Solasean
Lasarte-Orian jaio zen 1975ean, eta Donostian bizi da egun. Lubaki Bandan ibilia, liburu mordoa argitaratu du, tartean, 2005ean Euskadi Saria eman zion Belarraren ahoa. Bere azken lanarekin, Twist eleberriarekin, irakurleen txaloa jaso eta 2011ko Beterriko Liburua saria jaso du.
Juan Ramon Makusok honakoa zioen El Diario Vascon: “Canoren twista, plaza askotan entzungo da”. Halaxe izan da. Makina bat irakurle txoko bisitatu duzu azkenaldian…
Bai. Irakurle taldeena kuriosoa izan da. Oso interesgarria da, lauzpabost talderekin egon ostean zenbait komentario errepikatzen hasten baitira, jendearen gustuko pasarteak eta ez hain gustukoak zein diren, pertsonaien inguruan beste horrenbeste… Kontrastatzeko modu bat da, zure senak esandakoak baieztatzeko edo ezeztatzeko, eta zentzu horretan ez dut ezusteko handirik hartu, akaso pertsonaia batzuen estimazioaren inguruan bai, baina gainontzean, askorik ez. Irakurle taldeak azken urteetako gauzarik positiboena bezala ikusten ditut. Egia da arriskutxo bat ere badutela, une jakin batean publikoak esandakoak sor diezazukeen kontraste horrekiko distantzia bat mantendu behar baita, horrekiko gehiegizko dependentziarik sor ez dadin.
Eta erraza al da distantzia hori mantentzea?
Idazlea oso iragazkorra da, denok bezala. Bere obra berriaren inguruko komentario ez hain onekiko oso sentikorra da. Eta, beharbada horregatik, ez da hain erraza distantzia hori mantentzea. Orain gutxi jabetu naiz horretaz, distantzia edo barrera hori jartzearen premiaz. Baina horixe da irakurle taldeek izan dezaketen arrisku txiki bakarra; berriz diot, txoko edo klub hauek luxu bat iruditzen zaizkit, lehen ez geneukan trukaketa hori ahalbidetzen baitute.
Javier Rojok, berriz, beste hau zioen El Correon: “Duda bat bakarrik geratu zait: liburuak izan duen oihartzuna zergatik gertatu da, bere duda-ezinezko kalitateagatik ala argumentua gatazkaren barruan kokatua izan delako?”
Beti dago gatazkarekin lotutako liburuekiko halako harrera ezberdin bat, baina ez dakit Rojoren zalantza hori argitzen, ez dakit neurtzen. Hasieratik nabaritu nuen liburuaren aldeko jarrera bat sortzen ari zela, baita orrialde gutxi batzuk besterik irakurri ez zituen jendearengan ere. Beharbada baliteke zenbait gai modu jakin batean abordatu gabe egotearen ondoriozko egarri baten asetze moduko bat egon izana… Ez dakit oso ondo zer izan den, baina hasieratik sumatu dut irakurlearekin halako elkar hartze bat, orain arte sumatu ez nuena, ez behintzat halako indarrez.
Izan ere, liburuaren hasiera oso indartsua da, orrialde gutxi batzuk bakarrik irakurrita ere aldeko jarrera hori sortzeko modukoa…
Hasierari dagokionez, bi talde oso nabarmen sortu dira irakurleen artean. Talde batean dauden irakurleek diote lehenengo kapitulua izan dela gehien gustatu zaiena, eta kapitulu horren ostean nobela konbentzional bat hasten dela; eta, neurri batean, egia da hori. Beste taldekoek, berriz, justu kontrakoa esaten dizute, alegia, lehenbiziko kapitulu hori traba moduko bat izan dela, gero nobelaz disfrutatzeko. Baina, tira, hasiera hori oso modu deliberatuan jarrita dago dagoen bezala, arrazoi oso jakinengatik.
Hain zuzen ere, Leire Zubeldiak honakoa zioen Garan lehenengo kapitulu horri buruz: “Hasieraren arabera hartzen da bertan geratu edo aurrera egiteko erabakia. Horren jakitun garelako kostatzen zaigu lehenengo esaldiak idaztea, idatzi-ezabatu, berridatzi-ezabatu ibiltzen garelarik. Ahalegin horretan, nekaezin, hasierarik onenaren bila imajinatzen dut Harkaitz Cano idazlea Twist eleberria idazten hasi zenean. Merezi izan dio, eta horregatik merezi du aipamena egitea”. Kontaiguzu hasiera hori nola sortu zenuen…
Beti hala izaten ez den arren, kasu honetan, argi eta garbi, hasiera izan zen lehenbizi idatzi nuena, orain bospasei urte; hasiera, lehena, eta amaiera, azkena. Tarteko guztian, berriz, atzera-aurrera asko daude. Hasiera ukaldi pare batean idatzita dago, gau pare batean, modu sukartsuan, nolabait esateko, bulkada batean. Gero, berridazketa asko izan ditu, bai, baina uholde inpresio hori mantentzen du, bere iluntasun guztiarekin, bere puntu lisergikoarekin, kriptikotasun hori, alegia, “Non gaude? Nora noa? Zein ari da hizketan?….” . Hori guztia oso modu deliberatuan eginda dago, azkenean berpizkunde bati buruz ari baikara, lurpetik ateratzeaz. Lurpetik ateratzea zaila da, eta irakurlearentzat ere hala izan behar du. Hori da tesia. Bestalde, hasiera horrek garai bat ere kristalizatzen du, gogoan ditudan 80ko hamarkadako gauzen printzekin egindako argazki bat dago eta, beraz, badago zerbait generazionala ere. 70eko hamarkadan jaiotakoek modu batera irakurri dute liburua, lehenago jaiotakoek beste modu batera, 80ko hamarkadan sortutakoek beste horrenbeste… 1983az gogoratzeak edo ez gogoratzeak asko aldatzen du liburuarekiko hurbilpena. Hori oso nabaria izan da irakurle taldeetan. 1983an 25-30 urte edo gehiago zituenari errealitatearen distortsioa gehiegizkoa egin zaio, zenbait gertaerari buruzko xehetasunak oso ondo gogoratzen dituelako, eta horrek asko zailtzen du kontatzen dena fikzioa bezala irakurtzea. Eta egia da errealitate horrekiko distantzia pixka bat lagungarria dela fikzio bezala irakurtzeko, kontatzen dena fikzioa baita, baina, noski, atzean dagoena dago.
Eta atzean dagoen hori hain kontu gordina izanda, kontatzen ari zinenarekin inor mindu ote zenezakeen beldurrik izan al duzu?
Niretzat zalantza nagusia, hasierakoa behintzat, horixe izan da. Hau da, minaren esparrua sakratua da, eta bertan sartzen bazara, hanka puntetan ibili behar duzu. Horretarako formula bat aurkitu nuen, mekanismo bat, bestela ez nukeen liburua argitaratuko: 80ko hamarkadako benetako gertakari batzuen oso antzekoak diren beste gertaera batzuk kontatzea fikziozko pertsonaia batzuen ispiluan jarrita. Argi eta garbi, pertsonaia guztiak fikziozkoak dira; gertatzen dena da, pertsonaia horiek ispilu deformante batzuk direla, eta ispilu horietan jartzen ditudan gertaera asko benetakoak dira. Beraz, formula hori aurkitu nuen momentutik aurrera askoz errazagoa egiten zitzaidan idaztea, fikzioaren abantailak erabil bainitzakeen nola gertatu ziren ez dakigun eta jakiteko modurik ere ez daukagun hainbat gauza kontatu eta birsortzeko. Beste alde batetik, errealitatearekiko enpatia, motibazioa eta erantzukizuna neukan, eta ez da berdin idazten esku artean errealitatearen zantzua daukan zerbait darabilzunean. Beraz, errealitatearekiko enpatia, erantzukizuna eta motibazioari fikzioaren abantailak gehituta, niretzat ekuazio perfektua lortu nuen. Beste aukera erreportaje bat egitea zen, izen-abizenekin, elkarrizketa pila bat eginez, nire burua kazetari bihurtuz, nolabait. Baina ez nintzen horretarako gai sentitzen, nire ahalmenetik kanpo ikusten nuen liburu hori egiteko aukera. Nire esparrua fikzioa da, argi eta garbi; hor mugitu nahi nuen, eta hor mugitu naiz.
Irakurleak, errealitatearen zantzu txikiena ikusiz gero, berehala izaten du pertsonaiak pertsona errealekin identifikatzeko joera; kasu honetan, are gehiago. Horren harira, denetik entzungo zenuen…
Oso polita izan da hori. Oso modu deliberatuan egindako hainbat pertsonaia ‘frankenstein’ daude, alegia, bataren ezaugarri fisikoak, bestearen kargua eta harakoaren hitzak hartu, eta hango eta hemengo txatalekin eraikiak dauden hainbat pertsonaia. Horien artean nabarmenetako bat Fontecha da, politikaria. Fontecharen kasuan “hau da” edo “beste hura da” esaten dit jendeak irakurle taldeetan, eta garai hartako dozena erdi politikari ezberdin aipatzen dizkidate. Eta ez dabiltza gaizki, ia denen zerbait baitago pertsonaia horren baitan, baina fikziozkoa da azkenean. Eta uste dut hor ere badagoela zenbait pertsonaien indarraren giltza. Alegia, errealitate dosi handia dute, irakurleak garai hartan kargu politiko hori nork zeukan gogoratzen du eta hura ikusten du pertsonaiaren lekuan, baina intermitenteki, konturatzen baita, esaterako, pertsonaiaren deskribapen fisikoa ez datorrela bat berak buruan daukanarekin, eta deskribapen fisiko horren arabera akaso beste bat izan daitekeela pentsatzen hasten da…
“Desagerpena zela bere bizitzari auskalo norantz tira egiten zion zurrunbiloaren hegia”, dio pasarte batek. Desagerpenaren gaia oso presente dago liburuan: Soto eta Zeberio, Lazkanoren aita, lagunen joan-etorria bizitzan zehar…
Hori ez zegoen hasierako erabakien artean. Baina gero, idatzi ahala konturatzen zara konstante batzuk agertzen direla, eta zerbaitegatik gertatzen dela hori. Orduan, une horretatik aurrera zu zerorri hasten zara modu maliziosoan joera hori garatzen eta forma ematen, azkenean, desagerpenen katalogo bat osatu arte: desagertzeko modu deliberatuak, modu derrigortuak, bortxazkoak… Eta gure bizitzetan gertatzen den desagertze naturala ere badago: lagunen bideak urruntzen doaz, jendea gure bizitzetatik desagertu egiten da, eta ez dakigu ondo azaltzen zergatik eta noiz gertatu den hori. Gero, kasu batzuetan, elkartu egingo dira. Badago nolabaiteko agerpen-desagerpen intermitentzia, liburuaren azpi-izenburuan aipatzen den hori, alegia. Eta horrek izenburuarekin ere badu zerikusia. Twist gidoilariek erabiltzen duten hitza da, ingelesez ezusteko jauzia, aldaketa esan nahi du, jiro bat, eta agerpen-desagerpenak badu horrekin loturarik. Liburuan elipsi nahiko handiak daude: irakurlea istorio batean oso sartuta dagoenean eta horrekin gustura jarraituko lukeenean, bat-batean eten bat dago eta beste toki batera egin behar du jauzi. Hor ere badago agerpen-desagerpen joko hori.
Zeuk esan bezala, liburuaren hasiera eta bukaera hurrenkera horretan idatzi zenituen, ez, ordea, tartekoa. Irakurlearentzat gozagarri da tarteko hori aurkezten den moduan irakurtzea, baina idazteko zoramena dirudi…
Liburuko konturik zailena, azken fasean, horixe izan da seguru asko, zortzi atal horien antolakuntza. Hasieran nobela pertsonaiaka kontatzen saiatu nintzen: Fontecharen historia, Soto eta Zeberioren historia, etab. Baina ez zuen funtzionatzen, ez zitzaidan gustatzen, behintzat. Gero kronologikoki egiten saiatu nintzen, hau da, gertaerak hasieratik amaierara kontatzen. Eta horrela ere ez. Orduan, modu intuitiboago batean hastea erabaki nuen, gaika, neurri batean. Kasu batzuetan pertsonaien araberako antolaketa moduko bat ere badago, baina ez da zehazki hori ere. Bloke tematikoak eraikitzeko joera bat dago, gaiaren araberako sailkapen kapritxosoago bat sortzen saiatu nintzen, horrek funtzionatzen baitzidan. Eromen momentu bat izan nuen: etxeko horma oso bat post-it-ez betea neukan, 70-80 inguru jarriko nituen, gertaera bakoitza post-it batean. Mapa moduko bat osatu nuen eta tokiz mugitzen nituen post-it-ak, gutxi gorabehera funtziona zezakeela iruditzen zitzaidan sistema hori aurkitu nuen arte. Baina oraindik ez dakit oso ondo azaltzen zeren arabera antolatu nituen gertakariak, esan bezala, senari jarraituz egindako zerbait izan baita neurri handi batean.
Antolaketa modu horrek asko ematen dio liburuari, zenbaiti irakurketa zail diezaiokeen arren…
Bai, ahalegin handiagoa eskatzen baitu. Neurri batean, ipuin liburuetan antzeko zerbait gertatzen da. Pertsonaiak ezagutu dituzu, haien kliman sartuta zaude, bat gorroto duzu, bestea ez hainbeste…, eta zuk horiekin jarraitu nahi duzu, irakurlearen bulkada naturala hori da. Eta bat-batean, horiek guztiak ahaztu eta, elipsi bat eginez, beste batzuk hartzera derrigortzen zaituztenean, kosta egiten da. Baina literaturaren funtsa ere hor dagoela uste dut, ahalegin momentu horiek dakarten gozamena ere halakoa baita askotan. Bestetik, pelikulako gaiztoak izateko aukera guztiak dituzten pertsonaia horiekiko hurbilpen bat egiten saiatu naiz, alegia, zera adierazten: gauzak horrela dira, boterea horrelakoa da, ustelkeria horrelakoa da, baina horren atzean gizakiak daude eta gizaki horiek baldintza, giro, background eta historia propioa daukate, horrek egin dutena justifikatzen ez badu ere. Literatura horretarako ere badagoela uste dut. Albiste izateari uzten ez dion zerbait izan beharko luke literaturak, zaharkitzen ez den kronika moduko bat; akaso gehitxo esatea da, baina…. Ahalegina horretarako bideratu beharko litzatekeela uste dut. Literaturak badu gauzak kristalizatzeko ahalmena, gertaerek usain sakonagoa hartzen dute, denboran iraunarazten duena. Hori da niri interesatzen zaidana, hori bilatzen duten idazleak gustatzen zaizkit.
“Bere bizitza bizi. Sotori zor diozu zure arrakasta oso-osoa”, diotso Fede editoreak Diego Lazkanori. Besteen lanaz baliatu den gezurti moduan agertzen da Lazkano, baina badu irakurlearekin enpatizatzeko ahalmen bat…
Lazkanoren aurka gauza asko esan daiteke: koldarra dela, besteen lanaz baliatu den pertsona dela… Baina bai, badu irakurlearekin enpatizatzera eramaten duen zerbait, nahiz eta gero bere harreman sentimentaletan desastre hutsa izan eta bere portaera ere halamoduzkoa den. Hala ere, alde edo materia iluna interesatzen zait niri. Horrek ez du esan nahi idazten dudan guztiaren asmoa iluna denik, guztiz kontrakoa esango nuke. Baina idazten dudan horren erdigunean edo barru-barruan dagoena iluna da askotan, konbentzituta nago. Hori da niretzako materiala, eta horri baikortasun printza batzuk ateratzen saiatzen naiz. Margolari batzuek orban bat egiten dute hasieran, eta hortik abiatuta irudia osatzen saiatzen dira: “Hor dago orban iluna, ea zer egiten dudan horrekin”. Neurri batean horixe da nire filosofia, liburu honetan hala izan da: hor daude gertaera gordinak, orain zer? Eta hori da politena, batzuetan oso garbi daukazu zer, nola eta nora zoazen, eta beste batzuetan idatzi ahala topatzen dituzu gauzak. Lehenago liburuaren bukaera aipatu dugu; bada, oso presente daukat bukaera idatzi nuen eguna. Liburu barruko beste atal batekin ari nintzela pentsatuz hasi nintzen bukaera idazten, alegia, ez zela bukaera. Banekien egun horretan mendian galdu zireneko pasartea idatziko nuela. Ordea, idazten hasi eta lauzpabost ordutara jabetu nintzen ez nintzela beste atal bat idazten ari, liburuaren bukaera baizik. Eta hori oso ederra da. Ez naiz planifikatzaile xehe-xehea; badakit nora noan, baina ez dakit nondik joango naizen. Horregatik, zure burua ezustean harrapatzen duzun une horiek dira merezi dutenak. Bukaera idazten ari nintzela konturatu nintzen momentua liburuaren idazketako unerik politenetakoa bezala oroitzen dut.
Bukaera azkena idatzi zenuen zatia izan zela esan duzu, baina horrekin hasi zinenean ez zen hori zure asmoa; beraz, beste bukaeraren bat al zenuen buruan?
Liburuaren mekanikak bukaera borobil bat egitea ahalmentzen zuen, ez neukan erabat garbi baina aukera hori buruan nerabilen, liburua hasi nuen bezala bukatzea, beste modu batera berriz hasiera kontatzea, beste pertsonaia baten ikuspegitik, beste bertsio batean, hasieran ematen ez ziren xehetasun gehiago emanez,… Hori zen aukera bat, klasikoagoa. Baina oso garbi ikusten nuen gordin hasitakoak ezin zuela gordin bukatu. Gauza askotan gidoilarien arauak jarraitu ditut, eta horietako bat da ezin dela istorioa gordin hasi, gordin jarraitu eta gordin amaitu. Lehen aipatzen nuen materia ilun horren baitan, liburu honetan gehien estimatzen ditudan orrialdeak, asko ez diren arren, orrialde zoriontsuak dira. Sotok eta Zeberiok 20 urte zituzten, eta adin horrekin, bizitzeko energiari dagokionean behintzat, erpinean zaude. Zorion hori, festarako gogo hori, bromarako indar hori, kemen hori ezin nuen kontatu gabe utzi eta, beraz, badira halako pasarteak, niretzat idazteko zailenak direnak. Gero, behin idatzitakoan, gehiago gozatzen dituzu, baina niretzat behintzat beti da errazagoa momentu ilun, gordin eta tristeei buruz idaztea. Horregatik, idazle batek askotan aurre egin behar die berezko joerei. Denok daukagu gure obsesioen katalogoa, gure idazteko modua, gure bulkada naturala, gai eta tonu jakin batzuetara eramaten gaituena, eta horri aurre egin behar zaio. Uste dut liburu honek hori behar zuela, eta horregatik aukeratu dut bukaera hori, orrialde zoriontsuz osatua.
Antzerkiari eta arteari orrialde asko eskaini dizkiezu, zenbaiten ustez, askotxo ere bai. Horren jakitun zara, baina aldatzeko asmorik ez omen duzu…
Idazle bakoitzak bere ezin utzizko nukleoa dauka, Asterix eta Obelixen istorioan bezala: Obelix marmita handi hartara erori zen, eta geroztik ezin du edabe hura hartu, bere indarra neurriz kanpokoa bihurtzen baita. Bada, idazle bakoitza lapiko batera erori da, gai batzuetan egosten egon da eta horrela geratu da, Obelix bezala. Gai jakin baterako gehiegizko joera du eta, gehiegizkoa den arren, aldi berean idazlearen xarma ere horixe dela uste dut. Orduan, nik ere nire obsesio eta gehiegikeriak dauzkat: artea, antzerkia, Txekhov eta Platonov, Beuys… Txekhov eta Beuys garrantzitsuak izan dira niretzat, hezur eta mami ezagutu ditudan hainbat lagun baino gehiago, eta nirekin nahi ditut, haien historiak ezagutarazi nahi ditut, ez nireak bakarrik, haiek zer egin zuten kontatu nahi diot jendeari. Joseph Beuys bezalako artista bat nor zen, zer egiten zuen eta zergatik egiten zuen egiten zuen hori. Nola, bere modura, artea ulertzeko modua aldatu zuen, nola geroztik ez den jada gauza bera erakusketa bat edo performance bat egitea, gauza batzuk egin ostean beste hainbat gauza modu jakin batean egiteak zentzua galtzen baitu. Anton Txekhov-i dagokionez, haren antzerki obra guztiak berriro irakurri nituen Gloria pertsonaiak antzerkia egin behar zuelako eta tramarako behar nuelako, eta Platonov irakurri nuenean dena lotura bihurtu zitzaidan. Ez nintzen gogoratzen, esaterako, Txekhov-ek Diego Lazkanoren adinean idatzi zuela Platonov -bere lehenbiziko antzerki obra estreinatu gabea-, torturatzaile bat agertzen zela bertan, etab. Eta pentsatu nuen, “baina, denak elkar hartzen du, nola ez dut, bada, Platonov sartuko?”. Gero editorea etorri zen eta hainbat pasarte moztu arazi zizkidan, luzeagoak ziren hasieran. Joseph Beuys-en kasuan ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Orduan, esan diezazuket, bai, Beuys-en zatia eta Txekhov-en antzerkiarena pieza separatuak dira, hortik atera ditzakegu, eta ez al litzateke ezer pasatuko? Ez nago hain seguru, oihartzun sutil asko daudela iruditzen zait, berez tramatik urrun egon arren, hor mantentzera behartzen dutenak. Idazle bati dena barka diezaiokezu, egiten duenarekiko pasiorik ez izatea salbu. Niri autoak bost axola zaizkit, baina norbaitek kotxeei buruz idatzi duena irakurtzen ari banaiz, eta pasioz idatzita badago, jarraitu egiten dut, gustatzen zait. Bada, Txekhov-ekiko eta Beuys-ekiko daukadan pasioa transmititzen saiatu naiz. Beharbada zuri arte garaikidea ez zaizu zipitzik interesatzen, baina pasioz kontatzen dizut, eta horrek zerbaiterako balio izatea espero dut. Hori da nire itxaropena. Baina, hau guztia esan ondoren, kapritxosoa naizela, dudarik ez.
Azpimarratzeko esaldi asko ditu liburuak…
Idaztearen inguruan gehien gustatzen zaidana idazten dudan bitartean sortzen ikusten dudana da, hau da, idaztearen ariketak berak eramaten zaitu bestela bururatuko ez litzaizkizukeen gauzak idaztera. Ariketa hori bera da pentsamendura eramaten zaituena: idazten ari zara eta ariketa horrek ahalmentzen dizu pentsamendu batera iristea. Hori ederra da, eta hori da beharbada interesagarriena liburu askotan. Lagun batek esaten zidan nire liburuetan iragarki gehiegi zeudela. Pasaia Blues-i buruz ari zen. Bertan gertaera asko daude, atentatu bat, jazarpena… Baina, tartean, esaterako, Marylin Monroe-ren izterrei edo pekari buruzko folio bat zegoen. Horri esaten zion berak iragarkia; akzioa nahi zuen, ekintza, eta tarteko hausnarketa horiek traba ziren beretzat. Niri, aldiz, hori da gehien interesatzen zaidana, iragarkiak hain zuzen ere, ekintzarik ez dagoen leku horietan gertatzen dena, pentsatzen dena.
“Pikutara irakurleak. Ez nago haiengatik negozio honetan”, dio Fedek…
David Simon-ek, The Wire telesailaren egileak “que se joda el lector medio” zioen. A ze harrokeria, nola biziko gara, orduan? Horixe pentsatzen duzu berehala. Baina aldi berean gustatu egiten zait, bai baitauka puntu probokatzaile bat, erabat merkatuaren esanetara ez makurtze hori ere bai… Dudarik gabe, harrokeria asko dago esaldi horretan, baina uste dut ezin dugula gehiengo baten gustuko izan daitezkeen gauzetan pentsatzen ibili, ezta esperantza horrekin ere. Batzuetan gure obsesio, istorio hauek bat etorriko dira irakurlego baten gustuekin, hori zergatik gertatu den oso ondo ez dakigun arren, hala tokatu delako, kontrolatzen ez ditugun hainbat faktore gure alde jarri direlako; beste batzuetan, berriz, ez da hala izango. Baina bata edo bestea gertatu, horrek ez dauka zerikusi handirik idazle baten bizitzarekin edota idazten duenaren kalitatearekin. Askotan, telesail bat diseinatzerakoan “familia guztiarentzat balioko duen zerbait” eskatzen zaie gidoilariei. Hori ez da esistitzen. Aiton-amonen eta umeen gogokoa bada, 35-50 urte bitartekoei ez zaie gustatuko. Ez dago horrelakorik sortzerik, gezur handi bat da, eta sortzen denean nahi gabe gertatu den zerbait izango da. Irakurlearen gehiengoarengana heltzeko kalkuluak egiten bagabiltza, oso gaizki goaz, irakurlegoa edo audientzia, berdin zait. Norbere senari eta obsesioei utzi egin behar zaiela uste dut. Beraz, “ez gaude irakurleengatik…. baina irakurlerik gabe ez ginateke ezer”. Horrela osatuko nuke Federen esaldia.