literaturaren zubitegia

944 idazle / 4.487 idazlan
6.741 esteka / 5.267 kritika / 1.828 aipamen / 5.187 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Anjel Lertxundi

«Haur literatura euskaraz»
Seve Calleja

Labayru, 1994

 

ANJEL LERTXUNDI (1948- )

Haur literaturaren teoria eta praktika

 

        Anjel Lertxundi, Oriotarra (1948) euskal kulturan gaur egun arlorik gehien landu dituenetakoa dugu. Sarrien erabili eta landu dituenak hurrengo hauek dira: ikastola eta Irakasle Eskolako irakasle, literaturan mota bat baino gehiago, argitaletxe bateko eskola materialen argitalpen koordinatzaile, kritiko, kazetari, eta zine zuzendari, besteak beste.

        Filosofia ikasi zuen Donostiako Seminarioan eta Erroman. Hogei urte zituela idatzi zuen lehenengo literatur lana, Hunik arratsartean. Harrezkero, urterik urte ugaritzen joan da literatur sorkuntzako lana. Gustukoen dituen generoak eleberria eta ipuina dira. Gogoratu Ajea du Urturik, Goiko kale, Hamaseigarrenean aidanez elaberriak eta Aise eman zenidan eskua ipuin liburu ezaguna.

        Haur literaturarako joera, berriro ere, Zarauzko ikastolan irakasle zegoenetik datorkio. Ikasleentzat irakurgai egokiak biltzen hasiaz batera konturatu zen hutsune handia zegoela arlo honetan. Horretarako konponbide bakarra urte batzuk lehenago maisu euskaldun batzuk egindakoa egitea da: irakurgaiak norberak sortzea. Haur literaturan egin zuen lehenengo lanetarikoa Zarauzko ikastolako haurrek eurek idatzitako ipuinekin liburu bat osatzea izan zen. Anjel Lertxundi proba honen eragile eta koordinatzailea izan zen, eta emaitza Haurra ipuin denean liburua (Gero, 1973). Handik lasterrera Gero argitaletxerako lan egin zuen. J. Arrizabalaga eta M. Martiarturekin batera Irakur 1, 2, 3, 4, 5 (Gero, 1975) irakur liburuak prestatzeko ardura hartu zuen. Liburuotan bertsoak, igarkizunak, ipuin herrikoiak egokituta, haurrentzako entziklopedietako pasarteak itzulita, eta abar bildu zituzten. Urte batzuk Gerorako lan egin ostean Ereinen didaktika taldean sartu zen, eta hortik haur eta gazteentzako liburu sorta asko eta asko egin, zuzendu eta bideratu ditu. Adibidez, OHOko lehen zikloko umeei euskara irakasteko metodoan liburu asko Anjel Lertxundirenak dira. «Txilibitu» (Udaberria, Uda, Udazkena, Negua, Gaur asteartea da), «Maria Goikoarena» (Burla burlaka, Quisiera ser alcalde Donostiakoa, Hitzen errenta) eta «Maria Goikoarenak eta bi» (Tximinitik gora, Auskalo mendian, Titiriteri titirimundi, Elegantzia Frantzia) bildumak ikustea nahiko da idazle hau haurrentzako idazlanetan zein ondo moldatzen den konturatzeko. Anjel Lertxundik ez du nahi umea testua eta literaturaren aurrean geldi egoterik, eta horregatik, bere liburuetan haren imaginazioa biztu eta bizkortzen saiatuko da umorea erabiliz. Gehien bat haur literatura idatzi du, baina argitaratu dituen ipuin liburu biek, Tristeak kontsolatzeko makina eta Gizon kabalen piurak, oso maila oneko idazlea dela erakusten dute. Anjel Lertxundi ez da, normalean helduentzat idazten duen arren lantzean behin haurren mundura hurreratzen den idazlea. Izan ere, haur literatura idazteaz gainera haur literatura bera aztertu egin du, eta horretaz liburu bat argitaratu: Haur literaturaz («Iturriaga» bilduma, Erein, 1982). Rodariri jarraituz, Anjel Lertxundi haurraren imaginazioari gehiago eskatzearen aldeko agertzen da. Eta horretarako egokiena ahozko literatura da, oraindik bizirik dagoen ahozko literatura, batzuen ustea bestelakoa bada ere. Aldi berean egitura narratiboak ere sakon aztertzen ditu. Baina liburua teoriari baino gehiago praktikari begira eginda dago, eta azken bi ataletan adibide praktiko bat azalduko du: ipuin bat nola erabili irakasteko, eta, ze alde dagoen, ze funtzio betetzen duten narrazio, igarkizun, aho-korapilo, esaera deskriptibo, erritmodun ipuinek, e.a.

        Honegatik guztiagatik, ez dugu uste erratuko garenik Anjel Lertxundi gaurko haur literaturaren handienetakotzat jotzean, bai teoria bai praktikan.

 

Bilaketa