Solasean
Kaleko andoaindarren elur egun eta erdi kontatu du Pablo Sastrek ‘Elurretan hotsak’ (Susa) ahozkotik gertu dagoen nobelan.
Hamar liburutik gora ditu argitaratuak, baina beste idazle askoren aldean gutxi agertzen da Pablo Sastre (Madril, 1958) komunikabideetan. Hala ere irakurle leialeko idazlea da.
Egun eta erdiz Andoainen gertaturiko kontatu duzu. Dokumentalgilearen antzera kamera jarri eta gertatzen dena filmatu edo antzerki zuzendariaren modura pertsonaiak gidoi baten arabera zuzendu dituzu?
Izatez gero lehenengoa, ez dut neure burua ikusten pertsonaiak zuzentzen. Liburuak ostiral goizetik hurrengo larunbat eguerdia bitarteko epea hartzen du eta pertsonaia hauek egun eta erdi horretan zer egiten duten ikusi dut. Pertsonaia batzuen eboluzioa segitu dut, ez oso espazio zehatzetan. Haiek zer egiten eta esaten duten bildu dut, gehienbat esaten dutena jarraitu dut, solasaldi liburua baita. Ni ez naiz kamerarekin ibili dokumentalgilea bezala, ni pertsonaien artean ibili naiz, errealitatean. Kalean ezagutu dut jende hau.
Irakurritako hartatik zirrara eragindako gauza batzuk transmititzeko nahiarekin mundu guztiko pertsonaiak, liburuetako pertsonaiak, agertzen ziren ‘Eguzkipekoak’ (Alberdania, 2003) aurreko liburuan. Mundutik Andoainera etorri zara orain. Andoain ere mundu bat da.
Bai noski, etxe bat ere izan daiteke mundu bat eta pertsona bakoitza ere da mundu bat. Aurreko liburuarekin kontraste bat da oraingoa, baina ez da kontrakoa. Mundura atera nintzen orduan, eta Leuropa-n (EEF-Susa, 2002) bi andoaindar operazio zikin batzuk egitera mundura atera ziren. Oraingo honetan herrian gelditu naiz lagun hauekin, eta beste ikuspuntu batetik idatzi dut. Andoainen daramadan denboran bildutako hainbat ohar, jendeak esandakoak eta ikusitako gauzak bildu ditut.
Irakurleak bere maila sozialeko jendea aurkituko du liburuan, langileak, langabetuak... baina hala ere bitxia egiten da horiei buruz irakurtzea.
Nik uste dut euskal irakurle batez bestekoa ez dela maila horretakoekin sobera identifikatuko. Gustatuko zaio, agian, kalean zer dagoen ikustea, baina esaten dutenez euskal irakurle batez bestekoa Berriako barne nahiko maila batekoa dela, ikasitakoa. Liburuan denetik dago, bada zerbait irakurri edo ikasi duena, baina gehien bat kaleko jendea da.
‘Leuropa’-ko Saki da pertsonaiatako bat, baina Tximi bezain xaloak asko daude.
Tximi oso pertsona berezia zen. Jende gaizto gutxi dago liburuan, kolpeak hartu eta erantzuten saiatzen dena da, bizitzari xalotasun horretatik begiratzen diona.
Liburu honetan eta zure estiloan bereizgarria eta nabarmentzekoa da hizkera. Ahozkotik oso gertu dago zure idazkera.
Horretan aritu naiz oraingo honetan. Patziku Perurenak arestian esaten zuen bere herrian solasetan aditzen duela poesia zaharra; Andoain ez da Leitza aldea bezain aberatsa hizkuntza aldetik, baina badago baita ere poesia Andoainen jendeak esaten dituen gauzetan. Poesia aurki daiteke jendeak egunero esaten duen horretan, eta horrek hunkitu egiten nau. Horregatik poesia txikiz beteriko poesia liburu moduan defini daiteke Elurretan hotsak. Beste alde batetik, antzerki itxura ere badu. Atal hasieran pertsonaien zerrenda gehitu dut, joko bat eginez. Gainera, liburuak baduenez, poesiatik, ipuin eta nobelatik, antzerki pixka bat sartu nahi izan dut.
Doan mundu baten isla ere bada liburua. Mendiari eta txerriari metala eta burdina kontrajartzen zaizkio. Azoka batean Txinako haur adoptatu baten etorrerak gizartearen aldaketa erakusten du.
Elurra bera ere naturarekin eta lehenaldiko gauzekin lotzen dugu kaletarrok. Desagertzen ari den mundu batekin lotzen dugu. Metala orain arte gure herrietan protagonista izan da. Metaletik edo sistematik babesten dira istorio batzuetan pertsonaiak, mundu gogor horretan irauten ahalegintzen dira. Elurrarekin lotzen diren lehenaldiko hots horiekin bizi dira nora ez dakitela.
Baina Andoainen gutxitan egiten du elurra.
Egun gutxi horietako bat hartu dut, zerbait berezia gertatzen den egun harrigarrizko bat. Lehen narrazioan esaterako, elurrak ez du uzten lanean, kamioiak ezin dira sartu poligonoan.
Sistemarekin hausten du elurrak.
Bai, narrazio guztietan hausten du elurrak sistemarekin. Hasierako asmoa elurte ikaragarri bat kontatzea zen, eta horrek guztia geraraziko zuen; baina gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Sistemaren inguruko detaile txikiak ere badaude, udalak egiten ez duenez herritar batzuk eurak ari dira auzoan banku bat jartzen, adibidez.
Beste askoren artean, François Morvanen ‘Vie et moeurs des lutins bretons’, Jean Pierre Duvoisinen ‘Laborantzako liburua’, Joxemiel Barandiaranen ‘El mundo en la mente popular vasca’, Anton Txekhoven ‘Oncle Vanya’ liburuak eta Gregory Mosherren ‘The dreamers’ filma “bidelagun” izan dituzula diozu.
Horiek dira zerbait iradoki didaten lanak. Bati pusketa bat, besteko pertsonaiari esaldi bat... denetik hartu dut. Gainera lasaiago gelditzen naiz aitortuta zerbait nonbaitetik hartu badut, hala azalduz.
Gatazka politiko gabeko Andoain bat eta Andoain gatazka sozialdun bat aurkeztu duzu.
Guardia Zibilek asto batekin mozkortuta zebiltzan lagun batzuk atxilotu zituztela agertzen da narrazio batean, baina beste seinale asko ez dago. Momentu bakoitzean hunkitzen duen hori atera beharko luke idazle batek. Ni momentu honetan gatazka politikoa edo hemengoa neure barrukoagoa dut bestea baino, eta gehiegitxo mintzen nau oraindik ere horren inguruan idazteko. Agian egunen batean aterako da zerbait. Nik neuk umorez landu behar dut gaia, bestela ezin dut idatzi. Liburuko pertsonaiak ere umoreari esker bizi dira. Beste liburu batzuetan azaldu izan dut zerbait gaiari buruz, baina momentu honetan ez naiz gai sentitzen horren inguruan idazteko.