literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2005-05-27
Alberto Barandiaran:
«Letra txikiak mugitzen du mundua»

Espantu gutxiko eta xumetasun eta gertutasun handiko hamalau ipuinekin osatu du Alberto Barandiaranek ‘Mundu txikia’, bere lehen urratsa fikziozko literaturgintzan.

“Zaparrada humanoa” dakarren liburu batekin egin du Alberto Barandiaran Berriako kazetariak (Altsasu, Nafarroa, 1964) lehen urratsa fikziozko literaturgintzan. Hitz horiek erabili zituen Iñigo Aranbarri idazleak, atzo, Barandiaranen lana aurkezterakoan. Mundu txikia du izenburu Barandiaranen liburuak, eta Susa argitaletxeak kaleratu du. Gertakari ikaragarririk gabe harildutako eta espantu handirik gabeko prosaz idatzitako hamalau ipuin “hamalau istorio, hamalau mundu txiki”, Aranbarriren esanetan aurkituko ditu irakurleak liburuan. Txundigarriak izan gabe, edozein irakurlek gertuko eta bere sentitzeko modukoak guztiak.

Orain artean, kazetaritza arloko liburuak kaleratu dituzu: Ez zaigu ahaztu, Pasionariaren biografia eta Gaizkileen faktoria. Zerk bultzatu zaitu fikziora?

Ez daukat azalpenik. Ez dut kontzienteki egin urrats hori. Irudi batzuk eta obsesio batzuk izan dira abiapuntua. Egun batean, orain dela hiru urte inguru, horiek paperean jartzen hasi nintzen. Ez nekien gero zer aterako zen, baina banekien irudi horiei eta obsesio horiei buruz idatzi nahi nuela. Istorio bakoitza harri handi baten antzekoa izan da, eta harria zizelkatu ahala sudurra agertu da lehendabizi, begiak gero, ondoren beste zer edo zer...

Zure orain arteko liburuekin alderatuta, oso bestelakoa da, beraz, Mundu txikia.

Kotte ipuineko pertsonaia bat erreportaia egiten ari da. Ipuin hori besteak baino linealago eta kronologikoagoa da. Baina uste dut gainerako istorioek ez dutela lotura handirik kazetaritzarekin. Ez dago albisterik, ez dago gertaera oso zehatzik. Irudipenak, oroitzapenak eta horrelakoak dira nagusi, eta kazetari lanetan ez ditut, normalean, horrelako kontuak lantzen.

Zerk bultzatu zaitu liburuak agertzen dituen mundu txiki horietara?

Metafora bat erabiliz, uste dut askotan ur biziekin txoratu egiten garela. Errekak gauza asko dakarrenean eta oso ikusgarri datorrenean, badirudi horrek duela garrantzia, baina uste dut ur sakonek, korronte sakonek markatzen dutela benetan errekaren bidea, horiek direla benetako garrantzia dutenak. Etxeko leihotik ikusten duguna, nahiz eta itsusiagoa izan, askoz geureago da munduko paisaiarik ederrena baino. Eskutitz batek manifestu batek baino askoz gehiago esaten digu askotan, edo begirada iheskor batek argazki eder batek baino gehiago. Letra txikiz idatzitako kontuak dira benetan mundua mugitzen duenak.

Iñigo Aranbarrik aurkezpenean esan duenez, estiloaren doitasuna da liburuaren aberastasunetako bat. Pertsonaien eta istorioen izaerarekin bat egiten duen xumetasuna bilatu duzu hizkeran.

Horrelako literatura gustatzen zait: dena erakusten ez duena; dena zehaztu gabe, gehiegi esan gabe, hitzen bidez iradoki egiten duena. Eta kontatu nahi nuenari zegokion estiloa bilatu dut.

Sorkuntza artistikoaren inguruko ideia batzuk agertzen dira Lucia ipuinean. Zure poetikaren berri ematen du ipuin horrek?

Baliteke. Ipuin horretan badaude gai horren inguruko esaldi batzuk. Beste ipuin batzuetan iradoki egiten dena Lucia-n esaldi batzuekin zehaztua dago. Sortzaileen prozesua oso interesgarria iruditzen zait: zer bizi duen liburu bat idazten duenak, margolan bat egiten duenak edo musika lan bat interpretatzen duenak. Mundu intimo horrek nola egiten duen jauzi agerira. Eta Lucia ipuinean musikari batek hori guztia nola bizi duen adierazten saiatu naiz.

Zer-nolako ipuingintza da maiteen duzuna?

Badakit ez direla oso ezagunak, baina Hemingwayren ipuinak oso gustuko ditut. Borges eta Cortazarrenak ere bai, Pello Lizarralde eta Jokin Muñozenak... Oro har, espantuka egiten diren gauzak ez ditut maite. Uste dut garrantzitsua dela pausatzea, begiratzea, entzutea, maitatzea, ukitzea... Uste dut kontu horiek direla benetan mugitzen gaituztenak, eta behar baino gutxiago eskaintzen diegula. Ipuinetan ere intimismo hori bilatu dut, buruz buruko gauzen balioa aldarrikatu dut: pertsonen arteko harremanak, kolektiboen eta ideien gainetik.

 

Bilaketa