literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

15.— Ramon Artola Larrañaga

(1831-1906)

 

        Esertoki gurena merezi dute artolatarrak euskal literaturaren orrietan. Iru bederen ezagun ditugu: Ramon Artola ta onen seme-alaba biak, Pepe ta Rosario.

        Tolosarra zan Ramon; an mundura etorri zan 1831-8-31'n. Astigarraga'koa zan onen aita Jose Antonio; ama, ordea, Maria Antonia zeritzana, Tolosa'n jaiotakoa. Noiz eta nola ez dakigula, Donosti'ra jo zuen bizi izaten, eta ango San Bizente elizan ezkondu zan 1858-11-23'an, Lezo'ko alaba Manuela Elizetxea'rekin. Bost seme-alaba izan zituzten: Ramon, Pako, Pepe, Manuel eta Rosario.

        Krisellu-gille zan ogibidez, eta margolari. Puyuelo —gaur Fermin Calbetón— kalean zeuzkan bere denda ta lantegia: semeak ere aitari jarraitu zioten, onen lanari loturik. Umore onekoa genduan, eta iñoiz ere lo etzegoena. 75 urteko zala, biotzetik gaixotu ta seme-alabak biran zitularik, 1906-8-20'an eman zuen azken arnasa.

 

NEURTIZLARI PORROKATU.— Lerarik baldin ba'dugu barnean —eta nork ez?—, lera orren ariora jokatu oi da geienez. Taiu ortan jarduna da Ramon Artola ere: tarteka-marteka bertso-lan pilloak lotu zizkigun. Orduko aldizkarietan dauzkagu, «Euskal-Erria»-n, «Euskalzale»-n eta «Ibaizabal»-en bereziki; eta or-emengo moldiztegietan argitara oi zitun bertso-paperetan, 1860'tik aurrera. Orrelako lanakin sariak eskuratu zitun, 1879'an Elizondo'ko festetan garait-saria, Bera'koetan 1880'an lenbiziko aipamena, Itziar'en 1884'an, eta abar.

        Aita Zabala'k, R. Artola'ren Sagardoaren graziya ta beste bertso asko'rekin eman zion asiera bere «Auspoa» bildumari. Ementxe datoz tolosarraren bertsorik ederrenak, an eta emen batuta. Iru zatitan legez banantzen du bere xorta: 1) 1880'garren urte aurretik egiñak; 2) 1880'tik geroztikoak, eta 3) «Egunaren eta urtearen erak» izena dutenak. «Bañan ez dezala —dio— iñork pentsa liburu au artuta Ramon Artolaren bertso geienak eskuratu ditula. Atera zitun arek bertsoak beste olako zazpi edo zortzi liburu osatzeko lain».

        Donosti zarreko izkuntza du, errez ta yaukala. Maitasuna abesten du oroz gaiñetik, Bilintx'en antzean; eta bigarren orduko gertakari ta azturak, oikuntza ta aribideak. Karlatarren azken-gerratean liberalakin ibilli zitzaigun «ugal-zuri» (voluntario). Bere liburu bat: Guipuzkoako Kondaira laster bat, itz-neurtuzko moldaeran (Donosti, 1909).

 

        (Ikus J. Manterola, Cancionero Basco, III sailla, 837 orr.; S. Onaindia, MEOE, 356 orr.; L. Villasante, HLV, 277 orr.; «Auspoa», I alea).

 

Bilaketa