literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Zorion Zamakola
Euskaldunon Egunkaria, 1991-01-12
Joanes Urkixo:
«Gaia hiria da, Bilbori buruzko liburua da»

Joanes Urkijo idazle bilbotarrak azken urteotan idatzitako poemak jasotzen dituen liburua argitaratu berri du Susa argitaletxeak: ‘Berbak legezko aiztoak’ du izenburutzat poemario honek, eta hiria gai nagusitzat.

Aspaldidanik idazten du poesia Joanes Urkijo Galdakaon jaiotako idazie bilbotarrak, nahiz eta argitaratu zuen lehen liburua antzerki gidoia izan: ‘Eta beharbada ispilu beltz bat’ (1982). Ipuinak ere idatzi izan ditu (‘Elur gainean’), itzulpenak egin ere bai (‘Romeo eta Julieta’) eta beste era askotako lanak: umeentzako kontaketak, literatur aldizkarietarako artikulu eta lanak, telebistarako lanak...

Gaiaren aldetik batasun orokor bat du ‘Berbak legezko aiztoak’ liburuak egilearen eritziz. “Liburuaren kontrazaleko testu txikian gauza adierazgarria esaten da, alegia, normalean poesia bildumetan ez dela izaten argumentu orokorrik, poema bakoitzak berea duela. Liburu honetan berriz, orokortasun bat aurkitu omen daiteke: gaia hiria dela, Bilbori buruzko liburua dela”.

Liburuaren batasun hori ez da, hala ere, berariaz bilatua, liburu hau urte askotan zehar idatzitako poema ezberdinen bilduma eginez osatu bait du Urkijok. Liburuko poemarik zaharrenek zazpi-zortzi urte dituzte gutxienez. Berrienak, berriz, orain dela bizpahiru urtekoak dira. Tarte horretan idatzitako poema guztien artetik garbiketa bat egin du Urkijok liburua osatzeko, honek azkenean hartu duen forma izan arte. “Hainbeste urtetan idatzi eta hala ere batasun bat gordetzeak esan nahi du nire ikuspuntuak ez direla hainbeste aldatu, neure nortasunak ez duela aldaketa handirik izan”.

 

Lehen poema bilduma

Poesia da Urkijok hasieran gehien landutako generoa, eta liburu hau da lan horren emaitza nagusia orain artean. Baina azken aldi honetan poesia gutxiago idazten ari dela aitortzen du. Azken bi urteotan telebistarako lanak egiten aritu da, eta oso denbora gutxi eskaini ahal izan dio poesiari.

Hasieratik izandako poesiarako joerari buruz arrazoitzerakoan, euskaldunberritasuna aipatzen du Urkijok: “Ni euskaldunberria naiz, eta nik uste dut euskaldunberriok literatur kezkak baditugu, poesiak eskaintzen dizkigula erraztasun haundienak, sintaxiari ez diogulako hainbeste begiratu behar, lizentzia gehiago daukagulako... txarra dela ere, zer edo zer egin dezakegu. Horregatik idatzi nuen hainbeste poesia urte haietan; nahiko txarra hasieran, euskara hobetu ahala hobea”.

 

Juan Larrearen eragina

Bere poesiagintzan eragjna izan lezaketen idazleak aipatzen hasita, poemak idatzi izan ditueneko garai ezberdinetan beti berberetsuak izan direla adierazi digu Urkijok. Azken urteotan poesia larregirik ez du irakurri, euskaraz  idatzitakoa jarraitu izan badu ere. “Horregatik, eraginak aspaldikoak dira. Espainiako 27ko belaunaldikoak garrantzitsuak dira, eta bereziki Juan Larrea aipatuko nuke. Literaturaren historian aipatzen diren idazleen artekoa ez zen arren, bere belaunaldian oso ezaguna zen”.

Idazle gehiago ere aipatu digu, garai beretsukoak guztiak: “Garcia Lorca ere oso gustokoa dut, batez ere ‘Poeta Yorken’, bere liburu nagusia neure ustez. Nire garaian aleman espresionistak eta surrealista frantsesak ere irakurri nituen: Andre Breton, Paul Eluard eta horiek”.

Hurbilagora jota, Atxagaren ‘Etiopia’ aipatzen digu. Garrantzia handia eman zaio liburu horri, baina gero ez du merezi zuen jarraipenik izan euskal literaturan Urkijoren ustez. “Uste dut euskal poesia beste iturri batzuri begira dagoela ‘Etiopia’ra baino. Neure liburuak, aitzitik, badu Atxagaren liburu horren eraginik”.

 

Bilaketa