literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura'ren atze edo edesti laburra»
Orixe

Euskal-Esnalea, 1927

 

        Larramendi

        Gogora beza irakurleak sarreran esan duguna: Larramendi euskal-idazle ez ta idazarazle dela. Ederrago ba derizkiozu, Mariana ta Mayans eta Ebro'z aindiko erdaldunak eragin zioten euskera erdi-galduari. Izkera «totela ta lazkarra» ginuela; erderatik artu ginuela geren izkuntza, gure jabetasunaren ardiesteko; erri asto bat ginela, «asna nación», eta olako astakeri oriek esnarazi zuten euskera. Mingarria da Larramendi'k euskeraz geiago ez idatzi izaitea. Argitaratzeko neke aundia zela dio garai artan, eta ala izan bear zuen ere. Erderaz iarduki zuena euskeraz iardukitzen alegin balu J. Etxeberri'k bezala, euskerak indar aundiagoa artuko zuen bear ba da. Bear ba da diot, alegia, idatzi ta ere ezpaitzuten irakurriko erdaldunak gure izkeraren alde esaten zuena, ta ez euskaldunak ere: orain bertan ere neke baita irakurtzea.

        Larramendi'k Aita Mendiburu'ri Jesusen Biotzaren debozioa euskera ederrean idatzi zuelako, gutun sutsu bat egin zion, gero itzaurretako argitara zutena. Orixta bat edo beste xurixtatzen ba dizkiogu, gaur den egunerako ere ez du lotsarik «Garagorri» edo Larrramendi'ren euskerak. Ona zer diotson Aita Mendiburu'ri:

        «Beste batzuek dituzu gure Euskeran nai ez lukeenak beste izkundeetatik iztxo bat ere; eta onen bidez epaitzen eta ziatzen bezela dira jolasean. Bestelako ergelkeria! Etzaiteala zu malmeti. Euskerari eransi zaizka gaztelaniatik, latiñetik, edo beste izkundeetatik itz asko, baño adituaz ta oituaz, euskerazkoak beziñ ongi aditzen diranak; eta oiek utzi bear eztitugu, ta bear ba da noiz edo berriz obeko da onelakoak usatzea euskerazkoak baño, batez ere Eliz-gauzetan ta gure animen salbazioari dagozten egikarietan. Lajatuko ditugu erbesteko itz oriek, nai badegu, gure euskerarenak pixkabana usatuaz ta erabiliaz, eskukoi ta jakiñak egingo diranean. Ongi egin dezu Naparroako itzen batzuek ekartzea, egokiak diranean, eta besterik eztanean; zeren lenbizian ta bat-batetan aditzen ezpadira ere, aurki adituko dira ta geienak dagoneko aditzen ere ba dira; ta ala euskera bide batez edertzen ta ugaritzen da».

        San Agustiñen goraipamena ez dakit ezagutzen ote duzun. Goxo ez ezen zorrotz ere ari da Larramendi mintzaldi artan, «ens ut scio» eta beste filosofietarako euskera gai dela erakutsiz. Idaztankeraz ezpada ere, bere eragitez, eta bere Gramatika'rekin eta Iztegia'rekin Irakasle ta buru izan da Larramendi oraintsuraino.

 

Bilaketa