literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Amagoia Iban
Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-18
Juanjo Olasagarre:
«Iragana ahitua, etorkizunik gabe, orainaldi ‘perfektuan’ bizi gara»

Leitzan irakasle, Dorraon bizi da arbizuar hau, baina Hernanin egin dugu hitzordua, hara biltzen baita sarritan, lagunartera. Puskak biziz izeneko bere azken poesia liburuaz, artearen funtzioaz, gure gizartearen egoeraz... hitz egin dugu berarekin.

Etxeko atera agertu zaigu Juanjo Olasagarre, harrera egite aldera. Ez gara luzaz egon ordea atarian, hotza dela eta. Behin barrura sartuta, te bero bat esku artean, hizketan hasi gara.

Liburu honek Puskak biziz izena du. Aurrekoak, berriz, Bizi puskak. Aurrekoaren jarraipena dela pentsatu behar al dugu?

Bai. Aurrekoaren segida da. Hala ere, saiatu naiz zerbait autonomoa egiten. Aurrekoaren pertsonaia batzuk ageri dira honetan, eta berriak ere sartzen dira.

Bizi puskak liburua 80ko urteetan planteatu ziren hainbat helbururen porrotak eragindako mamuen plazaratzea omen zenuen. Batzuk plazaratzeke utzi omen zenituen, aurrerago egiteko lan baten zain. Lan berri honekin itxitzat ematen al duzu lan hori?

Mamuok hemen dauzkat oraindik. 80etako azken urteen eta 90etako lehenengoen artean denok kontsumitzen hasi, eta utopiak atzera uzten hasiak ginateke. Niri, jauzi hori asko interesatzen zait, nola egokitu den bakoitza aldaketa horretara. Horixe zitzaidan interesgarri Hegoafrikatik eta Hego Amerikatik ere: egoera zahar batetik berri batera, aldaketa moral guztiekin, Jendea nola kokatzen zen. Eta ez naiz ari ideologiaz, eguneroko bizitzaz baizik. XIX. mende bukaeratik, utopiarekin amets egiten zuen gizarte batetik espektakuluaren gizartera pasatu gara, nahiz eta hemen batzuk pentsatzen egon oraindik gizartea alda daitekeela. Ez dut uste. Hau supermerkatu bat

da.

Zer dago zure eguneroko bizitzan?

Ni ere supermerkatu honetan sartu naiz, asko bezala. Gero, batean amore eman, eta bestean ez ematea erabakitzen duzu. Ez naiz ari konpromiso politikoaz, bizitzeko moduaz baizik. Nik egiten dudana, azken finean, iparramerikar batek hiri bateko auzo bazter batean egiten duen gauza bera da. Autoan zoaz, eta pentsatzen duzu: “Zertan nabil? Zer ari da pasatzen gizarte honetan?”. Batzuk diote Euskal Herriak independente izan behar duela, baina kasik ez da geratzen zer salbatu. Independentziak zentzua dauka zerbaitek beste zerbaitetik bereizten zaituelako, eta bereizten gaituzten gero eta gauza gutxiago geratzen zaizkigu. Ni horren alde nago, baina egoera horrelakoa da.

Bizi puskak liburuan, pertsonaia batzuk nostalgiaz, besteak haserrez, eta besteak alaitasunez elikatzen dira. Hemen ere bai?

Nik uste dut edadearekin jendeak bere miseriekin ere bizitzen ikasten duela, leku bat aurkitzen bizitza honetan, nahiz eta kezkak hor atzean gelditu edo noizbehinka kezkok agertu eta harrak bezala jaten egon. Zenbait pertsonaia orekatuago dago liburu berrian, nik uste. Eta heriotzari buruzko hausnarketa bat ere badago, hiesa duen pertsonaia baten istorioarekin.

Aurreko liburuaren eta oraingo honen arteko loturez aritu gara orain artean. Berezitasunen txanda orain...

Niri gehien gustatzen zaidana zakur baten pertsonaia da. Poemak esaten dago. Zakur horrek giza izateari buruz hausnarketa egiten du bere zakurtasunetik. Poesian askotan zaila da sinplekerian ez erortzea, poeta negartia ez izatea. Eta negar hori desegiteko, poema bakoitza pertsonaia batek esatea bururatu zitzaidan, ni aparte geraraziz. Ez dut sinesten nire arazoak munduaren adierazle direnik. Zenbaitek poeta leinuaren ordezkari dute. Nik ez. Orduan, hori dena saihesteko, pertsonaiak sortu nituen. Ez dakidana da trikimailuak funtzionatzen ahal duen. Aurreko bi liburuetan nire iritziek garrantzi gehiegi hartu eta pertsonaiak aitzakia huts bilakatu zirela uste dut. Horregatik saiatu naiz pertsonaia bakoitzari bere bidea ematen liburu honetan.

Arbizuko euskara erabiltzen al dute berriro pertsonaiok?

Bai. Gehiago saiatu naiz agian ahozkotasunaren bidetik errepikapena erabiltzen. Gero, onomatopeiekin ere aritu naiz.

Euskarari buruz ari garela, Nafarroa aldetik heldu zaigu Mantxut lokuzio liburua. Garai batean arlo horren garrantziaz mintzo zinen. Orain ere bai?

Iruñean bada euskaldun jende bat, ezagutzen dena kaletik, eta halen artean hitz egiten dute euskaraz. Arbizun, ez daukagu inolako arazorik, denok hitz egiten baitugu euskaraz. Etorri naiz hona, Hernanira, eta denak euskaldunak dira baina inork ez du euskaraz hitz egiten. Orduan, harritua nago, eta badirudi ez dagoela zereginik. EAEko lurralderik normalizatuenean, jendeak zuzenean gaztelerara jotzen du. Orduan, honek ez dauka salbaziorik. Ezetz uste dut. Gipuzkoa oso normalizatutzat nuen, baina ez da horrela. Ohartu naiz Goierriko nire edadeko tipo batek baino errekurtso askoz gehiago dudala euskaraz. Eta nire koadrilako edozeinen kasua ere halakoxea da. Zergatik? Horretan. ibiltzen garelako, bizi egiten dugulako.

Zure lanaren akatsak sarri tan dituzu mintzagai. Zure kritikorik zorrotzena ote zara?

Beno, horrek badu estrategiatik pixka bat, oso ongi geratzen baita norberaren lana gaizki jartzea [barreak]. Ez dakit. Nik zalantza asko daukat gaur egun arteak gizarte honetan duen lekuaz. Uste dut gehiago dela kontsumorako gaia. Arteak zer neurtzen zuen lehen? Etorkizunera pasatuko ote zen ala ez, gizakiari buruz zerbait esateaz gain. Eta orain, iragana ahitua, etorkizunik gabe, orainaldi perfektuan bizi gara. Dena zalantzan jarri behar da, gure historia, barre egin. Niri gustatzen zaidan artea hori da, ironia darabilena. Beste alde batetik, lanean segitzen dugu. Bi alde horien arteko oreka da kontua.

Arteak zein funtzio luke beraz gaur egun?

Nire bizitzan garrantzitsua da poesia, baina ez dakit funtzio sozialik ba ote duen. Agian, hemengo arazoa da. Irlandan, esaterako, nahiko bizirik omen dago. Hegoafrikan ere bai.

Beste alde batetik, uste dut norbere egotxoa bizitzeko eta pozik bizitzeko balio duela. Bestela, arratsalde guztian zer egin behar duzu? Beraz, hor jartzen naiz, idazten dibertitzen naiz, eta kitto.

Audenekin asko dibertitu izan zara antza. Askotan aipatu izan duzu. Beste hainbat idazle ere bai. Zein neurritaraino eragiten dizute irakurritako idazleek?

Nik sinesten dut Atxagak plagioari buruz dioena. Larkinen poesia itzuli dut, eta aitortzen dut itzuli nuenez nire liburu berriko poema bat gutxienez haren tonuarekin egina dela.

Halere, Auden izan duzu kuttunena, dirudienez.

Auden itzuli egin nuen, eta beti gelditzen zaizu zerbait barruan. Poema bat egiten ari zarela, duela zortzi urte milaka buelta eman izanaren ondorioz itzulitako esaldia bat-batean etortzen zaizu. Eta hori ere hor dago. Auden gustatzen zait, baina orain uste dut Larkin hobea dela.

Itzulpen lanek eragiten dizute, argi da.

Ikasteko modu bat da. Hizkuntza propioa behartu, hiztegia landu, ikasi... Sortzaile puntua ere badu itzulpenak. Poema bat idazteko orduan, ikasitakoak ematen ditu aukerak. Horrezaz gain, itzulpenak edozein egile ezagutzeko biderik onena dira.

Euskal idazleen artean horrelako eraginik jaso al duzu?

Sarrionandiaren zenbait liburu asko gustatzen zaizkit. Atxaga asko gustatzen zait. Saizarbitoria ere bai. Horiek dira nire Hirutasun Santua. Jende gaztearen artean ere bada gauza interesgarririk.

Euskal literaturaren mundua puztua dagoela esana duzu duela ez asko. Berdin pentsatzen jarraitzen ai duzu?

Idazleak suizidatzen hasi beharko dugula Iruditzen zait. Onak ez garenok utzi egin beharko dugu, edo bost urtetik behin liburu on bat ateratzen saiatu. Liburu asko plazaratzen da. Hori da, dena merkatua da. Mendebaldean, liburu baten bizitza 6 hilabetekoa da. Niri, gure literatura puztuegi dagoela iruditzen zait. Kalitate aldetik oso gauza txukunak eta onak ere ikusten ditut. Baina gauza hauetaz jada ez dut pentsatzen. Uste dut Frantzian eta Erresuma Batuan gehiago irakurtzen dela. Ildo horretan, espainolak gara kulturalki. Lehendabizi, amerikarrak gara, gero espainolak eta, azkenik —batzuk—, euskaldunak.

Poesian lan berri gutxi plazaratzen dela esan ohi dugu. Hori ere puztua legoke gurean?

Oro har, euskal literatura puztuta dago. Atxagak dioena egia da, intimitatean oso erraza dela poesia irakurtzea, oinarrizko kodeak ezagutuz gero. Poema batekin ipuin batekin baino denbora gutxiago pasatzen duzu, eta barnean buelta ematen dizu. Baina funtzio sozial bat betetzen ote duen... Eta gero, hitzak daude. Hitzek zer esan nahi dute? Demokrata hitzak zer esan nahi du gaur egun? Eta faxista hitzak? Nor da faxista?

Eta poesia hitzak zer esan nahi du?

Poesiaren zeregina, izatekotan, hitzei berriz ere benetako zentzu bat ematea da. Baina hau supermerkatu bat da. Orduan, Umberto Ecok dioen bezala, apokaliptikoaren edota integratuaren rola joka dezakezu. Zaila da erdibidea. Apokaliptikoarena dena gaizki dagoela esatea da, bukatzera doala. Integratuak, berriz, dena oso ongi dagoela dio. Erdian egotea zaila da. Orduan, egun berean bost minutu apokaliptiko, beste bost integratu, eta horrela gabiltza.

Zertarako balio du orduan idazteak? Zertarako bekak?

Idazteak ongi bizitzeko balio du. Bekena, berriz, sistema oso egokia da idatzi ahal izateko.

Gaia erabat aldatuz; irakasle zara ogibidez. Nola bizi duzu arlo hori?

Orain artean oso ongi egon naiz. Helduentzako klaseak ematen ibili naiz Iruñean, euskal literaturaz eta itzulpengintzaz. Orain, Leitzan nago DBHn irakasten. Eta harrituta nago. Ostiralero, Agota Kristoffen Koaderno handia liburua irakurtzen diet ikasleei, eta galderak egiten tartean. Egileak izen horrekin aipatzen ez dituen arren, juduak ageri dira liburuan, eta judutarrei II. Mundu Gerran zer gertatu zitzaien galdetuta, ez dakite. Ez dakit. Hori da bizi dugun gizartea.

Hain gazteak ez garenok ere izango dugu horri buruz zeresanik.

Arbizun iraganarekin hautsi zuen belaunaldia gurea baino pittin bat zaharragoa zen. Aurrekoen bizimoduarekin hautsi nahi zen, genuen. Bizi zaitez, esate baterako, lesbiana izanda, gure aitona-amonen Arbizun... Ni ez behintzat! Beraz, niri ez etorri aurrekoaren nostalgia idiliko horrekin. Ez dut horretan sinesten. Baina horrek, aldi berean; iraganak ez duela ezertarako balio pentsatzea ekarri du. Orduan, Euskal Herrian aurrera begiratu genuen, amets batekin. Baina amets hori nork sinesten du bizimoduz? Nik ideologia horretan sinesten dut, baina nire eguneroko bizitza ez doa hortik. Etorkizunaren alde ez dugu ezer inbertitzen. Etxe bat erosteko inbertitzen dugu.

Zuri-zuri ikusten duzula etorkizuna, alegia.

Ez dagoelako! Gure gizartean, mendebaldekoan, ez dago etorkizunik. Kontzeptu hori bukatzen ari da.

 

Bilaketa