Solasean
Poesia arloan laugarren liburua du Pako Aristik ‘Libreta horiko poemak’. Aurreko liburuetan baino poesia biluzi eta zuzenagoa idatzi du, gizarteaz duen ikuspegi kritikoa autozentsurarik gabe agertuz
Askatasunari beldurrik ez dion idazlea da Pako Aristi. Berari buruz esan edo idatziko dutenaren beldurrik gabe, barruak eskatzen diona eta barruak eskatzen dion bezala idazten du. Sari handien edo ospearen zirkuluen onarpenaren esperantzari begira bizitzeari muzin egiten dio, eta oraindik ere ez du galdu argitaratzeko aukeraren poza eta esker ona. Autozentsurarik gabeko poema liburu biluzi, zintzo eta zuzena idatzi du Concceta Probanzak opari emandako libreta horian, beste inork esaten ez dituen gauzak esanez. Eskuz entregatu zion liburua editoreari Susa argitaletxeko Gorka Arreseri eta argitaletxearen webgunean ikus daiteke libretaren eskuizkribu osoa (www.susa-literatura.com helbidean).
Hitzaurrean diozu bakardadean erretiratuta idatzi dituzula liburuko poemak. Nolakoa izan da erretiro hori?
Ez naiz uharte batean edo monasterio fisiko batean izan, hitzaurrean hala diodan arren. Beti izan dut gizarteak egiten duenaren kontrakoa egiteko joera, eta aurtengo udan etxean geratu naiz, ez batere irten gabe, baina bai gutxi irtenda eta neure buruari diziplina pixka bat jarrita, idazteko. Lan kontzientea izan da. Banuen zer esana eta horri forma poetiko jakin bat eman nahian jarri nintzen idazten.
Forma aipatu duzu. Ez da hitz neurtua, ez dago ez metrikarik eta ez errimarik. Ez dago metaforarako edo bestelako baliabide poetikoetarako joera handirik ere...
Poesia mota asko daude Euskal Herrian, eta batzuei estima handia diet, baina beste askori batere ez. Ni aspertuta nago ederkeriarekin. Poema bat irakurtzen hasi eta hogei hitz irakurtzerako hiru ulertzen ez dituzunean, behin eta berriro hiztegira jo behar duzunean... Urduritu eta haserretu egiten nau horrek! Askotan poetaren hustatsuna ezkutatzeko baino ez du balio izaten barruan ezer ez duen preziosismo horrek.
Eta horren kontrako joera hartu duzu.
Bai, horren kontrako joera dago egin dudan aukera estilistikoan. Estilo antipoetikoa dela esan daiteke hemen egiten den poesia mota baten aldean. Ez, ordea, Gabriel Arestiren poesiarekin konparatzen bada. Neure pentsamendua ateratzeko tresna izan da, liburu honetan, poesia. Liburuko poemekin 80 zutabe idatz nitzakeen prentsan, baina poesia egin nahi izan dut, iraupenaren alde. Zutabea askotan ideia on baten hilketa izaten da. Ideia on batekin zutabe bat egiten baduzu, horrek egun bateko bizitza baino ez du. Ideia hori poema batean erabiliz gero, irakurlea konturatu eta errepikatzen ari zarela leporatzen dizu. Horregatik utzi dut zutabegintza.
Forma aldetik, beraz, poesia biluzia da libreta horikoa.
Idatzi diodan e-mailean esan diot adiskide bati “tapaki edergarririk gabeko poesia” dela libreta horiko poemena. Poemaren oinarrian anekdota bat, neuk ikusitako irudi bat, esan didaten esaldi bat edo antzeko zerbait dago. Kaleko oihartzun asko dago. Baina saiatu naiz hortik abiatuta interpretazio zabalago bat egiten, poemari beste pisu bat ematen. Gauza kolokial bat arte adierazpen bihurtzea izan dut helburu, eta irakurlearen barruan emozioa, zirrara edo ikara pixka bat, berotasun bat sortzea lortuko banu, primeran...
33. orrialdeko poeman zure poesia zerez osatua den diozu, zer den interesatzen zaizuna .
Begi bistan ez dauden ezkutuko gaiak agertzen dira nire poemetan. Gure gizartean eta neure baitan ikusi ditudan gauza kezkagarri guztien aurrean halako mugarri gisako bat jarri nahi izan dut poema hauen bidez, distantzia bat markatuz, neure ikuspuntua eta neure definizioa emanez, lurralde bat zedarrituz neure inguruan. Bi arlo nagusi jorratu ditut, gai sozialak eta amodioaren ingurukoak, baina horien inguruan beste gai asko agertzen da: dirua, zahardadea, umeak, etxeak, bakardadea, sexuaren indarra, desioaren galera, oroimenaren erabilera heriotzari kontra egiteko...
Gizarteaz duzun ikuspegia antikapitalismoa, diruaren tiraniaren aurkako jarrera baztertua dago, hedabideetako debate eta tertulia guztietatik at.
Ni gai izango nintzateke tertulia konbentzional batean parte hartzeko, baina ez zait interesatzen. Nik funtsezko gauzak jartzen ditut zalantzan, oinarrizkoak. Behin onartu denean gizarte hau halakoxea dela eta hemen dugun helburu bakarra bizirik irautea dela, orduan niri ez zait ja interesatzen. Klaudikazio asko izaten dira bizitzan, etsipenak, eta akritikotasuna nagusitzen da. Irakurtzen duzu egunkari batean Espainiak hiru milioi euroko mailegua eman diela herrialde txiroei eta bueltan 27 milioi euro jaso dituela, eta horren aurrean ez duzu kalean haserrerik eta erreakziorik ikusten. Mundua oso basati bihurtu da, eta amorragarria da horren aurrean matxinada sozialik sortzen ez dela ikustea.
Diruari buruzko aipamenak ugariak dira liburu osoan.
Inorengandik kritikarik onartzen ez duen bakarra da dirua. Gurasoek ez digute erakutsi dirua erabiltzen. Denek erakutsi digute dirua irabaztea ona dela, eta dirua irabazteari uko egitea tontoa izatea. Bizitzan gauza asko daude dirua irabaztea baino plazer handiagoa ematen dutenak. Baina diruari buruz zerbait kritikoa esaten dudanean jendea haserretu egiten zait. Dirua da jendeari ezin uki dakiokeen gauza bakarra. Dirua eta haurrak.
Haurrekin kezkatuta zaude, egia da...
Amodioaren inguruan etsipen handia nabari da, aurreko liburuekin konparatuz gero.
Maitasunaren erabilera sozialaren aurkako protesta bat dago batez ere liburuan. Antolaketa handi bat dago maitasunaren inguruan, eta badirudi ez dela nahikoa norbait maitatzea eta harekin bizitzea. Antzerki sozial bat, parafernalia bat, erritu handi bat dago antolatua horren inguruan. Maitasuna, sentimendu gisa, sekula baino debaluatuago dago, eta inorengan maitasun pittin bat piztu orduko berehala jartzen da abian dirigismo bat: pisua erostea eta beste. Niri sekulako tristura ematen dit bikote bat, eskutik helduta, altzari denda baten aurrean ikusteak. Erraietatik irteten zait hori. Niretzat ezkontza kartzelaren sinonimoa izan da beti.
Horretaz gain, edo horrekin batera, amodioaren higatzearen eta amodio iraunkorraren ezintasunaren inguruko poemarik ere bada liburuan.
Neure esperientzia pertsonal batzuk izango dira horren atzetik. Kasu batzuetan ez dut jakin gauzak ondo eramaten, eta min handia eman didaten istorioak bizitzea egokitu zait. Adinean aurrera egin ahala, gainera, erreakzionatzeko ahalmena galdu egiten dela iruditzen zait. Gaztetan, erraza da amodio istorio baten amaieraren ondoren erreakzionatzea, arinago sentitzen da bat, eta berehala dago istorio berrietarako animatua. Adinarekin, frakasoak ahaztea gehiago kostatzen da. Frakasoak barruan bueltaka gelditu eta istorio berriak hasteko traba izaten dira.
Liburu honen balio handienetako bat zintzotasuna da. Autozentsurarik gabe idatzi duzu, kritiko agertzeko beldurrik gabe, eta biluztu ere egin zara neurri handi batean. Ez zaitu beldurtzen horrek?
Ez dut galgarik jarri. Defentsa bat daukat, hala ere: liburuan kritikatu dudan jendeak ez duela poesiarik irakurtzen. Neure burua biluzteak ere ez nau kezkatzen. Apiriletik abuztura bitartean idatzi dut liburu hau, eta barruko behar bati erantzun dio. Italian, Urtezaharrean, leihotik trasteak botatzen dituzte, eta hemen egin dudana antzekoa da: trasteak bota ditut neure leihotik. Astuna sentitzen nintzen eta arintzeko premia nuen.
Zer lotura du poema liburu honek zure aurreko poema liburuekin?
Idazle guztiok esaten dugu azkeneko liburua dugula gustukoena, eta neuk ere hori diot orain honi buruz. Nik uste dut aurreko poema liburu horien beharra izan dudala hona iristeko. Aurreko liburuetan gauza edergarrietarako, egituraren zainketarako, metaforarako eta horrelakoetarako joera handiagoa dago, elaborazio estetiko handiagoa. Baina seguru asko horiek egin beharra neukan orain hau egiteko. Nahi dudan bezalako poemak egiteko askatasuna eman didate aurreko poema liburu horiek.
Concceta Probanzak opari emandako libretan idatzi duzu liburua.
Bai, 89 poema idatzi nituen, eta horietako 81 daude liburuan. Superstizio bat ere badago zenbaki horren atzean: sorgin batek esan zidan 81 urte biziko nintzela... Libreta zigarro-puro kaxa batean sartu, kaxan hitzaurrea idatzi eta halaxe eman nion editoreari, kodize kutre bat osatuta.
Ez da ohitua izango Gorka Arrese, Susa argitaletxeko editorea, liburuak gisa horretan jasotzera. Nolako harrera egin zizun?
Editoreen aurrean ere geure eskubideak defenditu beharra dugu idazleok. Graham Greenek Bidaiak izebarekin liburua eraman zionean, izenburua aldatzeko eskatu zion editoreak, eta Greenek erantzun zion errazagoa zela argitaletxea aldatzea izenburua baino. Nik pentsatua neukan arazoak jartzen hasten bazen, editoreari beste argitaletxe batera joko nuela esatea. Baina ez, oso ondo hartu zuen hasieratik, ilusio handiz, nahiz eta lupa eta guzti ibili behar izan duen poemak transkribatzeko.
Baduzu libreta berririk?
Bai, aurrekoan eman zidan Conccetak. Baina oraindik ez dut ezer idatzi libreta horretan.
Zer iritzi duzu egungo euskal literaturaz?
Inoiz baino dotoreago idazten da, baina uste dut euskal literaturak galdu egin duela garai bateko punch hura, ezusterako eta lilurarako ahalmena. Etiopia, Itsasoak ez du esperantzarik, Paixibo eta beste hainbat liburuk sortu zidaten lilura ez dut urte hauetan inongo euskal libururekin sentitu. Dena aldez aurrerik igartzeko modukoa bihurtu da, estandarizatua dago. Litekeena da harridurarako nire ahalmena ere jaitsita izatea ere, urteekin zaila baita horri goian eustea.
“Sarien beharra duen idazleak arazo latzak dauzka barruan”
Bere belaunaldiaren inguruan batzuek frustrazioaren manmua ikusten badute ere, frustrazioaren antipodetan sentitzen da Pako Aristi. Ez baita, ospe kontuei dagokienean behintzat, idazle anbiziotsua.
20 urte daramazu liburuak argitaratzen. Adierazi duzunez, “hil arteko poza” daukazu zure liburuek izandako harrerarekin.
Bai, hala da. Idazleak bizi ditzakeen gauza on guztiak bizi izan baititut: sariak, idazle handien harrera ona eta laguntza, salmenta oneko liburuak, asko gustatu diren liburuak... Gehiago eskatzerik ez dago idaztea erabakitzen den unetik. Gogoan daukat Kcappo idatzi ondoren Erein argitaletxera bidali eta handik gustatu zitzaiela eta argitaratuko zutela esateko deitu zidatenean pozaren pozez jauzika hasi nintzela etxean. Hori baino poz handiagorik nekez emango dit idazteak. Argitaratzeagatik horren pozik sentitu ostean, ezin naiz negarrez eta protestaka hasi Espainiako Sari Nazionala edo Euskadi saria eman ez didatelako.
Baina idazle moduan hazi eta zabaltzeko bideak ere izan daitezke horiek: itzulpenak, merkatuaren eta irakurleriaren zabaltzea...
Hori dena ehiza handia iruditzen zait: batzuek etxeetan jartzen dituzten basurde eta basahuntz buruen antzeko kontua. Ni ez naiz horrelako bildumen zalea. Nik ez dut idaztearen ikuspegi hori ez ulertzen eta ez onartzen. Eta iruditzen zait sarien eta horrelakoen beharra duen idazleak bere barruan arazo eta gabezia latzak dauzkala, hipokrita dela.
Haur eta gazte literaturako Euskadi sariko finalista izan zara aurten. Irabazi bazenu?
Testu bat nuen prestatua. Saria pozgarria dela esango nuen, baina sariak ezin duela ezkutatu Jaurlaritzaren kultura politikaren hutsaltasuna eta eskaskeria. Euskal Herria enpresari eta kirolarien herria dela esango nuen. Hizkuntza, literatura eta kultura behar bezala mimatzen eta bultzatzen ez dituen herria ez dela sekula herri inteligentea izango. Amaiera honelakoa izango zen, gutxi gorabehera: “Espero dut Euskadi sari hauek nazional bihurtzea. Ez naiz inozoa eta badakit zuek ez zoaztela hortik, baina pentsatzen dut hori dela gizarte honen nahia. Eta gehiago irakurri, politikari jaun-andreok, hitz egiten duzuenean antzeman egiten baitzaizue oso gutxi irakurtzen duzuela”.