literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren historia»
Ibon Sarasola

Lur, 1971

 

        Baina tematikaz bestalde, gaurko mendebaleko literaturaren berri duen irakurleari, pairagaitz gertatzen zaizkio euskal idazle haien molde arrunt eta injenuoak eta teknika atzeratu eta linealak, eta horrela, orduko teatrogile hoberenaren, Larzabalen «Hiru ziren» obran, Pantxok zapata garbitzaile bat ikustean, «So egizak, so egizak, nola ari den! Ofizio bat duk ba hau ere! ... Ez zaitak iduritzen ofizio mota horieri eskualdun bat aise lot daitakela ... Edo behar lekeie arrunt errekan! » [4] dioela entzuten edo irakurtzen duenean, ba daki aldez aurretik Pantxo olgetazalea zapata garbitzaile bihurturik ikusi beharko duela. Egoera hau garaiko euskal literatura osora heda daiteke, poesiara nahiz teatrora edo nobelara, eta horregatik, publiko irakurle berriak euskal literatura osoa baztertu zuen, literatura bezala ez zitzaiolako interesatzen soilki, eta sentitzen zuen irakurtze beharra, bere premia hori betetzen zuen erdal literaturatan konplituko zuen. Situazio honetan, publiko irakurle euskaldunaren zati haundienak ezagutzen eta leitzen duen lehen euskerazko liburua 1964-ean argitara zen G. Arestiren «Harri eta Herri» da [5].

        Honegatik eta beste faktore asko gatik, «Harri eta Herri» euskal literatura guztiko liburu inportantenetatik bat dateke. «Harri eta Herri»-k konsegitu zuen literaturaren eta irakurlegoaren arteko desegokitasuna apurtzea, egiazko literatura batek (hau da, irakurria den literatura batek) bete behar dituen baldintzak adieraziz eta euskerazko literatura erreal baten posibilitatea erakutsiz. «Harri eta Herri», ezein euskal liburuk lortu ez zuena lortuz, irakurria izan zen. Arrakasta hori endelegatzeko, liburu hark gauzatu zuen iraultzaren elementuak hartu behar dira gogoan. Lehenik, tematikaren eraberritzea. Arestiren obrarekin Euskal Herriak bere dimensio osoa hartzen du lehen aldiz historian. Arestiren poemetako gizona, Lemoara doa tranbian, birao egiten du Zorrotzan atrakatu den aleman barkua deskargatzen ari denean, tratantiaren moduan dago Gipuzkoan ibilia; haren poesiaren paisaje naturala hiria da, giro hortan dabil aiseen, hori gabe ez da Arestiren poetatza ulertzen. Bigarrenik, 1900-ean eten zen tradizino literarioari jarraiturik, garbi-mordoilo antinomia faltsua gainditzen du, literatura egiaz herrikoi baten zimentarriak ezarriz. Hirugarrenik, sozial deritzan poesia mota landuz, euskal literatura estiloz eta mamiz eguneratzen du garaiko korronte literario aurrerakoiena gureganatuz. Laugarrenik, haren literatura akonfesionalak «euskaldun-fededun» nahastea desegiten du, euskal literatura ikuspegi klerikalaren menpetik askatuz, aurreiritzi itogarri haietatik libratuz, literatura humanoago eta errealitateari lotuago bati ateak zabaldurik.

        «Harri eta Herri», hamarren bat urtez tirada xipiko aldizkari ia ezezagunetan egiten diren entseiuen lehen frutua da. Euskal poesia berria finkatu zuen liburu hura, sei poetaren lan isilak egin zuen posible: Iratzeder, Mirande, Azurmendi, Otsalar, Mikel Lasa eta batez ere Aresti berberaren aurreko lanak. Hizkuntza poetikoaren eraberritzea Iratzeder, Mirande eta Arestiren aurreko lanen ondorio izan zen [6]. Miranderen bilaketa formalak eta giro pagano ongi jantziak markatu zituen Arestiren lehen poemagintza eta Lasaren obraren muin poetiko eskuragaitza minorientzat egina. Otsalarren poemagintzaren giro existenzialistak gizonaren errealitateari buruzko lehen aproximazio bat ekarri zuen, Lasaren problematika beste ikuspegi intelektualago batetatik tratatuz. Arestiren «Zuzenbide debekatua» poemak eta Azurmendiren poesia sozialak, Otsalar eta Lasaren gizon indibidualaren problematika gainditurik, bigarren aproximazio bati eman zioten bidea. Bertso zaharretan moldatzen zen poemagintza herrikoia «Harri eta Herri»-ko «Astepeko Sekretarioaren Bertso berriak», «Egun da Santi Mamina» eta beste zenbait poematan hain nabari dena eta kanta berrien iturburuetatik bat gertatu dena, Arestik berak landu zuen haien aintzindari izan zen «Bizkaitarra» poeman.

        Hortik segitzen denez, «Harri eta Herri» poeta baten lan bakartia baino areago, aurrelan kolektibo baina aislatu, multiforme baina osagaitz baten lehen frutu koherentea izan zen. Horrela, Arestiren pertsonalitateak, Lizardirekin jazo zen bezala besteren poemagintza deuseztu beharrean, indarberritu egin zuen, poesia berri honek egun mostratzen duen jokaera desberdinen aberastasunari bide seguroago bat eskuraturik, itzalean egiten ari zen lan isila argitara zabaldurik eta poesiatik at, euskaldungoa itotzen zuen folklorekeria betirako gainditu eta idazle jenerazino bat prestatu zuen «Gazte naiz» horriko egintzari sostengu bat emanik.

 

[4] Pierres Larzabal. «Iru ziren», Auspoa-14, 66-gn.o.

[5] «Zeruko Argia»-ko 88-gn. numeroan (1964) irakur daiteke Itxaropenako Patxi Unzurrunzagak zioena: «berrogei urtetik gorakoak omen-dira gehien euskerazko liburuak erosten dituztenak». 1964-ean 19 liburu agertu zen euskera hutsez (Ikus, J.S. Martinen «Azken sei urteetako euskerazko liburuak», «Egan»-XXIX, 159-gn. o.). 1970-ean, aldiz, 46 liburu publikatu da euskera hutsez. Gorabide horren oinarria irakurlegoaren ugaltzean datza dudarik gabe.

[6] Zehazkiago mintzatzeko, Mirandek berriztapenaren parte bat egin zuen, purismoa bazterturik «hitzdi» dotore bat eraikiz. Arestiren lana askozaz ere inportantago izan zen: hizkuntza poetikoa herriaren hizkuntza arruntaz baliaturik eraikitzea. Hain zuzen hori izan da poesia sozialak literatura guztietan izan duen ondoriorik inportantena: poesia hizkuntza akademiko eta artifiziala utzirik, herriaren hinkuntza arruntaz mintzatu.

 

Bilaketa