literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

4.— Mayi Ariztia

(1887-1972)

 

        «Mayi Ariztia» ipuinlari bikain duzu, 1887-7-28'an Sara'n munduratua. Diharasarri Gotzaiaren illoba. Sara'n bertan eta Mont de Marsa'en ikasi zigun.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Gaztetatik zetorren argi ta erabakitsu, ta urteetan aurreratuz doai oiek gaillendu egin zitzaizkion nabarmenki. Apurka apurka euskal idazle trebe biurtu zan, ipui-saillean batez ere.

        «Gure Herria»-n, «Herria»-n, «Egan»-en eta «Anuario de Eusko FoIklore»-n idatzi du. «Gure Herria»-n asi zan, 1934'an, bere Amattoren uzta, ipui sorta mardula argitaratzen; «Eusko Folklore»-n (1934) Leyendas laburdinas eman zizun, eta «Egan»-en (1949) Bi ohoinen ichtoria.

        «Gure Herria»-k saparata bezela Amattoren uzta: La moisson de Grand'mere (Baiona, 1934) eman zigun. «La Presse» irarkolan. 73 orrialde. «Amatto au —diosku P. Lafitte'k sarreran— aur askoz inguratua, baiña gazteegi oraindik biran ditun aurrak zenbatzeko, Sara'ko Lehetxipia etxean bizi da: Marie Ariztia andrea da. "Uzta", ordea, folklore-zale bikain onek gaur euskal erriari eskeintzen dion eusko-ipuin zaarrez osaturiko bilduma zoragarria duzu» (3 orr.).

        Amasei ipuin dira guntiz, poliki, errez eta xarmant aundiz, «biper eta gatz», umetxoentzat atsegingarri, edestu ta sailkatuak. Berak onan aintzin solasean: «Oharturik nere haurrak zein prestuki egoten ziren, lorietan, xoratuak, ixtorio aditzen, etxeko neskatoek kontatzen ziozkatelarik, gogoatu zitzaidan behar nituela ixtorio zahar horiek, eskribuz eman, beldurrez eta ahantz. Eta gero, nere haurrek erran detzozten beren haurreri, hek, ttikitan, horren goxoki entzun zituzten ixtorio, berak. Baziren, franko, neronek haurrean, aditu nituenak, eta zein gogotik, entzuten nituen berritz! Hola bildu nuen beraz ixtorio andana bat. Geroztik, Aita Donostiak sustaturik, egin ahalak egin ditut ixtorio, multxu hori emendatzeko. Baditut zenbait bildurik, xerri lanetako ekarria ginuen emazteki baten ganik: harrek odolkiak eta lukenkak egitean, ixtorioak erran eta, nik, har».

        Itsasu'ko artzain bategandik ere asko jaso zituen; baita Sara'ko midiku zahar bategandik, eta batez ere, Sara'n sortu ta Zugarramurdi'n bizi zan zahar ipuin esale bategandik. Zahar au ara ta ona ibilli oi zan, gure bertsolariak lentxe, ipuin-esale jator. «Ibil arazten zuten —dio Ariztia'k—, etxez etxe, arto xuritzetan, auzo guziak elkarretarat bildurik arto xuritzen hari zirelarik, harek ixtorioak erran, eta bertzek, entzun, ernerik, loaletu gabe, beren lana gisa hortan aiseago ta gehiago egiteko, omore hobean! Alaber eremanazten zuten, etxetan Eguerriko bespera arratsean, gauerdiko Meza bitartean, ixtorio erraten haritzeko. Ekarrarazi nuen, gure etxerat, xoilki, bere ixtorio ederren kontatzeko. Pasatu zituen bi egun; ez nuen atxikitzen ahal izan gehiago: sobera grina zuen etxean utziak zituen bere iloba ttiki umexurtxez. Ikustekoa zen, zein goxoki eta eztiki kontatzen zituen bere ixtorioak, Ebanjelioa bezein egiak izan balira bezala, hitz bat uts gabe! Bere ixtorioak kontatzen zituen, supazterrean jarririk, kapelua kendu eta belaun punttan emanik, begiak erne, urrunerat begira. Zer horen goxoak iragan ditudan harkin!».

        Arrituta zegoen Mayi arek zuen memoriaz; ez zekien irakurtzen, ez idazten; liburuetan ezer ikasi gabe, bere aurretikoengandik artuaz oroitzen zan ederki. Onela bukatzen du ipuin biltzailleak bere itzaurrea: «Agian irakurtuko dituztenek izanen dute nik horien hartzean izan dudan atsegin bera. Eta dena izanen da gure Eskuararen onetan, haren maitarazteko eta hedarazteko, Jainko maiteak haala nahi duelarik!» (5-7 orr.).

        Izlari ere ibillia dugu. 1933'an, esaterako, Donostia'ko Uda-Ikastaroetan «Uskal-etche Zaharrak» gaiez ederki mintzatu zan.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 34 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 524 orr., eta Diccionario (An-Artazu), 432 orr.).

 

Bilaketa