Serafin Baroja Zornotza
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-8-15
Dasconaguerrek 1867.ean argitara eman zuen omen ozeneko elaberria aisaro saltzeko izenburupean ipini abata zuria erabiltzean ez zuen originaltasunez jokatu, eta aldez aurretik bere erdal lanak errazkiago haizatzeko apeu petral hau hedatu zuenik izan bazen. Serafin Baroja Zornotza, Ricardo margolariaren eta Pio idazlearen aita hots, Barojatarren aikoburu nagusia zatekeena, erdal kulturari gagozkion bezanbatean bederen, Donostian sortu zen 1840.ean. Ezagun dateke Serafinengandik Barojatarrek letreekiko izan duten arrengura tematsua, baina ezin da ahantzi Serafinek berak ere etxean izan zuela inprimategia, erdal tradizioari itzuri ohi zaiona, eta ez ordea edozein moldetxea, izan ere, gure Barojatarrei bereziki jario izan zaien lurrin ideologikoa guztiz bat etorri izan zen argitaletxe hartatik elkiriko hainbat lanekin, besteak beste, Iztuetaren hiruak, edota erderara ere iraulirik estrainekoz ageri Thiersen iraultza frantsesaren historiazko liburua edo Monederoren giza gorputzari buruzkoa. Pascual Madozen abaroan Madrilen ikasi zuen Serafinek, baita zeraman ideologia zorroztu ere, eta zuen liberaltasunari antiklerikalismo garratza gehitu zion bozik. Ingenieritza bukatutakoan, Huelva aldeko Riotintora joan zen 1868.ean, hango meatzetako arduradun. Geroztik, beti ere lanaren karietara, leku aunitzetan ibiliko zen, hala nola, Donostian, Madrilen, Iruñean, Valencian, Granadan, eta Bilbon.
Gaztetandik ekin zion idazkuntzari. Los pillos de la playa, novela escrita en vascuence por Tantanfirulet, célebre tamborilero de Mizpirandienea y vertida al castellano por Andre Grashi hiriburu giputzean 1865.ean ageri zen. Donostia, Lezo eta Pasai eskenatoki zituzten idazki honen gertakizunen jatorrizko euskal aldaera idorotzeari ekitea zeharo ments litzateke, gorago esan bezala, salmentari begira botatako amu antzu baita. Noveluchas y cuentos, sucedidos y pasatiempos, grabatu ederrez horniturik, orduan Plaza Berriko 7. zenbakian Barojatarrek zituzten moldeetatik elkiarazi zuen 1865.ean, orduko aldizkigintzan argitaraturiko kolaborazioen bilduma. Edozein modutan ere, euskaraz ere zer edo zer utzi zigun, eta 1875.ean poesia liburu bat atera zuen euskaraz zein erderaz, Gaci guezac izenburuarekin. Ezkail berekoak izan ziren 1878. eta 1879. urtetarako ondu zituen euskaraz-erderazko almanakak, Santo Tomasco feriya, eta hiru ekitalditako Pudente opera zekarzkigutenak hurrenez hurren. Euskaraz ere tajuturikoen artean Cecen-suzcoa, Asto-contuac edo 1882.eko Hirmi arma alabac bertsozko antzerti bi ekitaldidun litezke. Azken hau Iruñeko Gaztelu Plazako 17. atarian zegoen Fortunato eta Isturitzen etxean inprimatu zen, eta hiru errealetan bakarrik salgai jarri bazuten ere, ez zen aleki meats bat ere saldu. Hainbat klasiko ere euskaratuko zituen donostiarrak, esaterako Tormesko itsu-mutila edo Shakespearen Hamlet-en bertso famatu horiek: «Izan edo ez izan, ontan dago dena. Zer da nobleago, sufritu indar gabe, makur, mugaitz oker, zori zurkaitzena edo bein urratu gogor atsekabe...». Barojak erabili zuen euskarari dagokionean, argi dago gipuzkera dela, berauk aitortu gisa: «Siga el que quiera a Bonaparte, Azkue, Campión, Arana eta Goiri Sabin, yo sigo a Larramendi, Iztueta, Iparragirre siempre». Hona hemen lagin adierazgarria izan daitekeena: «Aserretu ziraden erri txiki bateko bi auzotar, eta beretako bat, mendekatzeagatik, juan zan bestearen etxera, eta atean eskribitu zuen ikatz batekin: astoa. Ikusi zuen besteak ateko letreroa eta berala juan zan kontrarioaren bila, bainan nola aurkitu ez zuen etxean, esan zion morroiari: zure nagusiari esan bear diozu izan naizela bisita pagatzen, eta beste batean, etortzen danean ni bisitatzera, ez duela nere etxeko atean bere izena jartzeko bearrik». Zorionez, Serafinen euskal lan gehientsuenak irakurgai baditugu Urkizuk atondu oixtiango edizio batean Donostia, Txertoa, 1988.
Elaberrietatik poxi bat hastanduz, eta izkiriagintza pragmatikoago batean murgildurik, kazetaritzan ere higitu zitzaigun Donostiakoa. Madrileko El tiempo egunkarian azken karlistadaren gerrate kronikak largatu zizkigun oparo eta zehatz, Txertoakoek ere 1986.ean argitara eman zituztenak Julio Caro Barojaren hitzaurre batekin. Haiexek 1876.eko urtarrilaren 10tik ber urteko otsailaren 26ra bitartean idatziak dira. Bertan aisa hatzeman daiteke gauza jakina zena, karlistei zien herra hirotua alegia. Otsailaren 22ko eskutitzan Donostian jasoriko bertso batzuk eman zituen, Alfonso XII.aren alde, geure ustez, berak sorturikoak erraz izan litezkeenak: «Amabigarren Alfonso dago / Donostiaco errian / Erregue maite, guizon eguiña / Gaztetik estrangerian / Malco tartian aur bat ziñala / Utzi guinduzun toquian / Pozen indarrez negarrez ere / Gaude gaur zure aurrian».
Ildo honetatik segituz, 1879.eko apirilaren 21an El Urumea: periódico no político egunkaria agertu zuen Ricardo anaiarekin Donostian. Bertan aldikako Entre Madrid y San Sebastián: amores prosaicos elaberria agertu zuen besteak beste. Perico Pello de Alabaindanere: apuntes para la historia de un buen apunte, escritos por el mismo en vascuence y traducidos al castellano Iruñeko El Navarro izeneko egunkari liberalean ageri zen elaberria dugu berriz. De Chamberí a Madrid, 100 metros en 25 días elaberria 1895.eko La Voz de Guipúzcoa egunkarian argitara eman zuen. Badirudi beraz, asmo literarioek kazetariarenak garaitzen zituztela edo. Halaz guziz, 1883.eko urtarrilaren 1ean Bai jauna bai: periódico bilingüe castellano vascuence astekaria, engoitik aipatu El Navarro egunkariarekin arras loturik zegoena, agertarazi zuen Iruñean. Geroxeago ere Madrilen arra-azalduko zen 1904.ean. Honetan ezizen abondo erabili zituen: Anisch, Equich, Equech, Malcosh... Argitalpen honen bizitza zeharo llaburra izan zen, exkaxegia, izan ere, eta azken zenbakian adierazi zuen moduan, harpidedun ezak bere astekaria ixilaraztera eroan baitzuen.
Literaturak ezezik baita musikak ere atsegiten zuen Serafin Baroja. Musikaz bazekien ederki, eta txelojole gisa, Santistebanekin aritu zen askotan. Bien arteko aitzinaratu ekarpenak ez ziren, halarik ere, hortara soilik mugatu, Gorago aipatu Pudente operaren musika Santistebanena dugu, eta Caro Barojak molokota hutsa izan zela zioen arren, orduko Euskal Erria aldizkariak arrakasta azantzatsutzat aurkeztu zigun. Geroxeago Luchi opera hiru actoan papereratuko zuen Bai Jauna, bai astekarian 1904.ean Madrilen. Hantxe ere 13 akto eta epilogoa duen Amairu damatxo zarzuela agertaraziko zuen, eta erderaz bazen arren, kantatutakoa euskaraz genuen baiki.
Serafin Baroja Beran hil zen 1912.eko uztailaren 16an, orduko euskalari zenbaiten doluminaren iturri. Rosario Artolak honela kantatu zion azken agurra: «Biyotzian pena ta / Begiyan malkoak / Aundiyak dira gure / Naigabe gaurkoak / Ez gaude astutzeko / Zure lan naikoak / Sarituko zinduben / Bada Jaungoikoak».