literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Ikuspegi honetatik bakarrik ikusiko dute mundua euskal poesiak, teatroak eta nobelek urte askoz. Gertatzen ari zen ideologien arteko burruka ez da euskal literaturara heltzen, ideologia bakar batek baitu euskera espresabidetzat. Beste edozein ideologiak ez du lekurik. Haren arauaz pentsatzen ez dutenek, Barojak adibidez, erderaz idatzi behar dute. Euskal Herriko errealitatea alde batetatik bakarrik ikusten da, gainerako guztiak arrotz zaizkio euskal literaturari. Honetan datza, azken finean, haren marjinaltasuna.

        Baina literatura, arte denez gero, ez da era honetako konsiderazinotan ahitzen. Helburu baten edo tesis baten serbitzuan dagoen obra bat ez da nahi-ta-ez xar. Beste askoren artean, Aristofanes-en eta Corneille-ren obrak frogatzen dute hori. Baina obrari tesisa kanpotik ezartzen zaionean, eta haren barnetik sortzen ez denean, besterik da. Gerra aurreko euskal literaturaren balanze estetikoa egiterakoan, faktore asko eduki behar da gogoan. Aurreko literaturarekin konparatzen badugu, aurrerapena ukaezina da, poesian nahiz teatroan edo nobelan. Hobenahi xalogarri bat eta teknikei eta formari buruzko ardura nabaria da. Baina absolutoki hartuz, (garaiari buruzko desegokitasuna alde batetara utzirik) teatro lan eta nobelarik hoberenak ere tesiskerian erortzen dira. Egilearen eskua nonnahi ikus daiteke, tesisa eta egintza ez dira batasun batetara heltzen, pertsonaiak abstraktoegi dira, onak onegi, xarrak xarregi, eta kaso gehienetan, interpretazio liriko eta subjetibo bat ematen zaio errealitateari, obraren kaltetan.

        Poesia, romantizismo berantkor eta standarizatu baten eta presinbolismo ezinezko baten artean zalantzatzen bada ere, Lizardiren eskutan maila garai batetara heltzen da. Lizardiren obra ezin daiteke estudia izan duen ondorioa bazterturik. Lizardiren poemagintza 1916 inguruan hasi dateke, baina 1930 arteko lanak ez ditu argitaratzen. Hamalau urteko ikaskintza luze honek heldutasun haundi bat ematen dio haren poemagintzari, haren jarraitzaileek ager-arazitzen ez duten heldutasun bat hain zuzen. Ez zuen Lizardik obra luzerik landu, azken etapan ezik. «Biotz begietan» liburuko poemak labur dira, bakoitzak ez du besterekin zer ikusirik, berez dira olerki oso. 1934-ean publikatu zuen bilduman, «Maitea» poema luze zatekeenaren «apurriñoak» eman ziren argitara. Ba dirudi poema horretan bide berri bila hasi zela, molde deskribitzaileagoak erabiliaz, hizkuntza estilo zehatz eta soila apur bat baztertuz, neurri herrikoiagoak (zortziko xipia adibidez) onduz, lengoaia eta molde irudiz singleago batzuk lortu nahiean. Aldakuntza desira honek aditzera ematen du, Lizardiren jarraitzaileak lantzera hainbeste entseiatu diren hildoa, Lizardirentzat berarentzat agorturik zegokela. Ba dirudi Lizardiren obrak euskal poesiaren ziklo bat hersten duela, hain maisuki gauzatzen duen igarokortasunaren oihartzun plastikoan, haren asmaketen iluntasun malenkoniatsuan ez zela ezer osatu behar. Iritzi honen frogantzarik finkoena gerra ondoko lizarditarren lanaren balio urria dateke.

 

 

Bilaketa