literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Euskal literaturaren bi fetxa nagusiak, 1901 eta 1964, aldez edo moldez gertakizun politiko biri lotzen zaizkie. 1901-eko kasoan, Euzko Alderdi Abertzaleari [1], 1964-ekoan euskaldungoari buruz sortzen hasten diren idea berriei. Lehen kasoan, Euzko Alderdi Abertzalearen ideologia politikoak, praktikan, «Jaungoikoa eta Lege Zarrak» perpausan gorpuzten den bloke monolitiko homogeneo eta agiri bat osatzen duela esan daiteke. Bigarren kasoan, ezinbestean, ideologia monolitiko bat baino areago, zenbait korronte desberdin aurki daiteke. Korrente hauek, idea oso jeneral eta abstrakto bat besterik ez dute amankomunean; negatibitate batetan, hots, aurreko ideologiaren ukazioan soilik datoz ados ia. Negatibitate hau elementu positibo konkretuz gauzatuz doan eran, desberdintasunak sortzen hasten dira. Beharbada horregatik lehen kasoan hertsiago eta nabariago da politikaren eta literaturaren arteko lotura eta harremana.

        XIX-gn. mendeko azken urtetan, espiritu berri bat sortzen da euskaldungoari buruz eta, beraz, euskal literaturaz. Mugimendu hau, euskerari dagokionez, ez zen hasieran homogeneo izan, zenbait joeraz osatua baizik. Baina Julio Urkijok eta R.M. Azkuek proposatzen zuten soluziobide gehiago edo gutiago moderatuari, Arana-Goiriren joera guztiz garbizalea nagusitu zitzaion. Gertakaria honen sustraia argi dago. Arana izan zen euskerari buruzko joera ideologia politiko oso eta koherente baten barnean sartu zuen bakarra, euskal problema osoari soluzio orotar eta klar bat eman zion bakarra. Bestalde, Arana-Goirik, euskaldunen artean teorian bederen bizi ziren idea garbizale eta arrazistak (hitzaren sentsurik zabalenean) ideologia politiko batez gorpuztu eta areagotu besterik ez zuen egin. Alde honetatik ezin dateke ukatu Aranak eratu zuen mugimenduaren herrikoitasuna, Euskal Herriaren zati bati dagokionez behintzat.

        Euskerari dagokionez, Sabino Aranak Aita Larramendi ekartzen du gogora. Berez, honek haren joera sistimatu, azken ondorioetaraino eraman eta eragin politiko bortitz batez hornitu zuen soilki. Larramendik bezala, bere obraren zatirik haundiena eta inportantena erderaz moldatu zuen, eta hark bezala, hizkuntzatik at zeuden motiboren ondorioz. Dena dela, beharrezko da bien artean dagoen diferentzi oinarrizko bat adieraztea. Larramendiri jarraituz teoria guztia teoriaren mailan utzi beharrean, Aranak oso osorik praktikara eraman zuen hortarako bere indar politiko guztiaz baliatuz, hala eskatzen baitzuen eratzen ari zen ideologiak [2]. Ideologia hori Euskal Herriaren berezitasunean zetzan, euskaldunen arrazaren, lege zaharren eta hizkuntzaren berezitasun eta apartetasunean hain zuzen. Baina euskera, berez erderekin zer ikusirik ez zuen hizkuntza bazen ere, garaiko errealitate garratzak adierazten zuenez, erdera arrotz haien kutsuduraz beterik aurkitzen zen, hitzetan nahiz joskeran edo aditzan. Beraz, indar ematen duen koherentziaren izenean, idea politikoei ongien egoki zedin euskera kreatu behar zen: euskera garbi, berezi bat, erdal kutsurik gabeko euskera bat, iraganarik gabeko euskera bat.

        Aranaren ideen arrakastaren ondorioz, triunfalismo harro bat jabetu zen Euskal Herriaz. Egoera honetaz galduz atera zen lehenetako bat, euskal literatura zaharra izan zen. Euskal idazle zaharrak euskal kultura berezi eta paregabearen espilu garden eta distiratsu, garaiko optimismoaren oinarri eta frogabide izan behar zukeitenak, erdal kutsuak itotzen zuen idazle arrunt, xar, eskas eta trakets multzo bat ziren. Literatura zaharra ez zen ongi ezagutzen, eta ezagutzen zen apurraren arauaz, hobe zen ez ezagutzea, baztertzea, eta hartaz, amets xar batez bezala, ez gehiago oroitzea eta kontu egitea, eta, are, Errepublikaren denboran, askoren pentsamoldea espresatuz inork ezan zuen bezala, liburu zahar guztiak erretzea [3].

        Nabari zenez, literatura zahar guztia arbuiatuz gero, zerotik hasi bear zen. Euskeraren eta literaturaren arloan dena egiteko zen. Klasikorik ez baitzegoen, euskera berriaren gidaria logika izanen zen. Logika aditza kutsatua jatortzeko, hitz berriak moldatzeko. Aranaren ikasle abantailatu izan zen Arriandiaga-tar Imanol, M.B.S.-ak zioen bezala, «La lógica es la ley primaria de la gramática euzkérica, y, por lo mismo, sus dictados deben ser aceptados sin vacilación por los euzkeldunes; de lo contrario, destruimos la gramática y sacrificamos el euzkera: un euzkera ilógico no es euzkera; será si se quiere un cadáver euzkérico, ya que le faltará el alma, que son sus leyes» [4]. Baina logika, lan tresna izanik, euskera molderen bati aplikatu behar zitzaion. Ez zegoen aukerarik: «euskal izatearen esentzia» mamitzen zuen baserri euskera zen, noski, hauta zitekeen bakarra. Kriterio berriaren arauaz, euskeraren muina gordetzen duten zokokeriek eta ia inon ezagutzen ez diren esaera bitxik neurtzen dute idazlearen jatortasuna. Euskera berria, gramatika berrietan eta oraindik kutsuturik ez zeuden baserri baztertuetan ikasi behar zen.

        Lehenago esan den bezala, dena dago egiteko, zerotik birrasi behar baita. Birreraikitze honetan euskal erdi klaseak (klase bezala) ez zuen parte hartu. Egoera berria industrializazioak sortu zuen klase burjes dinamikoan oinarritzen bazen ere, ez zen klase hau mugimenduaren alde politikoaz baizik arduratu. Peninsula osoan, Catalunyan bakarrik sortu zuen erdi klaseak kultura autonomo bat Europako giroari irekia. 1898-ko gertakariek pesimismoa ekarri zuten Gaztelara, 98-ko jenerazinoak erakusten duen bezala. Catalunyan, aldiz, 1901-ko jenerazinoa optimista izan zen. Lekuko, Barcelonako hauzo aberatsen arkitektura da. Barcelonak, Wagner-en operekin eta Ibsen-en teatroarekin Europako hiri bat zirudien. Euskal Herrian ezin zitekeen desarroila erdi klasearen kultura egiazko bat, beharbada unibersitaterik ez zegoelako eta funtsean euskal nazionalismoa mugimendu klerikal eta nekazari bat izan zelako. Are gutiago era zitekeen euskeraz, ezin baitzezakeen hizkuntzaz euskaldun ez zen burjesia hura «berea» ez zen hizkuntza batez balia kultura autonomo bat eratzeko. Gainera, Euzko Alderdi Abertzalearen estrategian, hasieratik bertatik, politikari eman zitzaion nagusigoa, helburu politikoak eskuratuz gero, hizkuntzari eta kulturari zegozkienak, ondorioz etorriko zatekeelako [5].

        Euskeraren eta euskerazko literatura eta kulturaz arduratu zen taldearen estudio soziologikoa egitea, aurrelan lizateke haien traiektoria eta zenbait alde argitzeko eta osoki endelegatzeko. Egiteko hau liburu honi ez badagokio ere, beharrezko da honetaz zerbait esatea. Lehenik, orain arteko guztiaren ondorioz, klerikalismoak izanen zuen garrantzi haundia erraz da ulertzen. Klerikalismoak ez zezakeen begi xarrez ikus sortzen ari zen mugimendu berria, haren helburuak betetzera zetorrela baitzirudien. Are gehiago, hasierako idea multzo haren gauzatze konkretoan parte inportant bat izan zuen. Ideologia klerikalaren kutsua ideologia berriaren teorian eta praktikan nabarbentzen da, haren defensa aktitudean (lehenago aipatu den hesian), karakter hertsi eta konserbatzailean, euskaldun fededunen nazionalismo ezer baino lehen katolikoan. Alde honetatik euskal idazle guztien homogeneitatea izugarri zen. Bestalde, euskeraren arloan proposatzen zen lanaren errealismo faltak eta bitxitasunak, gizon ameslari, desustraitu, arraro eta aldez edo moldez frakasatu asko bereganatu zuen. Horrela, adibidez, apaiz ikasketak egiten ari zirelarik seminarioa utzi zutenen porzentajea zeharo neurriz gaineko da euskal idazleen artean. Are gehiago, epe honetako idazle inportantenetatik bik, Ibinagabeitia'tar Andimak eta Ormaetxea'tar Nikola, «Orixe»-k, lehen meza baino egun batzuk lehenago utzi zuten. Bien euskal lana harrez gerokoa da [6]. Bejetarianoak eta era guztitako eszentrikoak ez dira falta, euskal literatura eta kulturaren berezitasunak haien izaera gauzatzeko eginkizun egoki bat eskaintzen baitzien. Nahiz denak halako zirenik ez den handik segitzen, euskeragintzaz eta euskal literatura eta kulturaz arduratzen zirenen preparazio zientifiko baten eskasiaz Eleizalde'tar Koldobika bera mintzatu zen, «pues los euskerálogos se reducen a unos cuantos sacerdotes, abogados, algún médico... y dos matemáticos que somos Bustintza y yo» zioenean [7]. Dena dela, eta gauzak noraino heldu ziren ikusteko, nahiko da exenplu argigarri bezala, Ayengiz'tar Iñaki Aba Txotiñodunak (sic), euskeraren batasunari buruz egin zuen eta «Euskera»-ren 1922-ko ilbeltza-epaila numeroaren 26-27 paietan irakur daiten xostenaren zati hau: [8] «Euzkerarik eztakigulako biar dan beste, eta ganera ixen oker batzuk daukoguzelako, irraparran hitz batek gauza bat dikur, eta Gipuzkuen beste bat, Bizkayen be ostera beste bat, auxegaitik uste dot ixen gustijen azterketie ein biar geunkela: Adibidez, Sein (infante) bada "Senar" (seinxar) (infante varón) beraz "hijo" ta ez (marido) orretarako baidago "ezkona" ta. Bardin "Seme" (sein x eme) (hija) ta ez "alaba" ori (al x aba) (amo poderoso) dalako; antxinez ba iru agintari baño ezeguelako, "aita" "etxekue" "ugazaba" langillena, te "alaba" erri guztikue. "Emazte" barriz (esposa) "emaazte" (mujer criando) beraz "ema" da (mujer) ta ezelan be ez "Emakume" (mujerzuela) "baño" aztakume, txakurme ta katakumeren gizan. Ona bada emen Babel txagaraiko nastie: Euzkeldunek "Ama" (madre) Tagalotarrek (Manila ugartekue) (padre) guk "anai" (hermano) eurek barriz (nanai = madre) guk "andrea" (Señora) gerkarrek (hombre) guk "Senar" orain (marido) len (hijo) Txiña'rrek (engendrar varón) aztertu ta orraztu daigun ba lenbailen lortzeko Euzkel batazune».

        Hizkuntza hau zuen tresnatzat euskal idazleak. Ikusmolde honek, batzuk gehiago, besteak gutiago, batzuk eta besteak asko, idazle guztiak markatu zituen, morfologiaren aldetik orduarte inoiz jazo ez zen anarkia eta nahaste bat sortuz eta idazlea, eredurik eta jarraibiderik gabe, bere kriterio pertsonalaren eta inorantziaren mende utzirik. Garbizalekeriak gutien kutsatu zituenak, idazle herrikoiak alde batetara utzirik, idazle hoberenak izan ziren hain zuzen, Agirre nobelaria eta Lizardi poeta adibidez. Baina hauek ere pairatu zuten giroak hain hertsiki inposatzen zuen ihardukibidea. Agirreren «Garoa» nobelaren bigarren edizioa, 1934-an egilea hilez gero egin zena, «orraztua» eta «garbitua» azaldu zen. Bidegabekeria honen kontra, A. Irigaray ezik ez zen inor altzatu [9]. Halaber, Lizardiren «Paris'ko txolarrea» poemaren oinean, egilearen ohar adierazgarri bat azaltzen da: «Garbizaleak alda ditzateke itz banaka batzu onelatsu: Farol = dizpil (foco, arco voltaico, Neón); Txapel = ginbail; Mutur = erpin; Salto = yauzi». Ikusten denez, Lizardiren instinto literarioak ez zion poeman hitz garbiago hauk sartzera uzten eta aitatu dugun giroak hartaraturik, ohar hoki jarri behar izan zuen. Garbizalekeria hau mugaz haraindiko zenbait idazleren obran ere aurki daiteke, hala nola Pierre Lhandegan eta Jean Etchepare prosalari maisu eta aurren saiaolaritzat hartua izan denaren baitan [10].

        Bestalde, euskal idazlea errealitate sozial berri batetan aurkitzen da. Industrializazioaren ondorioz Euskal Herriko proletargoa haundituz zoan. 1855-ean iadanik 55.336 langile zegoen Bizkaian [11]. 1930 inguruan, Bizkaiko langileak 80.000-ren bat ziren, gehienak Bilbaon eta ingurunetan, Gipuzkoan 47.000, Nafarroan 20.000 eta Araban 8.000, guti gora behera.

        Lehen huelgaz gero (1890), haik ugalduz joan ziren. 1903-an «La lucha de clases» aldizkari sozialistaren lehen numeroa agertzen da Bilbaon. Garai haietan propaganda ahozkoa eta idatzia euskeraz eta erderaz egiten zen. 1904-ean, gutienez 70 elkarte sozialista zegoen Bizkaian. Eibarreko 3.000 langileetatik ia denak sozialista ziren. Tolosakoak 500-en bat ziren eta Gipuzkoako beste zenbait herritan ba zegoen ere sozialistarik. Nafarroan 25.000-ren bat ziren. Araban eta Iparran, aldiz, oso guti zegoen. Thalamás-ek berak dioenez, Euskal Herriko sozialistak, orotara, 100.000-tik gora ziren.

        Garaiko euskal literatura estudiatuz gero, ba dirudi guzti hau ez dela egia, beste Euskal Herri horrek ez duela esistitzen, guzti hori ez dela Euskal Herri. Hau esplikagarri da, zeren euskal literatura sustraitzen zuen Arana-Goiriren ideologia, Euskal Herriaren zati honez kontu egin gabe eratu baitzen. Nazionalismoak ez zion euskal proletargoari soluziobiderik ematen eta «Euzko Langileen Alkartasunak» bereganatu zituen 35.000 partaideak, areago bereganatu zituen haien euskal sentimendua gatik klase kontzientzia gatik baino.

 

[1] Euzko Alderdi Abertzalea 1895-ean fundatu zen. «Euzkadi» aldizkariaren lehen numeroa 1901-ean agertu zen.

[2] Halaz ere, lehenago esan den bezala, diferentziarik oinarrizkoena, are literaturarentzat ere, Arana-Goirik gorpuztu zuen euskal kontzientziaren sortzean datza. Gertakaria honek desberdintasun inportant bat ezartzen du aurreko eta ondoko literaturaren artean.

[3] Eleizalde'tar Koldobikak Arana-Goiriren «Deun-ixendegi euzkotarra»-ren sarbidean dioenez, euskerak ez zuen anartean literaturarik: «Euzkerarentzat (eta, beraz, Euzko-endarentzat), gauzarik kaltegiñenetakoa bat izan da: errderaz Literatura deritzan izkel-errtiya euki ez izana. Orain dakusgun Euzkeraren egokera urriya, alde batetik aitaturiko gaitz orretatik datorrela esan ledike, ziñez. Asaben utsak adi-eraztea gauza atsegiña ezpa-da ere, argi-argiz dakusguna aitorrtu bearrko degu, ta edonork aitorrtu dezake, ez dutela asabak deusik egin, egin zezaketenaren eta egin bearr zanaren aldean» (3-gn. o.).

[4] L. Villasanteren «Historia de la Literatura Vasca»-tik hartua, 352-gn. o.

[5] Ez da ahantzi behar halaber, sortu den ideologiak ez dituela burjesia berriaren beharkizun kulturalak betetzen eta konplitzen. Hark bere klase interesak ongi espresa ditzan ideologia moderno bat behar du eta ez Aranaren ideologia prekapitalista, baserrizale, antiliberal eta sentimentalista, zein zeharo desegoki baitzaio.

[6] «Orixe»-k 1922-an, 34 urterekin, utzi zuen Jesusen Konpainia. Orduarte, 1917-ez gero «Jesusen Biotzaren Deya»-n zenbait poema eta lan labur besterik ez zuen publikatu. (Ikus, «Orixe. Omenaldi» liburua, 71-85-gn. o.).

[7] Luis Villasanteren «Historia de la Literatura Vasca»-tik hartua, 326-gn. o.

[8] Berez, zati hau, gerra aurreko ia guztiak bezala, kakoz idatzirik dago, hots, «rr» «ll» «dd» «tt», letra batez eta kakoz idazten ziren. Inprentaren lana errazteko, ez dugu hemen sistima hura erabili.

[9] 1956-ko edizioa 1934-ekoari jarraitzen zaio, orijinalari jarraitu beharrean. Horrela, Agirreren lantzat hark egin zuenez besterik ematen zaigu.

[10] Parte honetan ez da Ipar Euskal Herriaz kontu egin. Iparrak ez du ezagutzen Hegoko berriztapena eta literatura ohizko bideari jarraitzen zaio, ohizko euskeraz. XX-gn. mendearen hasieraz gero, Iparraren garrantzia ia huts bilakatzen da euskal literaturaren kontextoan. Hizkuntzaren aldetik ezik, Hegoak zeharo gainditzen du. Bestalde, mugaz harandian apaizen nagusigoa osoa da, Jean Etchepare prosalari sekularraren kasoak frogatzen duen bezala. 1910-ean publikatu zuen «Buruchkak» liburuaren «Nor eskola-emaile = zer irakats» artikuluan irakaskintza erlijiosoaren aurka paratzen zen eta «Amodioa»-n, seigarren manamenduaz ideologia klerikaletik at ziharduen. Zenbait lagunen kontseiluz ez zen liburua zabaltzera ausartu eta zenbait urte geroago P. Lafitte apaizak birpublikatu zuenean, bi kapitulu hauk gabe atera zen liburua.

[11] Zati guzti honetan Juan Thalamás-en «Aspectos de la vida profesional vasca» liburuaz baliatu gara, 170-184 o.

 

Bilaketa