Solasean
Liburuetan, poesiakoak bakarrik ezagutzen genizkion Edorta Jimenezi; Omar Nabarro izengoitiarekin kaleratutakoak. Orain Susa argitaldariarekin plazaratutako ‘Atoiuntzia’ beraz, narratibako bere lehenengo liburua da.
“Azken lau urte honetako naufragioetan idatzi ditudan narrazioetatik hamar salbatu ditut” aipatu du Edorta Jimenezek ‘Atoiuntzia’ liburua aurkeztean. Orrialde guztiei kresal usaina darie, baina itsasoko ipuinak baino itsasoak lehorrera ekarritakoak dira. “Bai, talaian jezarritako kontalarien istorioak dira”.
Narrazio liburua da Jimenezek plazaratu duen ‘Atoiuntzia’, eta ez bilduma. “Batasuna eman nahi izan diot, gero eta batasun handiagoarekin pentsatzen ditut liburuak. Lehen ez horrenbeste”. Ehun eta hogeitabost orrialdetan agertu dituenak baino dexente ipuin gehiago idatzi zuen, “baina hauek dira sarean harrapatuta geratu direnak. Batzuk, penaz, idatzi gabe geratu badira ere, pozik nago osatutako lanarekin. Irakurtzeko gogoa daukat orain, eta hori ez da makala!”. Idazleak entzun eta bizi izandako pasadizoz beteta daude errelatoak. Dena den “kontatu nahi izan dudana agertzeko aukeratu ditut, apropos. Eta horregatik literaturari buruz egin dudan erreflesioaren emaitzak dira, fikziozko ondorioak. Historiaren hainbat puskekin istorioak osatu nahi izan ditut”.
Euskal Herriaren historia hurbilari erreferentzia egiten dioten keinu ugari aurkituko du irakurleak, urtetan atoiuntziak karriatutakoak. “Batzutan mendeku txikiak daude, nire herriko izen guztiak sartu ditut, akroniak bestetan... Liburu hau irakurtzen duenak Euskal Herriko errealitate gordinaren isladaz ohartuko da. Islada esan dut, fikzioa”.
Errealitatea eta fikzioa elkarrekin bat datoz Edorta Jimenezen eritziz, “fikzioa errealitatearen gainean eraikitzen bait da, errealitatea baino haruntzago joateko edo errealitatea hobeto ulertzeko edo errealitateaz gozatzeko edo nahi dena. Orduan, zuk aipatu dituzun keinuak harrapatzen dituenak, nirekin batera barre egingo du edo hasarretu egingo da edo nahi duena”.
Literatura estandarra ekidin
Narrazioak elkarren artean oso ezberdinak dira estiloz, “lirikoak, errealismo zikin tankerakoak... Eklektikoa naiz, ez daukat doktrinarik, ez poesigintzan ez narratiban. Eta bi printzipio nagusi ditut: ez errepikatzea eta literatura estandarra ez egitea. Horregatik plagioaren kontra nago”, nahiz eta eraginak ezin ukatuko dituen. “Eraginez beteta gaude. Eta horrela, plagioaren aldeko diskurtsoak politak dira, baina ez dakit amoralak, inmoralak edo ultramoralak diren printzipio bezala”.
Hizkera literarioaren bila
‘Atoiuntzia’ liburuan estandarizaziotik ihes egiteko joera erakutsi du Edorta Jimenezek hizkuntz hautapenean ere. “Hizkuntza estandarra egiteko Egunkaria dago”. Hiru izan dira idazlearen erizpideak. “Denboraren tratamenduan iragana eta presentea nahastea, hitz kultoak narratzailearengan ipintzea eta herrikoa hizkera pertsonaiengan. Ahozko hizkeraren erabilera jori erabiltzen du Jimenezek. “Abiapuntua nagusia nire inguruko euskara izan da, batez ere joskeraren aldetik. Beraz bizkaiera dago oinarrian, Bermeokoa, nire amumari entzun diodana... Baina baita kultoa ere. Azken batean egin nahi dudana zera da, narratzaile ezberdinen ahotsak eta pertsonaienak ezberdintzea, eta berdin, garai diferentetako ahotsak ezberdintzea”.
Hirugarren pertsonan idaztean “nolabaiteko bizkaiera baten oihartzunak” agertzeko saioa egin du. “Neure hizkera literarioaren bila ari naiz. Belarriari garrantzia handia ematen diot, barruko erritmoaren bila saiatu izan naiz. Baliteke irakurle askori gogorra egitea hasiera batean, batez ere entzuten ikasi ez dutenei. Baina monotoniaren aurkako hautapena egin dut. Ezin da literatura egin prentsa komunikabideek erabiltzen duten hizkera berberarekin”.
Prosalari izateak eskatzen duen ahalegina eta poeta izatearenak diferenteak direla uste du Jimenezek. “Testu luzeetan erritmoari eustea eta barruan musika gordetzea da zailena. Musika gorde behar bait da norberaren barruan. Bestela denak krak egiten du. Eta horretan bai, horretan errepikatu egingo dut estiloa eta nire buruari jarri dizkiodan erizpideak. Apostu horri eutsi behar diot orain. Nobela bat idatzia daukat eta berridatzi egin nahi dut”.
‘Speed gauak’ du izena, iazko Azkue saria jaso zuena. Gaur egungo Bilbo erdaldunduan kokatua dago, nahiz eta orain aldia eta lehen aldia nahasten dituen. “Kañeroa da”.