literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Guztiarekin ere, ahozko literaturarekin edota, sortzez eta zin-zinez, literatura idatzi garbia ez denarekin lotuta dagoen bertsogintzan ikusi (nahi) izan dira garai hartako poesi ekoizpenaren zutabeak eta, aldi berean, hedatzen hasitako izpiritu berriaren distira argienak. Eta egia esan, orduko bertsogile «kultu» gehienek (guztiek?) bat-batekotasunaren ereduko ezaugarriak erakutsiko dituzte beren poesian lehenago edo beranduago.

        Orobat, nekez mintza liteke ziurrenik bertso munduko autore edota idazle hauen adskribapen erromantiko garbiaz, sarri askotan ukitu erromantikoz zipriztindutako poesiez baizik. Eta autore batengan edo besterengan fenomeno erromantikoa areagotua atzematen denean ere, joera aski berantiar gisa hartu behar da haien poesian islatutakoa.

        Eskuarki haien artean ez dago joera bateraturik, ez eta, Lasagabasterrek zioen legez (1983, 274), erromantizismotzat hartu ohi den kultur, ideologi eta estetika konbentzio-sisteman adskribapen kontzienterik edota haren barnean jarduteko erabakirik.

        Horregatik, eta haien obraren urritasunagatik edo bestelako faktoreengatik ere, ez legoke argiegi noraino hauteman litezkeen adskribapen zehatz-finkoen erreferentziapean, nahiz eta egia izan halaber euskal egile batzuek erromantizismoaren isuri garbiagoa erakusten dutela bestetzuk baino.

        Horren adibide ezin egokiagoa eskaintzen du Pierre Topet «Etxahun» ospetsuak (1786-1862). Bat-bateko literaturaren seme, idatziarekin aritutako bertsogiletzat ere hartu izan da. Alabaina, hark egindakoetatik geratu zaiguna ahozko tradizioaren bidez iritsia baino ez da, familiak erre egin baitzituen haren paper idatziak oro.

        Nonbait erromantizismorantz doan zubian kokatua, haren poesia satirikoa eta elegiakoa da bere bizitzaren izaera sutsua ongien islatzen duena.

        Barkoxen jaioa, ez dirudi egokitu zitzaion bizitza latza haren izaera garratz-bortitzak gehiegi arindu zionik. Otseinarekin-edo izandako amodioetatik seme bat izanik, beste batekin ezkonaraziko zuten, ekinaldian dozena erdi seme-alaba gehiago izan zuelarik. Famili gorabehera larrien artean, 1821ean eskiulatar bati eraso egin zion bortizki. Lapur eta txanpon faltsuaren erabiltzaile karguak ere erantsirik, hurrengo sei urteak kartzelan igaro zituen, urtebeteko ihesaldia tartekatu bazuen ere. Kaleratutakoan, eta senar engainatuaren sentimenduarekin nonbait, bestelako oldarpenik ere egin omen zuen.

        1832an Erromara egin zuen erromesaldia ere ez bide zitzaion merke atera, berriro sartu baitzuten kartzelan alderrai ibiltzeagatik. Itzultzean, koplalari gisa aritu zen festa eta ezteietan, baina naski odolaren deiari jarraituz, 1841ean anaia baten aurkako faltsukeriaren batean barneratu zen, harako hartan kartzela zigorrari ondasunik gabe geratzea egokitu zitzaiolarik.

        Ezbeharrak ez zitzaizkion erbesteratzearekin amaitu, 1846-48 bitartean kartzelaraturik izan baitzen eta emazteak ere bereiztearen bidea aukeratu baitzuen. Alde batetik bestera ibili ondoren, azken sei urteak Eskiulan eta Barkoxen eman zituen seme batekin edo besterekin bizitzen.

        Euskal mundua deskubritu berria zuten erromantikoei oso irudi eta bizimodu erakargarria izan zitzaien Etxahunena, eta agian horregatik identifikatu izan dira hainbatetan haren sentsibilitatea eta obra jarrera estetiko zinez erromantikoa zutenenekin. Egia da, halere, barkoxtarraren izaera primario samarra eta haren kantetako subjektibotasunaren garrantzia, pasioa, lirikotasuna... gutxienez erromantizismoaren lehen hurbilpenetako bat suertatu zirela euskal letren munduan. Horren guztiaren lekuko, Von Chamisso poeta alemaniarrak (1781-1838) Etxahunen bizitzaz idatzitako elegia geratu da. Xaho anaiek ere haren soslai biografiko moduko bat egin zuten frantsesez 1839an, gero 1842an zubereratua.

        Obrari dagokionez, satirek, sentimenduen isla diren poema lirikoek (oinazea, gorrotoa...) eta bestelako kantek osatzen dute haren ondarea, lau bat dozena denetara. Teknika aldetik, bertsolaritzaren eragina nabarmentzen da, herrikoia, garaikide gehientsuenena bezalakoa.

        Etxahunen bertso batzuei zor zaie, halaber, garai hartako bertsolari ospetsu askok bat-bateko bertsolaritzakoak ez ziren modu landu(ago)ekin zuten harremanez iritsi zaigun berria. Ezaguna den bezala, 1853an Abadiak inauguratuko zuen literatur tradizioaren lehen sariketan hogeita hamazazpi bertsolarik eta poetak hartu zuten parte, tartean Etxahun zegoela. Bertsoak epaitzeko orduan erabili ziren irizpideekin bat ez zetorrela eta (beste askoren ustez ere, bertsoak ontzen ez omen zekitenei eman zitzaien saria; erabatekoa izan zen, adibidez, Francisque Michelen deskalifikazioa: »[...] est du français traduit du basque [...] rien n' empêche un enfant des Pyrénées, qui vécu vingt ans à Paris, de revenir faire des vers basques dans la Soule ou dans le Labourd»), bertso gogorrak luzatu zizkien barkoxtarrak irabazleei («Uscal herrico lehen poeta famatu/ Secula bersebat ecin dina formatu») eta epaimahaikoei («Harriet çu cirade seminarin jabe,/ Bena etcirade houn coblarien juge») «Bi bertseten egitez» piezatxoan.

        Baina, anekdotaz harantzago, adierazgarria izango zen pasadizo hark erakusten zuena. Batetik, bat-batekotasunaren esparruko bertsolari huts ziren haietako askok idatzizko mundurantz egiten zuten lehen hurbilpena suertatu zitzaielako sariketena, eta, bigarrenik, bertsolaritzan lantzen ez ziren hainbat alderdi berri (ez derrigorrean originalagoak edota poetikoagoak) balora zitezkeela ikusi zutelako Abadiaren lehiaketa haietan. Eta horrek, hurrengo urteetan agerian geratuko zen bezala, gero eta eragin handiagoa izango zuen sariketarako bertso idatziak prestatzeko orduan eta moduan.

 

Bilaketa