Euskal literaturaren adskribapena ukatu egiten bazaio ere, esan daiteke prosa narratiboaren eraketarantz zihoan bidean lehen urrats irmoetako bat J.B. Daskonagerreren Atheka-gaitzeko oihartzunak idazlanarekin etorri zela (1870). Zeren eta, ezer izatekotan, euskal narratibaren beharra eta premia ozenki aldarrikatzen zuen obra zen hura.
Karlisten guda eta irudi erromantikoekiko jakin-nahiak piztua, iruzur literario batetik abiatu zen nobela hau (Axularrena omen den sarrera-aipua ere ez da urdazubiarrarena). Eta «engainua» agian literarioegitzat hartua izan ez zelako begiratzen dio oraindik literaturaren historiak Daskonagerreri hain trabeska.
1815ean Baionan sortua, Daskonagerrek Parisen egin zituen zuzenbide ikasketak. Han frantses erromantikoen obrak ezagutzeko parada izan zuen (Lamartinenak, V. Hugorenak) eta, bereziki, errealismoaren zigilua erakusten hasiak ziren Stendhal eta Balzac bezalako prosalarienak.
Bastidako notarioa lehenengo eta, 1861etik aurrera, Baionakoa izanik, ez zitzaion politikan aritzeko aukerarik ere falta izan. Edonola ere, beti izan zuen pizturik literatur zaletasuna. Horrela, Atheka-z gainera, beste bi liburu argitaratu zituen frantsesez, Euskal Herriarekiko begirada erromantikoak idaztaraziak: Le Golfe de Gascogne (1880) eta Mendigor-Içareder. Récit Basque (1883).
1867an argitaratu zen Parisen Atheka-gaitzeko oihartzunak izango zenaren jatorrizko liburua, hots, Les échos du Pas de Roland izenekoa, euskaraz idatzitako nobela baten frantsesezko bertsioa zela zioelarik («traduit du basque»). Alabaina, ustezko bertsioaren jatorrizko argitalpena eskatu zitzaionean gertatu zen egilearen buruhaustea egiazki, frantsesez idatzia baitzen originala. Gorabehera askorekin, azkenean Vinson eta beste ezezagun baten laguntzarekin amaitu zen euskarazkoa.
Euskarazko bertsioan ere ez zen egia aitortuko, noski: «Irur urthe badu jadanik inprimatu ginuela liburutto hau, frantseserat itzuliz. Norbeitek galdegiten balu zertako haiñ sarri iguriki dugun hau inprima-arazi gabe, ihardetsiko ginioke iduri zitzaukula itzultze frantsesa errexki eta lasterrago saldu ginukela».
Euskarazko bertsio hau frantsesezkoa (bi urtetan lau argitalpen izan zituen Parisen, haietako bat ikastetxeetara zuzendua) eta gaztelaniazkoa (Baiona, 1867) argitaratu ondoren prestatu zen. Arrakasta ikusirik, gaztelaniazko beste bertsio bat etorriko zen gero (1872an) Vicente Manterolaren eskutik, eginkizun didaktikoengatik «egokitua».
Historia eta abentura eleberrien esparrukotzat definitua izan den liburu honek Ganix Antxordoki kontrabandistaren bizitzako gertaera ospetsu bat du gai nagusi, Karlos V.aren emazteari mugaz bestaldera igarotzen lugundu zionekoa hain zuzen. 14 kapitulutan banatua, badira halere zenbait kapitulu «ekintza» dinamikarekin apurtzeaz gainera, ideologia edota ohiturazko literaturaren irudia hartzen dutenak (III. eta V. kapituluak bereziki).
Baina Daskonagerreren liburuak euskal giroetan izandako arrakasta da interesa duena, faktore hori azken batean irakurleen espektatibei eta nahiei buruz ere mintzo delako. Eta horretaz ohartzeko aski liteke gogoan hartzea euskarazko lehen argitalpenak izan zuen tirada handia (2.100 alekoa izan zen) eta, orobat, Ameriketan bertan, hango euskaldunentzat, izan zuen argitalpena (1895eko Californiako Eskual-herria aldizkariko aleetan).
Ohiturazko eta historiko gisa defini zitekeen eleberri hau, alabaina, euskaldun irakurleen ahogozagarri bat besterik ez zen izan, euskaraz sortutako lanekin asea izateko oraindik urte batzuk itxaron beharko baitzen.
Hartaz bestalde, erlijio esparrukoa izango zen Iparraldean kaleratuko zen prosarik gehiena. Zenbaitetan parametro narratiboetatik hurbil, harrera ezin hobea ohi zuten liburu erlijioso haiek; baina, arrakastak arrakasta, gero eta nekezago asebete zezaketen bestelakorik dastatua zuen irakurlearen gogoa.