literaturaren zubitegia

939 idazle / 4.456 idazlan
6.732 esteka / 5.217 kritika / 1.828 aipamen / 5.184 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Nikolas Ormaetxea, Orixe

 

Lenengo argitalpenaren itzaurrea «Euskaldunak» poemari

 

Orixe

 

«Euskaldunak»

Itxaropena, 1950

 

        IKASIENTZAKO

        Ez-ikasia balin ba zera, utzi ezazu aurren-berriketa au, irakurle, ta sar zaite bete betean bertsuetan; zuk egiñak bezala baitira, ta zuretako egiñak batez ere. Ikasia balin ba zera, zurekin dut izketa au. Ez ditut egin bertsu ok, ain zuzen, zuretako: bai ordea zuk ere irakurriko dituzulakoan.

        Bertsu otaz iritzia eman baino len, irakurrazu aurren-izketa au, nire lan oni bear dan gaindegitik begira dezaiozun.

        Au izan dut len asmo: nik moldatu dudan poema au, erriak moldatua litzan gisan egitea; nik egin ditudan bertsu ok, erriak egin zezazken gisan egitea.

        Ortan ez dezu gertakizun ontan maratil askorik bilatu bear, ez naspil aundirik bereizi bear, zenbait novela tzarretan bezala. Ez ta eriotzik eta beste gauza lazgarririk dramaetan bezala. Erri bat bere oiko lanbidetan, jolasetan; ipuietan, sukaldean, bizian, eriotzean agertu nai nizuke, gauzak eskuarki edo komunzki gerta oi diranez.

        Aspaldiago asia nintzan, Europa'n gertakari ezaguna dala ta Orreaga'ko edo Roncesvalles'ko gudu-erasoa ointzat artuki, lengo epopeia zarren antzera euskal-biziera emateko asmoz; baina gauzak ekarri egin bear ziran tiraka, etorri ez baitziran egiten.

        Carlomagno, Roldan eta euskaldun buru ez-ezagunai agur egiñik, bestetara jo bear izan dut bada azkenean. Europa'ko poema garaienak irauli ta aztertu nitun begiratuki, ta alakorik egiterik ez nedukala igarri nion; batez ere, etxe-barneko gauzak, lanbide, apustu, dantza ta abar, ezin agertu baititezke beren etorrizko burubide batean. Etorrizkoa egiten saiatu naiz bada, ez ekarrizkoa.

        Gauzak aroak dakartzin bezala ederrago ageri zaizkit.

        Ekarria ez da erreza, ongi ekartzen beintzat; etorria, ots, ugaritasuna ez ta ere, gairik aski biltzen ez bada; etortasuna da zailenik eta bearrenik, eta nere poema ontan, ori, ager dedin nai nuke.

 

* * *

 

Zer saili dagokio bada nire poema au? —diokezu— orain-arte ele-ederran edo literaturan eman diranetara buruz? Epopeiari urbilenik. Bestela esan: folklore edo erri-jakintzazko poema egitea gogoak eman dit, folklore au baitago gaur aiputan. Epopeiarekin bai al du ar-emanik? Ain zuzen ere, Epos zalako izketa edo kontaketa ori, gerra-gauzetara soilik ekarri oi zuten antziñatarrek, aien bizimodua gerra-baitzan agiz. Istoria bera ere, oraintsu arte, gerra-kontua besterik ez da izan. Egun, ordea, erri batean agerikoak oro sartzen ditugu istorian. Baita nik ere poema deritzadan ontan; istori zearo baitut egin, guzia toki batean eta mende batean, egina litzan gisan. Mende zarrik ere asmatu-bearrik ez; bizimodu zar onen geienaren lekuko nerau izan bainaiz.

        Euskalerri osoa dut kanta-gai, ez biko bat edo beste, gure gauzeri lokarri bat ezartzeko asmatu ba dut ere. Lepa-zintzailu eder batean, arri-pitxiak dira bearrenik, bein «Lizardi» zanak (Goian bedi) esan zidan bezala: aria izan diteke naiz olako, naiz alako. Nire ustez Camoes'ek ederki:

 

«eu canto o peito illustre lusitano».

 

ta ez Vasco de Gama ta Ines de Castro.

        Bertsua bai, asma nezaken ene belarrieri ta jakintsuren batenari obeki letorkiona; ez ziteken ordea erriarena, ta ez errirakoa.

        Homer'ek ere seineurriko ordez (hexametro ordez) solaskarako (logaedikos) egin izan ba litu, obeki liduriket, erritarrago bailitzake, ta erri-bertsuetan ere errez esan bai litezke ain gauza aundiak, ezpainak asko arrotu bage. Apustu, ekaitz, burruka ta abar, epiku-usaia emateko moduko gauzak ba ditut, asmatuz geroz. Erri-bertsua egin dut ortaz, erriak kantaz ematen diguna, ta ez beti era batekoa, gaiaren araura. Bertsu latz samarra itxuratzeko ere esan zidan adierazle batek, aintziña-usaia ar zezan, alegia; zenbait aldiz, ordea, uste ta nai baino biribilagoa atera zait, eta ez dut urratzen alegiñik egin.

        Aspaldi bertsuari utzia ta, lenbiziko atalean edo kantuan latzagoa atera zait, eta askotxo aldatu bear ta, bere ortan utzi dut. Gure erriak maite du bertsu biribila. Pello Mari Otaño burura zait.

        Zentzuz egindako bertsuak ba ditu naski, baina puntu zailak ditulako ere, atseginetan entzuten ditu gure erriak: esaterako, noiz, goiz, iñoiz, arrazoiz.

        Nere lan oni kera berri bat ematen saiatu naiz: ez Homer'ena bezain lasaia, ez Horati'rena bezain tinkoa, bien tartekoa baino. Gauza eder aunitz esan, labur esan, arin eta laister eman, ustez beintzat. Erri-kera asmatu dudala nago alde batera, baina bestera, batez ere poema au beste izkuntzara biur ba ledi, norbaitek esan lezake, erri-tajuz ez dauden gauzak ere an emen ba ditula. Ez ordea niri ala iduritzen, gure euskera bizkor onek, ondoko erderak baino erri-erriari gauza izkutugoak eta geiago adierazi baitezazkio, nik uste.

        Ez dut lan ontan deusik asmatu. Erria dan bezala azaltzen saiatu naiz: «res ipsa loquatur»; gauza bera mintza bedi. Zertako ni asmaketan asi? Ba liteke neure burua gogo nuen bezala ez osotara gorde izatea, erria jatorrago ager zedin; baina Europa'n iñon poema errikorik egin bada, au dedin nai nuke. Bein esan: Euskalerria nire agoz mintzatu izatea nai nuke.

        Eunetatik larogeita amabost, gutxienik, neure begiz ikusiak, neure belarriz entzunak ditut; nik josi ta moldatuak ordea, batasuna ar dezaten.

        Izkuntza berriz... or dago korapiloa! Ez da guzien euskera, guzien euskerarik ez baita. Izan ba litza, ua emanen nizun. Geienik kompreni ditekena artu uste dut, asi Xubero'tik eta Bizkairaño. Gainera bertsutan ari garalarik, obeki elkar aditzen dugu euskaldun ok. Napar-euskera Laphurdi'n eta Gipuzkoa'n ez da arrotz egiten. Au baino au euskera obea danik, bearrago danik, ez naiz asiko, baino gauza bat gogora zait: euskerarik elkartuena Ameriketan egiten dutela nago, ta erriak beure buruz ipintzen dun oiñarri au ona dirudit diteken batasunerako edo diteken elkartasunerako. Napar-euskaldunekin bizi izan diran giputz amerikanoek napar-euskera artzen dute. Neroni ere, Tolosa'ko denda batean «amerikanua al degu berori?» galdegin zidaten, eta «ez, Naparroan euskeraz ikasia» erantzun nien.

        «Baita, baita» esanez arrazoia ontzat eman zuten.

        Laphurtarrekin an bizi izan diran naparrak ordea, beurena utzita Laphurtarrena artzen dute... Ortaz, ekusk-aldera jotzen du erriak ere. Urrenik, Naparroa'n ari banaiz tokiz, ango gauzak iraultzen baititut, ango keru apurra barkatuko al zait.

        Bertze ordez beste —Xuberon ere ala esaten baitute—, erran ordez, esan eta olakoetan, errezenera jo dut.

        Zenbait itz ez dituzu komprenituko —erriak bai ta zuregatik ez ditut baztartuko—. Ikasiko dituzu goiz edo berandu. Eunetatik larogeita amabost kompreni ba dezazu ere, ez da gutxi, gainerakoak elkarri argi eginez, tarteko itz banaka oriek gora bera, ez duzu gauzaren muinik agiz galduko. Gainera, zati bakoitzari dagokion argibide zenbait ikus itzazu orrialde bakoitzaren oinean.

        Itz berririk, nik, naiz bestek sorturik doi arkituko duzu. Phonetika «Eskualduna'ren» eta «Gure Herria'ren» antzenekoa artu dut.

        Iru adierazle izan ditut egin bitartean, eta iruren aburuz gauza ederra atera zait. Geroak ere berdin esan beza. Gainekoek lan au ongi ar balezate, urrengo argitaraldian itzaurrea kendu eginen nuke, ta oraingo utseginak zuzendu. Ortakoz, zuk irakurle, neroni ager izkidazu, kartaz, banaka-banaka zuzendu ditezkenak, euskerak beure liburua atera dezan.

        Izena «EUSKALDUNAK» ipiñi diot Camoes'en «Os lusiadas» en antzera.

        Azkenik, lan au egitera baztartu naizen bitartean lagundu didaten euskaldun jatorrai biotzez eskerrak ematen diet.

 

1935.

 

* * *

 

        Poema au neregatik galdua ziteken. Amabi urte ontan gure jendeak zenbat ibillera egin ditun onen atzetik, aditzera eman didate. Oinbeste merezi ba du, gure erriaren onerako dedilla. Eskerrik asko bein eta berriz.

 

1949.

 

Bilaketa