literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ainara Gorostitzu
Berria, 2006-03-09
Leire Bilbao:
«Askotan geure azalean sartzeko ausardia falta zaigu»

Soiltasuna, ausardia eta erritmoa dira ‘Ezkatak’ (Susa) poemarioaren ezaugarriak. Baieztapenak eta zalantzak, zu eta ni eta gu.

Badira hitzarekin hasi du bere lehen poemarioa Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978), eta badirudi berbarekin bukatu. Ez da kasualitatea: “Badirudi nire badira guztiak badirudi bihurtu direla”. Baieztapenak egiten eta desegiten ditu Berriako zutabegileak.

Hiztegiaren arabera, ezkatak zenbait animaliaren gorputzeko kanpo-estalkiaren parte diren plaka txikiak dira. Zuretzat zer dira ezkatak?

Liburuaren azala ikusita, badirudi arrain ezkatak izan ditudala gogoan, eta ni ondarrutarra eta itsasgizon baten alaba izanda, badirudi itsasoa agertuko dela, baina ez. Norbanakooi azala jausten zaigunean ezkatetan jausten zaigu; hortik dauka liburu honek, horiek dira ezkatak. Erortzen zaigun eta soinean itsatsita daramagun azalaz.

Liburua irakurtzeko bi egun nituela esan nizunean, gogor samarra izango zela esan zenidan.

Poesiak esaldi bakoitzak daukan karga hartu eta pentsatu eta bueltak ematea eskatzen du, niri behintzat bai.

Zuri gogorra egin zaizu idaztea?

Bai eta ez. Gozatu eta sufritu egin dut idazten; sakrifizio bat eskatzen du. Niretzat literatura hitzekin jolastea da, baina batzuetan azal erauztea izan da. Urte eta erdi luze bat izan da idazteko prozesua, eta zutabeen aldean oso desberdina da. Biak neurri motzekoak dira, zortziko txikiaren modukoak, baina askoz gogorragoa egiten zait poesia idaztea. Poemetan soiltasuna lortu nahi dut, poesiaren ekonomia egitea, berbak kentzea, ahalik eta soilen ematea azaldu nahi dudana. Soiltasunaren indarra bilatu dut.

Zure zutabeak oso narratiboak dira normalean; pertsonaia batetik abiatu eta istorio bat kontatzen duzu. Poemak oso bestelakoak dira.

Poesiak beste arnasa bat dauka. Zutabea idaztean kontuan izan behar da irakurlea, egunkaria eguneroko gauza bat dela; azken finean, ipuin txikiak dira. Zutabeetatik ezagutzen nauen irakurleak beste Leire bat, beste idazle bat, aurkituko du.

Poesian zu eta ni eta gu agertzen da, batik bat.

Liburuak lau atal ditu: 1, 2, 3 eta 4. Lehen atala zu eta ni da; zu bati, beste pertsona bati, mintzo den lehenengo pertsona bat dago; giza harremanak dira. Ez da espresuki amodioa, ez da espresuki desamodioa, baina giza harremanetan sartzen dira atal horiek; komunikatu egin nahi da, transmititu. “Ni hau naiz” agertu nahi da. Bigarren atalean batez ere niak du garrantzia; niaren geografian sartzen da. Ni hori ez da Leire; ni horrekin konplizitatea lortu nahi dut irakurlearekin, norberaren burua arakatzea nahi dut. “Nor naiz ni?” galdetzea.

Hor kokatuko genuke utzidazu nigan sartzen, liburuaren tonua azaltzen duen esaldia?

Lehen ataletakoa da tonu hori. Hurrengo ataletan hirugarren pertsonan idatzitako poema asko daude: zu, ni eta hirugarren pertsona. Oreka bat dago. Baina, akaso, lehenengo pertsonan idatzitako galderak deigarriagoak dira. “Utzidazu nigan sartzen, ezagutu nadin besterik ez dut nahi”, diot Inboluzioa poeman. Halako obsesio bat dugu beste pertsona baten azalean sartzeko, eta askotan geure azalean sartzeko ausardia falta zaigu.

“Arriskatzen duguna balio dugu”, diozu.

Ausardia falta zaigu “zein naiz ni?” esateko, norberaren barruan sartzeko. “Zer naiz ni? Hau naiz ni: emakume bat odoletan”.

Eta, zu nor zaren azaltzeko, zeure gramatika sortu duzu.

Poesiak aditzak apurtzeko askatasuna ematen du, aditzak asmatzekoa: nauzkat, zauzkazu... Nik hitzekin jolastea dut gustuko, irudiak asmatzea... Poesiak, fondoaz gain, forma zaindu behar du.

Unai Elorriagak esana da poesia liburuak oso etereoak direla, arrastorik utzi gabe igarotzen direla. Zer diozu?

Poesia mota asko egongo dira; batzuk estetika hutsa dira. Niretzat, poesia ezkatak bezala da, uste ez duzun momentuan eta uste ez duzun lekuan aurkitzen duzun printza, sukaldean, kalean pasieran, portuan, platerean. Poesiak ez du zertan idatzia izan, poesia aurki dezakegu margolan batean, ekintza batean... Zu eta ni kafea hartzen taberna batean egoteak poesiatik dauka.

Zutabeetan eguneroko gaiei lotzen zatzaizkie askotan, dela manifestazio bat, dela martxoaren 8a... Poesia idaztean nola eragiten dizute egunerokotasuneko gertakariok?

Poesia idaztera bultzatzen zaituzten motibo asko egon daitezke, baina normalean barruan desosegua behar da, pultsio bat, motorra. Edo askotan irudi bat, hitz bat, hitz joko bat etortzen da; orduan jartzen naiz poema bat idazten, baina askotan ez dut lortzen. Poesiak berak agintzen dit noiz idatzi.

 

Bilaketa