literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aintzin-solas

 

Piarres Xarriton

 

«Mendekoste gereziak eta beste»

Jean Etchepare

Goiztiri, 1961

 

        I.— Jean Etchepare nor zen

        Jean-Baptiste Etchepare eta Marie-Jeanne Landerretche Arbideko nausi-etxekanderen semea, Jean Etchepare Garazi aldean sortua zen, Jatsuko herrian, 1937-ko urriaren 31-an.

        Haur prestu bat bezala handitu zen, bere bost haurriden artean. Herriko eskolan zabilalarik, gaitz gaixto batek behartu zuen luzaz etxen eta ohean egoiterat. Nahiz ez zen sekulan ontsa sendatu eta bere gaitzak bihotzerat jo zion azkenekotz, herriko eskola kurritu ondoan Baionarat joan zen.

        Baionako Tekniken eskolan sartu zen, idazkari eta kondu-egile ofizioa ikasi beharrez. Orduan zitaken hasi eskuaraz izkiriatzen. Teatro lan ttipi batzu eman zituen lehenik edo bere burutarik hala nola «Arno Xuria» edo besten lanak baliatuz: Pagnol-en «Fanny», «Gaxuxa»-rentzat eta Tchekov-en «La Cerisaie», «Etxea Salgai»-entzat.

        Han ginituen egin ezagutzak: «Bourgneuf» karrikan zuen bere gela eta nihaurk, Eskualdun Gazteriaren apez bezala, barne bat hartua nuen alde-aldean, «St André»-ko plazan.

        Laster ohartu nintzan zer mutiko ixila, goxoa, langilea eta lagunkina zen, bere hogoi urtekin, Jean Etchepare.

        Ixila eta goxoa, erran dut, laket baitzitzaion egoitea, berdin oren osoak, geldi-geldia eta bakar-bakarrik, mahain baten aintzinean, liburu bat eskuetan, edo ostatu xoko batean jendearen harat-hunatari so.

        Bainan horren gatik, lagunkina ere zen izigarri. Maite zuen bere omonierrarekin eskolako lagunentzat kaseta ttipi baten muntatzea. Atsegin zuen arratsetan, Heletarat edo Baigorrirat itzuli bat egitea, hilabeteko «Gazte» bere lankidekin aipatu ondoan, «Eskualdun Gazteriako» harat-hunat guziak nahasteko orozbat. Igandetan, hiritar ainitzek lekuak husten baitituzte, bazohan berdin gure laguna Donostirat zezen lasterren edo liburutegien ikusterat bezain gogotik, hango ezagun edo adixkide eskualdunekin goxatzerat.

        Bere eskolak bururatu zituenean eta «Komerzioko Breveta» iragan ondoan, Baionako burego batean hartu zuten udako lanentzat. Gero Donapaulen sartu zen «Lurberrin» sekretaria bezala.

        Bazuen ordukotz ezagun asko Amikuzen barna ere gure Garaztar gazteak eta zinez laket izan zen bere lan-toki berrian.

        Halere urte baten buruan, Tekniken ikastegi berri bat abiatzen ginuela Hazparnen jakitearekin, laster onhartu zerautan laguntzaile etortzea.

        Ez dut uste laguntzaile hoberik, seguragorik izan nezakeen, Jean Etchepare baino. Iragan ditugun gora-behera eta xuri-beltx guzien artetik, erran dezaket ez dugula biek makur fits bat ukan.

        1961-eko abendoaren 10-ean, hamar egun barre, bihotzeko minak erhautsi zuelarik mutiko gaztea eta bere sorterrirat ereman zutenean elizaren itzalean azken loa hartzerat, ez ziren guti harritu herritar, eta etxekoak haren ehortzetako zer jendea bazen bildua ikustearekin. Hor zen bakarrik ageri zer estimu handitan ginaukan, ezagutzen ginuen guziek, Jean Etchepare maitea.

 

        II.— Zer Idazlea zen

        Berriz ere erranen dut mutiko ixila zela Jean Etchepare. Ixila bainan ez mottela. Eta zoin argia eta aria !...

        Boneta bere belar ederraren gainean gora ezarria, paltoa beti laxoan eta gabardina xuhail bat sorbalden gainean trebes, zuri so zagolarik bere begitarte arraiarekin, ez zauden sekulan lo haren gogo-bihotzak. Su pindar bat bazaukan haren begiak eta bihotz ikara bat haren lepoko zainak. Elasturiarik ez bazen ateratzen ere haren ezpainetarik, hitzik xuxenenak eta argienak lerroan prest zauden jiteko lumaren punttarat.

        Ikusiak oro ikasten zituen Jean Etchepare-k. Eta nehork ez bezala kondatzen. Hortakotz duzu haren ezagutzeko, eskutan duzun liburu hau irakurtzea askiko. Zinezko idazlaria zela eta ez nola nahikoa gure adixkidea, hor dugu hori bera seinale.

        Teatro lanetan xorroxtua zuela bere luma, idazle gazteak ontsa badakigu. Bera hil zen egunetan oraino, harek zioten apailatua Hazpandarreri, Jon Etchaide-ren «Markesaren Alaba». Bazuen ene ustez aski jite eta kar teatrolari handi ateratzeko, Jainko Jaunak utzi balerauku zohitzerat. Zorigaitzez...

        Maite zuen ere Jean Etchepare-k kasetetan artzea. Haur bat bezala ariko zen «Zer dela pentsa»-ka, hitz kurutzatuak asmatuz «Pan-Pin»-entzat. Edozoin berriketarik bezain ontsa kondatzen zituen «Herrian» Baionako eta Donostiko zezen lasterrak, Amikuzeko edo Hazparneko gazten pestak eta bidaiak. Bainan gazte dena jostagura baita beti, xixtako zonbait igortzen zituen artetik Maritxu Sariber-eri edo Piarres Duhour-i.

        Eleder edo Literatura alorretan beste ildorik idokitzeko on zela erakutsi baderauku Jean Etcheparek, iduritzen zait halere eleberrikari bezala (erderaz «novelista» edo «romancier») zuela sendi bere dei berezia. Beha bere laneri.

        Izan ditu Eskual Literaturak beste Etchepare batzu: Bat Garaztarra, gure hau bezala, Bernard Dechepare, Eskual idazle ta oterkarietan lehena. Bainan gure Jatsuar gaztea ez zen Eiheralarreko erretora bezala pertsutan ari. Doi-doia hamar bat egun hil aintzin egina zuen, bere kaierean hatzeman diogun olerki bakarra. Eta zer olerkia !... Jakituz bezala hartzeko, «Zoriona». Maite zituen gure hunek Eskuara ta Eskual-Herria, bainan ez XVI-garren mendekoek bezala. Orai-oraiko Eskualdun gaztetarik, erran behar dut, Enbata-tiarretarik baitzen Jean Etchepare. Ikus zer dion soldadoez «Kurutze Gorriak». Zer dion gerlaz «Etxekoak». Zer dion laborantzaz: «Eskual-Herria ez dutela ote ta iratze zangoek salbatuko».

        Beste Etchepare, Lekorneko mediku zenaren, bazuen menturaz eite gehixago: Ama Lekondarra ukanki-eta, bazuen gure Jatsuarrak alde hortarik bere eskuaran eta bere «xu» guzien gatik halako Lapurtar aire bat. Erran nezake halere, jaun mediku handiak beti guti edo aski prediku alkitik ari iduri baitu, gure lagun goxoak, supazter xokoan kondatzeko kondairak moldatzen zerauzkula.

        Nehoren pare ezartzekotz, Pio Baroja-ren lagun eman nezake Jean Etchepare. Badu haren begi kolpea, haren ezpain xokoko irri ximurra, bai eta ere haren aztapar ukaldi bera.

        Haurrean aste osoak ohean zagonean, haren izpiritu ernea beti atzarria baitzagoken, Peyo ttipia bezala dena beharri izana zen. Bazakien gero bi hitzez adiarazten orgen tarranta, behien orroa, zaldien trosta, auzoko etxekanderearen botta. Piarresen eskalapoinen hotsa. (Papo Gorria.)

        Berdin labur bazakien gure begien aintzinean ezartzen Etxebarne, «bazter guziak kurritzen zituela, denak berri harentzat» edo Bentaxuri Baionako Arkupetan sartzen ari, «bere haurra eskutik, boneta kopeta gainean xorrotx, errainetarik poxi bat makurtua». Uste gabetarik iduri, emanen zeraukun bere gogoaren berri: «Gerlak ez du behatzen aita bat, ama bat, seme bat duen hiltzen. Xakurrez berdin». Edo: «Beste gizonek ez bezalako sotasak baluzke apez batek». Eta oraino: «Bihotzean su baten ukaitea aski da, zorionaren ukaiteko».

        Mementoka beldur bat badugu: Barojaren eta Unamunoren kirestasunak ez ote duen bilduko eta garaituko, bere eta gure Txillardegi bezala. Haurrentzat eginak omen diren kondairetan ditugu behar bada aurkitzen ilunenak: «Hiruetan-hogoi-ta-hemeretzi kattalin gorriak ziloan sartu eta lurrez estali gintinan. Batere marrakarik gabe hil zitunan». Baduenetz Jon Mirande batek deus beltzagorik?

        Zorionez ordea ixiltasunak eta bakartasunak bortizki frogatua zuten, berak zion bezala, idazle gaztearen fedea. «Jainkoaren amodioarentzat bezala, ama bat bere haurrentzat xahutzen» ikusia zukeen. Horra zertako lanho guzien artetik argitzen zitzaion beti «Argi zirrinta».

        Ehortzeta egunean, Jean Hiriart-Urruty apezak erran zuen ederki Amodioak ziola eman Jean Etcheparen biziari, argi eta indar: «Amodioak gure bizian toki ederra hartzen du. Besten amodioa erran nahi dut. Guhaurena ez baita deus handirik»... «Gizonari hurbil dena ez da Jainkoa ganik urrun».

        Pesta baten ondotik emanak zituen azken solas hoik, bainan hemen berean, beste batzu baderauzkagu hogoi-ta-lau urtetan hil behar zuen mutil gazte batek ateratzeko zerbait baitira:

        «Bizia gauza ederra dela daukat eta eskerrak diozkat Jainkoari».

        Ez ote dute liburu bat balio? Zuk zer diozu?

 

Bilaketa