buruan nuen Far-West-eko hiri bat eraiki irudimenean, eta bertako istorioak idaztea”.

Lehendabiziko poemak ere garai hartan idatzi zituen, esistentzialismoaren bidetik. 80en hamarkadaren hasieran, Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zizkioten poema batzuk. Baina Euskal Herritik alde egin eta kanpoan ibili zen ondoren Arano, euskal kulturaren zurrunbilotik aparte.

Euskal Herrira itzuli zenean, 1985ean, poemarik onenak liburu batean bildu eta argitaratzeko proposamena egin zioten Susa argitaletxekoek. Liburu horrekin berriro ere euskal literaturaren munduan barneratu zen Arano.

“Nik ez diot uko egiten liburu hari”, azaldu digu Jon Aranok. ‘Billeterik gabe’ poema liburuak orain argitaratu berri duen ‘Malezia sorta’rekin loturarik baduela iruditzen zaio egileari. Onartzen du lehen liburu horretako zenbait poemak ez duela balio handirik, baina beste batzuk salbatzeko modukoak direla uste du.

 

Kazetari lanetan trebatua

Kazetari lanetan aritu izan da Arano ondorengo urteetan Argia aldizkarian eta Egin egunkarian hasieran. Ordura arte alfabetatze lan handirik egin gabe bazegoen, alde horretatik asko ikasi ahal izan zuen.

Donostia inguruko lanak utzita, Kantilape aldizkaria sortu zuen jaioterrian. Jende berriaren eskuetan utzi zuen gero Kantilape, eta Goierritarra aldizkaria sortu. Gaur egun bera da urtero hamar zenbaki kaleratzen dituen herri aldizkari honetako koordinazio lanak egiten dituena. Egunkarian ere tartekako kolaboratzaile dugu.

‘Malezia sorta’ liburuan ‘Billeterik gabe’ poemarioaren ondoko lanak bildu ditu Aranok. Liburuak “malezia sorta bat, malezia katalogo bat” osatzen duela aitortzen badu ere —eta liburuan malezia eta amarrukeriarik badagoela—, ez du onartzen “maleziaz betetako liburua” denik. “Baina liburuak ez dira heroiez bakarrik osatzen”, azaltzen du egileak izenburuaren hautapena zuritzeko.

Liburuaren hasierako aipamena ‘Mila Euskal Olerki Eder’ liburutik aterea da: ‘Buhamiaren kantua’. “Euskal kantutegiko adibide asko erreibindikatu izan dira, baina hau erreibindikatu gabe zegoen, eta horrelako asko dagoela iruditzen zait gainera”.

 

Iturri ezberdinen nahasketa

Liburuan bereizten diren hiru zatiak —‘Malizia’, ‘Familiarteko gorrotoak’ eta ‘Zerbitzariarenak’— atzekoz aurrera ere irakur daitezkeela esan digu Aranok. “Orain dagoeneko gaindituak, edo behintzat pasatuak, ditudan neure bizitzako etapa ezberdinen islada batzuk dira zati hauek. Dena dela, liburua ez da erabat autobiografikoa. Istorio asko dago liburuan, eta denak ez dira neuk zuzenean bizitakoak”.

Zerbitzariaren ikuspuntutik egindako gogoetak jasotzen ditu azken zatiak. Sail honetako hainbat poema puska solteak dira, “ez dira guztiz poemak” egilearen ustetan. ‘Familiarteko gorrotoak’ izeneko zatiak herria du gai nagusitzat. Herritarren arteko loturen metafora da familiarteko loturena. ‘Maliziak’ sailak gai intimo eta pertsonalagoak jasotzen ditu, indibidualagoa da.

Idazten jarraitzeko asmoa du Jon Aranok gerora begira, eta egitasmo ugari ere bai horretarako: Itsasondoko amona batekin egindako elkarrizketa du jasoa, eta liburu moduan kaleratu nahiko luke; berak bizitako zein inori entzundako istorio eta kontaketa ugari du buruan, eta orain horiek gauzatu eta literatura bihurtzeko gauza sentitzen da.

Generoan hautaketa ez zaio axola handikoa iruditzen idazle honi: “Nik ez dut bereizketa garbirik egiten generoen artean. Nik uste dut dena bat dela”. Iturriak ere ez ditu bereizten, eta iturri guztietako ura nahasturik edateko prest dago: literatura klasikoa zein gaur egunekoa, bere esperientzia autobiografikoak zein inori entzundako istorioak, eta baita oso gustokoak dituen kontalari zaharrenak ere.

 

Bilaketa