literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

6.— Agustin Paskual Iturriaga

(1778-1851)

 

        Oxobi atera ezkero, euskal alegilaririk onena dugu Iturriaga. Ipui-zaleak izan gera euskaldunok beti; gure lurrak, alere, ez du ipuilari trebe geiegirik sortu. Ala geure barrutia utzi ta iñorenera zapart egin ote dugu? Espaiñar literaturan beintzat, eusko-odolekoak dira alegi idazlerik bikainenak: Samaniego arabarra, Iriarte euskal odolekoa, Ibañez-Errenteria bizkaitarra, ta abar.

        Emeretzigarren gizaldian ala ere izan genitun ipuilari ospetsuak. Mende onetako elerti-giroa ta erdi-pizkundea aitatuaz, ona zer dioskun Aitzol'ek: «Bat-batean alegi eta ipuien udaberria loretu zitzaion euskerari. Iturriaga, oraingoan gure gizona, lenen buru zala, olerkari talde mardula, gero, oparotsu Iturriaga'ri jarraituaz. Ara izenak: Artxu, zuberoarrez, Goietxe eta Adema, laburdieraz, Azkue, Zabala, Mogel eta Arrese-Beitia, bizkaieraz, Artola'tarrak, Otaegi, Manterola, Uranga, eta abar, gipuzkeraz».

        Ernaniarra dugu Iturriaga, an bait zan munduratu 1778-1-31'an. Apaiza. Apaizgaien ikastaroak Andoain'en lenengo ta Oñati'n urrena osatu ondorean, bere sorterriari lotua bizi izan zitzaigun, Ernani'ko elizan arima-zai. 1817'an Gipuzkoa'ko Batzarrari baimen eske daukagu Ernani'n ikatetxe bat irikitzeko; urrengo urtean irasi zuen biziki opa zuen ikasgu ori. Bere asmoa? Euskaldun mutillak eskolatu. Egiteko ortan, bere anai Kaietano ta Manuel Larrarte —garai artako giputz-musikalaririk onena— izango zitun laguntzaille.

        Aldiz aurreraturik, irakaskintza berezia zuen. Gramatika erakusten du berak; baita espaiñeraz, prantsesez eta latiñez ere, eta Kristau-Ikasbidea. Kaietano'k, matematikak eta Lutelestia; Larrarte'k, berriz, lendabiziko azi-orraziak —irakurtzen eta idazten—, abestiak eta musika. Onela erakus-era berriak sartu ditu, eta jarduerak: orain ez dago, aurretik bezela, zigorrik, kaio ta apaltzerik; gazteak, ikasteko, adorea bear du. Ta edu orretan, Gipuzkoa guztian zabaldu da laister esaera au: «Iturriaga'k, dakian baiño geiago ere, erakusten omen du».

        Gizaseme atsegiña da. Jakintsu askorekin du ar-emana, Fermin Lasala'rekin baitik bat. Billerak eratzen dituzte, ta guztiak alkar supizturik, euskaldun gaztedia eskolatu ta jaso nai dute. Baiña etsaiak ere zur dabiltza, ta gure ernaniarra sasi-jakituria saltzen zebillela-ta, ots, Frantzia'ko enziklopedisten taldetxoa zala-ta, gorrotoz edo bekaitzez salatu egin dabe Iruña'ko gotzaiaren aurrean —1839-40—. Gotzaiak etzien jaramonik egin.

        Karlatarren lenengo gudaren amaikeran, ez dakigu liberalen bildurrez ala Bergara'ko sasi-pakearen eraman-eziñez, Lapurdi'ko Milafranga'ra aldatu zitzaizun; an Arkangoitz-Larralde'ko markesaren jauregian bizi izan zan. Eta, uste danez, jauregi ortan mamitu zitun ernaniar maixu argiak bere ipui neurtuak. Aldia urre baita, ta etzuen alperrik galdu nai; bere gazteak zitun gogotan, eta erbestean zala ere, «gazteen almen edergarri eta gogoen sendogarri», Samaniego'k Bergara'ko ikasleentzat egin zuena —alegiak ondu—, Iturriaga'k Ernani'ko ikasleentzat era berdiñeko ipui eta olerkiak moldatu zitun. 1842'an berriro biurtu zan Ernani'ra, bere txokora. Ta emen il zan 1851-3-30'an.

 

IDAZLANAK.— 1) Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (Ernani, 1841). 85 orrialde. Euskeraren bidez, Gipuzkoa'ko eskoletan batez ere, erdera ikasteko guztiz egokia.

        2) Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (Ernani, 1842). 86 orrialde. Bi zutoi ditu, ta batean euskeraz datoz alkar-izketak —jolasak— eta bestean erderaz. Izadiko gauzak artu ditu ikasgai. Liburu eder-ederra izan da gurean: Bonaparte printzeak argitaratu zuen berriz (Londres, 1857), prantses itzulpenaren ostean, A. Uriarte'k bizkaieraz, Duvoisin'ek laburderaz eta Intxauspe'k zuberoeraz ornitua. «Euskal Esnalea»-k (Donosti, 1914) ere berdintsu egin zuen bere garaian; eta atzenez, Jolasak izenarekin, euskeraz ta erderaz, «Auspoa» bildumak (Zarautz, 1963) argitara eman du, bere 25'garren alean.

        3) Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos (Donosti, 1842). 189 orrialde. Auxe duzu Iturriagari egiazko omena ekarri dion liburua. 1884'an berriz azaldu zuten Tolosa'n, izenburu onekin: Ipuiac eta beste moldaera batzuec. Eta berriz, 1897-99'an. Azkue'k ere «Euskalzale» asterokoan atera zitun 42 beintzat; 1932'an, Iturriaga'ren Ipuiak izenburuz, Donostia'n argitaratu ziran, Lekuona'tar Imanol'ek txukunduta, Aitzol'dar J.'ren aure-itzakin eta Txiki'ren marrazkiakin; 1967'an «Auspoa» liburu sortak, azkenez.

        Ipuiak ez dira asko: 55 bat guztiz. Baiña ederki landuak daude, bizi, arin, errikoi. Gaia aukeratzean gertakizun egokiak kimatu zitun, gogo zuena antzez erakutsi ta moduz adierazteko. Izkera aldetik beti zaizu atsegiña ta erreza. Onenetarikoa omen da, gai ortan, bere «Esnesaltzallea».

        Ala ere, beti goi-maillez goi-mail ibiltzea ez baita errez, ba-ditu bere makurrak. Bota arria ainbarik dagonak. Ona bat; luzeegi zaigu bere azalpenetan. «Tamalez —dio J. Etxaide'k— Iturriaga'k luzeegi jarduten du bere ipuitan eta euskeraz batez ere esakera laburrak daukan gatza ta indarra alperrik galtzen du eta sarritan erdal-kutsudun esaerak erabilli ere bai. Euskal-kutsu ta giarra eraxten etzan, nere ustez, Zabala bilbotarra bezain trebea izan, baiñan ba-ditu ala ta guztiz ere zenbat ipui benetan ao-xurigarri» (Amasei seme..., 96 orr.).

        P. Iturriaga'k badu beste illarraibide bat oraindik: berea du Iñaki Deunaren abestiak daraman letrea. Lendabizi, 1622'garren urtetik, ia berreun urtetan, letra gabe jo oi zuten martxa au. Ernaniarrak iru izki ipiñi zizkion, guk ezagutzen duguna ta beste bi: «Euskalzale» asterokoan datoz irurak, 1897, 243 orrialdean. Eresiak eta izkiak ba-dute olako gudukutsua ta jarioa. Baita esan dezagun: berea du Ernani'ko iltegi-sarreran irarrita dagoan esakun au:

 

                Laster esango da zuengatik,

                Esaten oi dana orain gugatik:

                        Il ziran!

 

IRITZIAK.— G. Muxika'k: «Iturriaga ikasnaia zan. Eta ikasteko, asko zekiten jaunak biltzen ziran tokietara joaten zan; asko zekiten gizonak bazituan inguruan. Luis Arozena, Klaudio Anton Luzuriaga, Mateo Azkarate, Anaia, Iturriaga ta beste batzuek sarri biltzen ziran Lasala jaunaren etxean. Egiten zituzten batzarretan, bakoitzak bere iritzia agertu ondoren, ezdabaidak laister azaltzen zuten burua, ta bakoitzak bere usteari gogor eusten zion. Ondo dakian batek, Iturriaga zala gizon aien artean atsegin eta alaiena dio. Asko zekian, eta zekiana beti jolasean bezela ta arpegi alaiarekin esaten omen zuan».

        Eta Jolasak liburuari buruz Muxika berbera onela mintzatzen da, «Ernaniar ospetsuak» (Donosti, 1910) deritzan lanean: «Seda, anilla ta orrelakoak nundik datozen; erleak, errauleak, garaustikaiak, txingurriak eta beste aberetxoak nundik eta nola jaiotzen diran, zertako diran, zer egiten duten, soroentzat, landarentzat onak ala txarrak diran; lur motak zenbat diran, zertan ezagutzen diran, eta bakoitzarentzat zimaur aukerakoena nolakoa dan; abereai zer jaten eman bear zaien eta nola sendatzen diran; baserritarrai alkarganatzeak dakarzkion ondasunak; guria ta gazta ongi egiteko ikasbideak; bei, idi, txerri, ardi, arkume, ordots eta untxiak zenbat motakoak diran, jateko zer bear duten; olica ta gatza nundik eta nola ateratzen diran; odoiak, oñazkarrak, txingorra, trumoiak, euriak, elurra, lur-ikarak, izotzak, sutokariak nola jaiotzen diran, eta beste gauza asko ta asko esaten dizkigu txukun eta polliki».

        Orixe'ren aburua ere, beti eder. Iturriaga'ren alegietaz au dio: «Samaniego'ren eta besteren alegiak euskerara zituen gatzik askirekin. Ez dirudite itzuliak, euskeran sortuak baino: euskerara ain egokiak daude gure baserritarrentzat. Gizon ikasia ta jakintsu askia zen, eta alegien eta gainerako poesian itzulketan ez dugu Iturriaga adinekorik. Virgilio'ren Egloga'k ere, izketa biurritu gabe, etorkitsu euskeraratu dizkigu. Irakur bedi batez ere «Palemon», eta ikus gure bertsolarien izketa nola eraiki digun, eta Virgilio'ren poesia nola erriratu digun. Bein eta berriz irakurri diteke Iturriaga aspertu gabe. Nere ustez Adema Zaldubi'rekin ez da naski euskera bertsoetan ainbeste landu duenik».

        Eta J. Aitzol'ek, ipuai buruz onek ere: «Ainbat gai-eder alegi oietan irakurleak arki lezazke. Aldizka bertso kaskar samarrak, errezegi neurtuak ba-dirudizkigu ere, neurtitz jaioak, esakera jatorrak, ateraldi zorrotzak eta alako eder-erakusketa apaiñak arkituko dituzulakoan naukazu... Alegi-gai guziak ez dira noski Iturriaga'k asmatuak. Atzerriko ipuilari gorenak ere beren olerkietan erabillitakoak ez zituzten buru-barnetik sortuak. Gai oiek, edo antziñako alegilarien olerkitxoetatik jasoak edo erriaren ezpaiñetatik entzunak dira. Gutxi oso, norberak utsetik asmatuak».

 

        (Ikus G. Muxika, Ernaniar ospetsuak, 1910; J. Manterola, Cancionero Basco, III sailla, 33 orr.; N. Ormaetxea, «Euskal Esnalea», 1927, 236 orr.; F. Arozena, Brumas de nuestra historia, Donosti, 1952, 96 orr.; J. Ariztimuño, Iturriaga'ren Ipuiak, Tolosa, 1932; S. Onaindia, MEOE, 326 orr.; A. Zugasti, «Egan», 1955, 5-6 25 orr. eta 1956, 1, 25 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 238 orr.; L. Villasante, HLV, 252 orr.; Fr. J.I. Lasa, BAP, 1964, 4, 425 orr. ta BAP, 1965, 2, 185 orr.; J. Etxaide, Amasei seme..., 93 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleen Lorategia, 120 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 598 orr.; I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, Zarautz, 1970, 111 orr.; «Auspoa», Ipuiak, 71-72).

 

Bilaketa