literaturaren zubitegia

944 idazle / 4.484 idazlan
6.739 esteka / 5.237 kritika / 1.828 aipamen / 5.186 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Mikel Zarate

«Bizkaiko euskal olerkariak»
Santi Onaindia

Egilea editore, 1990

 

Mikel Zarate Lejarraga

(1933-1979)

 

        Lezama'n jaioa, 1933-3-6'an. Gaztetatik umore oneko ta liburu zale, Bilbo'n osotu zituen aparejadore ikasketak, baita garraxiz eskintza eukan munduaren barne zisku ta ezkutuneakaz konturatu be. Etzan ori bere deia. Ta rnunduari agur egiñik, 21 urtedun, Derio'n sartu zan eleiz-gizon izateko. Abadetza, meza barria, gurasoen eta bere poza... Ondoren, urte batzuetan, Gerena erritxoan daukagu arima-zaintzan. Gero, Derio'n, Deustu'ko Izkuntz-eskolan... Nainun eta noiznai urduri ta langille, erakusten eta idazten.

        Idazle oparoa, euskeraz eta erderaz, «Karmel» eta «Anaitasuna»-n idazten dau geienik, filosofi ikasten ziarduala asita. Liburu mordoa egiñik; ona batzuk: 1) Gure Meza Deuna, 1960'gn. argitaratua izan arren, Filosofia ikasten ebillela, Pio Parsch'ek idatzia euskerara biurtu eban: ona etorri jatan bein, argitara emon eurretik, nik gain-begiratu bat emotea nai ebala-ta; 2) Gure Salbaziño Egintza (Bilbo, 1967); 3) Meza Liburu txikia (Bilbo, 1968); 4) Bizkaiko euskal Idazleak (Bilbo, 1970); 5) Haurgintza minetan (Zarautz, 1972); 6) Euskal Deklinabidea (Bilbo, 1975); 7) Ipuin antzeko alegi mingotsak (Bilbo, 1975); 8) Euskal Literatura I (Bilbo, 1977) eta II (Bilbo, 1978); 9) Higidura berdez (Donosti, 1977); 10) Euskal Ortografia (Bilbo, 1978); 11) Bizipenen bultzadaz (1978), olerki txorta, eta besteak.

        Orduan M. Zarate be olerkari? Eta ez edozelakoa. Euskal senak ikutua zan, idazkeran errikoia, baserritar esaeraz bere idazlanak dotoretzea atsegin jakona ar. Baiña gure asaba zaaren pentsamentuak bertso-moldez tajutuak sarri artzea be. Euskeratiko esamaiña, jakin-gunez asetu orriak, ostera, egokiak doguz poesirako. Zarate'k ba-ekian ori, ta bide ortatik dabilkigu sarri, bere oler-ekarriak edertotxo jantzirik. Ona ezaugarritzat emalauko au, aren neurtitzetan zelai zear atzemondako aza-pinpirin koloretsu lez jatzuna. «Iratzarri nahi nuke» deritxo.

 

                Uda bihotzeko eguzki bero,

                zemento grisezko bloke zapalkor,

                gas pozoitsuaren ke laino mozkor,

                sorgin haizearen hauts dantza ero,

 

                motor durrunda... ta zu, egunero

                infernu gris hortan, egunero hor

                arima grisdun lur pusketa lehor,

                zure jaunen robot, baloi, numero...

 

                Iratzarri nahi nuke barnean

                lotan daramazun gizon poeta:

                gizon aintzidarri eta profeta,

 

                izangokoaren ezerezean

                zuregan dagoen gizon euskaldun,

                iratzarri zeu ta zeure zeutasun.

 

        Olerkariei geienez kezka darioe barne-muin. Kezkaz bizi zan Zarate. Ba eban zimiko zital bat ozka barruan: euskereari buruzko batasun kezka. Bera lanean asita laster, Arantzazu'ko Batzar ostean, banandu egin ziran naikoa euskal idazleak; leen alkarrekin polito genbiltzanok, ezkerrak eta eskumak lez, banandu gintzazan; danok giñean batu-zaleak, baiña oneik joiazan bide ontatik eta areik aretatik, oneik «zuriak» eta areik «gorriak», geroago politikan be egin dogun legez; ots, areik «atxe-zaleak» eta oneik «ez-zaleak». Bakotxa bere bidetik, jakiña. Oneik arei egozten errua, eta areik onei. Eta leen polito joian batasunaren apurtze onek kezkarazten eban gure zamudiotarra. Zaarra ta barria buztartu bear ziran, aren eritxiz. Bizkaiko euskal Idazleak liburua argitaratzean, onela autortu eban:

 

                «Ola zaar eta ola barri,

                gure batasunaren oiñarri».

 

        Norbaitek iragarri eban kezka orrek eratsi ete eban illobira. Dana dala kezka onen zigorpean bizi izan zan eriotzararte. Aren irakaskide ta lagun Derio'n urteetan izandeko Ander Manterola'k au diñosku: «Udako Euskal Ikastaroan parte oso garrantzitsua izan dau Mikel'ek. Ni bultzagille izan naz. Eta bera langille. Lehenengo urtetik eta geiago irakasle izan da. Bion artean eratu ditugu ainbeste programa. Baita metodogia bera ere. Euskeraren erazoan, naiz eta dan-danean bat etorri ez, sakonean bai. Biok oso kezkatuta egon gara euskeraren etorkizunari begira. Euskerak bizi egin behar dau, ta batu egin behar da, baiña ez biziaren kontra. Etenik ez izate ori izan da bion oiñarri bardiña».

        Au be esatea egoki dala deritxat, neuk eta ez gitxik experientxiz somatua: mee, sentikor, eten-erreza dala. Ez neuskio iñori bildurrik sortu nai, alan be bai au adierazo: euskal idazle ta olerkari geitxo doguz zentzun gitxitxoz galduak. Zure galpena be, Zarate, edo orretakoa deritxat. Egiña, baiña, egiñik dago, eta ezkutuaren aurrean guk burua makurtzea besterik ez dogu. Eta samintasun aundiz, Lizardi'k beiñola, bere amama zanaren illeta-egunean lez, esan bearko:

 

                «Agur, adiskide,

                Egun aundirarte».

 

        OLERKI-LIBURU BI

        Elebarri, nobela ta saioen artean, poesi-liburu bi itxi dauskuz: 1) Higidura berdez (Donosti, 1977), eta Bizipenen bultzadaz (Bilbao, 1978). Lenengoak 107 orrialde daukaz eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaratu eutsan, 1976 urtean «Ciudad de Irun» deituriko Literatura Sariaren irabazle izan zalako. Bigarrenak 69 orrialde ditu ta Durango'ko Leopoldo Zugaza'k, Bizkaiko Aurrezki Kutxa'ren Kultur ekintzaren laguntzaz, argitaratua da.

        Iru zati ditu lenengo liburuak: «Gelan», «Baserrian» eta «Hirian».

        Olerkaria batetik bat bere lantolan dago, gelan; itz lauz naikoa idatzi dau, ez ostera itz neurtzu, eta osotu nai leukez olerkiak be. Ba-dau ortarako goi-arnasa, ba-dau gaitasunik, eta bertsoak idazten asi da, olermiñak eraginda, aberria ta euskera jazoteko, edertzeko, olerki-lan arin eztiak eioten asi da.

        Elestian, ain zuzen be, mituak eta jakintsuen errazoiketak baiño lenago izan ziran poetak, olerkariak, bertsolariak. Homero'ren Iliasenak eta Odisenak ezi ta moldatu eben batez be grezitarren arimea, bizitza ta oiturazko jokabidea. Antigona'ren aoan jarri oi da esatea au: «Ederra litzakit iltea, onan egin ezkero».

        Zarate'k onela pintatzen dau bere gela: «Numenaren inguma, / isilaren atsegin, / silaren atsegin, / mahai, liburu, luma..., / eta anitz zeregin».

        Olantxe diardu abeska, euskera batuari, bakartadeari, ezorduen erdimiñari, barne eragiñaren etorriari, rima bako ritmoari, urkulketari, bere bizitzari, larriari, barru daroan kezkari, eskarrari, uda-sasiari, piñu geigiz inguratutako baserriari, itzaren bilia dabillen poetari, Lauaxeta'ri, Lizardi'ri, Aresti'ri, uhain barri etsipenduari, Euskal Literaturaren arrakeriari...

        Sorpen bitxiz apaintzen dau zatiño arin bizkorra.

        Baserria aldatzen da gero, gorputzez, irudimenez. Eta baserria ta inguruak kantatzen ditu 14 olerki txikitan. Onela dakus iskasbillik bageko baserria: «Ez dago / lehenik / gabeko / orainik, / eta nik / baserriaren / baso usaia / dut orainaren / muin sustraia».

        Eta emen be, baserrian, gauzon muiña, gura dau kantagai: goizeko kantu bardin ezbardindua, urdiñaren pozetan txorien kantak, pinpilinpauxak, amonaren leloaren durundua, il dan jaun morroia, laiñoak, astoa, balizko olaren oiartzuna, amama illak itxitako leku utsa, bideko bedarra, ortzadadarraren kolorea, Derio'ko kanposantua, granjako oilloak.

        «Bizipenen bultzadaz» liburuak be iru zati ditu: 1) Atsekabezko bizipenak; 2) Atseginezko bizipenak, eta 3) Ametsezko bizipenak.

        Gai arrunt eta ez-arruntak darabiltz lezamatar olerkariak, arin ta errez. Ez ditu gaizki ariltzen ideia ta oldozkunak; ezin daikegu esan, alan be, funts-errai aberats sakona dauanik.

        Mikel etzan ari ortakoa; bere idatzi guztietatik agiri danez, sorgin-pitxi antzera, lora-zale geiago dogu gun-zale baiño.

 

Bilaketa