Adan 1975: azterketa saio bat
Joxe Azurmendi
«Adanen poema amaigabea»
Joseba Zulaika
Kriseilu, 1975
Irakurri duzu, irakurle: liburua bukatu da. Hau ez da liburuaren jarraipena. Jarraipena zu zara. Liburua bukatu da ta berriro hasten da.
Prozeso konplikatu bat izaten da liburuaren gure haragitan transformatzea. Zure baitan nola gertatu den, zeuk jakingo duzu, ezin esan nezaizuke nik. Bakean utziko zaitut, zu zein zaren aldetik. Edozein zaren aldetik, egungo gizaki arrunt bat, atzera liburura itzularazi nahi zaitut. Eta, mesedez, itzul mitez, ez liburutik liburura, zeuregandik liburura baino. Gure egoeratik liburura. Ea, non gaude? Ibili ta ibili, asko ibili gara. Geure buruongandik urrutitu gara. Egia, kondizio sozialek eta politikoek urrundu gaituzte geure buruotatik. Baina geure kulturak ere bai. Eta, azken honetan, geure buruaren bilaketak berak ere bai. Adan hori bezala hasi behar-beharrean gaude, inguruko gauzei begiekin erreparatzen. Gauzak sinpleki ikusten. Gure lekua aurkitzen. Fuera irudimena. Fuera gauzekiko sentimentua. Fuera tesiak. Geure irudipenok eta sentimentuok eta tesiok ikusten ditugu bestela gauzen ordez. Gauzak berak ohartu behar ditugu berriro, geure lekua. Lehenengo gizon izan. Gauzak eta sentimentuak berezi ta gauzak eta sentimentuak bakan ikusi.
Hori da Zulaikaren bihurrera. Irudipen, ideologia nahiz sentimentuen trapu azpitik zure ta nire lehen gizona atera digu, larru-bixian. Errealismorantz martxan. Konkreto izan. Soildu, zizelarekin gizon elementala utzi arte, harri gaina kaskatu ta erantzi. Hitza zizela da, zu ta ni harria, guziok, erantsi zaigun kare ta hondar eta zabor gauzak estalita. Hitz kolpeka, zentzu komuna errekuperatu ta gero, begien inuzentzia berrirabazi ta gero, Zulaikak berriro geu bihurtzen gaitu.
Fribolidade piska bat behar da gaur hortarako. Konplikazio haundien garaian gauza sinpleak esateko. Hizkuntza arras sinplifikatu lingua franca lesiko minimo bat hartu, konbentzioak utzi. Utzi etorri jarioa ere. Pentsamentuaren hasierara bihurtu. Harriak bata bestearen gainean bezala jarri, bertso bat bestearen gainean.
Eskerrak, denbora mindu ta sofistikatuotan, Zulaikak freskura hori baduen. Xenpelar bat heldu zaigu disfrazatuta.
Zulaika ez dago mundua aldarazteko bandoa jotzen dutenekin: ikusi egin nahi du mundua, ikusi. Eta hitzarekin paperean dibujatu. Zulaikak ez du poesia intimidadera erretiratu ere, gaurko nahaspila artean, nitasuna hainbeste faltsifikaziotatik salbatu nahiez, batzuek egin duten bezala. (Eta intimade hizkuntza estetizatu bat, seda finezko ta kolorezkoa, sortu digute). Biak dira jokabide legitimoak. Biak dira beharrezkoak. Baina Zulaikak ez digu hortik jo. Ez du ezer sujeritu, adieraz adierazi, alusioz indikatu edo sinbolizatu nahi ere (Adan ez da sinboiorik). Ezpada esan, ta kitto. Adan ez da heroerik. Intimidade gozorik edo konplikaturik gabeko gizona da, orobat. Ikaragarri sinple ta korrientea da.
Adan aukeratzea ikusgune bat aukeratzea da. Gizon bat aukeratzea. Oso ona aukera hauxe. Konplikazio haundien denboretan bizi gara. 60-gn lehen urteetan, poesiak, itsaspetik baleak bezala ur txorroak parrastaka irten zuenean, adoretsu, galerna batetan genbiltzan. Beste garai bat zen eta poesiak ere beste estilo bat behar zuen. Arestiren poesiak ordukoxe kezkei ta sentierari espresio eman zien. Burrukaldiko obra bat zen, burrukaren erdian. Haren arrakasta ez da denborari aurrea hartu zion batena, justu-justu orduan agertu den obrarena baizik. Periodo bat hersten zuen. Eta periodo bat herstea aurrekoa biltzea ta beste bat irikitzea da. Baina hurrengo hau prosaren aldia gertatuko zen. Premiek eta giroak behartuta, prosak hartu zuen indarrik haundiena, saioak batez ere. Ez zegoen beste erremediorik (eztabaida garaia, prosa garai). Intuizioena baino gehiago, ideiak argitzeko larria sentitzen zen ta.
Orain prosatik atzera poesiara jo beharko dugula, dirudi. Ideitatik intuizioetara, artisautzatik kreaziora. Honez gero denok ikusten dugu, argi bila, eguzkira gabe, hodeietara heldu garela. Eta oinak lehenengo intuizioen lurraren gainean gorde dituztenak haundia da horixe poetek dirudite: gure poetak errealismoan ere maisu ditugu. Besteok hortik aurrera galdu gara, Mateo Txistu baino azkarrago, hodeiek noranahi eramanda. Geure zalapartek sortu zituzten hodeiek. Gure gaitzaldia ikusten duenak bakarrik estima lezake hemengo Adan hau. Purifikazio mistiko bat bezala da. Geure buruari zuzen-zuzen begiratzea, ezer tartekatu gabe, irudimenik, teoriarik, ezta desiorik ere. Ikusi bakar-bakarrik. Uka, beraz, gorputzeko zentzuak, irudimenekoak, uka gogoramena, uka nahimena bera esango zukeen Aita San Inaziok. Huts-hutsik gelditu. Gizon fundamental hartara itzuli, «gizon primitiboa / gizon sinplea»:
Bi oin, bi esku,
bi begi, buru bat.
... Berriz ibiltzen ikasi. Eguzkia ikusten ikasi. Hitzak berriz akordatzen hasi. Gauza tipiak galdetu...
Zentzu komuna ta begien inuzentzia errekuperatu beharra dago. Hitz garbi gutik sortzen duen isiltasuna sortu beharra dago. Bestela gure hieroglifo guziek monigote bat bihurtzen digute gure kausa-gizona. Gizona da gure gauza. Euskalduna den, ala proletario den, ala iraulia den, ala ximukumea den eta zernahi den. Mundu elemental hauxe da gure mundua ere: eguzkia, mendia, ura, sugea, dantza. Ebarik ere gabe dagoen Adan hori biluzi dago eta bakarrik dago. Gure kulturgintzak ez daduka hori ahazterik, eta gure politikabide guziek ere ez digute deus balio, hori ahaztuta. Horixe ermo eusten diolako, poesia da gure kulturgintzaren ardatza, oraindik ere, ta itxuraz beste jenero batzuk baino apalago iruditu arren. Bere kalitateagatik ere bai, segur aski. Baina lekukotasun horregatik batez ere.
Gure kulturgintzan honez gero pausaldi bat eta meditazio bat premiazkoak ditugu. Ez urrutira begiratu. Gertura begiratu, bai, gertura. Berriz ere gure historiaren atarian gelditu behar dugu, mogimendu honen hasierako inspirazioa zein zen, intuizioak, bultzada, grinak zeintzu ziren, gogartzeko. Piska bat ahaztu egin ditugu ta. Horregatik hainbeste alferrikako katramila. Horregatik hasarre asko ere. Bestela ez genuen, diferentzien batzuengatik, oinarrizko batasuna hain erraz ahaztuko. Funtsezko gauza ahazten dugulako da. Poesiak askoz hobeto gorde du gauza hura, jatorrizko inspirazioa, ta, horregatixe, hobeto gorde du oinarrizko batasuna ere. Gaurko poetak ez dira denak sinoptikoak, Jainkoari eskerrak. Momentu batetan bildur ginan, poesian ere gizona arras soziologizatuko edo politizatuko genuela. Gizonik gabe geldituko ginala, xifra batekin soilik. Ez da halakorik gertatu. Eta nik uste, oinarrizko batasunari eutsi diolakoxe, ari dela poesia benetako pluralismoa ere lortzen. Arestiren, Lekuonaren eta Zulaikaren poesiak, teorietara sartu diren beste edozein bi edo hiruk baino, batasun gehiago du, funtsean, eta ez du pluralismo gutiago. Zulaikaren poesia honek, adibidez, hasiera haietako esistentzialismoarekin enpalmatzen du eta, halare, ez da poesia esistentzialistarik. Burutik datorrena da, hotza. Begietatik datorrena da, obserbazio poesia. Dibujo bat da.
Zulaikaren poesia ez da batere dramatikoa. Otzan-otzana da. Lehen esperentzia elementalak obserbatzen ditu. Azterketa bat egiten du. Poesia honek irakurlea ez harritu, ez hunkitu, ez probokatu, ez berotu ta ez hoztu, ta ez du nahi inola kanbiatu. Poesia hau ez da ezertarako. Aski du hortxe egotea. Zulaikak Santimamineko edo beste edozein kobazulotako zaldi, orein, bison, zezen ta hartzen galerian, animalien ondoan, gizona dibujatu du. Kolererik gabe, edo okre piska batekin. Eta hor dago Adan. «Hemen ez dago ezer gehiago».
Desgaraiko poesia ote da? Nik uste dut azken aldiko poesia dena giroari josi-josita, berbertatik atxikita, desarroilatu dela. Baina giroak ere batzutan bere erakoak, eta beste batzutan eraz kontrako fruituak sortarazten ditu. Zulaikaren poesian erraz ikus liteke erreazio tankerakoa dela. Azken honetako poesian nabari zitekeen gauza da: zenbait eta buelo haundiagoko teoriak eta bisioak eta poesia are apalago ari zen jartzen. Gizon soil ta sotilaganako bihurrera Zulaikak beste inork baino radikal ta osokiago lortu duela, esango nuke. Ez da, haatik ere, berritasun osorik. Azkeneko poesian horrelako gehiago ere somatzen da eta, iadanik, letra produzio guzia ari da trazaok hartzen. Nekeak eta etsipenak badu zerikusirik. Baina ez da hori bakarrik. Bilaketa denborak dira gureok. Uste dut, beste ezer baino gehiago, bilaketa denborak direla. Haize guziek astindutako denborak. Haizeak eta haizekeriak. Noraezak eta dogmakeriak. Poesia ere zurrunbilo horien artean dabil, gai bila ta forma bila. Poesian, prosan erabili izan ditugun baino ikuspide konkretoagoak nabari ditzakegu. Kontraldez, pribatuagoak ere bai. Baina bai prosa ta bai poesia batera dabiltz. Egoera sozio-politikoak sartu haundia izan du. Muga horietan ibili da. Eta muga horietan segitzen du, orain ere bai. Orain arteko pentsabide ta jokabideen krisi batetan gaude. Eta gure egoeraren mugak hautsi ta zabaltzeko, barrena zula ta sakantzeko, gogoa nabari da poesian. Unibertsoa haunditu nahi da. Sustraiak beherago sartu nahi dira. Espazioa herstuegi sentitzen da. Gizona bilatzen zen eta, sakonki begiratuz, gizona kate artean, saretan, gizarte bizitzako matasan eta kausa historikoen korapilo artean, zegoela ikusi zen. Poesia sozialak eta politikoak ezagumentu horrek zekarzkien. Baina gero, kate horiei ta sareei buruz eztabaidak eta teoriak egiten dira, kateak eta sareak besterik ez da ikusten, gizona bistatik galtzen dugu, eta sakontasun hura superfizial bihurtzen da. Ikusmuga hau bera bihurtzen da kate bat eta sare bat. Berriro gizona bilatu behar da. Alderdi berriak, ikuskera berriak.
Ahalegin honetan ikus seinale bat besterik ez dizut aipatzen Lekuonaren azkeneko poesigintzan lurrak duen inportantzia. Eskubidez eta hornitutako gizon hura protestaren sujetoa ia zeharo ezkuta-galtzen da. Urtzen da. Lur zati bat gelditzen da. Baina lurra lur humanoa da. Zulaikaren poesiak Lekuonarenari darraikio hemen. Lekuonarena bezala, Zulaikaren gizona ez da soziala. Batez ere kosmikoa da: Libertadearen esperentzia egunsenti batekin egiten da; «haizea / lurra / ura»... eta abar. Kasi animaliena ere baden egoeran dago. «Ni naiz lehenengo gizona» da esperentzia oinarrizkoena, beste guzien orpoa. Esperentzia unibertsal horrek finkatzen du gizona, norberetzen du. Horregatik Zulaikaren gizon primitiboa Lekuonarena baino maila bat gorago dago. Eskubideak eta baino primitiboago da, norbera huts-huts da, baina norbera iadanik. Lurrarekiko lotura hautsia du: parabisua galdu zuen. Ez da olatuen eta, mendien jabe, gutiago parte. Haien artean eta erdian dago. Bakean eta burrukan, lehenengo burrukan. Kosmoaren altzoan, baina ez kosmoarekin bateginda, bai ebakita. Bakarrik dago. Galduta dago eta bila ta bila dabil. Galderaz kargatuta dator. Bere haragia galdera bat da.
Bai, 64-tik 74-era eboluzio luze bat doha. Arestiren gizona, Orixen kontrast, kaletarra da: «Lemoara doa tranbian, birao egiten du Zorrotzan atrakatu den aleman barkua deskargatzen ari denean, tratantiaren moduan dago Gipuzkoan ibilia; haren poesiaren paisaje naturala hiria da» (Sarasola) [1]. Baina beste zerbait ere bada: publikoa da. Eta publiko ere, forma politiko kasi ideal batetan. Ez da gizon korriente bat inolaz ere. «Hemen dago gizona... Gizonago sentitzen naiz» (Arestik berak erdaraz behin ta birritan «superhombre» itzulia). Ez da pobrezia korrientean bizi, gure etxean bizi ginan bezala, gehienak baino pobreago baginan ere: «teilatupe bat edukitzeko premia bizian aurkitzen» da. Haren aldean gure pobrezia prosaiko ta triste zen. Txiro-txiro. Pobretan ere gu baino gehiago da. Arestiren gizonarena pobrezia glorioso bat da. Eta guk baino askoz balore gehiago du, gehiago sofritzen du, bidegabe gehiago ezagutu du, askoz penatuago dabil. Heroe bat da. Adoretsu ta bulartsu: «Beti paratuko naiz / gizonaren alde». «Esan behar diot ez nagoela konforme». «Beti esanen dut / egia (...), hortzak eroriko zaizkit, mihina ebakiko didate / baina», etc. «Nire aitaren etxea / defendituko dut», «Egia bat esateagatik / alabak», eta abar. Arestiren gizonak inork baino haundiagoak sofritzen ditu, eta inork baino haundiagoak egiten ditu. Arestiren gizona, burruka batetan ezezen, «egiaren historia» batetan dabil: «diodana egia da, eta ez naiz taktika zalea. Egia gurekin baldin badago, eztadukagu zergatik gezurrikan asma... Hala da, ni egiaren alde nago, gizona eta egia batera doazalako». Arestik Ni asko esaten du: Nik diot, Ni naiz, Ni naiz esanzuena, Niri. Ni lerden eta soberanoa beti, «ezer ez naiz, ez naiz ezer» esatekoan ere. «Ni naiz nirez / nire borondatez / naizenaren borondatez eta birtutez / nire pentsamentuen eta sentimentuen indarrez». Ez da bildur: «ez naiz bildurtzen, ez, naiz / bildurtzen, ez, ez naiz / bildurtzen, ez». Bere buruaren jaun ta jabe da [2]. Munduaren neurria da [3]. Eta, txantzak txantza, hori dena zuzen bada, gizon hau «mundu honetako gizonik jakintsuena» izateko ez dabil urruti, askoz gehiago jakiterik ez dago ta. Gizon hau bere buruaz seguru dago. Gizon homeriko bat da. Eta, horregatik, poesia ere mailu bat da. Mailuak, ganibetak, ehun kiloko sakoak, zerra, harmak, sega zorrotzak, teneza gogorrak, etc. dabiltza hemen. Konpara zazu A. Urretabizkaiaren poesiaz: arroxina kupel bat, erlojua, alpretak, kandelak, aterkia, kolore grisa, kalendario horri zahar bat, te katilu bat, eta abar, kausiko duzu hor («kausa gloriosik gabeko..., kanoirik gabeko..., lumarik gabeko..., ezpatarik gabeko»). Zerrendaok nahi haina luza litezke. Arestiren poesian: gizon-a, egi-a (esku beteka biltzen den egi-a), zuzenbide-a, enganamentua; Urretabizkaiarenean: inozentzia, esperantza, egun gris bat, dezepzio bat, aterpe malenkoniatsu hura, gorputzaren milimetro bakoitza, segundo bakoitza, etc. Arestiren poesian gizonak biraoka ari dira, eskuak eta mozten zaizkie, afusilatu egiten dituzte; Urretabizkaiarenean ez zaio inor lantokira aterki batekin etortzen, estazio batetan abandonatutako maleta zahar bat bezala dago, bidea apropos galtzen du, egia ta asmazioa nahasten ditu, etc. Eta hauk ez dira gizonaren eta emakumearen arteko ikuskera diferentziak bakarrik; bi denboraldirenak ere badira. Ikuskera diferenteak. Mundu diferenteak. Gizon publikoa, nerau pribatua.
Oraingo poesiak bere gizona du (eta oraingo gizonak bere poesia duela, esan nahi du honek). Baitespen hau axal-axaletik hartu dut, Aresti ta Urretabizkaiaren poesietako erakusbide pare batetara mugatu beharrez. Uste dut, Autore gehiagoren azterketak eritzi hau finkatuko lukeela. Tamalez eskumenean ez dut orain bion eta Zulaikaren poesiak besterik. Besteetaz ez nuke buruz aritu nahi. Halare gure azterketak alde honetatik sakontzea merezi lukeelakoan nago. Inork ez du esaten, noski, egungo poesian gizon bat bakarra dagoenik. Azken hamar urte honetako eboluzioa gauza askotan nabari liteke. Eta eboluzio orokar horixe ohartarazteko bakarrik seinalatzen da giza irudikoa.
Poesigintza kulturgintzaren barruan dago, eta kultur lana gorabehera politiko ta sozialen artean burutzen da. Baina guziok ere beren prozesoak eta desarroiloak dituzte, eta hauk beren eragina dute poesian. Hori nabarmen dago «apolitiko» itxura duen Zulaikaren poesian ere. Poesia honetan ez dago Euskal Herririk. Herririk batere ez dago. Gizon bakar bat eta bere gogorazioak besterik ez dago. Alferrik bilatuko duzu Euskal Herriko edo gizarte sailen bateko problematika espezifikorik, ez ikuspegi berezirik. Zulaikak «pribatukiago» eta, une berean, orokarkiago jokatuko du, alderdikeriak apurtutako gizarte honetan gizon unibertsalago bat bilatuz, diferentzien gainetik. Euskal poesiaren tradizioan ezezik, kulturgintza guzian eta egunoroko solasetan ere hainbeste pisu duten kontsiderazio politiko ta sozial guziz konkreto batzuk alde batera «uztea», ezin izan daiteke intentziorik gabekoa. Apropos eta propio bilatu dela, pentsatuko nuke. Eta «uzte politiko» bat dela. Badakigu, horrexegatik, batzuk oso kezkatuko direla, batez ere idazlearen lagunen lagun samarrak eta Autorea otsailaren 29-an zein kafetan zein liburu irakurtzen egon zen eta poesiok non publikatzen diren eta hori dena arta haundi-haundiz estudiatzen dituzten horien artean. Berdin da. Poesiotan Euskal Herria, langileria, ta horiek denak sujeto kolektibo denak faltatzea ez da zerbaiten falta bakarrik. Nik behintzat neure problemak irakurri ditut. Eta beste edozein euskaldunt berdin gerta dakiokeela, uste dut. Beraz, diferentzien gainetik, batasun berri bat bilatzen du poesia honek. Gai politiko ta sozialetatik ausentatzeari buruz, prozeso batetan ikusten dut hori ere, ta ez zait iruditzen ausentatzea denik. Eremu berriak, ikuspegi berriak, bilatzen direla, esango nuke. Zenbait ikuspegi ta ideia sozial-politiko, eztabaidan egongo da, baina haien problematika kaleaz aspaldi nagusitu da. Ezaguna ta xeha-xehatua da. Azterketen eta saioen eskuetara pasa da. Poetak ere ezagutzen ditu, ezagutu. Baina poeta ez da uste arrunten, ezagunen, diziplina pean egotekoa. Poesia ez da soluzioak emateko. Problematika berriak bilatzen ditu. Zulaikaren poesian erreazio bat somatzen bada, hortan Zulaika ez dago bakarrik. Oraingo poesia gehienarekin batera dabil (Lekuona ta Urretabizkaia izendatu ditugu). Baina, laburrago aritzeko, poesiaren ideologiekiko zerikusia aipatuz azaldu nahi nuke gorabehera hau. Eboluzio hau.
Euskal poesia aspal-aspalditik da enpeinatua, «konpromiso poesia». Kezka sozial ta politikoei atxiki-atxikia ta giro-giroan egosia. Beti egon da, ba, «ideologiek» eta blai-blai bustita. Poesia, benetan, gure espilu da. Espilu dira Lizardi ta Orixe. Espilu oraingoak. Bakarrik, batzuek ez dutela oraina ikusi nahi, ez bere hortan eta ez espiluan. Euskal poesia, karlistadak ezkero gutienez, bere egun-egunekoa ta ordukoa izan da. Bere garaiko izpiritua zuen. Zulaikaren poesian ideologien egungo nekea ta asperra ikusten da, esate baterako. Hau ez da 1964-eko ta ez 1968-ko poesiarek. Oraingoxea da. Lehenago Arestiren poesiak ordu-orduan jo zuen. Eta egungo poesiaren abiaburua dugunez, hura gogaraziko dizut.
Arestik esperantza bat betetzen zuen gutiengo batena, baina gutiengo gazte ta suhar batena. Arestiren kasua etengabe aipatua, baina oraindik esplikatu gabeko fenomenoa dugu. Halare poesia modernoaren hasiera hau beronen gailurra da orobat. Eta, gainera, kultur lanean beste inoiz ezagutu ez duen kategoria soziala zekarkion poesiari. Gertaera nahiko bakanak eta interesgarriak, kritikoentzat nahiz historiazaleentzat. Fenomeno literario honek literaturarekin zerikusi gutiko goitibeheitiak sortu zituen. Zer gertatu zen? Berak esaten zuenaren kontra, Aresti profeta zen bere mendean. Harri eta Herri agertu baino lehen ofizialtsuki Orixe sariz eta agertu orduko kritikak nahiz irakurleriak «laureaturik» zabaldu zen. Kontra gogorra egin zitzaion, hori ere bai. Baina kontrak eta kontrasteak non zeuden, begiratu behar da. Zerk probokatzen zuen kontretakoa? Forma poetikoaren berritasuna ta Arestiren euskara gazi-gozoa aparte, erlijio gorabeherek sortu zituzten istilu gorrienak. Liburuan inportantzia haundirik gabeko gauza. Arestiren gai sekundario bat. Gainera, erlijio gaietako Arestiren ateraldiek ez dirudite inor serioski eskandalizatzekoak. Zeintzuk ziren Arestiren kontrarioak? Arestik berak espero zitzakeenak eta, ia-ia, Arestik desira zitzakeenaxek. Apenas, behintzat, Aresti benetan ikara zezaketela, pentsatzekorik. Ez euskara kontuan eta ez erlijio gorabeheretan zegoen Aresti bakarrik utzita. Ez zuen bere kontrarioek baino laguntza gutiago izan. Aitzitik, oker ez banago, Arestik kontrario baino aldezkari haundiago ta inportanteagoak izan zituen (Txillardegi gazteari Orixe batek irten zion kontra) [4]. Eta oker ez banago, berriro, Arestik berak pertsonak eta bere moduek zerikusi asko izan zuten istiluotan: Arestiren desparpajoak ez zien denei graziarik egiten. Gero, Bilboko giroak: J. A. Etxebarria, Arruza, etc., Arestiren istilu gehienek han sortuak dirudite (ta geroagoko Ukronia-ren afera gogarazten dute). Besterik ere bazen: Arestik Hierro egunkarian idazten zuela, eta abar. Problema pribatu ta lokalok, halare, ez dute liburuaren inportantzia ta arrakasta esplikatzen; ezta liburuaren inguruan, alde hala kontra, sortu ziren atxikitasunak eta aiherkundeak ere. Berritasun literarioak ere ez dirudi tarrapataren kausarik. Bi mundu jarri ziren elkarren aurrez-aurre. Hor dago kakoa. Iruditzen zaidanez, liburu batek inoiz egokiera egokirik harrapatu badu agertzeko, Arestirenak egin zuen. Punttu-punttuan zetorren. Liburuaren ikaragarirzko balio literarioa ere sensazionala zen (eta da). Eta, edozein aldetatik, giroak eskatzen zuen forma zekarren. Punttu-punttuan eta justu-justu komeni zen forman. Euskara berriztatzeko ta kaletartzeko ahaleginak, tradizioekin hausteko mina politikan hala literaturan, «ezkerretarako» grina, erlijiokera sozial-mistiko-progresista, etc.: orduko joran ta antsia denak biltzen zituen liburuak. Orduko hasiera giro hezeari inork eman zezaiokeen espresabiderik hoberena surkitu zuen Arestik. Liburuak garai hura haina, edo gehiago apika, garai harek esplikatzen duela liburuaren arrakasta, uste dut, hortakoz. Arestik gutitan ikusten dena lortu zuen: obra literario paregabe bat eta giro baten somarioa. Sekulako poesia ta panfleto bat... Giro bat mamitzen zuen. Porzelana guziak harrika bota zituen. Giroa bera ez zen Arestik asmatua. Eta gerora Arestik eraginda, besteak beste bere eboluzioa eraman du: eboluzio honen barruan poesiak ere berea egin du. Hau dena honetarakoxe esaten da: Aresti konprenitzeko bere garaiko saltsa giroa ikusi behar da. Ta Arestiz gerozko poesiaren ibilbideak konprenitzeko, halaber, harrez gerozko giro eboluzioari begiratu behar zaio. Marxismoaren oinarrizko tesi batek dioenez, egoera aldakuntzak aldarazten du konzientzia giroa; ta honi segitzen omen dio arte produzioak bere bidean. Hemen halaxe dirudi.
Zer sartu-irten zuen guzi honetan ideologiak? Lizardiren, Orixeren, S. Mitxelenaren poesia azpian eta inguruan eta barnean zein giro politiko dagoen zein «ideologia» erraz ikusten da; azkeneko biak behintzat inolako Alderditan kabitu ezinak omen baziren ere. Arestiren poesiako gizonaren tankera politiko-ideologikoari ere ez da zail antzematea [5]: oso ezaguna dugu, harako ideologia batetatik. Begiarmenek inportantzia haundia ematen diola horri, dirudi. Ideologia hori euskal giroan ez zen arras berria: lehenago hasitako mogimendu politiko bat denok ezagutzen dugu ta Krutwigen Vasconia ere urte pare bat lehenago zabaldua genuen. Halare ideologia hori katakonbetatik zetorren, indar magiko bortitzez etorri ere, eta poesiara hain azkar eta bere lehenengo agerraldian bertan perfekzio osoz sartu bazen, Arestiren grazia da hori. Baina honek ere ez du ematen liburuaren arrakastarako arrazoia. Alderantziz, ideologia hori ordukoei oharkabean pasa zitzaiela, iruditzen zaio norbaiti. Guziz oharkabean, haatik ere, ez zitzaion inori pasa, beharbada. Baina «ideologiek» orduan funtzio berezi bat zutela, esango nuke. «Uhin berriak» orduan ezzuen oraindik geroagoko zismarik eta barneko zatiketarik ezugutu. «Ideologiek» beste esanahi bat zuten, gazteriari ez zioten bildurrik ematen. Hazaldi berriarentzat, bederen, ideiak ez ziren oraindik kredoak. Ateak zabalik zeuden. Eta bihotzak. Eta buruak ere. Nik ez dut uste ideologia honek Aresti aurretik eta Aresti ondotik (zilegi bekit honelaxe bereztea, kanbio honetan Arestik berak zerikusi guti izan badu ere) eginkizun berdina betetzen zuenik. Hazaldi berria jo ta ke ari zen. Publikoan agertu ta publikoa tematika, estiloak berritu nahita ari zen. Eta ordura arteko eskemak hautsi nahita ari zen. (Luzeegi joko liguke hazaldi berriaren burruka hastapenok xeheki agertzeak eta, gainera, ez nintzateke zuzen iharduteko gauza). Adinekoen aldean gazteenak «berriak» batera edo zebiltzan. Hauen arteko direfentziak ez ziren inportanteak, zaharrekiko diferentziak ziren ta, larritzen zituztenak. Hazaldi berria zaharretik mugatzen eta berezten ari zen eta enpeinu horren arabera ikusten ziren orduan «ideologiak» ere. Ikusten eta erabiltzen. Kanpo aldera berezteko. Oraindik ez zuten barren aldera beren artean mugatzeko funtziorik. «Oposizioak» elkartzen zituen. Bestalde «ideologiok» nahiko lazo ziren. Asko sinesten zen, baina kredorik ez zegoen. Dena hauziperatzen zen eta ordura arteko problemarik pribatuenak eta aseguratuenak ere publikoan ateratzen ziren: hirugarrendar gizajoaren bizitza seksualak berak ere (Lete) publikoan ateratzeko nahiko interesgarri zirudien... Bat-batean Akitaniako dama alaiak eta Durango inguruko heretikoak eta hugenotak eta sorginak eta akerrak eta gure historia puritanoan ohoretara gabe gelditutako erromesak, ezinduak, itsuak eta mainguak berriro plazan agertu ziren. Giro honetan inportantea ez zirudien baitesten zenak, ezesten zenak baino. Egoera irauli nahi zen. Dena. Berriro hasi. Horixe: hasiera berri baten preokupazioa nagusi zen. Preokupazio horrek behin baino gehiagotan zeraman lehenagokoen lana gutietsi ta kondenatzera (ezagutu aurretik maiz) eta berria berriarren bilatzera ta neurriz gora txalotzera. Berritasun psikosi bat [6]. Ez da erraza ia mugarik gabeko berri gose hura hitz laurretan azaltzea. Baina «res publica» berri bat bilatzen zela usteentzat nahiz ekinbideentzat, esango nuke. «Gizon publiko» berri bat. (Bizitza publikoa erabat kontrolatzea helburu duten sistima politikoak hemen luzeago aipatu beharrik ez dago). Orduan, euskaldun fededun, prestu ta jator hura utzi ta gizon publiko berri bat ekarri zen. Baserria kendu ta kalea jarri zen kulturgintzaren oinarrian, langilea politikaren basian. Mitxelenak eskatzenzuena poesian Arestik zekarren, lehentxeago Txillardegik nobeletan ekarrizuen bezala. Aldi honi protesta garai ta gizon publikoaren garai eritziko nioke. Protesta garaiak sentimentu garaiak izan ohi dira. Poesia garaiak, hortakoz (eta ideologiek ere kolore poetikoa hartzen dizute). Ideologiak liberatzaile ziren, beti libertadearen ideologiarik ez baziren ere. Hala zeragiten. Ideologiak trabakor ta enbarazotsu izan litezkeela, gatibu harrapa gindezketela, geroago ikusi dugu. Ideologia delazkoan, ordukoa gure egunotako poesia giroarekin alderatu beharko banu, hauxe esango nuke: orduan ideologiek oraindik ez zutela aparteko inportantziarik eta orain iadanik ez gehiago. Bien bitartean ideologien presio astunaren garaia ikusten dut. Politikatik ongi dakigu hori. Baina horra literaturan ere: Harri eta Harri-n baino ideologiaren zama gehiago somatzen duzu Arestiren hurrengo obretan eta Leturiaren egunkari ezkutua-n baino gehiago Elsa Scheelen-en; alderantziz, azkeneko honek ez du Egunkariaren gozo poetikorik. Ideologiek eta politikak mila aldiz kutsatuagorik etorri zen Ajea du Urturik, oraingo Goiko kalea baino, eta abar.
Esan dut, Arestik, nire ustez epe bat hersten edo duela. Batasun haundiko epe bat (horixe bait da gerora galdu den lehenengo gauza). Gizon publikoaren konkistara doan epea (hemen sortu da, nire ustez, aldakuntza haundi bat). Izpiritu gauzek izaten duten batasunazuen, eta pioniero lanek izaten duten ausardia ta beroa (ez norbaiten susmo txarrek asmatu nahi duten maltzurkeriazko batasun prograrnatikoa): prosa ta poesia, politika ta kultur arazoak (politika ere oraindik izpiritu gauza bait zen gehienbat), euskara garbi hala mordoiloari buruzko ta erlijiori buruzko kezkak, lotu samarrik zebiltzan, batera behintzat. Egia esan, batasun dinamikoago zen, sistimatiko baino. Oteizaren Quousque tandem-dik Xalbadore Garmendiaren Historia triste bat-etarainoko batasun harrigarria. Urte haiek markatu dituzte hurrengoak. Ezin itzul gindezke urte haien atzera; poesian, ba, Arestiren atzera itzultzeko biderik ez dago, erreazioaren bidetik ezpada. Egungo poesian somatzen dena ere ez da atzeratzerik, segitzea baino. Zulaikaren poesian «gizon publikoa» falta bada, adibidez, ez da oraindik hartara ailegatu aurretik egiten den poesiako eran falta, hartatik pasearen eran baizik. Adan honi post-soziala eritzi genezaioke, ta agiri-agirian daramazki markak eta seinaleak. Egungo langilearen esperientziak ezagutzen ditu: lanaren madarikazioa, eta abar. Sozialismo teoriak suposatzen ditu bere oharrak: «Adan saltzen dutenak / ez dira Adanen jabe». Ahapetik gaurko zigorkatuen eta persegituen esperentziak entzuten zaizkio: «Adan juzgatzen dutenak / ez dira Adanen Jainko». Adan prometeikoa da: «Adanek esanzuen / jan dezadan sagarra» (eta sagarra jateko testamentua), hori prometeismotzat hartu nahi bada behintzat. Ez da eroritako ta etsitako bat. Bestela ez Prometeo ta ez judegu da, berak aitortzen duenez: «ez zuen erantzunik aurkitu». Baina burrukari da, bai: «hitzaren indarrarekin bakarrik»... Hautsitako bat da. Besteri bezalaxe begiratzen dio bere buruari, ta lagun bati bezalaxe mintzatzen zaio, pluralean: «Goazen hemendik esan zuen». Arestiren eta poesia honen artean hamar urte dago.
Hamar urte horietan euskararen arazoak, politikazkoak, ideologiazkoak eta poesiazkoak alde banatuz joan dira. Beregaintasuna ta nortasuna irabaziaz. Bakoitzak bere erreinua lortu zuen eta bere eremuan aritu da. Ez guziz. Baina joera hori eraman da. Gure artean eremuok ez dira elkarren berri jakin gabe bizitzeko lain zabalak. Baina poesia politikatik eta ideologietatik geroz eta aparteago gelditzen zela, esango nuke. (Ta ez poesia hilargira joan zitzaigulako: ideologiak hilargianago ibili zaizkigu). Salbuespenak salbu, beti ere: Gorka Trintxerpe ta. (Bide nabar esateko: politikak ez du oraindik ideologietatik distanziatzea lortu). Hazaldi berriak eraiki nahizuen gizon publiko hura franko nagusi zen iadanik. Ikus Gandiagaren eboluzioa. Baina politikan eta ideologietan zalaparta gogorrak gaineratu ziren. Lehen ere apartetsu zebilen poesiarik bazen, poetika lanari emanagoa edo: bi Lasaak, Sarasola ta besteren batzuk. Baina orain ez da horrela egote bat izango, horrelaxe jartze bat baino. Poesisia enpeinatuaren, konpromisodunaren, forma berri bat da. Hor nonbait, 72 aldera, poesiak bere distantzia hartzen duela, ikus dezakegu. Besteekin batera bai, segitu nahi du, baina ez nahastuta. Ideologien tirania porrokatu nahi duela era ematen du. Lekuonaren liburuari hitzaurrean jarritako Leteren hitzok sintomatikoak iruditzen zaizkit:
«Poesia, nere ustez, ez baina gogoeta abstrakto bat, denboratik eta inguru gizartetsutik at dagoena; ez eta, ordea, berehalako baldintzapen sozialak kontuan hartuz eta ideologia berezien zerbitzu soilerako, planing estetikoen bitartez kodifikatu litekeen jarduna ere».
Gizon publikoa, agirikoa, gorabehera sozial eta politikoek jota dabilen hori, ez da gizon dena. Mehatxaturik dadukagun gizona ez da eskubideen jabea edo deusjabetua bakarrik, ihardukimen sozialetako hori, erantzukizun politikodun hori bakarrik. Sustraiak gaitzeko arriskuan ere badago. Norbera dena ta izan nahi duena ez da gizon publikoa bakarrik. Xabier Azurmendiren gizaseme doloretakoa ta Arzeren zelebreak eta serioak ere oso gizon dira. Komunean esertzen dena ere bada norbait, zer arraio, ta zerbait egiten du (Arze). Urretabizkaiak deskubritu dituen emakumearen intimidade epel-epela, tristura, nostalgiak eta penak, badira zerbait. Adan, gizon elemental primitiboa, horixe da gizon denaren suma... Gizon sinplearen bila, agirikotik barrenekora jo dela, esan genezake [7]. Egungo poesia «nork bere muinean dugun itzalera» jetxi da, eta, Lizardirekin, «enegan bazala norbait atxilotu», deskubritu du. Nitasun berri bat argitu dio poesiak egungo gizonari. Bat eta bera da, baina gizona biak da, gizartean dabilena ta bakarrik aurkitzen dena. Guzi horrekin poesiak lehen-lehenengo bere burua desarroilatzen du, beste ezeren aurretik prozeso literario bat bait da hau: baina bestela ezin zezakeen moduan desarroilatzen du, hots, gizonaren zerbitzuan saiatuz. Prozeso denak erreazio ta kontradizio artean gertatzen direnez gero, hau ere halaxe dabilkigu. Gizon sozialaren «kontra», batik-bat. Baina ideologismoaren egunik astunenetan Arantxa Urretabizkaiak sentimentu xirripa pribatu mehe-mehe ta kristalezko batekin irten zigun. Hori ere protesta bat da. Hipopotamo arteko surtidore bat protesta bat den bezala.
Poesian ideologiek honez gero zerikusirik ez dutela pentsatzeko hain zozo, ez nauzu. Ikusi dugu «ideologiek» poesiaren forman ere zerikusirik izan dezaketela: irudien aukeran, metaforen taiuan ta beste (Aresti aipatu dugu). Barrenaren eta formaren arteko batasuna aspaldi hauteman zen. Ideiak eta ideiak hor inguruan izaten dizu bere logia bere bideak asmatzen ditu espresio batetan gorputz hartzeko, irudiak eta. Baina zerikusirik edukitzetik edukitzera aldea dago, ta alde hori agertzearren, beharbada, ez naiz esajeratu gabe gelditu. Arestiren eta aldean egungo poesiari beste joera ta interes batzuk somatzen zaizkiola, ohartarazi nahi nuen: hori nola etorri den, nola bidezko den orduan hala ta gaur honela jokatzea, erakutsi nahi nizun halaber. Prozeso bat dagoela ta egungo poesiak bere mundua duela, bere batasuna ta bere tankera propioa, duela hamar urtekoaz konparatzen badugu, esaterako, arrunki berezten dutenak. Ideologiekiko jarreran eta gizonaren begiespenetan erakutsi nahi izan dizut hori, errazena hortxe ikusten da ta. Baina hemen alferrik da ezezko ta baiezko osorik bilatzea. Gaurko gizona ez da sekula ez bezalakorik eta ez beste edonoizkoagandik arras diferente. Ideologiekikoan ere, egundo Autoreak banan-banan larrutu beharko banitu, larri ibiliko nintzateke. Ideologiak, era batera edo bectera, beti iragazi ohi dira poesia barnera. Lekuona bat, esaterako, bere «lurrezko gizonera» dotrina batekin heldu da. Azpian Teilhard ikusten da, ur garbiaren azpian erreka barneko harriak bezala. Eta edozein poetak ere ideologiekin nola-halabait moldabideren bat aurkitu beharko dizu. Modu harrigarri bat, egunotantxe, Urretabizkaiarenak dirudi, eta, niri neuri, eten baten fruitu iruditzen zait [8]. Bakoitzak bere buruhausteak, nolanahi ere. Ideologiak abstraktoan hartu ordez, begira ditzagun horien joanetorriak oraintxe Euskal Herrian batetik prosan eta poiltikan eta bestetik poesian, ea nola agiri diren. Prosa ideologien zamapean zanpatuta dadukagu. Ideologien menpean dago ta ideologien tresna bihurturik. Poesia, ostera, gehienez ere ideologietaz bera baliatzen da, ez aldrebes, ideologia poesiaz. Egungo poesiak ere uste batzuk bere aurretik suposatzen ditu, baina doi-doi tesirik.
Ideologiekikoan, egundo poesia, 60-gn urteetakoaren aldean, beste egoera batetan dago, dudarik gabe. Eta Euskal Herri guzia beste egoera batetan dagoelakoxe. Hemen hori erakustea lortu ez bada, susmo horrekin behintzat geldi gindezke, ta susmo bat ere aski dugu, ausaz, oraingoz. Prosan gerra ideologikoa su ta fu, poesian gerraren nekea. Paperezko gerraren nekea, behintzat. Egoera hortan sortu da Zulaikaren poesia, ikusten denez, ez dugu jakin ideologiekin ezer hoberik merezitzen ta.
Prozeso hortan sortu da liburu hau: bai mamian eta bai bere eginduran nabari zaio. Eta, honez gero, bera ere prozeso hori egitera sartu da, beste euskal poetekin batera. Zulaika, halare, txit bere modura datorkigu. Egia esateko, Zulaikaren poesia erreazio bat baino gehiago iruditzen zait. Puntu ta aparte egin ta berriro hasteko saio bat. Direnak utzi ta errealidade berrien bila jo digu. Gaia Adan da eta apropos da Adan: lehen gizona. Ez da denborazko lehenentasunik, barnetasunezkoa baino. Zulaikak gizon sozial edo politikoaren azpira begiratu du. Barandiaranek eta dolmen azpira bezala. Gizon honek ez du historiarik. Edo, hobeki, oraintxe hastera doa bere historia. Bere buruaren hasiera da. Bere buruan eta inguruan gauzak sinpleki ikusten hasten da. Hizkuntza sinple-sinplez adierazten ditu bere obserbazioak. Adanen eta gauzen artean lehenengo distanzia sortzen da. Oraindik ez dago teoriek eta sortzen duten tarterik eta ez erlaziorik. Bertatik bertara ikusten dira gauzak. Adanen aukerak erabakitzen ditu pentsabideen desarroiloa, hizkuntzaren sinpletasuna, poesia guziaren soro bazterreko hormaren tankera zaharra.
Goitik beheraino, lanak batasun hertsi haundia dizu. Gai ta forma.
Teknika apala. Errekurso guti, bortizki erabilita. Zizelada guti, baina leku-lekuan kolpea. Poesia honetan dena transparente dago.
Ikusi, entzun
gustatu
sentitu
..........
hemen ez dago ezer gehiago.
Adanen aukerak jartzen ditu teknikaren mugak. Berak obligatzen dituen manerak gorde dira, ta uzten dituen errekursoak trebeki erabili. (Astiro-astiro ikusiaz joango gara). Adanen nortasunaz hastea komeniko da. Baina haren azterketa psikologikorik gabe, ikus dezagun, nola dibujatu digun Zulaikak haren erretrato literarioa, guretzako lehen dato bezala, beste dena honexen inguruan argitzeko.
Poema forma hautatu da, poema libre batena. Ikuspide bat azaltzeko asmoari hobekien zegokiona, noski. Tratado osoren bat egin beharrik gabe, nahiko libertade ta nahiko aste ematen bait du (1100 bertso inguruko poema duzu honoko hau) [9]. Era batetara, hirugarren pertsonan idatzitako Adanen egunkari antzeko bat bururatu digu Zulaikak, apika. Egunik gabe, poema honetako denbora ez bait da egunik egun mugatua. Poesia hau ez da mogitzen. Hasieran bukatzen da. Hasieratik azkeneraino gai ta modu bera. Hemen ez dago historiorik, kontatzeko. Ez jakintzarik edo mezurik, irakasteko. Ez salakuntzarik. Ez zaizu inora bidali nahi, ez ezer egitera ta ez desegitera. Obserbazio poesia da. Barneko ur geldiari begiratzen zaio. Zurekin uzten zaitu, ez zaitu zeure baitatik ateratzen. Hizkuntza direkto ta sinple bat, inon tinta gehiegiz kargatu gabe. Irudiak eta, ahalik gutienak. Metaforarik eta apenas. Lizardiren poesian hitz bakoitza inportante da. Irudi bakoitza, adjetibo bakoitza. Hemen ez dago hitz inportanterik. Hitz bakoitza dago ongi pentsatuta hemen ere. Baina inportantea poesia osoa da, osotasuna. Beste modu bat duzu. Sinpletasun leun baten azpian trinko. Berotasun hotz bat poema guzian. Oso bertso apala. Pitxirik ez dago. Indarra badu, baina ez da indartsu agiri. Ederra da, baina humila.
Poemaren tankerari dagokionez, poesia asko tesi antzeko formula batekin hasten da. Direktotasun hori segituan ohar hartzen da: «Paradisuko atea utzi ondoren / biderik ez zegoen lurrean» (Adanen bidea); «Samina han zegoen / eta Adan konturatu zen / hala izan behar zuela» (Adanen miseria); «Gau hartan / gau iluna zen» (Adanen gaua); «Adanek jakin zuen / jakin / gizon izatea zer zen» (Hona hemen ni, Adan), eta abar. Elemento sinple bat. Esperentzia sinple baten obserbazio garbia. Gero oharkizun hori hedatuko ta landuko zaizu. Baina ez meditazio konplikatuetan murgilduz, à la Baudelaire. Hemen ez da «sakontzen» (eta ezagutu ditugun sakontasun gehienak iluntasun besterik ez zirenez gero, hala hobe). Obserbazio maila berean jarraitzen da. Esperentzia bakun hori ez bait da hain bakuna, halare, itxuraz baizik, Adan bere buruaz kanpotik gelditzen da ta elemento hori, haril matasa bat bezala, askatzen eta banatzen arituko zaizu. Eta banatu duenean, poesia bukatu da: Poesia, poesiak hasi egin behar lukeela, dirudien puntuan, bukatzen da. Beraz, konzientzia azterketa bat duzu hau. Lehen esperentzien fenomenologia soil-soila egiten zaizu. Kolorerik eman gabe. Ez beste esplikaziorik, ez baloraziorik. Gauzak nolaxe diren begiratu, deskribatu. Bere buruari kanpotik begira. Sentimentuak berak ere berekisa bezala dabiltz: «Samina han zegoen», «Nekeak / Adanen gogoa harrapatu zuen beste behin», «Bideak zeraman Adan», «Nigan zerbait dago nadukana / eta neu ez naiz ni». Bizitza bera ere beregain da: «utz dezadan bizitza / libre /. Utz dezadan olatua / libre/. Ez naiz ni haren jaun». (Konpara Lizardiren izadiko gauzen pertsonifikazioekin).
Poesia bakoitzaren estruktura hauxe bera da funtsean poema guziarena, osotara. Poesia bakoitzak poema guzia berrirotzen dizu, muinez hala formaz. Lehenengo poesia da poemaren tesia, poema honen azterkizuna. Hiru elemento soilezko tesia: adimen sakondua, nahimen gogortua, sagarra, denborazko marko artean koadratuta. Denbora konkreto ez konkreto batek egiten du markoa: «egun batez» «erabakiaren eguna», «egun hartan» (eta halaxe jarraitzen du poesiarik poesia. Denborari buruz, geroxeago gehiago). Muga konkreto baina ezin mugatu artean dago Adan. Erabakiak lotzen ditu hiru elementoak. Poesiarik poesia ikus daiteke, orain, sentimenturen bat edo gogorazioren bat dela poesiaren ardatza: erabakitzaile bat dagoela. Erabakiari, halare, esate batek darraika, ez ekiteak; edo, hobeki, Zulaikak ekiteari zeharbidez bakarrik begiratuko dio, ta esateari, pentsatzeari, sentitzeari begiratuko die zuzen-zuzenean. Adan honek ez du ezer egiten, egin. Egingo duela ta, esaten du. Ezpata ta mailu ta izan den poesiak apaltasun piska bat ikastea ederki dago.
Adanen jaiotza nondik datorren bistan dago: «Adanen adimena sakontzen joan zen / Adanen nahimena gogortu zen». Beraz, erabaki bat har zezakeen eta, erabaki ere, sagarra jatea erabaki zuen. «Egun hartan jaio zen». Sagarra jatea debekatuta edo zegoenik, ez da inon gogarazten. Eta, beraz, ez dirudi, Adanek desobeditu egin zuela, esan nahi zaigunik; esperimentu bat egin zuela baizik, eta hortik jaio zela Adan (Zazpigarren egunean poesian ere ez da desobedientziaren aipurik). Zulaikak, beste leku askotan bezala, mitoak eta teoria filosofiko ezagun batzuk, bere gogara moldaberritzen ditu, libertade soberanoz. Horra, ba, Zulaikak poemaren hasiera-hasieran jarritako tesia. Haro Modernoaren somario bat. Baina horra Zulaikak ebaki, zatitu ta banatu nahiko duen tesla ere. Zulaika denbora arrazoizale baten seme da eta, jakina, arrazolzale bera ere. Analisian ari da. Baina bere denboraren presupostuak berak analizatzeari ekin dio. Beraz, tesi hori honez gero hauzian dago: hauzi horrexek egin du poema. Bere kirofano literarioan tesi hori pika-pikatuta geldituko da. Azterketa xehe luze baten buruan, Ni-Adan poesian, tesi hori proklamazio bat dela, aitortuko da. Dagoeneko bere esanahla ta balioa franko problematiko agiri zaizkio. Hemen zalantzaz aurkitzen dugu: ez naiz eta banaizka, eta zera naizenean zeraka, ta baina. «Eta... baldin ez egon», «berriro proklamatzen dut», «zuzen nadin», «baina», «aklara nadin». Iadanik Adan bera ere ez da aklaratzen. Eta azkenerako ortografian hots, logikan, oharmenean kabitzen ez den erabaklaren indarrezko «etaninagoentokiguztietanentenimenduatanahimena daude» proklamazio hura gelditzen da, crux mentis. (Ik. Adanen ezinkizuna ere). Esan ahal litekeen orori gainezka. Eskema ta arau orori lehert eraginda. Izan nahi duen bat da gizona. Batzutan gizon bat da. Batzutan arbola bat, bide bat. Sinesmen bat, batzutan. Zer da? Zer egin? Tesiak gorabehera, Adanek ez du erantzunik erraz aurkitzen. Eta ez du tesiren batetan habiarik egin nahiko ere. Ibiltzea maite du. Ez du kalzadarik konstruituko, egunoroko bidea berri izango zaio. Ez du etxerik egingo. «Hurrengo mendian lo eglngo dut / gaur / eta haruntzagokoan / etzi». Adan hau, ba poema hau, alegia ez da inolako konstrukzio akabaturik. Ez da inolako konklusioetara ailegatzen, ezin pausatuko litzateke ta konklusioetan. Ablatzaile bat da. Hasiera batekin abiatzen da poema (Adanen jaiotza), baina ez da konklusioren batekin bukatzen, beste abiada batez baizik: «beste behin ablatuaz / bere aurrean / mundu berri baten argia / sumatu zuen». Tesiek eta konklusioek Adan disekatzen dute. Aspergarri dira. Ederki adierazten dira egungo aspertasuna ta beste zerbait berriren egarria:
sentitzearen lurrak zapaldu ziren
zoriona zahartu zen
minak ez du ezer trajikorik
ez du merezi hemen gelditzea
hau aspaldiko mundu zaharra da
hemen aspertuta nago
goazen beste zerbaiten bila
zori ona
eta
zori txarra
ez dira nire mundua
bai, nik hemendik joatea nahi nuke.
Adan bere konzientzia beste kontsolaziorik gabeko gizakia da. Ez dio konzientziari inolako mitoz eta teoriaz, harresirik babestarako jarri. Seguridaderik eman. Kezkak dira bere harmak.
Adan gizon indeterminatua da. Definizioetatik ihesi, Kafkaren txoria persegitzen zion kaiolari ihest bezala. Adanek Adan izan nahi du. Adanen mundua Adan da. Baina prometeismo larririk gabe hori ere. Otzan-otzan: «bai, nik hemendik joatea nahi nuke». Espanturik ez. Eta: «nigan zerbait dago nadukana / ta ni ez naiz neurea». Adan ez da antsiatzen, biderik ez dagoelako; eta ezta bideren bat beretzat eginda badelako ere.
Adan hau era askotako Adan da, beti bere buruari berdin. Bere haragia galderazko haragia da. Betiko gizona ta momentu honetakoxea. Oroitzapen zaharrez kargatua ta memoria galdurikoa. «Hemen naiz ni / momentu honetan naiz ni / memoria galdu dut». Oraintxe da inoizko beraenik, oroitzapenik ere gabe. Momentu honetakoxe berbera huts. Bestalde, liburu guziko adjetiborik ugariena ta inportanteena aintzinako da, oker ez banabil. Beti ere nahimen ta adimenezko nagusi hau sentipenen mende doakigu: «sentitzearen gainean etzan / sentitzea azeptatu» (hiltzeko zoria azeptatu duen bezalaxe); «sentitzearen barruan / sentitzearen pean». Munduan dago ta mundua bere barruan darama: «ludi osoa bere baitan zegoela sentitu zuen / bere sentimentua haizea bezain zabala / eta galdua zen».
Zulaikak ez du linea xuxen-xuxenetako liburu gizonik asmatu. Adan honen izpiritua ez da modista baten izpiritua, guraiza tankerakoa. Josi-josia ta plantxatua. Bere kontradizioak bertan utzi zaizkio, zarratadak. Jainkoak egin zuen eta berak egiten du Jainkoa. Parabisutik botea da ta ez da akordatzen zergatik parabisutik alde egin zuen. Gogo nahastua ta pentsamentu bakarreko gogo sinplea. Eguzkia ta iluntasuna dira poesiotan sarrienetako propietate bi. Madarikazioak eta maitasunak batera doaz.
Dagoeneko esan genezake: Adan hau ez da itxura haina sinplea. Itxurazkoa da sinpletasuna. Hortik aurrera aurkitzen diren konplikazio gehienak ondotxo ezagutzen ditu ta, poema honetan, egunotako filosofien aztarrenak nonahi aurkitzen dira. Zulaikaren azierto haundi bat da, pentsamentu aldetik beregain diharduen bezala, forma aldetik ere filosofiari gain hartzea ta gogoeta haiek forma poetikoan isurtzea. Hortan ere Lekuonarekin doa, baina Lekuonak baino hobeto lortu du filosofia «ezkutatzea».
Zulaikak lehen situazio batzutan jartzen duen Adan arkaikoari, oinarrizkotzat daduzkagun esperentzia batzuk ezin falta zitzaizkiokeen: denboraren esperentzia, naturalezaren esperentzia, esaterako. Badira Zulaikak Adan honi apropos ukatu dizkion esperentzia molde batzuk: bere bakartasun unibertsalak preokupaturik, Zulaikak ez dio bere Adani lagunarte esperentziarik eman (adiskidearen, solasaren, andrearenik ere). Sakratuaren esperentzia, aldiz, edonontsu nabari liteke. Baina Zulaikak puntu hau ere bere molderatsu bihurtu digu. Oso habilki. Gizonaren burrukak Absolutoarekin Absolutoaren begitasun edo inkariozko oroitzapen nahiz utopiekin Adanen ametsa poesian komentatzen dira. Poesiaren bukaera erdi sibilino erdi banalak bilatzen den efektoa lortzen du: komeridrama batena, eta poema guziko Adanen anbibalentziak erakusten ditu. Adan honek berak asmatzen dizu bere asmatzailea, bere Jainkoa, «amets eta oroitzapen pusketaka», «lokatza piska batekin». Genesiko mitoa azpikoz gora eman digu, Feuerbachen ondotik. Baina, bestalde, Adanen asmazio hori Adanen aurrez-aurrezko bat da, zinez, Adanen patu sozio. Eta ez aldiz-besteka: Jainkoa Adan bezain haundia da (ez Adan zenbait kaskarrago ta are haundiago Jainkoa). Adan haundiak Jainko haundia. Adan ederrak Jainko ederra. Mitoaren maitasuna somatzen da bertso artean, nik uste. Higuinik ez behintzat. Baina ezta mitoaren begirune bildurti itsurik ere. Feuerbach bera ere aldrebes jarrita dago. Mitoa espresio bat da. Eta Zulaikak espresio mitikoa trebeki darabil. Halare Zulaika, nik uste, Oteizaren bidetik dabilkigu batez ere. Horra non aldare ta dogmazko erlijioa estetikazko fedeak superatzen dizun. Erlijio librea. «Maixu gabe / lege gabe / konpreni dut Jainkoa». Oteizaren pentsamenduak sekulako eragipena izan du poesia modernoan: Aresti, Gandiaga, Lete, Lekuona, M. Azurmendi-Intxausti, etc. [10]. Zulaikaren gizon eder eta instinto ederrek eta espazio hutsek besteren batzuen harriek eta frontisek bezain garbi erakusten dute Oteizaren traza: «gogo honek / pakea du maite / espazio hutsa / espazio zabala / huts zabala / zabal hutsa», «haizea / lurra / ura / espazio zabal hutsa / izatearen pakea». Cfr. Gandiagaren «Hutsune nabarmen bat / geratu da frontoian» bikain hura [11]. Adan hau lurrean etzan ta eguzkiz betetzen da... Lan bat aparte eskatuko luke puntu honek: Oteiza eta euskal poesia modernoa. Ia lehenbailehen egiten den. Poema honetan natur sentimentu erlijioso ugari da. Eguzkiaren funtzioa mitologikoki esplikatzea edozeini burutatuko litzaioke, poesiok irakurri orduko. Baina izadi guzia horrelatsu sartzen da. Ta axal-axalean gelditu nahi auenak ere, erruz bilduko ditu honelakoak: sentipen sakratu, gogo sakratu, une sakratu, gogo belaunikatu, misterio izkutu (nahi izkutu), uso zuri sakratu (uso zuri baten romantizismo), egia itsu sakratu, aintzinako Jainko zuri, eta abar. Edo besteok: «bakartade hartan / misterioaren mende / Adanen bihotza luzaro egon zen erreguka / dardaraz»; «mendietan / itsasoan / konpreni dut pakea» ta dena ritmo zen eta adorazio, eta abar (ik. Adanen otoitza ta Eguzki beroa poesiak); hitz gabeko misterio geldi-geldi neurrigabe sakon betiko, misterio sinple zoroa. Hemen eta beste lekuren batzutan, zoro hitzak ia-ia bizitzaren sustrai misteriotsuak jotzen dituena, adierazi nahi du, antza. Zoro liburu honetan adjetibo inportantea da: desira zoro, dantza zoro, misterio zoro, naturaren zoramen bero (eguzkia). Arrazoimenari ihes egiten diona, hitzaren kaikuan egosterik ez dagoena, esan ezinezkoa, misterioa, nolarebait zoro. Bere arrazoizko. Sentitzen eta hukitzen dena, arima punttarekin, baina gure begiek formarik igarri gabe. Egungo poesiak sarri kausitzen du gizona honelako, adierazi ezinezko, egoeratan [12]. Eta barren-barreneko esperentziaok sarrienik, ez esanez adierazi nahi izaten ditu. Han, barrenean, «hitz gabeko egiak / eta sentimentu gabeko maitasunak» daude. «Hantxe / ezerezean / bat batean / egun batez / zoramenduz / gogoa sortu zen... / gogo sakratuaren sua». «Aspaldi hartan / mirakulu hura gertatu zen». Barne honetan bizitzaren misterioa dago «bizitzearen mitoa», «gogoeta gabeko bizitzea». Hitzaren arteak hitzaren muga jotzen du. Honelako ateka batetan Lizardik Biotzean min dut asmatu zuen. Jeniala, jenialik izan bada. Baina Lizardik guziz bestela jokatu digu. Barne mindua errespetatu ta kanpokaldea, ingurua, egiten zituenak eta gertatzen zitzaizkionak, aipatu ditu soilki, barnea beretzat gordeaz: leiho zapien eguzkirik eza, haur jolasik gabeko kalea, hodeiak, itsasoa, gizadi bat geldirik, al dakit nun, bultza naute barrura, begiok ero (ikus, ero!), dantza nahasi bat frudimenean (gogo nahastu, Zulaikak; oroit Adanen dantza ere), etc. Lizardiren sentimentua azpian ezkutatzen da. Lizardik ez ditu sentimentuok zuzenean adierazi, inguruon bidez baizik, zeharka. Otartxo utsa poesian berdin aritu da. Lizardik sentimentu batzuen beloa ez zuen urratu nahi. Isilik uzten zituen. Oraingo poesiak sentimentu horiek ere aipatu, atzeman eta espresatu nahi lituzke. Ta zuzenean aipatzea Lizardiri bezain inposible bait litzaioteke, beste zeharbideotatik saiatzen zaizu. Ezin esana esaten da. Poesia etengabeko esperimentua da.
Hitzak hizpide. Poema honetan esperimenturik franko bada. Bat, mogimendua espresatzeko futuristen enpeinu hura dugu. Zulaikak behin metodo konbentzional samar batekin probatu du, Adanen dantzan (Neurri gabean), hitz guti batzuei ritmoa emanez: «dantza dantza / dantza zabal / zabal zabal / zabal dantza». Hitzak korroan. Koloreak jirabiran: «joan joan / gorri urdin / egon bueltan / bueltan joan / ... ilun gorri / ritmo bizi / neurri gabe / ilun gorri». Espazio zirkuloak. Kiribilak. Bestea mogimendu jarraitua da ta Zulaikak beste teknika bat erabili du: «Banoa / Nora noa? /. Ikusten dut mendi bat / ikusten dut han / haran bat /. Utzi nuen harana». Ikus aditzaren mogimendua: baitespena, galdera; orainalditik, etorkizuna adieraziaz han iraganaldira. Irrist egiten da bertsoak behera.
Arestiz gero poesia modernoak forma bila, hizkuntza berri bila makina bat lan egin du. Horra Arzeren esperimentuak. Egin diren atrebituenak eta lortuenak, nik uste. Konposizio poesia. Edo, agian, deskonposizio poesia. Beharbada Arze da gure abangoardista bakarra. Aresti ordu-orduan ailegatu zen. Arze ez da orduan ailegatzen, ordua baino lehenago ailegatzen da ta. Berak jotzen du ordua, berak asmatzen duen kanpai surrealista batekin. Abenturero denak bezala, bakarrik dabil. Bideak ereiten ditu, nornahirentzat. Poesiako Santa Kruz bat: poesia bakoitza enboskada bat. Pikaro bat: xotxari berari zirika. Beste bide bat Mikel Lasak abiarazi zuena da ta, iruditzen zaidanez, miniaturistaren perfekzio bide honetatik etorri dira gero Sarasola, Saizarbitoria, Urretabizkaia, mintzairaren paletan koloreak probatzen denak. Tamarindo poesia. Kolorearen eta forma justuaren poesia. Begi poesia. Sentimentu instanteak Ikebana. Guti ohartu den beste poeta bat bereziki aipatu nahi nuke hemen: Mikel Azurmendi Intxausti [13]. Post-arestianoa bera ere, bere aitortzaz: «Arestiren mailua ezin dut jaso», «mailuak ez dit balio». Lasagandik hurbilago hasi zen, agian. Baina ez da sekula dotoreziazkoa izan, hori ere berak aitortua: «ni enaiz poeta /. Iturria idekiz / ene poesia / prosa da». Haren azkeneko poesietan zerbait harrigarri somatzen da: gaien ezdeuskeria, gaiaren axolagabekeria apropos eta bere ahaleginak espresioarekikoan. Periodikoan irakurri den albiste bat poesia bihurtzen da. Pastoralak estudiatzen ari zela, egungo egoerari aplika dakiokeen pasarte bat ebaki zuen eta poesia bat para digu. Oihenart estudiatzen ari zela, bi-hiru atsotitzek bururazio bat ekarri diote ta horra poesia bat. Kantazahar batek oraingo gorabeherak bururazi dizkio ta aski dira hukitutxo batzuk, poesia bat eraberritzeko. Bibliako esaldi ezagun batzuei testuingurua aldatu, fabularen bat denboraz aldatu, parabolaren bateko pertsonak aldrebes jarri edo orainera bihurtu, huskeria bat, aski da poesia batetarako. Espresabide interesgarriak benetan, probatu dizkigunak. Propaganda Ministerioaren slogan ta esalegez ajitazio-poesia egiten zuen Maiakowski gogarazten du. Forman, alegia (ideietakoak ez digu inporta). Atsotitzetako, kantetako, esaldietako, errezo ta predikuetako hizkuntza eioa, usa-usatua, berbaliatzen dizu, espresio guziz esklusiboko Lasaren joeraren kontrast osoan. Irudi kastatuak: birjina bortxatu nahiz hogei ta hamar denario. Sinbolo zaharkituak. Ideia zaharkoteak. Baina espresio berri bat, zahar ta berri bateratuz sortua. Arno berria zahagi zaharretan. Esaera eginak, frase ezagunak hobesten dira. Oraingoxe pentsamentu politikoa euskal literaturako jakituria zaharrenean ixurita: «Lasarteko ola beltzetan Michelinekoek / harmarik gabe / hiruretan ebaki zaitan / bihotza». Edo-ta tesiren bat, eskola haizeak utzita, atsotitz sinple batetan ematen da: herri jakituriaren brebiarioa atsotitzak dira ta. Hizkuntza berririk asmatzen baino gehiago, eginda dagoena aprobetxatzen saiatu da. Formula antzeko esaldi eginak baliaberritzen, batez ere.
Zulaikak ozta-ozta batere ahaleginik egin du hizkuntza poetikorik asmatzeko, ezta hizkuntza poetikoa aberasteko ere. Aski zuen egunoro aurkitzen duena. Hura ere soildu egin duela, esan liteke. Arestik esan ohi zuenez poesiarako hizkuntza egin gabe dago (zegoen) euskaraz. Egia denak bezala, eritzi zuzena hori ere bere ikusmugetan. Poeta gehienen lanak arrazoi ematen dio. Hortan gehienek ahalegin dute. Zulaikarenak ez. Zulaikak ez bait du inolako «hizkuntza poetikorik». Hizkuntza honek berezitasun guziei zaputz egin die. Herri euskararik xumeena hautatu du. Hizkuntza apal ta biguna. Esaera zuzen-zuzena, bihurrikeriarik ez. Apaindurarik. Literatura ez literario bat. Edozeinen ahotan hauteman daitezkeen berarizko errekurso literarioak, besterik ez. Edozeinek dakizkienak, eta, jakin gabe, nornahik darabilzkienak. Solasetan dabiltzanak. Honetantxe ere Zulaika hizkuntzarik elementalenera mugatu da. Sutondoan ez da bestela hitzegiten. Honelaxe kontatzen zaizkio ipuinak, ematen zaizkio enkarguak, haurrari: zoaz Agustinenera ta esaiozu, emateko...
Paradisukoa atea utzi ondoren
biderik ez zegoen lurrean.
Adan aurrera begira jarri zen
eta zuen galdetu:
nora joan orain hemendik?
Eta ez zuen erantzunik aurkitu.
Zain ta zain egondu zen.
Eta ez zuen erantzunik aurkitu.
Hori bestela esateko modu hobe guziak txarragoak dira. Ez dago hobeto esaterik. Eta ez dago sinpleago esaterik.
Hizkuntza korrienteak ahoz-aho darabilzkien medioak erabiltzen dira. Baina badira beste errekurso batzuk ere. Adanen eskaria-k poesia soziala zeritzana gogarazten du. Bestenaz ere, poema honetan Aresti gogarazten duen gauza asko dago, euskal poesia moderno guzian legez: inork ez bezala markatu du Arestik Lasarekin haro honetako poesia. Gure egun ilunok Arestiren txispazoek argitzen dituzte.
Jeneralean, halare, Zulaika esan ohi den erraztasun zail hartan enpeinatu da. Enpeinatu, eta lortu:
Batzutan zatika pentsatzen dizu. Espresioa ere zatika ta saltoka doa: Adanen miseria-n, adibidez. Astiro behin ta larri gero, zalantzaz, patxadaz, errepikaz. Ideiekin batera ibilera aldatuz. Forma aldaketak mogimendua sortzen du poesian.
Edo eskribauaren solemnidade faltsoz: Adanen manamendua, sinplekeria bihurri batekin bukatzeko (oroit Heineren burlak).
Zazpigarren egunean sinpletasunaren perfekzioa da, Brechten poesiarik hoberenekin konpara daiteke. Epiteto bat gabe. Errepikak: «gero, egunak joanda gero, gizaldiak (!) joanda»; «egin dezagun gizona egin dezadan Jainkoa». Kontrastea: «Eta paradisutik jaurti zuen eta adoratu egin zuen». Zinema teknika bururazten digu. Poesia hori kortometraje bat da.
Kontrasteak asko ta garbiak dira, nonahi: «bideak zeraman Adan / eta Arfanek ez zuen biderik», «goian dena mendia zen / eta benean dena zulo» (Adanen larria). Beste batzutan kontrastea poeslaren prozesoan sortzen da, ez bat-batean, eta poesian barna (bukaeran, adibidez) hasierakoaren kontrarioa lortzen da, sarri espresioak ere forma diferentea hartzen duelarik: gogoeta prozeso baten poesiak dituzu Adanen ezinkizuna ta Adanen aita. Edo-ta, beste honela, prozesoan hemen ere, pentsatzen arituz-arituz: «Nire heriotzea / paradisuko eternidade bat baino ederrago da /. Zergatik da nire heriotzea hain eder? /. Norentzat da hain eder? Ez niretzat».
Errepetizioa maisukiro erabiltzen da (ikusi dugu zenbait adibide): «eta ezin zuen berriro ere / ta ezin zuen» (Adanen ametsa); «Nekeak / Adanen gogoa harrapatu zuen beste behin (hasiera)... Adanek / ixilik / beste behin izerdia xukatu zuen» (bukaera) (Adanen nekea).
Eta konjunzioak balio erlijioso, magiko bat du (honoko poema hau eta-z josita dago). Beste zenbait poetak ere halaxe darabil. Baina urrutiegi eramango ginduzke orain hitz madarikatu ta... hori aztertzeak (poesian, jakina!). Badu honek zerikusirik, geroxeago aipatuko dugun denbora magikoarekin.
Bukaeraren artea Adanen ametsean ikus daiteke, esate baterako (poesia hasieretaz gorago ihardun gara). Erabat, hasierak eta bukaerak oso lortuak, benetan. Txejovek nahi lituzkeen bezalakoxeak. Ardura asko jarri da hor. Poema honen balio literarioa interesatzen bazaizu, poesia hasieren eta bukaeren azterketatxo bat ezin utz zenezake. Zereko akabera maiestatikoa, esaterako, poesia narratibo sotil baten buruan: «Eta gau guztia zeruraino betetzen zuela / sentitu zuen». Sekula neurrietatik irten gabe, hori bai.
Errekurso berdinak behin ta berriro modu diferentetan erabiltzen dira: konpara Zazpigarren eguna ta Arfanen gaua, tankera berdineko bi poesia txit ezberdin, forma bera molde ezberdinetan erabillaz gero lortzen den bezala.
Bai, ez dirudiena da. Sinple dirudi ta ez da.
Aditz personak eta ikusguneak bat-batean aldatzen dizkizu: «Eta pararfisuko aingeru madarikatzailea / gogora etorri zitzaion: ze gutti zekien hark / ... zein ederra naizen»; «Nire gogoak bizitza honetatik aparta nahi nau / alferrikako dela hau guzia, nahi ninduke engainatu» (esaten dit, entenitzen da); «Dena mugi ezineko dirudi /. Adan, alferrik dituk hire ahalmenak» (solilokio bat simulatzen da, edo, hobeki, Adanen elkarrizketa bat bere gogoarekin) etc. Mogimendua ematen dio poesiari. Edo bertsoak etenda bezala daude, gorago aipatu dugun erakusbide hartan bezala: «zoriona zahartu zen / minak ez du ezer trajikorik / ez du merezi hemen gelditzea / hau aspaldiko mundu zaharra da / hemen aspertuta nago». Espresio puskak. Batzutan hitz batzuk botatzen dira, suelto, mugarri antzean espazio zabal batetan: «bertigoa / ansietate iluna / nongoak»; «bi oin, bi esku / bi begi, buru bat / gorputz tente bilutsean / instinto eder bat» (Adan primitiboa). «Eta bitartean / angustia, izerdia / gorritasuna». Fraserik gabe, ingurua hesitu gabe. Adanen misterioa poesia hitz pilaketa bat da, eskonbro pila baten antzera: konjugaziorik gabe, ezta deklinaziorik ere.
Beste batetan kontakizun mitologikoen doinua hartzen dizu: «Aspaldi hartan / mirakulu hura gertatu zen / gizaldien harrigarri... / Eta mututasun hartan / eta itsutasun hartan / ... Une sakratu hartan / ... Izate zahar-zahar haren errai-erraietan...» (horra denbora mitikoa: ik. Adan primitiboaren azken partea). Poema guzia denbora mitikoaren marko artean desarroilatzen da, ta denbora mitikoa ebokatzeko modu asko dago. «Egun hartan» eta «beste behin» ta «orduan» bezalako denbora seinalazio mitikoak nonahi aurkitzen dira. In illo tempore. Poema guzian iragan eta orainaldia elkarren lehian ari dira, elkarri txanda hartuz, gurutzatuz, mitoan bezalaxe. Iraganaldia presente da ta alderantziz.
Ustegabeko erlazioak asmatzen dira, inon alpatzen ez diren filosofietaz edo mitoetaz baliatuz: «Norbaitek maite nauela dut sentitzen / edo ta bestela, zergatik naiz bizi?» (maitasun ta bizitza: Jainkoaren oroitza). Egunsentia, burua altxatzea ta askatasuna: «Geroxeago, egunsentia zen ta / burua altxa zuenean / askatasuna zer zen / konprenditzen hasi zen». Zergatik iraultzarik eta aipatu? «Burua altxa» esan ta kito, dena esanda dago.
Oso bakan frase bihurriturik, eta sekula ez gehiegi: «dut sentitzen», «naiz bizi»; «hain zegoen erabat aspertuta Adan», etc.
Errekurso bat da hitz konkretoak eta abstraktoak nahastea (honela ere erlazio ezkutuak agertuz; izpirituaren eta naturalezaren munduen artekoak, sarri): «Eta bitartean / angustia, izerdia / gorritasuna» (Adanen miseria); «agur zoriona / agur sugea / agur Jainkoa» (Adanen agurra); «bertigoa / ansietate iluna / nongoak». Edo itxuraz elkarrekin zerikusirik gabeko gauzak uztartuz: «ez paradisu, ez larritasun / inon eguzki eta nekerik ez» (Bizitzeaz gogoeta). Honela deskubritzen da errealidade diferenteenen arteko erlazio sare sekretoa.
Errekursotxoak dira, halaber: galdera bati tankera ez korrienteena ematea: zeinek ez daki? ordez, «Nork ezin dezake jakin gizonok / gure gauan / zein garbi garen?» (Adanen gaua). Poesiaren martxa galdera batekin haustea. Edo gelditasuna galdera batekin astintzea ta martxa hartzea.
Inozentzia nahiko gauza abstraktoa da. Baina Adanen inozentzia pasadizo baten deskribizio antzean azaltzen da. Kontrastean, askatasunaren esperentzia Askatasuna. Adan estasi bat bezala: aditza (zen) hasieran kausitzen da ta berehalaxe galtzen da, aditzik gabeko estasian, hegan, jarraitzeko. Aldrebes, efekto bera aditzaren errepetizloz lortzen du konfesio tankerako Adanen presentea poesiak. Aitortza otoitz batetako geldiune, aditzaren errosarioan.
Ideia bakoitzari bere esaera. Sentimentu bakoitzak bere ritmoa.
Adanen egitekoa kasi haur hizkuntza batetan ondu da («Esan esan / zein da nire egitekoa? / Zein da? Esan»), bat-batean konspiradoreen juramentu antzeko formula ikaragarri serio batetara salto egiteko (baina saltoa preparatuta dago): «Adan da nire mundua / Adan bakarrik da nire mundua / Ni Adan naiz». «Adan ala hil!» bakarrik falta da.
Adanen desirarik sinpleena «pakea dut maite» esaeraren inguruan ondua da ta horrexek araukatzen du poesiaren ritmoa ere, danbaka, itsasoaren ritmoa uhinak bezala [14].
Gauza apartekorik ez. Horixe da poesia honen apartekoa.
Begira dezaiogun poemari adjetiboen aldetik ere. Machadok esaten zuela, uste dut, poesiaren sekretoa izenari epiteto egokia jostean zetzala. Zenbait poesia moldetan halaxe izango da. Bertsolariek eta kantazaharrek, etc. epiteto guti kastatu ohi dute. Euskal poesiarik hoberenean hala izan da, nik uste. Lete maisu da adjektiborik gabeko poesian. Poema honetan ere adjetiboek ez dute inportantziarik batere, pasarte bakanen batetan ezpada. Eta inoiz inportantziarik baldin badute, errosarioko letaina moduan kausitzen dituzu orduan: «Adan primitiboa / gogo zaharra / aintzinako izatea / lehenengo bizitza / betiko egia», etc. (ora pro nobis), ik. Adan primitiboa-ko letaina. Distirarik gabeko teknikak dituela, esan dut. Hona erakusbide on bat. Hautatu diren adjetibo gehienak apaindura baliorik gabekoak dituzu, apropos: eguzkia beroa da, zerua zoragarria, odola gorria, gaua iluna, Homeroren plaiak konkaboak ziren bezala. Adjetiboak ez daude ezer edertzeko. Deskribizio soil-soil bat osatzeko daude. Halare, adjetiboak estadistika batetarako bezala handik eta hemendik biltzen baditugu, sorta jakingarriak eskura genitzake (literatur kritikoek barka bezaizkidate metodo hauk!). Poemako izpiritua azaltzen digute. Liburu honetako adjetiborik ugarienak eta inportanteenak sortaka bilduz, honoko hauk daduzkagu: aintzinako, aintzinako zuhaitzak, aintzinako fruituak, aintzinako Jainko, aintzinako aingeruak, aintzinako izatea, gogo aintzinako, aintzin-aintzinako, gizon primitibo (berriz ere denbora mitikoa bururatzen zaigu). Sail honetan kide gehiago ere sar genezake: gogo zaharra, aspaldiko sentipena, lehenengo bizitza, arima zahar bat, betiko eguzkia, betiko egia, ausentzia urrun, nire betiko ahalmena, «ta zoriona zahartu zen» edo «hau aspaldiko mundu zaharra da» bezalako esaerak, oroitzapenak. Sinple da beste adjetibo inportante bat: heriotze hain sinplea, realitate sinple bat, gizon sinple, pentsamentu bakarreko gogo sinple ta goiko moduan zerikusizkoak ere kontatzekotan gogo primitibo, Adan primitibo, bizitza soil bat, eta abar. Eta bistan da, aintzinako hura ta sinple hau biak elkarrekikoak direla. Adjetibo artean kontrasteak ere bila genitzake ta ez da gutiago esanahikor, aurkitzen dena: «ikara haundi bat, ikara izugarri eta banal bat», nekearen lur zoragarri, bakartadeko zeru zoragarri; bakartade huts, erabateko betetasun; desira zoro bat, desio kunplitu, eta abar. Poema honetan eguzkiak naz, barrunbe kastigaturik, grina errerik, ezinpetako jainportantzia haundia du: kontrasta, beraz, begiak ilun, espiritu ilunak, gau iluna, ansietate iluna, zulo beltza, dantza beltz, eternidade beltz, eta abar. Interesgarria, orobat, zabalak eta hertsiak konparatzea ere: ritmo zabaleko musika pausatua, arnasa zabal, espazio huts eta zabal, bertigo itxi, zulo hertsi. Berdin jarrai liteke larri ta bare (mantsu), astun eta arin, argi ta ilun ta besterekin. Hemen odol gorria mantsua da. Olatuak berak mantsuak eta bare-bareak. Adanek deus guti idorotzen du, baina makina bat gauza galdu bai, galdu dizu: bide galdu, mendi galdu, paradisu galdu. Ta ahaztu. Bestena, barrunbe kastigaturik, grina errerik, ezinpetako jakituria saminik, nekerik eta larririk eta ezinkizunik ere ez bait da falta, protestak eta madarikazioak ere hor dira: aingeru madarikatu, aungeruaren su madarikatu, lur madarikatu, agindu madarikatu, agindu madarikatuaren oihartzun astun, eta abar. Adjetibo ilaraok azterketa gehiagotarako ere bide ematen dute. Baina bego badago ta kitto. Ez zaitut gehiago aspertuko.
Ez da makala izan, Adanen poema bat egiteko Zulaikaren asmoa. Bihotzak eskatzen zion, noski, baina gure denborak are eskatzenago zion. Esker ta erdi, denok. Honelako eginkizun baten bi arrisku haundienak forma astuntasuna, monotonia ta gaiaren desarroilo astuntasuna, izan zitezkeen. Zulaikak bat hala bestea airoski ta elegantziaz menderatu dizkigu. Forma arina, mogimenduz betea ta bizia, lortu du. Sakontasunean ez du ezer desmerezitzen eta, halare, beti poeta bezala ihardun zaigu, poesiak, sakontzeko, filosofia bihurtu beharrik ez duela, erakutsiaz. Azterkari da, poetarik, bihotz barneko gaitzen eta, filosofiazale eskolaturik, artista da herri mintzo apalaren. Eman diok lanari, behar zuen tornuia.
Puntu aparteko bi zehazkiago hukitu nahi nituzke oraindik:
(Denboraz). Adan honen nortasuna ezagutzeko haren noizkotasuna konprenitu behar da. Adan hau betikoa da. Bal. Baina bada inoizkorik ez izatea bezanbatsu den betikotasun bat. Gehienetan betiko gauzak ez dira inoizkoak izaten. Zulaikak Adanen betikotasunaz edonoizkotasuna besterik ez du adierazten. Ez deus abstraktorik, denborazko baldinkizunen azpitikorik, denboraz eta kondizio historikoez apartekorik. Kondizionatu gabekorik. Eta bai denbora guzietako gizona, kondizio guzietako Adan, la condition humaine. Betiko Adan, ba. Hori adierazteko denbora mitiko batetan lekuratu digu bere protagonista. Denbora mitikoa iragana da. Poema hau iraganaldian, dago idatzita. Baina presente dagoen iraganaldi bat. Oraintxe hau iraganaldi da. Beti orain da. Beti lehena birjaiotzen da. Esperentzia bakoitzean denbora berriro jaiotzen da. Denbora mitikoak ez du kalendario mugarik, sakratua da. Beti eternidade da. Badakigu tempus eta templum hitz senide direla ta Zulaikak senitasun horren arabera tratatu du denbora. (Hemengo denbora ta hemengo lurra Adanen tenploa bizkiak dira). Poema honetako aditzak iraganaldian orain-aldian haina balio du. Berdin da iraganaldi hala orainaidi. Egunik zehatzena arabakiaren eguna edozein egun da, noizpait, edonoiz, oraintxe. Egun batez Adanek hil egin behar duela jakiten du. Oraintxe. Egun hartan Adanek asko ikasi zuen. Bat-batean Adanek angustiaren larria sumatu zuen. Gaur, ustegabean, zera pasa da. Gero, egunak joanda, edo gizaldiak joanda (zer diferentzia dago?), zerako zera. Gau batetan Jainkoa asmatu nahita dabil. Poema honetan denbora partizioak honelatsu egiten dira: behin, beste behin, orain, geroxeago, egun batez, gau hartan, aspaldi hartan, une sakratu hartan, lehen. Adan honi egunak ez, baino gizaldiak pasatzen zaizkio ta miloika urte atzera begira, ume izan zela, sentitzen du. Egia ta justizia eskatzerakoan behin ta betiko eskatzen ditu. Behin ta betirako manamenduak uzten dizkigu hil-aitorrean. Eternidadearen esperentzia egiten du. Eltun hura gaur da. Aspaldiko sentipenak ditu, aintzinako da, oraintxe da. Denbora hau «momentuko eternidadez» egina dago. Denbora hau Adanen bizitoki da. Esistentziaren lekua. Hor dago gizona: paradisutik irtetzean, paradisuko atea utzi zuen ondoren, arratsalde arrunt batetan, eta abar. Denbora hau marko besterik ez da. Ez du berez kontenidorik: egun batez Adanek esan zuen, egun hartan, inoiz ez, betiko, behin ta berriro eta berriro ere, orain, aspaldi aspalditik, udazken izan zitekeen apika, egunsentia zen. Denborak sekulako inportantzia du poema honetan, baina sekula ez dago gogoeten erdigunean, multan baizik. Bere gisako denbora da, une sakratuz ta egina. Deskribatzeko zaila. Hobeto ikusten da berezitasun hori Zulaikaren denbora, esate baterako, Urretabizkaiarenari kontrastatzen bazaio. Urretabizkaiaren San Pedro bezpearen ondokoak poeman ere denborak leku biziki inportantea du (ikus tituloa bera). Urretabizkaiak segundo bakoitza kontatzen du; Zulaikak miloika urte batera begiets lezake. Ez nolanahiko goizen bat, Urretabizkaiaren poeman La Séoubeko goizak daude; ez gau hura ta gau hartan, ezpada halako ta holakoxe gauerdia, edo hainbeste ordu ta hainbat minutu. Urretabizkaiaren denbora kaja ttipitan banatua bezalakoa da eta kaja ttipi bakoitzak bere kontenidoa du, botikario baten apaletako kutxatxoen antzera. Denbora sujetiboa da. Sentimentu ta esperentzien kronometroa. Arras bestelako denbora, ben-benetan. Hona hemen Urretabizkaiaren poemako adibideren batzuk eta berez agertuko zaigu bion arteko aldea:
Duela urte asko
(hamar urte ez ahal dira urte asko)
San Pedro bezpera batetan
gauerdian
San, Pedro bezpera batetan
gaueko hamarrak bost gutiagotan
Duela ia lau urte
San Pedro biharamuean
uztailaren lehenengo egunean
(Jesu kristoren odol guziz prezitatuaren eguna)
Segungo bakoitzean behin
Zortzi urteko ametsa
hiru mila gaueko esperantza (365 x 8 borobilduta)
hiru mila goizeko helburua
udazkeneko hamabost egun
Hamabiak entzun ziren erlojuren batetan
Goizeko zazpietako ezin
jeikiak
zortziterdietako dutxa
nola egin duten alde
banaka
isilik
arrastaka
eguneko orduek
hilabete bakoitzeko egunek
Nola izan diren
luze
sei hilabete hauk
Duela sel hilabete (bis)
pistu nuen sua
duela sel hilabete
mahaina jarri
Hemen sentitua da denbora bera, ez sentitzearen marko soila. (Edozeinentzatz uzten dut bertsolariekin konparazioak egitea «San Jose arratsaldeko hiru t'erdietan» (Iturrino), «Ostegun juan danian hamabost Ernanin» (Xenpelar), etc.).
(Eguzkiaz). «Paradisutik irtetzean / Adanek begiak zerura jaso zituen /. Eguzkia zegoen» (Adanen agurra). Adanek biziera berri honi ekiten dionean, paradisutik kanpora, eguzkia dago. Poemaren azkenean, orobat, beste haliera bat iragartzen da eta Adanek, hemen ere, «mundu berri baten argia / sumatu zuen». Argiaren eta iluntasunaren arteko burruka. Hastea iluntasuna desegitea da. Adan, paradisua galtzean, ilunpetan dago: «Begiak ilun utzi zizkion / aingeruaren su madarikatuak /. Ilunpe hartan / bere haragia galdera bat zen» (Adanen bidea). «Jainkoa paradisuan gelditu zen / eta eguzktak ez du berotzen gaur» (Adanen aita). Baina Adanek iluntasuna desegingo du: «Eta itsasoa / eta mendiak / eta lurra / konjuratu zituen / espiritu ilunak uxatzeko» (Lur madarikatua). Bere bidean zuloren batetara irixten bada goian dena mendi ta behean dena zulo Adan oso larritzen da, ansietate ilunez betetzen da, lokarri batek ito nahi duela, ohartzen da ta erabakitzen du, erabaki: hauts dezadan! (Elkarrekikoak ditugu, ba, zulo, iluntasun, ansietate, lokarri, konzeptuak). Eguzkiak Adanen bizitza, beregaintasuna, espresatzen du. Egunsentiak dakar askatasunaren esperentzia (Adanen bakartadea). Eguzkitan egiten da askatasunaren esperentzia: «Begi aurrean lur eta ur zelaiak /. Urrun urrunean urdina /. Harriaren eta haizearen aurka / musika amaigabe /. Eta eguzkia zen batez ere» (Askatasuna. Adan). Esistentziaren sentimentu mingarria, erre egiten du, eguzkitan, desira zoro ta eguzki zoro artean: «Desira zoro baten garratza bat batean / eguzki errea / erretzearen zoramena / eguzki zoroa, zoroa, zoroa» (Askatasuna. Adan). Eguzkiak bihotza iturri bat bihurtzen du: «Lurrean etzanda / ortzi ederrari begira / Adanen espirituan / desira guri bat sortzen hasi zen / bare bare eta kementsu» (Adanen otoitza). Eguzkitan bizten da bizitzaren sentimentua. Eguzkiak ematen du Nitasunaren indarra: «Eta eguzkiaren indarra xurgatuz / eta hilargiaren argitan garbituz / gogo aspaldiko hura / gogo nahastu hura / olatu zabal bihurtu zen» (Adan primitiboa). Eguzkia ta gizonaren gorabeherak batera dabiltza ta batera falta ohi dira: «ez paradisu, ez larritasun / inon eguzki eta nekerik ez». Adanek, lurrean etzan ta, bere aurpegi ederra eguzkiari eskaintzen dio: eguzkitan «Adanen sentipenak / Adanen nahiak / neke ilunik gabeak ziren bot batean» (Eguzki beroa). «Eguzki galda gori hartan / Adan dena su ta izerdi zen, eta / zen dena eguzki bihurtu zen». «Adan guzia / eguzki galdu baten edertasun zen / eta dena eguzki, eta dena eder». Eguzkitan «Adanek ezin zuen esplika / nola zitekean iluna posible / ezin zuen esplika heriotzea» (ohar nola biltzen diren gai sailak: iluntasun, zulo, heriotze, etc.; eguzki, hasiera, bizitza, eta beste). Aldiz, eguzkitan, errealidadea «eder, gorri, krudel eta bero» agertzen zaio. Ohartzekoa zera da hemen ere: eder, poema honetan, gizonarentzako adjetibo esklusiboa dela; hots, Adanen beraren adjetibo, ta Adonen gorputz eta aurpegiaren, Adanen itxaropenaren, Adanen neke ta izerdien, Adanen heriotzaren. Horiek bakarrik aipatzen dira eder. Lurraren berotasuna galdu gabeko Adan hau naturaren edertasun da. Eguzkia naturaren zoramen bero. Gauza bera dadukagu gorri-rekin: gizonaren esklusibo da hori ere (poema honetan), odolaren, dantzaren, izerdiaren, askatasun esperentziako ikararen epiteto bait da. Berotasuna, berriz, eguzkiari ta lurrari dagokien kalitatea da. (Krudel ez da hemen baizik inon agiri). Gizonaren gogoa, «lurraren fruitu», eguzkiak argiz eta indarrez betetzen du. «Kasikan kontura gabe / Adanen gogoa promesa luze bot zen /: eguzkia maiteko dut / eguzkia izanen naiz / ilunak eguzki eginen ditut» (Eguzki beroa).
Eguzkiaren aldean urak ez du hainbeste inportantziarik. Halare badu bere inportantzia, hemen haren inportantziarik eza aipatzeak. Urretabizkaiaren poeman, izan ere (kontrastapena jarraitzeko), justu-justu aldrebes boit da: eguzkiak ez du inportantziarik [15], ura da hemengo elemento nagusia. Euria, aterkiak, egun grisak, danbroa. Bustitasuna. Laster itzuliko natzaizu puntu honetara berriro.
Bi puntuok berezi ditugularik, badugu oinarri bot oharkizun arruntago batzuetarako: erraza litzateke oarin Zulaikaren poema guzia mito bezala azterkatzea. Poema erlijioso bezala. Ez litzateke batere zaila horko paradisuak, lurrak eta lurrean etzateak, lurraren aurka zera eskatzeak, espazioak eta haizeak, harriak eta itsasiak, dantza liturgikoak, mendiak eta arbolak, eta abar, sinbolismo mitiko bezala argitzea. Zulaikak berak mitologietako temak lasai-lasai ta lotsarik gabe aprobetxatu dituenez gero, hainbat errazago litzateke interpretazio hori poema honetan. Eta nik hola uste dut irakurleak egin ere horixe egin behar luke, irakurtzen ari denean.
Poema erlijioso bot al dugu hau, halare? Nik ezetz uste dut. Edo, hobeki, bai ta ez, ia beste edozein poema bezalaxe, edozein kreazio bezalaxe alegia. Ez da dudarik, kreazio batek beti ere gizonaren konzientzia estrukturen marka daramala, Egtamu horien tankerakoa dela kreazioa beti ere, ta bidezko besterik ez da, poema honetan konzientzia estruktura mitiko batzuk nabari badira. Egitamu horiek poema honetan nolaxe konkreto bihurtu diren, poema honetan nolako mami ta forma hartu duten, zertxobait ikusi dugu ta xede horrekin egindako azterketa seriosago batek hobeto erakus lezaiguke. Ez dira, noski, Arestiren, Lekuonaren, Gandiagaren, Urretabizkaiaren poesian hauteman ditzakegun mami ta forma berdinak, ezta arras diferenteak ere. Elementuok beti ez dira egoten hain bistan eta agirian ere. Urretabizkaiaren poesian ezkutuago ta transformatuagorik daude, geroago aipatuko dugun Nerudaren poeman ere biluz-biluzi.
BAINA poema batetan beti ere estrato diferenteak daude. Hobeki, poesiak errealidade diferenteak mamitzen ditu batera. Horregatik poema bat eta poemako gauza bat bera, sarri irakurtzeko ta juzkatzeko ikuspide diferente asko dago.
Beste ikuspide bat soziologiazkoa izan liteke, esate baterako, ta goiko paradisu, lur ta guzi haiek oso bestela agertuko litzaizkiguke. Eguzkiak eta denborak ere beste esanahi bat agertuko ligukete. Ikuspide soziologikoa erraz lezakeen zenbait char egiten ere saiatu natzaizu. Adan primitiboaren aukera, herri hizkuntza elemental horren aukera orobat, soziologiaz esplika litezke. Poemako ideiak: Jainkoaren kreazioa, lurrarekiko harremanak, eguzkia ta iluntasuna, askatasunaren esperentzia, geldi ezinik beti ibiltzeko irrika, Adanen ezinkizuna, ametsak, otoitza, bakartadea, miseria, manamendua, egitekoaren galdera, nahi izkutua, eta abar, ikuspide soziologiko bati esku-eskura datozkio. Noragabe dabilen Adan ezinegon hau, gabez bidean doana, burua altxatzen duena, bere kateen jabe izaki egia ta justizia eske ari dena, lur madarikatuaren bedeinkatzaile ta paradisuen desegile hori, gure hazaldiaren irudi nabarmenegia da, edozeinek aisa ez erreparatzeko. Ez Prometeoren eta ez Isaiaren laguntzarik duen hortan, erlijioaren nahiz ideologien krisia somatzen da. Alanen nekea ta asperkundea, gazte gaitzak ezezik belaunaldi honen zorigaitzak dira. Irtenbide politikorik gabeko egoerak irteerarik gabeko zuloak asmarazi dizkio poetari. Ezintasunak, ezinkizuna ukatzera behartu du. Izatera bidean ezinpetuta dauden jendeek proletargoak nahiz Euskal Herriak nekerik gabe ezagutuko dute beren aurpegia espilu honetan: Adanen Ni nerau izateko enpeinuan, halaber, Nitasuna zanpatuta duten guziek, burgesia ttipitik emakumeenganaino. Askatasuna zein gaurko gaia den, apenas dago esan beharrik. Mugak lurreratzeko amorrua, orobat, eta galduta ibiltzea. Eta ilunak eguzkitu nahia; eta justizia odoletan konprenitzea ta pakea mendietan ta itsasoan baino ez; eta momentu honetantxe izatea ta bihar zeinek daki, ba ote garen; eta bizitza hau ze bizitza den eta zeren hasiera den hau, kezkak, etc. soziologia oso gutirekin esplika litezke. Hizkuntzaren sinpletasunari ta espresabideen lautasunari ere, hamaika arrazoi soziologiko eman lezaioke: idazten duen inor ez da axola literario soilez ari, eragipen ta interes sozial eta politikorik gabe. Ez beste hizkuntzatan. Eta euskaraz gutiago. Hizkuntza larrekoa noranar hikotzeko ahaleginak ez dira literarioak bakarrik. Politikoak eta sozialak ere bai. Eta horrelakoxe ahaleginen artean sortu dira Zulaikaren mintzaira ta espresabideak. Ia denak daramazkigun joeren kontra, sortu ere. Azken aldian «eskola espresioak» ugaritu dira literaturan. Herri hizkuntzaren begirunerik gabe, hizkuntza abstrakto, tekniko ta akademiko berri bat zabaldu da, beste edozein hizkuntzatan dagoen bezalaxe (baina euskarak ez zedukana). Behar-beharrezkoa hori ere. Baina Zulaikak aldrebes jo du. Konzeptu zail denak baztertu ditu. «Esistentzia» hitza bera ere alferrik bilatuko duzu. Bai, ba: poema honen mamiaren nahiz formaren nahi haina soziologia egin liteke. Izan ere, poesiak konzientzia estruktura mitiko batzuk mamitzen baditu, garai ta giro batetako konzientzia ez du gutiago mamitzen. Irakurleak alde hortatik ere mirrindu ta mirrizka lezake poema, bere gogora ta aisera, ta probetxu aterako du.
Baina poema bat, soziologiari edo erlijio azterketari inporta dakiokeen mila alderdi ta gauzaren aurretik edo alde ta gauzaokintxe batera kreazio literario bat da bera. Kreazio literario bat, gauza horiekin denekin. Eta poema honi ere kreazio literario bezala, begiratu beharko diozu, beste guziaren gainetik. Erabiltzen diren medio literarioak ikusi beharko dira. Badakigu, obra honen nortasun literarioan alde soziologiko ta mitologiko horiek zerikusirik badutela: balio literarioa horietxek osatzen dute besteren artean. Zer duen da artea zer den. Baina, hein honetan, osagarri mitiko ta soziologiko guziok obra literarioaren helpide, medio, dirudite; ta obra literarioak berak dirudi helburua. Poesigintzaren jomuga poesia da.
Poesia ideiak eta formak ez da beti gauza bera. Zer da poesia? Da, poetek izan dadila egiten dutena. Besterik ez. Eta poetek gauza diferenteak sortzen dituzte. Poema honek eskatzen dituen konparazio batzuk Lekuonaren Gaur: 1972-rekin konparazioak lirateke. Nik hori ez diozt propio egin nahi izan. Baina esan ditudanek konparazio hori erdi-egin dutelakoan nagokizu. Eta bestela zeuk egitea dadukazu. Beste edozeinekin konpara dezakezu, antzeko hala antzik gabekorekin. Poesia honek bere nortasun garbia du. Detaileetan bezalaxe agiri da hori osotasunean. Detaileetan, halare, errazago erakusten da, osotasuna aipatzerik ez dago ta. Aipa litekeen guzia beti zati da. Lekuonaren hizkuntza, espresabideak (iragan-orainaldian egindako poema hura ere); Urretabizkaiaren hizkuntza ta espresabideak; Arestiren hizkuntza ta ecpresabideak (orainaldi garbian egindako poesia: ta orainaldiaren domeinu hau aditzean sintomatiko da haren poesiarentzat) bestelakoak dira. Gorago bustitasuna aipatu dut Urretabizkaiaren poesian inportantzia haundiko elemento bezala. Geldi gaitezen adibide honetan, adibideak alferrik ez multiplikatzeko. Urretabizkaiak estilo txit propioa du. Ikuskera ta sentiera ta adierazkera propioak, irudiak, obserbazioak, dena euskal poesiaren barruan. [16].
Egia, dekadente ta sentimental da. Baina gustoa moral erlijioso edo politikoren bati zeharo sakrifikatu ez diotenentzat, poesia zoragarria, nik uste. Biziki interesgarria, edonola ere. Ta beste edozeinenak bezalaxe, Urretabizkaiaren poesiak ere bere giroa du. Zulaikaren izadia denboraren moduan, hau ikusita bait dadukagu konkrezio gutikoa da: lurra, mendiak, itsasoa, arrunki aipatzen dira. «Lur guztiak dira nire / itsaso guztiak dira nire / eta zerua edonon dago». «Mendiak nire lagun dira». Urretabizkaiak, alderantziz, gauzak xehe-xeheki deskribatzen ditu ta izadia ere bai: sanjose loreak eta sienprevivak eta sagarrak eta masustak, etc. Zulaikaren goiz bat ez da Urretabizkaiaren goiz bat. Urretabizkaiaren goiz honetan euri ari du, seiretako langileak maldan behera doaz (nota bene: seiretakoak, eta sudurra hotzak, eskuak patriketan, doaz), eta abar. Idazle bakoitzak bere medio literarioak. Zulaikaren poesian orokartasun hau bezala, eta batez ere Adanen primitibotasuna bezalatsu, Urretabizkaiaren poesian Zulaikarenean antzeko beste ezer baino hagitz markanteago, gainera etengabeko motibo bat, leit-motiv bat, bustitasunaren tema da. Poesia hau Freudekin irakurri nahi dezanak, ez dakit ze interpretazio emango duen. (Zer, esa, ten zuen, adierazten duela urak?). Poesiaren azterketa soziologiko edo mitologikoak bezalaxe, psikoanalitikoak egin ahal bait litezke: poesian, konzientzia estruktura mitikoak eta giro soziala bezalexe, Autorearen psikea mamitu da ta. (Ura, bestalde, motibo mitiko arrunta ere bada, noski). Berdin da. Hemen ez digu horrek inporta. Baina bustitasun ideia, mila irudi, metafora, deskribizio ta sinbolo formatan eta situaziorik desberdinenetan behin ta berriro agertuz, poesia honetako elemento literariorik aberatsenetakoa duzu [17]. Gutienez orrialde bakoitzeko behin, hogeina edo hogei ta bostna bertso behin, kausitzen da. Hemen tantoka dari tristezia, tristeziak aingura bat du; penak lehortu egiten dira, kexak ito; dardara lanbro bat da; lanbroa besapean duela, dabil norbait, etc. Eta zer esanik ez. Urretabizkaiaren poesiak duen tristura gozoan, melankolia bigunean, kristalezko gurian, badu honek zerikusirik. Zulaikaren poeman, aldiz, sekula ez du euririk egiten, ez da inoiz lanbrorik. Adan hau ez bait zen euskalduna. Eta, halare, ikaragarri gaur-gaurkoxe euskaldun dugu Adan hori. Euskaldun lehorra, lehorreko euskalduna.
Azken konparazio batekin bukatuko dut. Alderakizun honetan Zulaika ta Lokuona elkarrekin batera ipinten ditut, alde batean. Brecht berekin jarri nahi nuke. Bestean, horien aurrez-aurre, Neruda jarriko dut. Konparazioak xede hsu dizu: bi joera arras diferente elkarren parean ikustaraztea. Ta, bertanago, Zulaikaren sinpletasunak poesia honetan «ezer ez dagoela» pentsarazi dienei, besterik erakustea.
Krisi ta irskin garaietan ez da bakana, poetek eta beste pentsatzaileek lehen hasierari buruzko gogoetak abiatzea. Oinarrizko gauzetara itzultzea, beste dena krisian ikusten da ta. In principio erat pentsamentuaren arketipoa garaikotasunez gori-goritzen da. Erraz konpreni daiteke zergatik.
Baina hasierak leku diferentetan har litezke. Lekuona konzientziaren hastapen kosmiko, absolutorantz itzultzen saiatu da: gizatasunaren lehen osagarri materialetara itzuli da, eboluzio bidez. «Nere historia / ludiaren kondaira bezain luzea da», essten digu. «Lurra nigan haragi egin zen /. Ura nigan odol egin /. Eguratsa arnasa bihurtu zitzaidan /. Sua, berriz, bizi egin zen /. Ta bizi-bulkoa nigan gizon egin zen». Horra eboluzioaren kondaira, gizonaren eboluzio jatorria, Lekuonaren ikusmira poetikoan. Zulaikak ikusi duzu eboluzio ideiarik ez du erabiltzen. Giza konzientziaren bizkunde momentua da Zulaikak hartu duen hasiera. Konzientziarekin hasi da. Bertan bukatzen ere du (Lekuonaren eskhaton edo omega ideiarik Zulaikari alferrik bilatuko diozu). Dudarik gabe, konzientzia «irakatsi» nahi ligukeen hainbeste Maisu dagoen honetan, lehenengoa bakoitzaren norbere konzientzia dela, gogarazteko. Interesek eta eskolek eta Alderdiek beren menera makurtu nahi duten konzientzia eraso horietatik babestu nahi du Zulaikak: nortasuna. Diferentziaon gainetik Zulaikak koinzidentzia harrigarriak eta funtsezkoak ditu Lekuonarekin, muin-muinekoak ala literarioak. Esaterako, axal-axalean bertan, gorri epitetoa musikari eransteko sinestesia biek darabilte (Lekuonak: «melodia gorria», «besta-gorri ospatu zen / eguzkiaren ohantzean»). Lekuona, Zulaikaren moduan, begiak hertsiaz jasotzen dituen bihotz susmoen hegaletan, subkonszientearen mugetako «mundu muin-muineraino», «paradisuaren atariraino» hegaldatzen zaigu. Nire apunteetan ikus dezakedanez, Lekuonaren guzi honek bere ondorengo Zulaika iragartzen du: alegia, «desirazko itsasoak», «nahi-izate baten mugarik ezak», «guzi-guzia maite ohi duzun / bihotz sutsuak», «mentura bidetan» doanak, «ez nekien ezer banintzen edo ez nintzen» harek. «Ludia nigan, ni ludian», «arna bateko mugarik-ezan blei / gizon aurkitu nauzu», «Eguzkiaren argi epelean / haizeak eraginik / lur ezearen gaina / ta ur-bilduen erraiak / saltaka ziren hasi / bizidunen dantza», «gauak begiak hertsi... / ta loaren erresuman ametsa dut emari», «Eguzkiak jaio erazia» (naiz), «lurra nauzu», «mundu azal larrutuan dut / norbaitera erromes-bidea», «harkaitzetan nere ederra», «itsasoaren poema nauzu / hondarrean idatzia», «mundu kaotiku honi / sentidu bat aurkitu nionean / lurrak zigortu ninduen / errukirik gabe / bere legearen gogorrean / Menderakaitza dut lurraren indarra», etc.
Poesia egiteko modu bat hau da. Ez da bietan berdina. Antzekoa bai, ta biak batera jarriko ditugu. Nerudaren modua kontrajartzen diet. Poesia modu diferenteak daudena, ez dadukazu nik esan beharrik. Itxu ragabetsu da konparazioak egitea, horrela bi modu elkarren neurri bihurtzekotan. Utz ezazu hori. Ez hobe ta ez txaharrago. Diferente ta kito. Neruda, badakizu, Neruda da, ez da Zulaika. Baina poeta ona izateko ez dar go Neruda hainakoa izan beharrik, gutiago Neruda bezalakoa, ta ez dago «hizkuntza poetikorik» eduki beharrik ere. Niri ez zait Neruda beste inori baino gutiago gustatzen: esan dezadan hori, nire txatxarkeria egin aurretik. Eman dezadan, gainera, ondorengo poema nire gogozkoenetakoa dudala. Baina, gustatu, whisky gustatzen zaidan antzean, gustatzen zaidala, uste dut. Erateko. Gozamen batetarako ez da Zulaika irakurtzen. Ogi lehorra da hori.
Alturas de Macchu Picchu (irakur: Matxu Pitxu) aurkeztu nahi dizut. Aurretik: Neruda txiletarra da, hego-amerikanoa. Beste kasta bat, beste tradizio poetiko batetan dago (Huidobrorenean, hain zuzen), poema hori 1945-ekoa da. Beste leku ta garai batzuk dira, hortakoz. Baina poema hori ere «sustrai bilaketa» bat da. Neruda ere gizonaren bila dabil hor. Baina ez, Zulaika bezala, krisailu apal bat eskuan hartuta, filosofoaren moduan, irudimen eguzki dirdaitsuz baizik. Ikus eta konpara:
¿Qué era el hombre En qué parte de su conversación abierta / entre los almacenes y los silbidos, en cuál de su movimientos metálicos / vivía lo indestructible, lo imperecedero, la vida?». Eta barne-barneko gizon ezkutuaren bila, «como un ciego, regresé al jazmín / de la gastada primavera humana». Apenas da gure itsuen hizkuntzarik... Gizonak nonahi topatzen ditu. Baina nolakoxeak, gero: «el capitán oscuro del arado» nekazaria da, ta esaidazu, baserritarra euskal poetek bakarrik idealizatu ote duten.
Zer da gizona, zer da gizonaren «zer-izena»? Zulaikak honelako hitz haundiak doi-doi lituzke lupua baino askoz maiteago. Nerudak ez du penarik eta gure zer-izana non dagoen kausitzen dizu: «El ser como el maíz se desgranaba en el inaccesible / granero de los hechos perdidos...». Esan nahi bait da, euskaraz, gure egunoroko komerietan agiri dela, zer garen: «y su quebranto aciago de cada día era / como una copa negra que bebían temblando». Eginkizuntxo horietan, udazkenean zuhaitza hostoz-hostoz bezala, bizi ta hiltzen gara. Baina eginkizuntxoz kargatutako gizon hori, Zulaikarentzat bezalaxe, misterio da Nerudarentzat ere. Nerudarentzat honelakoxe misterioa:
quise nadar en las más anchas vidas,
en las más sueltas desembocaduras,
y cuando poco a poco el hombre fue negándome
y fue cerrando paso y puerta para que no tocaran
mis manos manantiales su inexistencia herida,
entonces fui por la calle y calle y río y río,
y ciudad y ciudad y cama y cama,
y atravesó el desierto mi máscara salobre
y en las últimas casas humilladas, sin lámpara, sin fuego
sin pan, sin piedra, sin silencio, solo
rodé muriendo de mi propia muerte.
Munduz-mundu dabil bila ta bila, amodioan, festetan autobusetan, itsasontzietan, kalez-kale baina ezin du aurkitu bilatzen duena, «la eterna veta insondable». Horra jende ttipizko jendarosteak, oinazez eta penaz egunoro piska bat hiltzen ari diren pobreen jendeteria, ta horra jendeon heriotza, jendeona:
la que el pobre heredero de las habitaciones
llevaba entre alimentos apresurados, bajo la piel vacía:
era algo, un pobre pétalo de cuerda exterminada:
un átomo del pecho que no vino al combate
o el áspero rocío que no cayó en la frente.
Era lo que no pudo renacer, un pedazo
de la pequeña muerte sin paz ni territorio:
un hueso, una campana que moría en él.
Yo levanté las vendas del yodo, hundí las manos
en los pobres dolores que mataban la muerte,
y no encontré en la herida sino una racha fría
que entraba por los vagos intersticios del alma.
Nerudak ezin du gizona aurkitu. «No pude asir sino un racimo de rostros o de máscaras / precipitadas, como anillos de oro vacío /, como ropas dispersas hijas de un otoño rabioso / que hiciera temblar el miserable árbol de las razas asustadas». Alferrik zebilen «del aire al aire, como una red vacía».
Baina honelako bilatzaile batek ezin zezakeen ez aurkitu, honelakoxeak:
Alguien que me esperó entre los violines
encontró un mundo como una torre enterrada
hundiendo su espiral más abajo de todas
las hojas de un color de ronco azufre:
más abajo, en el oro de la geología,
como una espada envuelta en meteoros,
hundí la mano turbulenta y dulce
en lo más genital de lo terrestre.
(Adjetiborik gabeko izena bilatu egin behar da, bilatu!).
Azkenean, ba, Macchu Picchun aurkituko dizu Nerudak Oteizak Aginako zeroan bezala hastapena. Zuzen esan: hego-amerikanoaren hastapena. Maechu Picchu «la cuna del relámpago y del hombre» da. Eta ere da:
Madre de piedra, espuma de los cóndores
Alto arrecife de la aurora humana
Pala perdida en la primera arena
Alturas de Macchu Picchu «Canto General» epopeiaren zati bat da, Nerudak sorterriari kantatu zion epopela. Kolkoan zerabilen aspaldian epopeia americano bat egiteko asmoa. 1943-an Macchu Picchun biztu zen ideia, esaten digu berak: «Allí comenzó a germinar mi idea de un Canto General americano... Ahora veía a América entera desde las alturas de Maachu Picchu». Sentimentu nazionalez bete-betea. Haunditasunez betea. Nerudak Macchu Picchu Amerikaren sustrai ta slnbolo bezala ikusten du. «Sube conmigo, amor americano», dei egiten die herrikideei, boza aitxatuta. Hego-Amerika humilatuari bere haunditasuna erakutsi nahi dio.
Poetek beren ikuspideak izaten dituzte, ta, batzutan, herrienak berak izaten zaizkizu. Orixek, bere poema haundian, gure jatorria ta sustraia baserrian kantatu zigun eta Nerudak Hego-Amerikaren sustraia ta jatorria inkaen obra ziklopeo honetan, Ande puntan. Batak zein besteak herri gustoari «ideologia nagusiari» segitzen ziotela, esan liteke. Zein diferenteak biak, biak herri zapalduak izan arren! Orixena tipitasun apalean biltzen da. Nerudarena haunditasunean zabaltzen da. Konkistadoreen semeen semeek beren buruak inkaen seme bihurtu dizkigute... Aspaldikoa da leinu ohoretsuaren zaletasuna. Gure batzuek ez dira aspertzen Elkano ta aipatzen. Haunditu nahi gaituzte, kaskarrak bagara ere. Nerudak Hego-Amerika haunditu nahi du ta ederretsi ta goraipatu. Egia, inka haundiak pasa ziren, Nerudak ez ditu gaurko inka gaisoak kantatzen, Amerikaren sustrai bezala, lehenagoko bikain haiek baizik. Galdu baziren ere, hor utzi dute Hego-Amerikaren sustraia. Hego-Amerikaren obra da hori, obra prekolonbino paregabe hori, mendez-mende galduta egona, 1912an Bingham arkeologoak aurkitu arte: «en el inaccesible granero de los hechos perdidos» ikusten da gizon bat nolakoa den. Macchu Picchuk erakusten du hego-amerikanoa zer den bere barren haundi aberatsean.
... una permanencia de piedra y de palabra:
la ciudad como un vaso se levantó en las manos
de todos, vivos, muertos, callados, sostenidos
de tanta muerte, un muro, de tanta vida un golpe
de pétalos de piedra: la rosa permanente, la morada:
ese arrecife andino de colonias glaciares.
Neruda ez da nekatzen «bere» jendearen haunditasunaren kantuan:
aquí los anchos granos de maíz ascendieron
y bajaron de nuevo como granizo rojo
Aquí la hebra dorada salió de la vicuña
a vestir los amores, los túmulos, las madres,
el rey, las oraciones, los guerreros.
Aquí los pies del hombre descansaron de noche
junto a los pies del águila, en las altas guaridas
carniceras, y en la aurora
pisaron con los pies del trueno la niebla enrarecida,
y tocaron las tierras y las piedras
hasta reconocerlas en la noche o la muerte.
(Orixek hain zuzen gure jenderik apalena kantatu badu, beharbada «jebismo» baino zerbait gehiago da. Zulaikak Adan guziz korriente bat asmatu badu, beharbada irudimen kontua baino gehiago da, Adan gizagalantik ez bururatzea).
Ikuspide bakoitzak bere espresabideak. Nerudarenak, egiazki, gure artean ohi ez bezalakoak [18]. Estiloa gizona dela, esaten da. Esan dezagun, herria dela, apika.
Neruda komunista zen. Honera arte Hego-Amerika osoaren batasuna kantatu digu, klaseak direnik gabe. Hego Amerika, hego-amerikanoa. Orain, 10-gn kantuan (12 ditu) bere kezka sozialak iratzartzen dira: «Macchu Picchu, pusiste / piedras en la piedra, y en la base, harapo? / Carbón, sobre carbón, y en el fondo la lágrima?». Zulaikak ere aipatu bait dugu estanpatu ditu isil-isilik bere kezkak. Bere abstraktotasun zuziaz, Lekuonak ez du ahaztu, euskaldun dela lur-seme hori: «Lurrean errotua nago /. Areago: lurra nauzu... Lana, desolazioa, negarra/. Eta herria bezala / lurralde batean nago hedatua». Nerudari, halaber, Macchu Picchu egitea kosta zena akordatzen zaio. Izan ote zen esklaborik, negarrik, zigorrik? Hizkuntza biziki arrotz batetan egindako galderak. Goserik sofritu ote zen? Hona gosea zer den, poesiako gosea, noski: «Hambre, coral del hombre / hambre, planta secreta, raíz de los leñadores / hambre, subió tu raya de arrecife / hasta estas altas torres desprendidas?». (Gose hau ez da kondizio sozialek dakartena agian). Hego Amerikak ere jende ttipiaren gose ta zapalketaz eraiki ote bere haunditasuna? Amerika guziaren maitale bat ari zaizu galdezka, abertzale bat (eta ez dut, esaten dudana baino ezer gehiago, esan nahi):
Antigua América, novia sumergida,
también tus dedos,
al salir de la selva hacia el alto vacío de los dioses.
bajo los estandartes nupciales de la luz y el decoro,
mezclándose al trueno de los tambores y de las lanzas,
también, también tus dedos,
los que la rosa abstracta y la línea del frío, los
que el pecho sangriento del nuevo cereal trasladaron
hasta la tela de materia radiante, hasta las duras cavidades,
también, también, América enterrada, guardaste en lo más bajo,
en el amargo intestino, como un águila, el hambre?
Lanaren azpian lehertu ziren inkaak, zukututa bizi diren kanpesinoak: «labrador, tejedor, pastor callado / domador de guanacos tutelares / albañil del andamio desafiado / aguador de las lágrimas andinas / joyero de los dedos machacados / agricultor temblando en la semilla / alfarero en tu greda derramado...». Macchu Picchuren eder-haunditasuna ahazterazi ornen diote Nerudari (ta ez dago gehiago akordatuz ahazterik):
Déjame olvidar hoy esta dicha, que es más ancha que el mar,
porque el hombre es más ancho que el mar y que sus islas
y hay que caer en él como en un pozo para salir del fondo
con un ramo de agua secreta y de verdades sumergidas.
Déjame olvidar, ancha piedra, la proporción poderosa,
la transcendente medida, las piedras del panal,
y de la escuadra déjame hoy resbalar
la mano sobre la hipotenusa de áspera sangre y cilicio.
Cuando, como una herradura de élitros rojos, el cóndor furibundo
me golpea las sienes en el orden del vuelo
y el huracán de plumas carniceras barre el polvo sombrío
de las escalinatas diagonales, no veo a la bestia veloz,
no veo el ciego ciclo de sus garras,
veo el antiguo ser, servidor, el dormido
en los campos, veo un cuerpo, mil cuerpos, un hombre, mil mujeres,
bajo la racha negra, negros de lluvia y noche,
con la piedra pesada de la estatua:
Juan Cortapiedras, hijo de Wiracocha [19],
Juan Comefrío, hijo de estrella verde,
Juan Piesdescalzos, nieto de la turquesa,
sube a nacer conmigo, hermano.
Hitz aberatsak probreei.
Eta harrigarria: «Yo vengo a hablar por vuestra boca muerta».
Guzi horrek liluratzen du. Harritzen du. Zoratzen du. Mozkortzen du.
Beste honek hunkitu egiten du. Pentsarazi egiten du. Niri behintzat barrenago sartzen zait eta barrenago gelditzen zait, bere herri hizkuntzarik sinpleenean, eta pobreetaz pobreki mintzatuz, Brecht:
langile irakurle baten galderak
Zazpi atedun Teba zeinek eraiki zuen?
Liburuetan Errege izenak daude.
Erregeek garraiatu ote zituzten harriandiok?
Eta Babilonia zenbait aldiz porrokatua
zeinek jaso zuen hainbat aldiz? Urre distirazko
Liman etxegileak zein etxetan bizi ote ziren?
Txinako harresia bukatu zen iluntzan
nora joan ziren harginak? Erroma bikaina
garaite arkuz beterik. Altxatu zeinek egin zituen?
Zeinen gainean garaitu zuten kaisenek?
Bizanzio hain ospatuak jauregiak bakarrik al zituen
jendearentzat? Ipuinetako Atlantisen bertan,
itsasoak iruntsi zuen gabean, ito zorian ere
esklaboei dei-orroka ari ziren.
Alesander gazteak India irabazi zuen.
Berak bakarrik?
Zesarek galoak menderatu.
Ez ote zuen berekin sukaldariren bat bederen?
Filipe Espainiakok negar egin zuen Harmada
urperatuta. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Federiko Bigarrenek zazpi urtetako guduan garaitu.
Zein bestek garaitu zuen?
Orrialde bakoitzeko garaitzapen bat.
Zeinek prantatu zuen garaitzako banketea?
Hamar urtez behin gizon handi bat.
Kastuak zeinek pagatu zituen?
Hainbeste argibide.
Hainbeste galdera.
Zulaikak herri apal baten poesia apala egin digu, «egiaren arpegiz-arpegi jarrita». Edukazio falta bada, jatea, zer ote da, zurru ta porru hitzegitea? Ahoa baino hitz haundiagoz. Guri ez dagokigu.
Ematen du bake bat gure tristura luzean: «Adanen maitasunak / ezin men lur madarikatu hura aldatu...». Hauxe bait da gure lurra.
Eta frase sinple denak adiskide bilakatzen dira.
In tormentis seripsit
[1] I. Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 1971, 85.
[2] «Nire bularra labirintu bat da, dedalo bat / eta bertako kale kantoi guztiak ezagutzen ditut».
[3] «Nire buruaz mintzatzen naiz, naizalako / munduaren neurria (...). Ni naiz mintzatzen naizena / ta mundua diot / nire zihorraz neurtu behar dut mundua / beste neurririk ezin baitareabilket».
[4] Eriijio konturako ik. Seglarmen, Sei idazle plazara (I). JAKIN 1974, or. 112 ta hur. Harri ta Herri-ren hitzaurrean San Martinek honela zioen: «...euskara gutxi hornitu dugun aide batetik dihoa, gainera: ezkerrekotik. Baina, badakit, hori, gora-behera, apaiz zintzo bat balno gehiago pozik egongo dirana». Euskara kontuan hor daude 50-gn urteetako Krutwigen, Villasanteren, Mltxelenaren, Txillardegiren, Joseba Intxaustiren, polemikak, Geroago, nolanahi ere, ta ortografiari buruz batik-bat, teoria bere-bere batzuk azaidu izan ditu Arestik eta inork ez dizkio ontzat eman.
[5] Honekin ez de esaten, horiek egin dutena, ideologiaren baten eskemak, senti ta ikuskerak, poesiara aldatzea besterik izan ez denik. Badira horixe besterik egiten ez dakitenak. Baina hirurok egiazko kreatzaileak dira ta, kreatzaile direlakoxe, edozein ideologiari buruz nahikoa beregain ta independente.
[6] Ik. Mitxelena, Idazlan Hautatuak, ETOR/GERO, 1972, 61 ta hur eta 339/340. Literaturan baino ere hobeto politikan ikusten da enpeinu hori. Eta kritika politikoak zerabilzkien ikuspideak literatur kritikara ere aisa pasa ziren. Zeri ta enpenu horrixe erantzuten zion, noski, Aresti ex nihilo sortua balitz bezala, premisarik gabeko berritasun legez, kausarik gabeko kausa moduan, agertarazteak. Mirari bat. Hazaldi berriak bere nortasunaren afirmaziorako horixe behar zuen. Horrela jarraikitasunari ta tradizioari ez zion jaramonik egiten ta gogoz ahaztenzuen ere. Historiaren ikuskera materialistak bezalaxe, poesiaren ikusmira soziologiko ta historiko-materialistak badaki, halare, historian gutien-gutien dagoena, mirariak direla. Bistan da, literatur kritikak ere bere funtzio ideologikoa betetzen duela ta haien araberako erizpide ta jokabideak hartzen dituela (literatur kritikaren nire kritika honek bezalaxe).
[7] Ez dut Leteren azkeneko liburua ikusi, Bigarren Poema Liburua. Baina Zeruko Argian (zenb. 615) Lekuonak idatzi dionak, prozeso hauxe daramala, pentsarazten du. Pentsatzekoa zen, lehendik emana zuenagatik.
[8] Haren poesia ta prosa (anen artean baino desegokitasun tartailagorik ata nabarmenagorik apenas da posible: sentiera ta ikuspide erras desberdinak bietan. Prosan, denok dakigun eskola baten topiko artean galtzen da. Ez nortasunik eta ez kreaziorik diozu ikusten, jeneralean. Estiloak berak are ez dirudi beste poesia hura egin duenarena. Poesian, espresio zoragarriz beste, ikuspide guziz politak eta pertsonalak, obserbazio mehe-mehe ta arduratsua. Benetan ona.
[9] Irudi bat egiteko, konpara: Orixeren Barne Muinetan-ek 794 bertso du ta Euskaldunak poemak 9.563; Lizardiren Urte giroak ene begian, 258 bertso besterik ez; Lekuonaren Hondarrean idatzia-k (Muga-Beroak, GERO, 1973, hirugarren atala) 640 bertso; Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak 1.100 bertso inguruduna da (baina bilduma batetan, beste zenbalt gauzaren artean, lehen aldiz argitaratua izanik, kritikoel errazago pasatzen zaie akordatu gabe). Sarasolaren Poemagintza-k 950 bertso inguru dizu, Arestiren Euskal Harria-k 1.300 inguru. Obra baten ospean, batzutan, bailo literarioak haaia zerikusi du politikatxo editorial zuhur batek. Urretabizkaiaren poesiak atentzio gehiago merezi zuen, nik uste, bailo literarioari bagagozkio. Bere liburua behar zuen.
[10] Poesiatik landa, orobat. Ik. M. Ugalde, Hablando con los vascos, 1974, or 185 ta hurrengoetan Agustin Ibarrolak dioskuna
[11] «...eta hutsuneari / darion isiltasun / nabarmenago bat / menditearainoko / inguru guztian /. Ezin zitekean / hutsune hori bai-no / ezer handiagorik / kabitu harrian», etc. (Dena den, Arestiri profeta txit iratzarriaren enpeinuak iruditzen zitzaizkionak ik. Herri ata Herri, Q M. Azurmendi-Intxaustiri frai Jorgeren loak iruditzen zaizkio). Hori aparte, Orixeren «hutsa naiz»-ekin, gutienez bi huts diferente badabiltza egungo poesian.
[12] A. Urretabizkaiak bere-berea duen mosaikogilearen ttipitasun gusto paregabez esan du: «hitz esan gabe bat bezala / hitz entzun gabe bat bezala / hitz ulertu gabe bat bezala / hitz pentsatu gabe bat bezala / ihitz arrotz bat bezala / hitz ahaztu bat bezala / aurkitu nauzu». Eta zein ederki beste honetan ere: «Eta isilduko gara /, gure isilaldia / hitzez espresatzeko / zorion sakonegi bat izanen da».
[13] Ik. haren poeslak Euskal Elerti 69 ta Euskal Literatura 72-etan, LUR.
[14] Sarasolek ritmo hau ateratzen zuen bere poesla batetan: «Zeren bizitzea / ura / sua / haizea / da». Ik, Poemagintza, LUR 1969, 53.
[15] Oker ez banago, hauk dira Urretabizkalaren poemako eguzki alpamen guziak. Parentesi artean orrialdea adierazten da, Euskal Literatura 72, LUR 1972, argitalpenaren arabera: «Eguzkiaren beroaz / ene mendekua ahaz dadin (3); «hondartza miragarri hartan / jendeak dio / amorio hilak / eguzkiaren pean / hondar bilakatzen baitira» (35); «hautsi zituen lainoak eguzkiaren bila / gristatu zituen zeruak eguzkiaren bildur» (41)); «Orduan ulertu nuen / ez nuela... eguzkirik ltzaliko» (43); «Italiako eguzki errukabearen argiaz» (45) (erruki gobe, agian?); «Eguzkiek marketzen zuen bidetik» (58); «Eguzkia sarta zela / betlrako / pentsatu nuen» (69). Honek ez dirudi Urretabizkalaren poemako eguzkiaren esanahla sakonago aztertzeko leku egokia. Baina esan dezagun hauxe, kontrastearen amorez: Zulaikaren aidean, inportantzia aparte, funtzio kontrarioz ere badakar Urretabizkalak eguzkia: desegitearen, Itzeltzearen, ahaztearen, herlotzaren testuinguruetan, hain zuzen. Hierofania kosmikoen arabera hartuta, eguzki honek eguzki baino hilargiago dirudi.
[16] Rimbaudek etorkizuneko poeticei buruz lragarri zuena konplitu digu: «Elle trouvera des choses étranges, Insondables, repoussantes, délicieusses; nous les prendrons, nous les comprendrons». (A Paul Demeny, 15.5. 1871, gutunean).
[17] Parentesi artean Euskal Literatura 72 aip. liburuko orrialdea ematen da berriz ere: «Eta hutsune harretan / zulo beltz / busti / hotz bat / gertatu zen. (25); «Egun gris / motel batez jaio nintzen / gau beltzek inguratutako / hune / Jelatinatsu batetan» (29); «Ez nintzen haren bakardadearen / tristezia / tanta / bat baizik» (30); «Bere malkoek busti ninduten» (31); «Nik malite dudan jendea / ez zait inoiz / arrataalde euritsu batez / lantokira aterki batekin etorri / busti ez nadin» (32), «Ezagutuko zaitut / hainbat aldiz / zaparrada baten harian / aterkia eskuan» (32); «Aterklaren gauaren pean / euriaren azpian ezkutatutako xoko samurra» (33); «Haizeak ene pena lehor dezan» (34); «dardarraren lanbroak / one kexa ahaz dezan» (34); «Altzeiruzko itsas horren haraindian / jendeak dio / hondartza bat dago / non amorante hilak / ... aterpe malenkoniatsu haren bila / itsas afar gristatuaren amets...». (34/35) (Gristatu, Urretabizkaiaren hitz kuttuna). «Ene kexa ito dadin» (35); «Dardarraren lanbroa agor dadin». (35); «Hondarraren gainean biltzen den harri koloreduna bezala / lehortu ondoren / gristatu delako / deseingainaturik» (36); «Sartu baizik nahi ez duen / lainoa leihoan bezala» (36); «itsas barrenean / alferki oihuztatzen den sirena bezala» (37); «eta lanbroak hatzaparrak / gorputzean sartzen dizkidanean» (38); «ura / haizea / merkurioa bezala / esku tartetik ihes egiten zuten fantasmak» (39); «negar / malko gauzatu gabeaz / edo malko epel esnetsuez» (39); «putzoaren espiluan / xahutu zuen mile aldiz bore irudia». (40); «Sorrarazi zuen iturri bat / kantaren baten beharraz» (41); «malko euritsuek itorik«. (41); «hautsi zituen lanoak eguzkiaren bila / gristatu zituen zeruak eguzkiaren beldur» (41); «Euria ari du /. Putzu berbera / mila aldiz hustua eta / tantoka / tantoka / betea» (42) («Honelako goiz batez oroitzen naiz / neure haurtzaroaren...»). «Neguko izotzak bustia nengoen» (42); «Orduan ulertu nuen / ez nuela mendirik mugituko / itsasorik erdibituko» (43); «Zazpiaren hotsa euri tantaretan aditzen zen bitartean» (44); «neure tristeziaren aingura» (44) (berriro 45 orrialdean); «malkoen eta pozaren bideskak». (45); «zazpiaren hotsa euri tantaretan / jadanik ito zenean / arratsalde euritsu / ilun batez» (45); «zortziterdietako dutxa» (47): «ene perpausek / lanbro tantarez apaindutako / amarau distirant bat osatuko dute» (49); «Begi gorriak / odoitsuak / malko agortuez beteak» (52); «intzira baten azala / arramaskatzen duen / euriaren / garraisia isila / gozoa» (53); «Irrifarre bat zabaltzen zitzaidan gorputzean / ezpainetan dardarti / bularrean marmarlatsu» (53); «ez barearen xistuak kutsatuak» (55); «buruak aterki xipi / margaritazko aterki xipi bat bezala» (56); «Oroit zaitez / itsasoan / olatuen muturrak zuritu zirenean» (56); «intzak busti egiten nau / baina / Intzak malkoak ateratzen dizkio / zure galtzari» (57); «Oroit zaitez / lanbroa besapean ezkutatzen zenean / lanbroa besapean eta kopetan» (58); «Orbaina lehortzeko / indarrik oz zenuenean» (60); «Itsasoaren haraindian / abiatu ez zenean» (61); «pozaren arrasto lotsagarriak / lehortzen dituztenak. (65); «ni komun askotan izan naiz / eta beti begiretzen dut lurrera / lehorra egoten da / tabernetakoa ezik» (65); «haizea eta euria lagun / ene gorputza / malkoen hildoez markatzen dute» (66); «kopeta elurrezko luma kariziatlz hornitua» (67); «baina batez ere / begi malkogabeak / batez ere / mutur xistugabeak» (67); «lokatzak irrifarrea gristatu zuela» (69).
[18] Alturas de Macchu Picchu poemaren goren-erpina estasi bat da, letaine moduan espresatzen den Nerudaren estasla Macchu Picchuko ondakinen aurren. Sekulakoa. Begira ezazu hitzez-hitz: «Aguila sideral, viña de bruma / Bastión perdido, cimatarra ciega / Cinturón estrellado, pan solemne / Escala torrencial, párpado inmenso / Túnica triangular, polen de piedra / Lámpara de granito, pan de piedra / Serpiente mineral, rosa de piedra / Nave enterrada, manantial de piedra / Caballo de la luna, luz de piedra / Escuadra equinoccial, vapor de piedra / Geometría final, libro de piedra / Témpano entre las ráfagas labrado / Madrépora de tiempo sumergido / Muralla por los dedos suavizada / Techumbre por las plumas combatida / Ramos de espejo, bases de tormenta / Tronos volcados por ala enredadera / Régimen de la garra encarnizada / Vendaval sostenido en la vertiente / Inmóvil catarata de turquesa / Campana patriarcal de los dormidos / Argolla de las nieves dominadas / Hierro acostado sobre sus estatuas / Inaccesible temporal cerrado / Manos de puma, roca sanguinaria / Torre sombrera, discusión de nieve / Noche elevada en dedos y raíces/ Ventana de las nieblas, paloma endurecida / Planta nocturna, estatua en los truenos / Cordillera esencial, techo marino / Arquitectura de águilas perdidas / Cuerda del cielo, abeja de la altura / Nivel sangriento, estrella construida / Burbuja mineral, luna de cuarzo / Serpiente andina, frente de amaranto / Cúpula del silencio, patria pura / Novia del mar, árbol de catedrales / Ramo de sal, cerezo de alas negras / Dentadura nevada, trueno frío / Luna arañada, piedra amenazante / Cabellera del frío, acción del aire / Volcán de manos, catarata oscura / Ola de plata, dirección del tiempo». Nolarebait A. Zelaietak Lizardiri buruz idatzi duena datorkit burura: «Gure ustez, Lizardik Modernismoaren estetikaganako lehia jaso zuen, haren zafiro-ak baztertuz eta euskal motibazio edo gai batzuei lotuz». Ariztimuñoren hau dakar: «Desterró toda petulante fraseología de los zafiros, perlas de Ormuz, corales de Capri, esmeraldas y rubíes... magnificencias, sin duda, pero que no despiertan en las Imaginaciones vascas sensaciones de belleza. Pero escogió todo aquello, que siendo peculiar del paisaje vasco, pudiera provocar la emoción artística en el alma euskaldun». Ik. Xabier Lizardi, JAKIN 1974 69/70.
[19] Wiracocha inkaen Altor bezala da, inka herriaren aita-lehena, jainko edo bihurtua (baina inkaak Eguzki-adoratzaile ziren).