literaturaren zubitegia

944 idazle / 4.487 idazlan
6.741 esteka / 5.267 kritika / 1.828 aipamen / 5.187 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Xabier Lete

«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, 1944) plazagizon osoa dela esan liteke: poeta, kantari, antzerkilari, politiko... Jendearekin konektatu eta komunikatzeko gaitasun handia du; interesgune ugari ageri du, eta horrek ekarri du bere liburuetako gai aniztasuna. Joera batekin lotzekotan, existentzialismoan kokatuko genuke: giza izatearen zergatiaz galdetzen du, kexu eta samina adieraziz; kezka orokor horrek hainbat adar hartzen ditu gero, abstrakzioaren bitartez poema erlijiosoak egiteko (kristautasuna eta panteismo partikular bat uztartuz), edo konkrezioaren bidez euskal gizartearekiko ezinegona azaltzeko.

        Filosofiaz existentzialista bada, literatur estiloz espresionista dela esan liteke, hots, Lasa inpresionista zen bezala, pintzelkada finez giro bat ematen ziguna, Letek adierazmodu indartsu eta sarritan bortitza erabiltzen du, pasioz eta irrikaz betea.

        Leteren lehen liburua Egunetik egunera orduen gurpillean (1968) izan zen, eta handik hartu ditugu lehen bi poemak; bata neurri librean egina, eta bestea, Lekuonaren antzera, hitz neurtutik abiatuta librerantz jotzen duena, errimari uko egin gabe halere.

        Urrats desbideratuak (1981) izan zen Leteren hirugarren liburua, eta handik hartua da «Aberria, orain» poema. Lexikoan joera berri bat ekarri zuen: hitz atzizkidun ugari sortzen eta sartzen ditu, bere adierazpidearen ñabardurak hobeto zaintzeko eta esateko modu biribilago, ozenago baten bila ere bai agian. Bestalde, olerki hau Letek Euskal Herriarekiko sentitzen duen harreman gatazkatsu eta agonikoaren adibide ere bada; harreman kontraesankor hori hobeto ulertzeko interesgarria da jakitea, nola, poema honen kontrapuntu bezala, geroko liburu batean (Zentzu antzaldatuen poemategia, 1992), bukaera hauxe eman zion beste olerki bati: «Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?»

 

Obrak:

— Egunetik-egunera orduen gurpillean (1968)

— Bigarren poema liburua (1974)

— Antzerkia deusestik izatera (1977)*

— Urrats desbideratuak (1981)

— Biziaren ikurrak (1992)

— Zentzu antzaldatuen poemategia (1992)

 

Bilaketa