Solasean
Gasna iragarki bateko leloa abiapuntu hartu eta euskalduntasunaren metaforatzat erabili du Bordak Gasna Bidearen bukolikotasuna. % 100 basque eleberria gogoetan oinarritu du. Basilika berri bat idatzi beharra sentitu omen du. Idatzi du beraz.
Zapping egiteko moduko eleberria da zurea, 40 istorioz osatua. Ohituagoak gaude hari baten menpeko nobelak irakurtzera.
Bai. Nirea saiakera eleberritua da. Nire liburu guztiek saiakera kutsua dute, zeren eta ene formazioa ez da literarioa. Historialaria naiz, nire ikerketak-eta historian izan dira, ez literaturan. Beti interesatzen nau ingurumen sozioekonomikoak, historikoak, aitzina iraganak, geroak eta orainak.
Ene helburuetako bat da bizia eta bizitzen dena fikzione baten bidez kontatzea. Orduan, bizia ere multidiziplinarioa da, gutitan da diziplinatua. Beraz, helburu horrekin nahi dut lan egin. Ene teorialiterarioa hori da.
Imajinazio hutsa ez zitzaizula interesatzen esan zenuen aspaldi. Literatura fikzio ere baden aldetik, nola eutsi orekari? Errealitatearen kronista ere bazara neurri batean.
Fikzione egilea naiz betiere. Baina nahiago dut abiatu gertakari sozial batetik, errealitatetik. Hori dut erraten imajinazionea ez dudala nahi erratearekin. Desabantaila da batzuetan irakurleak erraten duela autobiografikoa dela. Abantaila da irakurleak zure ezagutza bera duela, abiapuntuaren ezartze bera, zurekin egiten duela bidea eta, zuk, ikusmolde anitz sartzen ahal duzula, errealitatean ez bezala. Beharbada, Amaia Ezpeldoi saila hasi arte ez dut ukan errealitatearen eta fikzionearen arteko loturaren sentsazio hori.
Liburu honekin, lehen aldiz, idazle sentitu omen zara. Benetan?
Bai. Egia da oraintxe aipatzen genuen errealitatearen eta fikzionearen lotura horren kontzientzia argia badudala. Eta gero, aspaldiko partez, idazle soil gisa presentatu dut ene liburua.
Iparraldeko pertsonaia tipikoak agertzen dituzu azken liburuan, baina beste edozein lekutan koka daitezkeela esana duzu. Gainera, Zen filosofiako pasarteak tartekatu dituzu. Nola ezkontzen da hori?
Liburuan, bai narratzaileak bai pertsonaiak, zainak oso tiran dituztela ikusten da, anitz apurtzear dira psikologikoki. Beraz, dolore humanozko itsaso horretan, paratu ditut lasaitasun uharteak. Gero, erakaspen zati horien euskaratzeko gogoa nuen aspalditik. Ez dakit egina izan denetz. Dena dela, egin dut.
Eta zergatik bereziki Zen filosofiakoak?
Gehienbat, kontrastearengatik da. Liburu horretan, edozein pertsonaiak, edozein pentsamendu ideologiko duela, gertakari baten edo bestearen alderdia hartzen du. Gauzak erraten ditu, gauzak pentsatzen ditu, gauzak egiten ditu, edozein jujamendurik gabe. Narratzaileak, nik, ez dut erraten gaizki edo ongi dagoen. Distantzia hartze hori erakusteko eta kontrastearen egiteko sartu dut Zen filosofia. Sartu dut umore ideia batekin ere.
Umorea aipaturik; ez da berria zure lanean. Baina honetan asko dagoela, ezin ukatu.
Ez da berria, ez, baina uste dut liburu honetako orrialde bakoitzean entseatu naizela arraileria zerbait sartzera, arraileria hizkuntzaren inguruan —hitz jokoak badira anitz—. Badira jokoak erreferentzien inguruan ere, bai gure literaturari buruzko erreferentzietan bai kanpoko literaturari buruzkoetan. Gero, gertakari umorea ere bada. Eta, umorea baino gehiago, anitzetan bada ironia xoxo bat.
Liburuaren abiapuntua bera ere barregarria da, nahiz eta, ongi pentsatzen jarrita, batere barregarria izan ez.
Hori da. Hor ere kontraste bat bada. Gauza biziki doloretsuak, mingarriak eta minberak kontatzen dira, baina beti irriñoa ezpainetan hala ere. Hilen gara, baina irri egin dezagun bizkitartean. Uste dut umorerik gabe akabo dela. Literatura bera ere. Umoreak sartzen du beharrezko distantzia bat, barnean izanez. Gaur egungo, atzoko eta biharko egoera batzuk, bestela, gaindiezinak dira.
Ideologiaz mintza gaitzen, horri buruz ere ari zara-eta liburu honetan...
Ideologia eta ideologoak —alde batekoak zein bestekoak—; gure kondizionamendu naturala; gure, zenbaitetan, zuzen kontrako borroka helburuak; identitateak ere... Ni entseatu naiz ikustera horiek oro ezabatu ondoan zer gertatzen den, jendeekin nola funtzionatzen den, gure sistema honek nola funtzionatzen duen, zer gorrotatzen dugun, non dugun etsaia, ikusi nola geu ere bagaren geure buruaren etsai. Eta liburuan, atal anitzetan, agertzen da borroka armatua, fikzionearen bidez. Egia da bestela gogorregia litzatekeela. Horretarako aipatzen dut ideologien ezabatzea, ideologiak ezabatzen badituzu, ikusmolde finkoak ezabatzen dituzulako, gertakariez desberdin igortzen hasten zara... Hori ez da teoria berria, gauzak emateko manera bat da.
Ideologiaz biluzte horretan, zertan sinesten du Itxaro Bordak orain?
Gero eta gauza gutxiagotan. Poesian sinesten dut. Eta literaturan. Literaturan, idazle baten barne eta kanpo munduaren ezagutzeko manera bezala. Jende harremanean sinesten dut, izan euskalduna edo izan erdalduna, a prioririk gabe. Hori berria da. Azken urte hauetan, a prioririk gabe aritu naiz. Liburuaren estakururat batez ere.
Gero, liburu bakoitzean, baditut gai batzuk, eta horien inguruka ari naiz,
eta kanporatzen naiz urrats bat eginik banu bezala, eta beste problema baten aitzinean naiz bat-batean. Badira hiru-lau urte hasi nintzela bide horren egiten: postan lana egin, idatzi, oren bat Mauletik ez dakit nongo bilkurara, maiz, ez dakit zer tenoretan beste oren bat Maulera bueltan, eta bakarrik. Ohartu naiz liburua berriz irakurtzerakoan, oso amerikanoa duela idazteko manera. Autoan, pentsatzen, gaua... Bideak pentsamendua hazten balu bezala.
Gasna Bidea da azaldu diguzun pentsamendu haria.
Bai, baina sinbolikoa da. Liburuaren hastapenean gasna puska bat banuen, Irati mendian egina, adiskide batek emana, eta handik jaten nuen etxeratzean, goizeko hiruetan-eta etxera nonbaitetik heltzean, jakinez gero sei eta erdietan jaiki behar nuela lanera joateko. Lasaitu egiten ninduen. Eta horrela hasi nintzen pentsatzen zergatik egiten nuen hori, zergatik lasaitzen ninduen. Ohartu naiz gasnaren inguruan —eta titulua ere gasna publizitate baten lelo bat da— gure kultura guztia dabilela. Eta ez dugu ihesik. Ikusten duzu, eman dezagun, edozein liburu Euskal Herriari buruz, eta ikusten duzu beti badela ardi saldo bat, eta hori da gure paradisua. Eta, liburuan, gasna puska horrek betetzen du paradisu bukoliko horren nostalgiaren rola.
Gasna janez, gure paradisua jaten amaitzen dugula ere badiozu liburuan.
Hori da. Finitzerat, paradisu horrek ito egiten du. Liburuaren azkenean, estraterrestreekin gurutzatzen da bat, eta eskatzen du eraman dezatela, eta ez dute eramaten ez delako ardia. Orduan, kondenatua da lurrean bizitzera, bai bere paradisuen eta bai bere infernuen asumitzera, eta bere kontradikzioneekin lurrean bizitzera. Eta lurrean erraten delarik, erran nahi du, beharbada, herri honetan behar dela bide bat asmatu bakoitzak bere burua salba dezan ere. Beharbada, irakurleek antzemanen dute liburua biziki indibidualista dela. Baina, orokorki, Euskal Herrian indibidualistaki funtzionatzen dugu denok, nahiz eta teoria handiak ditugun.
Hamaika pertsonaia daude liburu honetan, baina oso pertsonala da.
Bai. Hala da. Oso bakartia du izpiritua. Pertsonaia horiek eta, beraz, nik ere badut inpresionea urgentzia bat badela norbaitekin hitz egiteko, eta guretzat, idazleontzat, norbaitekin hitz egiteak erran nahi du irakurle batekin hitz egitea. Eta irakurleari aldi berean ematea plazerra irakurtzeko eta euskararen plazerra ere.
Duela urte batzuetako elkarrizketa batean, herriaren agonia euskal literaturan zegoen tabuetako bat zela zenioen. Zure ustez, tabu izaten jarraitzen al du?
Bai. Segitzen dut hori erraten liburu honetan, eta uste dut memento batez erraten dudala Ipar Euskal Herri honetan euskararen galtzea gairik pornografikoena dela. Eta horrek ez du bilduma erotikorik merezi. Hori da egiazko muga: “Iparraldean euskara galtzen ari da” erratea. Hori erran behar ez den gauza bat da. Lizunkeria bat da. Eta lizunkeria handiena hori ez onartzea, jadanik ez entzutea da.
Basilika berri bat egiteko beharra sentitu duzu beraz?
Bai.
Zer erantzun izango duen jakiteko gogoz al zara?
Ez. Berdin zait. Nik egiten dut proposamen literario bat, Basilika-ren segida izaten ahal dena: Basilika 20 urte berantago. Basilika II. Le retour. El retomo. [Barreak] Bai. Ez dut bilatzen badaezpada Basilikaren denborako gatazkarik. Proposamen literario bat da. Pentsamendu, pentsatzeko manera bat. Pentsatzeko manera horretan badira anitz bide, gurutzamendu. Eta, nik uste dut, Basilika baino irekiagoa dela hala ere.
Ez luke mingarria izan behar beraz?
Ez, ez luke izan behar mingarria. Baina izanen da. Izango da mindua sentituko denik ere. Uste dut baietz. Egunkariarako egin kroniketan ere zenbait minduak izan direla ikusten dut trufatzen naizelarik euskararen galtzeaz.
Aurreko zure liburuetan nagusitutako manikeismoa gainditu duzulakoan zaude. Zer manikeismoz ari zara?
Manikeismoa da hartzen baduzu Urtemuga lehorraren kronika: frantsesez ari diren pertsonaiak, eta poliziak, eta ez dakit zer eta zer... horiek denak gaiztoen aldean dira. Aldiz, liburu honetan, badira pertsonaia zenbait, euskaldunak direnak, baina ez biziki onak.
Poesian ere manikeista izan al zara?
Ez. Libreago egon naiz poesian.