Solasean
Droga-saltzaile erail berriarena da boz nagusia. Heriotzatik mintzo zaio, beraz, irakurleari. Kontakizunean aurrera egin ahala asmatuko dugu droga saltzailea nork hil duen, hiltzailea nork salatu duen eta salataria nork akabatuko duen. Yoseba Peñaren idazkera bizia eta freskoa da bere lehen nobela honetan. Hain miresgarriak zaizkion Quentin Tarantino edo Alejandro Gonzalez Iñarritu zinegileena bezalaxe. Kontakizunaren bizitasunak, ordea, ez du istorioaren gogortasuna samurtzen. Sodupekoa jaiotzez, Vienan eman zituen hainbat urte beharrean. Gaur egun, Deustuko unibertsitateko irakaslea da Yoseba Peña, Donostiako Campusean. "Nobela honetan beldurrari heldu nahi nion", aitortu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. "Bizitzan ahalegintzen zara dena ondo egiten. Baina egun batean, deskuidoan eta zuk ezer egin gabe, zure bizitza pikutara joan daiteke".
Non izan zara orain arte? Idazteko joera hori berandu piztu al zaizu ala aspalditik dator?
Betidanik idatzi dut. Txikitan, lagun artean batek esaten zuen "ni handitan izango naiz suhiltzaile", eta "ni arotza" beste batek. Ba nik betidanik esan izan dut idazlea nahi nuela izan. Txikitan, 8-10 urterekin nire ipuintxoak idazten nituen eta nik neuk argitaratzen nituen, aitak emandako karpeta batzuekin. Oraindik gordeta dauzkat. Egia esan, etxean beti animatu naute. "Horretaz ez zara biziko, baina gustuko baduzu, ba aurrera", esaten zidaten. Etxean irakurzaletasun handia egon da beti, eta irakurle ona nintzen.
Lehiaketetara ere ez zara aurkeztu.
Iazko abenduan, Julen Azpeitia Ipuin Lehiaketako sari nagusia eman zidaten Zumaian ("Pantera elurretan bezala" lanari esker).
Kontua da zazpi urte kanpoan eman nituela, Vienan beharrean. Erasmus moduan joan nintzen eta han geratu nintzen. Idazten jarraitu nuen Viena aldean, baina niretzat idazten nuen. Garai hartan gazteleraz idazten nuen batez ere.
Hona itzuli nintzenean, nire buruaz pentsatzen hasi nintzen, ia zer nahi nuen izan... Era berean, Euskal Herrira heldu eta segidan euskaraz idazten hasi nintzen, koherentziagatik batez ere. Horregatik agertu naiz orain, ezerezetik. Urte mordoa eman ditudalako kanpoan.
Esan behar dut ere, itzuli nintzenean ez nuela nire burua ondo idazteko gauza ikusten. Idazle Eskolan hasi nintzen eta Edorta Jimenez, Tere Irastortza, Karmele Igartua eta Andu Lertxundi idazleak ezagutu nituen. Eta euskal literatura hobeto ezagutzeko aukera eman zidaten. Asko irakurri izan dut ingeleraz, alemanez, gazteleraz, baina euskaraz ez hainbeste. Ondo idazteko asko irakurri behar duzu eta beraiekin ikasi nuen zer irakurri. Bestalde, estilistikoki ere, asko ikasten da. Uste dut Idazle Eskola ona dela bereziki idazteko borondatea duenarentzat.
Nobela bati ekiterakoan, idazleak asmo bat du. Ideia bat hezurmamitu nahi du. Zein izan da Yoseba Peñaren asmoa?
Idazten dudanean barrenak husteko idazten dut. Esaterako, 14 urterekin edo, poesia txarra idazten nuen, nesken ingurukoak. Denboraren poderioz, beste gauza batzuk islatzen hasten zara.
Nobela honetan beldurrari heldu nahi nion. Bizitzan, ahalegintzen zara dena ondo egiten; baina egunen batean, deskuidoan eta zuk ezer egin gabe, zure bizitza pikutara joan daiteke. Amaia Azkueren kasua komentatzen izan nintzen aurrekoan lagun batekin. Amaia Azkueren familiarengatik baino, mutilaren familiarengatik galde egin nion. Zeren horixe da Hodeien adorea nobelan aipatzen dena azken batean. Azpeitiko mutil horrek badirudi hilketa bat egin duela, baina mutil horrek ere familia du. Kasu honetan anaia bat. Ba anaiak ez du ezer egin eta betirako ibiliko da markatuta, askorentzat "hiltzailearen anaia" izango da betiko. Horixe zen nire obsesioa.
Begira, gau batean amets hau izan nuen. Tipo batek esaten zidan, "terrorista zu eta zure anaia puta!". Hunkituta esnatu nintzen, eta handik tiraka hasi nintzen. Zergatik esan ote zidan hori? Gainera nik ez dut anaiarik. Hasi nintzen horri buruz idazten, pertsonaiak marraztu nituen eta horrela joan nintzen istorioa osatzen.
Hodeien adorea nobelako istorioa, berez, sinplea da baina gero baditu bereizgarritasun batzuk. Elkarrizketaren teknika baliatzeak zure boza txertatzeko aukera ematen dizu, baita esperimentatzeko ere. Olgeta modukoa izan da.
Narratzaileak, gainera, irakurlearekin jolasten du maiz.
Bai, bai.
Zure izena ere agertzen da une jakin batean.
Beno, broma antzekoa da hori.
Dena den, tragedia bat kontatzen duzu zure lehen nobela honetan baina ironia asko dago tartean. Tonu egokia aurkitzea izango zen akaso zailena, ezta?
Lan gehien eman zidana horixe izan zen, bai. Esperimentu asko egin nituen eta azken zatian, Hodeik berba egiten duen tartearekin hain zuzen, froga asko egin behar izan nituen.
Behin idazle bati zera irakurri nion elkarrizketa batean, nobela idatzi eta gero ez zuela ezer aldatzen, koma bat bera ere ez! Ba nirean ez dago koma bat aldatu ez dudana. Dena berridatzi dut hamaika bider eta bereziki azken zatia.
Baina egia da, tonua lortu arte kristoren lana egin behar izan nuen.
Narratzailea hildako bat da. Hori sinesgarri egitea ere, erronka handia izango zen.
Hor apustu bat egin nuen: hasieratik ez kontatzea hilda zegoela, eta nobelan zehar pistak ematen joatea. Erabaki nuen hildakoari emango niola narratzaile papera. Charles Dickensen Gabon kanta bat nobelan bezala. Omenaldi esplizitu bat ere badago Hodeien adorea nobelan.
Hala ere, estiloaren lanketan asko gozatu dut. Gizajoa pertsonaiaren istorioa bitxia zen; droga-saltzailea eta euskal filologiako ikasle. Borobiltasun bat eman behar izan nion.
Erpin asko dituen pertsonaia da. Beste pertsonaia batzuk bezala, bide batez.
Hori da. Pertsona bat hiltzailea izan daiteke eta jatorra izan aldi berean, eta bere sentimenduak eduki. Hilketak oso modu binarioan hartzen ditugu. Soldadu batek guda batean akabatuko ditu aurrean dituen guztiak. Eta ohera joango da buruhausteekin, edo ez. Zentzu horretan, Txefe pertsonaiaren bilakaera islatu nahi nuen. Zelan aldatzen den, zelan bizitzak aldatzen duen.
Nobelan bada beste pertsonaia bat, autista dena. Kontakizunak aurrera egin ahala, gero eta garrantzia handiagoa hartuko duena.
Ezagutzen dut autista bat eta berari dago eskainia liburua. Asko irakurri dut eta ikertu dut autismoa eta oso gogorra da. Izugarria da gurasoen maitasuna baina baita pairatu behar duten sufrimendua. Niri gehien interesatzen zitzaidan pertsonaia, hala ere, Hodeien ama zen. Oso paper gogorra da.
Donostian kokatu duzu nobela. Azken hilabeteotan, Donostian girotutako hiru nobela eman dira argitara: Martutene (Ramon Saizarbitoria-Erein), Etxekalte (Harkaitz Zubiri-Susa) eta zurea.
Konturatu naiz jendearentzat oso inportantea izan dela Donostian kokatzearena, agian kontrasteagatik. Baina niretzat hiria ez zen batere inportantea nobelan, istorioaren dekoratua baino ez.
Deustuko irakaslea zara Donostiako campusean. Eta Deustuko ikasle batzuen soslaia ez da oso oso...
Ikasle batzuk esan didate Maddiren kasua (nobelan, Deustuko ikasle donostiarra) oso gertukoa egin zaiela, ia izen-abizenak ipintzeraino. Niri, dena den, kontrastearen kontua interesatzen zitzaidan gehien. Kanpotik etorritako familia zelan integratzen den eta seme batek egiten duena zein neurritaraino baldintzatzen dien gainontzekoei.
Euskal gatazkari buruz hitz egitea ere interesatzen zitzaidan. Berton bizi garen guztiok dugun zauri bat da. Baina asmoa ez zen hori nobelaren ardatz bilakatzea, baizik eta zeharka aipatzea. Eta oso modu lausoan.
Nobela berridazten ari nintzenean, ETAk jarduera armatuarekin behin betiko amaitzea erabaki zuen eta iruditu zitzaidan aukera polita zela garai berriaz hitz egiteko. Eta zer gertatuko litzatekeen nik nobelan aipatzen dudana, orain jazoko balitz. Zeren hedabideek —bereziki espainiarrek— betiko joera batzuk mantentzen dituzte baina orain harrapakinik gabe geratu dira.
Era berean, kritika ere badago. Kale borroka, drogak... bat eginda ageri dira.
Gauza asko gertatu dira hemen eta ez dira onartu. Euskal Herrian drogak hartzen dira eta inor ez dago libre. Beste apustua ere hori izan da, apustu kontzientea. Pentsatzen dut alde bateko zein besteko jendearentzat zenbait gauza ez direla oso atseginak izango. Baina hori da gure papera, ezta? Denei egurra ematea edo ahalegintzea gure egiak planteatzen. Ondoren, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.
Zein asmo dituzu aurrera begira?
Ipuin bat idazten ari naiz orain, eta hurrengo nobelaren abiapuntua zehazten.