literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Gurbindo zenaz mintzagai

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-9-12

 

        «Txitxo bat aldarriz: Tira ba adixkideoik / Goazen eskolara / Bizitzan bear deguna / Gogoz ikastera. Antton Txintxo: Ikaxketari itzela / Mutiko au degu / Jaurtin orduko oyua / Baida bidea artu. Patxi Alper Aundi: Au damue! Gaizo onek / Eskola bear ere.../ Jo...bar! Zer datozkion / Ematera neke. Ama xuhurbera: Liburu ta ilasarik / Irakas ikasi / Ainbeste gastuk eta / Sarritan buruautsi / Ikus ahalko degu / Legez dirutuki? / Ori gertatzear denik / Etsiya ez nago ni. Txitxo bat kontugilez: Ikasleak ordeaz / Berea badauki? / Ez naiz menturatzen / Erratera baiki». Ez da hasmenta txarra gaurkoan ekarri duguna, ikasleak oro eskolei harzara ekitear diren iraila goxo honetan —irailak oro goxo baititut edonola gerta ere—. Euzko Gogoa aldizkarian argitara emaniko «Eskola oroit-omenai batez: txitxokundea» deitura daraman olerki honen gaiak ez gaitu sobera harritzen, behar, alta badakigulako, jakin ere, Nafarroako haurrei zuzentzaile aritu zela euskarazko azterketetan, laketaren laket, hil urren zegoela ere bai, Etxalarren 1962.eko urriaren 10eaniko saioak frogatzen duenez, bada, soilik bederatzi egun beranduxeago zendu baitzitzaigun bere Iruñeko etxean.

        Jose Agerre Santesteban, Axularren abizenkide hauta, Euskalerriko hiriburuan 1889.eko abenduaren 29an sortu zen. Apez-bidea harturik, Belosogaraiko apezetxean sartu zen, baina asmo zerutiarrak hutsaletan geraturik, orbanduon mendera itzuli zitzaigun. Geroantzean Bordele eta Sevilla aldean ibili zen, bigarren horretan, nekazaritzako tresnen entrepresa bateko salmentetarako buru gisa. Espainako hirian ere arma denda baten zabaldu zuen beste norbaitekin batera, baina, 36.eko gerratearen aurreko garai nahasiak Iruñera arras-ekarri zigun. 1932.ean La Voz de Navarra eguneroko abertzalearen azken zuzendari ihardun zigun, 1923.eko martxoan sortu eta 36.eko uztailaren 18an berean Falangek itxi eta ohostu zuen berbera. 1934.ean ere EAJ-ren Nafarroako Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten. Curriculum honekin, oraino ezin izan dugu azaldu nola iraun zezakeen Iruñe faxista hartan zeinahi ezpuenda ahantzian ehorik ageri gabe, hagitzez ere hobe izan zaiguna, bestenaz.

        Jakintza zabaleko gizona, poliglota aparta genuen. Euskaraz gainera, apezgaitegian ikasitako latina eta grekera ere bazekizkien, baita naroki zerabilzkien espainera, frantsesa, ingelera, alemaniera eta italiera ere. Euskararen Adiskideak-eko taldekide zein taldeburua, abantxu Euskaltzaindiaren sorreratik euskaltzain osoa izan zen, 1919.eko irailaren 21eko bigarren labeka hartan izendatu baitzuten, baina urtea higatu barik, des-kaderatu zuten bileretara ez joateagatik, bereziki ez ahantzi denbora hartan Sevillan zatekeela, eta horregatik, normaltzat jo beharko dugu 1934.ean urgazle gisa berriz ere sartu izana.

        Goren graduko idazlea genuen Agerre, hitz lauz zein olerkigintzan, eta orduko argitalpen ugarik altzoratu zituen bere idazkiak: Amaiur, Egan, Euzkadi, Euzkerea, Euzko Gogoa, Gure Herria, Karmel, Napartarra, Olerti, Pregón, Príncipe de Viana, Vida Vasca. Agerreren prosa zertan genuenez jabetzeko hona hemen Egan aldizkarian agertu «Jentillen emakumeak» kontaeraren lagin laburra: «Jentillak, aundi ta goi, giñarre gozoko, larru gorri guriak, biloa ere bai sugorri edo artagorri, sarritan, begiyak urdin, sudurra makur, azkar ta zankarru, sorbaldak zabal, burua kizkur ta bekokiya, agerre. Ola ziren Aralargoitiko jendiak. Ikusagun orain Aralarbeitikoak: beltxaranak ziren edo morixkak, soina motzago, txitxez estuxe, aurpegia bildu, sudurra txorrotx, betaldiya, zauli, ikatz-disdiratsu ta sarkor, aizto-gizas; enborra, laukun, oreinak, bezin erne, laxterkari, soma bizi ta zail». Edozelan ere, olerkia mailan nabarmendu zitzaigun, gehienetan ere «Gurbindo» ezizenaren azpian. Apat Etxebarnek, Irigarai Txipik hots, «estilo conciso y simbolista con tendencia al modernismo» hitzekin definitu zuen Agerrek ondu olerkia. Lagun mina zuen Onaindiak, Gurbindok sinatu eta argitalpen ugaritan sakabanatu lan guzien bilketari eta ondorengo argitarapenari ezinbestekoa zeritzon: «ortan ibilli nintzan, Agerre il ta bat-batera, baiña ez nuen bear aiñako laguntzarik izan», alabaina, lan errex honek egiteke dirau, eta, desiratzen ez badugu ere, luzaroan horrela segiko duela aurreikusten dugu behinik behin, sine qua non diren bi baldintzetako bakarra bete ez baitzuen, hau da, nafarra izatekotan erderaz idaztea, eta, euskaraz idaztekotan vascongadetakoa izatea —beste modu batetan esanda, eta Jon Alonsok noiz edo noiz proposatutakoari jarraikiz, salaketa honek ez du ondoriorik izanen, Nafarkaria erderaz edota Vascongadetan ere banatuko ez den bitartean—.

        Hutsune hau aldez edo moldez betetze nahian, eta Agerreren prosarekin egin antzera, hona hemen Gurbindoren olerkigintzaren lagina, eskax izanagatik ere, nahikoa adierazgarria datekeena. 1950.eko Euzko Gogoa literatur aldizkarian «Orixeri goraintzi, egor eta agur» agertarazi zuen, gutiz gehien Nafarroaz ihardoki bederatzi puntuko hamairu bertso: «III. Jon Bilbao dela bide / Nai dizut egorri / Puntoko ok erranez / Irriz ta larri / Emen agiturikan / Denez oargarri / Funts guti deramate / Mamirik xuhurri / Eskas jakinduri / Ahal duzu igarri / Nabar erriari / Zer zaion etorri / Legea zenez geroz / Emen erori; IV. Otsa dabil, Orixe / Adixkide maite / Euskaldunak olesa / Den eskuterre / Aiginu izanen ola! / Onen urte gabe / Kalakok bein eta bein / Etsian gauzkite / Geranori gale / Zuriki bai ele / Jaten eman orde / Itza jana dute / Milagroa bear litzake / Eusteko fede».

 

Bilaketa