literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Saiakera eta hizkuntzen pizkundea

 

Txillardegi

 

«Salbatore Mitxelena»

Jakin Sorta, 1966

 

        Saiolari bikain bakar bat eman du orain arte Euskal Herriak: Unamuno; bainan erderaz eman du. Eta alde hortatik eman ez baina galdu egin duela esan dezakegu. Ideiei buruz ez gutxiago, nere ustez: Unamuno Euskal Herriaren etsai hutsa izan da funtsean. Baina iritzi honen kontra saiatu bait zan S. Mitxelena bere liburuan, utz dezadan nik hau bere horretan. Eta hau galdegingo dut: Unamuno-z kanpo, zer dugu? Zer dugu euskeraz? Zer eman du Euskal Herriak euskal saiakeraren sailean? Egia aitortu beharra dago: ezer gutxi. Euskal saiakera oso ahula da gaurkoz (eta ez saiakera bakarrik, zoritxarrez!).

Euskera ahultasun hortatixek bere ahalean ateratzen saiatu zitzaigun hain zuzen Salbatore Mitxelena zana; eta «Unamuno ta Abendats» bere saiakera famatuak puntu goren bat iritzi du euskal saiolaritzan. Bere liburu horrek ba du entseguaren plegua: iritzi sendo bat oinarri eta gidari, Unamunoren izkribuz egiztatzen saiatzen da liburuaren horrialdeetan barrena; eta hau egitekotan, Unamunoren bere ezagutzapena erakusten du. Ideia nagusi bat agerrerazten ahalegintzen da, filosofoak bezelaxe hitz batez; baina puntu zehatz batez ari zaigu: gure honetan, Unamuno euskalduna ote zan galderaz.

        Hauxe izan diteke, nik uste, saiakeraren definizio on bat: puntu bakar bati buruzko filosofi apurra, lehenengo abstrazio-mailan egina, izanaren funtsera zabaltasun eta sakontasun guzian abiatu gabe.

        Euskal saiakeren bilduma bat egitea erreza da: Salbatore Mitxelenaren saiakera dugu gailen: liburu gutxi dago euskeraz «Unamuno ta Abendats» deritzana baino irakurgarriagorik. Eta, zer gehiago? Jean Etxepareren «Buruxkak» eta «Beribillez» liburu mamitsuak ditugu, ez behar bezin ezagunak euskaltzaleen artean. (Halere Etxeparek ideki zuen euskal saiakeraren sail hau, eta Laffitte kalonjearen hitzez esateko: Etxepare da «gure lehenengo» saiolaria). Ilara honetan beti ere, Jon Etxaideren «Amasei seme Euskelerriko» aipa diteke, Jon San Martinen «Mogel» saiakera laburra, Txillardegiren «Huntaz eta Hartaz», eta ausaz beste bizpairu liburu gehiago, orain nik ahaztuak. Baina kitto: beste egiazko saiakerarik euskeraz ez dagoela esan diteke.

        Oso inportantea dalako, xehetasun bat oharrarazi beharra dago. Noizkoak dira aipatutako saiakera horiek? Lehendabizikoa, «Buruxkak» 1910-ekoa dugu; eta azkena, «Huntaz eta Hartaz», 1965-ekoa... Mende honetan sortu da, beraz, euskal saiakera.

        Alderdi batetik, egia esateko, «saiakera» hitzari zabaltasun haundixeago emanez gero, ba zegoen lehenago ere euskal saiakerarik. «Saiakera» hitza bera batzutan aurki diteke aspaldiko erlijio-liburuetan: Gerrikoren liburu batek, esate baterako, «Kristau-Dotriña guztiaren ezplikazio saiakera» du izenpuru. Irizpidea horretara laxoturik, Atsularen «Gero» bera saiakeratzat har diteke; eta hortara jokatuz gero, «Gero» izango litzake euskal literaturan idatzi dan saiakerarik ederrena. Nekazaritzari buruzko Duvoisinen «Laborantzako Liburua», Iztuetaren «Guipuzkoa'ko Kondaira», Kardaberatzen «Euskeraren berri onak», Etxeberriren «Nabigazioneko Liburua» (beste euskaldun baten erdal-liburuaren itzulpena baizik izan ez arren), eta beste zenbait ere, sail horretan jar genitzazke. Saiakera ahal da, esate baterako, Aita Xarritonen Kondaira? Saiakerak ahal dira Zinkunegiren eskola-liburuek? Ez nere ustez.

        Gaur egun, saiakerak sentidu berezi bat hartu du munduan: erdi literatura erdi filosofia. Saiolaririk ezagunenak aipatu besterik ez da: Berdiaeff, Ortega, Unamuno, Etiemble, Merleau-Ponty, Aron, Jaspers... Nor da ari, gure artean, modu horretara? Noren euskal liburuek dute kutsu hori?

        Saiolariak filosofiaren ertzean ari dira. Mauriac-ek saiakera batzuk ditu, Camus-ek, Huxley-k, Baroja-k bezala; baina gehien bat, Russel, Toinbee, d'Ors eta Sartre, esate baterako, agertzen zaizkigu saiolari, puntu xehei buruz filosofigintzan ari diralarik. Saiakera ez da, hertsiki aztertzera, ez teologia, eta ez pentsamentu-sistema oso bat ere. Bainan irakaskintza hutsa ere ez da. Saiakera, beharbada, problema zehatzei buruzko «makro-filosofia» izenda diteke. Idazle baten saiakera guzien oinarrian bere «makro-filosofia» aurki dezake filosofiak: saiakera «grafia» litzake, eta filosofia integrazio bat, «logia» bat.

        Euskal saiakera, argitzapen horiek emanez gero, jaio-berria dala esan dezakegu. Eta, agertuko danez, ezin zitekean bestela gerta: Euskeraren eta Euskal Herriaren beraren pizkundearekin batera agertu behar baitzuen euskal saiakerak. Eta horixe gertatu! Euskal Herriaren pizkundea, zernahi esanagatik ere, ez bait da aintzinatik loratutako adaska gutartean!

        Azken mendeetako literatura guzien kondairan aurki diteke fenomenu berbera: saiakeraren jaiotza hizkuntzaren pizkundearen seinalea da; hizkuntzaren pizkundea herriaren beraren zuzpertzearen seinalea dan arabera. Hizkuntzaren piztea eta saiakeraren sortzea elkarrekin doaz. Elkarri lotuak dira sustraietik: ezin bata sor bestea gabe.

        Hizkuntza mintzabide bat da, elkarri ideiak adierazteko tresna bat. Hau ez dalarik, hil egiten da. Hau da kakoa behin eta berriz.

        Hizkuntza baten osasuna edo indarra neurtzeko, beraz, mintzabide zein mailatan dan ikertzea bezelakorik ez dago. Hauxe dugu argibiderik ziurrena hizkuntzean bizitasuna ikertzeko.

        Hizkuntza bizien literaturetan, (espainerazkoan, esate baterako) mintzabide-tasun hori gizarte-biziera osoaren eremuan aurkitzen dugu: espainera mintzabide da bizi-maila eta jakintza-mota guzietan. Espainera hizkuntza bizia da, dudarik gabe.

        Hizkuntza ahulen literaturetan, aldiz (bretoinerazkoan, esate baterako) mintzabide-tasun hori Bretañia-ko bizieratik at agertzen zaigu soilik. Zertan erabiltzen da bretoinera? Ez ideiak elkarri adierazteko, ez eginbeharretan elkar aditzeko; egiatik aldegiteko eta alegiazko ipuinetan gerizatzeko eta amets-egiteko baizik. Literatura txiroetan olerkia nagusitzen bide zaio biziari; bainan areago zaizkio ipuina eta sasi-olerkia bai olerkiari eta bai biziari nagusitzen; eta berebat belaskeria sentimenari, gezurra egiari, ametsa kondairari.

        Kasu! ez dut nik, noski, gorroto edo mesprexu mendrenik ere euskaldun olerkariekiko: ez, eta mila aldiz ez. Baina hizkuntza bat ipuinak kontatzeko, edu onenean olerkia egiteko gai denean, eta ez bestetarako, hizkuntza hori, olerkia aitzaki, amets hutsen tresna hutsa bihurtzen da, eta herriaren ezpainetik aldatzen; gure hartu-emanetan ari bait gera olerkiez, eta gutxiagotan ipuinez. Olerkariek berek dakite nik baino hobeki olerkia ez dala (ondikoz!) eguneroko ogia! Zer esango, hortaz, sasi-olerki negarti horietaz, herri baten idaz-lan bakarra bilakatu diralarik? Zer esango, gezurrezkoa dala baizik?

        Egia esateko, besterik ere idazten danean, sasi-nobela eta sasi-teatroa ez da sasi-olerkia baino hurriago! Baina hizkuntza osasuntsu eta bizi batean, literaturaren zati txiki bat da olerkia, ez literatura osoa. Eta olerki egiazkoaren zati horretan ere, oso zati mehea dagokie ametsezko pasadizuei eta folkloreari. Espaineraz ba dago Rubén Darío, eta ba dago Juan Ramón Jiménez. Baina ba daude ere Zelaia, Unamuno, Azorin, Benabente, Laín Entralgo, Pérez y Pérez, eta baita «Espasa», «Tecnicos Labor» eta «Aranzadi» surta ugariak ere. Denetarik dago! Espaineraz irakurtzen duena ez dago, nahi-ta-nahiez, zotinka bukatzera behartua!

        Adiuntza batzutan bertso-egileek idaztea, eta ez beste iñork, ez da bertso-egileen errua. Noski! Bainan ohargarria da, aztergarria: zergaitik baliatzen dira hizkuntza ahulaz bertso-egileak, eta ez beste inor? Eta ez nolanahikoak, negartiak baizik?

        Hizkuntza beti ere mintzabide dalako. Noren mintzabide eta zertaz mintzabide kasu horietan? Beren herriaren heriotza inolaz ere jasan ezin dezateken abertzale biguinena, eta ametsezko aberri batez «garbiki» mintzatzeko. Horrelakoak etnien akaberan eta pizkundearen hastapenetan sortzen dira. Sasi-olerkia morfina da berentzat. Baina abertzaletasunaren sua piz diteke ere horien zirikaldian.

        Itzul gaitezen berriz Bretania-ra. Bretoineraz zer dago idatzirik? Esan bizaigu Roparz Hemon bretoin abertzale ezagunak: «Le Barzhaz Breizh (Bardit de Bretagne) est le livre de langue bretonne le plus célebre jusqu'ici dans le monde. C'est un recueil de poémes —plus exactement de chants». (La lengue bretonne et ses combats, 100gn. horr.). Kantubilduma bat, beraz, liburu nagusia. Zer Bretania da kantuetako hori, alegiazkoa baizik? Zer da hori, Bretaniako egia garratzari etsia egiteko bide bat baizik? Hizkuntza mintza-bide bilaka dedin neurriak hartu beharrean, Hersart La Villemarqué-k bretoinera egiazko mintzabide bilaka dakien behar dan ekintza politikoaz eta literatura-lanaz bretoinen ahoetara eramaten saiatu beharrean, bretoinera ametsezko parabisu batean sarrerazten du. Olerkari baino ameslari agertzen zaigu; eta A. Jeannoy'k hau esan dezake: «Il s'occupe de bonne heure, avec plus de fantaisie et d'enthousiasme que d'exactitude et de critique, des antiquités littéraires».

        Eta bere ihes-nahia gaur nabarmena zaigu. Kontutan hartzekoak dira, nere ustez, «Hersat» Villemarqué-ren beste liburu-izenpuru batzuk: «Contes populaires des anciens bretons», «Poemes des bardes bretons du VI-ème siecle», «La Légende celtique», «Myrddhin ou l'enchanteur Merlin», «La Legende de St. Gurthiern»...

        Horrela, berari buruz ari dalarik, hau aitortzen du Marcel Guieysse bretoin abertzale suharrak: «Le temps d'est plus où La Villemarqué se complaisait dans cette pensée que la grande vertu de la langue bretonne était de protéger le peuple breton contre l'hérésie et la philosophie» (La Langue bretonne, 89 gn. horr.). La Villemarqué-k Bretania maite zuen, hau bai; baina gaizki ikusten zuelako, aurrez-aurre begiratu eta burruka egin beharrean, amets egitea erabaki zuen.

        Gauza bera salatzen du Gourvil-ek ere: XIX-garren mendean «dena» («tout») idatzi omen zan bertsotan. Dana ehun urtez!

        Eta ez dugu hau ahaztu behar: garai hartantxe bota zuela Le Brigant'ek (Grégoire de Rostenen-en ideia jasoaz) bere «teoria» hura, Bretania-tik kanpora ere aski ezaguna: bretainera mundu guziko hizkuntza guzien jatorria edo «ama» dala... Orduko bretoin-zaleen artean indar haundia hartu zuen zorakeria honek.

        Zer ikus diteke garai hartan egiazko Bretania-n kondaira irakurriaz? Bretania jendez hustutzen hasi zala, lanik neketsuenak eta gogorrenak bretoinek egiten zituztela, ezjakintasuna guztiz hedatua zegoela, hizkuntzak begiramentu guzia galdua zuela eta ezertarako balio ez zuela, Fraintziaren eragina sekulan baino bortitzagoa zala: Bretania-ren amaia ikusten da, beraz. Bretoinen literatura osoa XIX-garren mendean bertsotan inprimatzea eta Bretania-ren akabera, elkarren irudia dira, besterik iruditu arren; fenomenu berberaren bi aurpegiak dira; Bretania egiatik alegiara pasa zan, ahoetatik ametsetara, Kimper-tik Ilargira, lurretik hodeietara, herriak berak nora edo hara joan behar bait zuen, bretointasuna izarretara bidalduz! Literatura hura, horregaitik, zerura joandako arima baten hileta baizik ez da...

        Finlandian, beste adibide bat emateko, abertzale-mogimenduak (Lönnort osagilearen bidez) «kalevala» deritzan bertso-sorta eman zuen 1835-ean. «Kalevala», berriz ere, kanta zaharren bilduma bat da. 1860 arte az zan egiazko finlanderazko literatura-pizkunderik sortu; eta hau abertzale-mogimentuarekin batera mamitu zan. Gisa da.

        Are gehiago. Askotan (eta ez Euskal Herrian bakarrik) sasi-olerkari horiek (sasi-olerkari baizik ez bait dira sarritan) ez dira gauza izaten beren olerkietan erabilitako hizkuntzaz beren bizieran erabiltzeko. Bertso-egile faltsu anitzek horrela jokatuz, beren olerkien mamiaz eta beren olerkien hizkuntzaz, egiatik ihes nahi zutela erakusten digute nabarmenkiro. Gure artekorik ez aipatzeko, on izango luke irakurleak Bretania-ko gora-beherak aztertzea.

        Ihes-egin: hauxe da xedea. Hizkuntza ez dute sekulan mintzabide nahi: ez beren buruentzako, ez inolaz ere herritar «arlote»en artean honda dedin: ihespide hutsa bai. Literatura eta hizkuntza bera beren amets eroen bideetan barrena nahi dituzte abiarazi; eta lortzen duten heinean, hizkuntzaren eta herriaren ahulezia neurtzen dute. Hizkuntza erritik at erauzi nahi eta ipuinen hodeietan «garbi» gorde nahi horretan, sustraia bat da: kantutan, bertsotan, gertaera zoragarritan, zatarkerietatik landa, haragirik gabeko «pertsona» zozoen ahoetan, sekulan ez izandako sasi-herri zerutar batean, hor «gorde» behar...

        Maurois-en esakuntza bete-betean erants diteke oraingoan: «Le roman est un univers de secours». Zer esango giharrik gabeko mundu horietaz? Alegiazko izkribuak giro hortan, literaturako bakardade hortan, mortutik aldegiteko ihespide baizik ez dira.

        Literatura batek horretan diraueino, galdutzat eman dezake bere burua.

        Lerro hauek irakurri ala, nork ez du dagoeneko nabaitu Euskal Herrian ere horrelako zenbait gertatu zaigunik? Hogeigarren menderaino (eta ez 1901 ?eraino xoilki!) erromantiku negarti batzuen ihesleku hutsa baizik ez da izan euskera. Euskal Herriko ameslariak eta euskaltzale negartiak pertsona berberak izan dira gehienetan.

        Orain dala gutxi arteko «olerkikeria»-ren nagusitasun nabarmena, gure hizkuntzaren eta gure herriaren beraren eritasunaren neurri xuxena izan da. Gure liburu famatu batzuk irakurtzea dago, eta idatzi zituzten idazleen nortasunaz bidenabar ahal dana bildu, garaieko giroa eta literatura beti erkatuz: egiaren argiak eta larriak itsutu egiten gaitu. Elizako liburuak alde batera utzita (Bretanian bezela), gure Literatura, gutxi gora-behera, orain dala zenbait urte arte, abertzale bigun guzien aterpea izan da. Gure herriaren gainbehera latzegia izaki, ihes-leku eta ihes-pide batera izan da «olerkia».

        Iheskeria horietatik aldatu nahi dugula adierazten duelako, euskera euskaldunen mintzabide izatea nahi dugulako, pozgarri izan zaigu arras saiolaritzaren jaiotza. Urte askotan! «Unamuno eta Abendats» liburua guztiz zaigu itxaropenez betetako zantzua. Salbatore Mitxelenak bide zuzena erakutsi digu.

        Saiolariak egia adierazi nahi du (benetako olerkariak bezelaxe, bestalde!). Ez du amets-egitekotan idazten; hizkuntzaren aitzakian ez da ihes-leku bila ari. Hizkuntza adimenduaren tresna dan aldetik hartzen du saiolariak, eta zaiona besteri adierazten diardu. Hori eginaz, literatura haurtzarotik ateratzen da: saiakeraren bidez ipuinetatik egiara igarotzen gera, nahikundetik nahira, malkoetatik ekintzara, atzotik biharrera. Urrats hori eman duen hizkuntzak bere burua salbatzeko bidean jarri du. Herri horrek bizitzea erabaki du.

        Bidezkoa da, nahi-ta-nahi ezkoa hobe, herri batek (eta bere literaturak) erromantiko modura hastea: ametsez eta lilurez elikatzen dira hastapen guziak eta gaztaro guziak. Hortan gelditzea da txarra: beharrezkoa da urrengo urratsa ematea, eta kantu legunetatik egia gogorretara eta ekintzara pasatzea.

        Finlandiarrak pasa egin ziran, eta beren hizkuntza mintzabide bihurtu dute. Bretoinek ez (1940-ean gaizki jokatu zutelako batez ere), eta berena azkenetan dute, eta herria apurtua. Gure herriak ez hiltzea erabaki duenez gero, ametsezko sasi-olerkiari aldegin behar dio, eta saiakerari fermuki heldu.

        Mundura sartzeko delibero irmo horretan, literatura indartzeko nahi zindo horretan, ideiak adierazi behar horretan, mamia nagusitzen zaio itxurari, azaldu-beharra «garbitasuna»-ri, gizatasuna folklore-keriari. Literatura gizondu egiten da. Saiakeraren izanak berak giroaren aldakuntza sakon bat dakar ezinbestean; eta hau osasungarria da.

        Saiakera bat idazten duenak, bestalde, gertu ez dagoen hizkera baldres bat aurkitzen du bere luman: mintzairazko tradiziorik ez izatea zer dan ongi neurtzen du. Hala ere, ideiak bere herriari saldukeriarik gabe azaldu beharrez, «lur-berri»tan abiatzen da; eta ezinbestean, bigunkeritan ari-izanez gero sekulan ez somatu eta ez urratu egingo ez zituen bide berriak prestatzen ditu; eta hori dala bide, hizkuntza bera osatu eta indartu egiten du. Fenomenu hau nobelagintzan baina aisa nabarmenago gertatzen da saiakeragintzan.

        Saiakeraren bidez egia argitu nahiz, beraz, goitik behera aldatzen da hizkuntzaren mundua. Hizkuntza ez da sasi-helburu egoten, baina egiazki mintzabide eta egiazpide bihurtzen. Saiakeragintzan abiatzen diren hizkuntzek, egiazki hartzen dute pizkundearen bidea, saiakeraren bidez egia eta mintzairaren gaitasuna bera batera indartzen diralako.

        Jakina: saiolaritza hutsa, besterik gabe, ez da aski. Literatura oso bat ez da aski: frantsesezko literatura ederra da, baina Guernessey-n inglesera nagusitu zaio; eta Alsazin-n frantsesera alemanari. Pikuan egotea litzake literaturan jartzea itxaropena; eta jarria izan dalako gogorazi nahi dut. Bizi-maila guzietan eta hartu-eman guzietan hizkuntza bat arras mintzabide ez deino, galduta dago: eskola eta irakaskintza, kasetak eta telebista, herriko-etxeetako bulegoak eta bankuetakoak, euskaldunen arteko hartu-eman guziak, goitik behera, euskeraz izan artean, jai dugu euskaldunok. Honek ez du duda-izpirik uzten.

        Baina gaur hemen literaturari gagozkiola, euskal saiakera bultzatu behar dugula esan nahi dut goratik. Ez saiakera xoilki, noski. Baina euskal saiakera bultzatuz urrats haundi bat emanaraziko diogu gure Literaturari.

        Bene-benetan zaigu jarraigarri S. Mitxelenak erakutsi zigun bidea.

 

Bilaketa