literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Naiara Garzia
111 Akademia, 2018-12-28
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Gehiegi esan gabe gutxieneko bat esan behar da; muga hori topatu nahi izaten dut»

Errealitatea du abiapuntu Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) argitaratu berri duen azkeneko ipuin bilduman. Hamar ipuinek osatzen dute Munduko tokirik ederrena (Susa) eta bertan goibeltasunean murgiltzen ditu pertsonaiak, baina samurtasunari bizkarrik eman gabe.

Hamar ipuinak zure belaunaldiko bizipenez zipriztinduta daude.

Bai, baina hori da teloia: badago lan munduarena, hau da, lan istripuena, badago indarkeria politikoa, badaude hildakoak, atentatuak, badago polizia frantses horren istorioa, droga trafikoarena, lagun jonkiarena… Gure belaunaldiari bizitzea tokatu zaion espektro zabal bat dago, baina hori teloia da, ez da gaia, ez nuke esango gaia droga edo indarkeria politikoa denik. Giro horretan pertsonaiek jokatu egiten dute era batera edo bestera.

Irakurlea ez duzu gehiegi bideratu nahi izan.

Nik uste dut iradokitzean eta sugestio horretan dagoela giltza. Ez naiz gauzak gehiegi azaltzekoa eta nahiago dut horrela, pixka bat zabalik utzi.

Alaitasuna gutxi azaltzen da ipuin hauetan.

Nik uste dut bi indar nagusi agertzen direla. Alde batetik badago nolabaiteko giro goibel bat, baina era berean badago samurtasun bat. Goibeltasun horretan gainera ankerkerirainoko egoerak daude, baina oso sotilak izan daitezkeenak. Halere samurtasunerako tartea ere badago. Bi indar horiekin egindako ipuinak dira.

Lan egoeraren inguruko ipuinean, Aldaira izenekoan, bada eszena bat hagitz gogorra: fundizioan hiltzen den gizonarena.

Baina erreala da. Eta horrelakoak badira. Ipuin batzuetan hori lortu nahi nuen: narrazioak eramaten zaitu bide batetik, baina halako batean beste bide bat ere ateratzen da. Hor garbi dago narrazioa dela lan egoeraren gordinari buruz, baina era berean badago beste ildo bat, bestea bezain interesgarria, eta da gizon horien ezina alargunarengana hurbiltzeko. Hor badago liburuan zehar beste konstante bat: gizonen ezina hainbat gauza adierazteko. Ez dakite zer esan emakume alargun horri.

Ipuin askotan pertsonaiek elkarri esan ez dioten horrek pisu handia du atmosferan, ez?

Bai, hori da. Ni ez naiz oso elkarrizketa aberatseko pertsona eta uste dut hitz gutxirekin eta gero beste guztia giroan jarrita ulertzen dela pertsonaia bakoitza zein puntutan dagoen. Elkarrizketak egiteko era bat da; beste batzuek dena azaltzen dute. Ni gehiago naiz isiltzearen aldekoa. Askotan hortxe dago arriskua. Gehiegi esan gabe gutxieneko bat esan behar da. Muga hori topatu nahi izaten dut.

Pertsonaien arteko harremanak nahikoa hierarkizatuta daude.

Elkarrizketetan eta pertsonaien arteko harremanetan boterea konstantea da. Askotan harreman hierarkizatuak dira. Esango nuke egitura nahikoa trinkoa dela eta bakoitzak bere roll-a daukala komunitate horretan. Eta gehiegi azaldu gabe elkarrizketen bidez eta pertsonaien perfilaren bidez hauek identifikatzeko modukoak egin nahi nituen eta jendeak esatea: “Bueno, bai, badakit zertaz ari den zeren nik bizi izan dut antzeko zerbait”.

Ez da saiakera liburua, baina gogoetak protagonismo handia dauka. “Dagoeneko ez gara”, diozu une batean.

Bai, adin batetik gorako jendea da nagusi istorio gehienetan eta beraiek konturatzen dira beraien garaia edo beraien aldia badoala. Eta horretaz ere gogoeta egiten dute pertsonaiek, edo konturatzen dira nolabaiteko konflikto bat bizi dutela gaur egungo errealitatearekin. Kinka horretan dabiltza.

Ipuin batean ere basamortua aipatzen duzu edo “giza-klima aldaketaren” ondorioz giza- harremanetan gertatu den “idortze hau”.

Lehen bestela ziren gauzak ipuinean bada emakume bat oraindik libre sentitzen dena. Adinean aurrera doa, inork konturik ez dio eskatzen eta edaten ibiltzen da bera bakarrik… Berak beldurra dio neurri batean badoan mundu horretako azkena izateari. Jendeak adin batetik aurrera nolabait aldatzen du txipa eta beste mundu batera pasatzen da, baina horrek oraindik segitzen du lehengo gauzak egiten eta bera jabetzen da bera dela azkena igual, gaztetasun horri eutsi nahian ariko balitz bezala.

Denok daukagu Lehen bestela ziren gauzak ipuinean esaten duzun bezala “museo sentimental” bat?

Sinetsi nahi nuke baietz, denok daukagula museo sentimental bat. Gero museo horrekin zer egiten dugun edo nola kudeatzen dugun… ba batzuk ahaztu egiten dute erabat iragana, hau da, fase batetik bestera pasatzen direnean guztiz ezabatzen dute, ez dute ezer jakin nahi. Hori gertatzen zaio Lehen bestela ziren gauzak-eko amari. Ama horrek utzi egin du atzean herriko bizitza hura. Museo sentimentalen gestio horretan, batzuentzat iraganak pisu handia du eta beste batzuek ez dute hainbeste bizi iragan hori. Dena den uste dut ipuin hauetan pertsonai hauek ez dutela iragana bizi era nostalgiko batean, hau da, ez dute ederresten, ez dute uste lehen hobeto bizi zirenik, baina dudarik gabe gaur egun hartzen dituzten erabakietan eta mantentzen dituzten jarreretan pisu ikaragarria du eta hori da azken batez liburuaren hari nagusia. Hau da, pertsonaiak gaur egunean bizi dira, baina atzoko horrek, ez da iragana ere, pisu handia du. Eta ez nuke esan nahi determinismoa denik nagusi, baina bai komunitate horretan badaudela horrelako indarrak: harremanak, familia… horrek baldintzatzen du zure gaur egungo jokamoldea. Pertsonaiak muga horretan dabiltza.

Ipuin ezberdinak izan arren, zenbaitetan elementuak eta pertsonaiak errepikatzen dira.

Elementu asko daude eta pertsonaia asko daude agertzen direnak. Pelikula bat izango balitz batean pertsonaia da eta hurrengo pelikulan atzean kamareroarekin hizketan ari dena. Azken batean komunitate bat da. Ipuinen artean ez dago berez harremanik, baina komunitate berean gertatzen dira. Hau da, ipuinak ez daude nabarmen lotuta, baina garbi dago komunitate berean gertatzen direla eta pertsonaiak komunitate berekoak direla.

Buruan aspaldi zeneuzkan istorio hauek?

Bai, baina ez nekien zein forma eman. Ez nekien nobela batekoak ziren… eta pentsatu nuen izan zitekeela ipuin bilduma bat eta istorio ezberdin hauek osatzen zutela giro bat, giro bakar bat, nahiz eta egoera diferenteak planteatu. Baina nik uste herriaren batasunak edo ipuinak hainautonomoak ez izateak ematen diola nolabaiteko batasun bat eta hori mesederako dela.

Zein izan da idazten zailena egin zaizun ipuina?

Zaila, baina batez ere gustura ez nengoelako bukaerarekin, Lehen bestela ziren gauzak. Horrek eman dizkit lanik handienak.

Eta izenburua argi zenuen?

Izenburua ironikoa da eta ironia hori markatzeko azala ere horrelaxe aukeratu genuen. Ironia krudel hori nahi nuen agertu eta titulua kostatu zitzaidan. Barruan pertsonaietako batek esaten dio besteari. “Non, hemen?” Zeren bat Bartzelonan dago eta bestea hemen eta anaiari erantzuten dio Bartzelonakoak: “Zer, munduko tokirik ederrenean?” “Bai, hementxe”. Ironiarekin esaten dute. Zergatik? Oso antzeko kontuak entzuna naiz herri ezberdinetan: “Kanpora zertarako?”, “Hemen baino hobeto non?”… Eta horrek ere nik uste dut adierazten duela komunitatea bizitzeko era bat. Nonbaiteko izatea neurri batean ia-ia erlijio baten pareko zerbait dela uste dut.

Idazten hasi zinen arrazoi berarengatik jarraitzen duzu idazten?

Zerbait kontatzeko beharra duzunean idazten duzu. Gainera, azken batez literatura idaztea bada mundu honetan galderak egiteko era bat. Hitz egin dezakezu lagunekin, idatz ditzakezu iritzi artikuluak edo saiakerak, baina nik uste dut bai poesiak bai narrazioak aukera ematen dizutela errealitateari buruzko galderak egiteko, errealitatea aztertzeko eta era berean hizkuntzarekin jolas egiteko. Eta aldi berean alderdi estetikoari garrantzia ematekoa zeren askotan inportantea ez da istorioa, baizik eta nola planteatzen duzun eta hizkuntza bera ere nola erabiltzen duzun hori esateko.

Zure ibilbidean zehar zein generorekin sentitu zara erosoen?

Ez nuke asmatuko esaten zein. Nik uste une bakoitzean hautatu dudala genero bat kontatu nahi nuenak hori eskatzen zuelako. Garai batean poesiarekin oso eroso sentitu nintzen, nobelarekin ere bai… orain ipuinak idatzi ditut, eta gustatu zait. Hasi, dena den, ipuinekin hasi nintzen 81ean edo 82an. Kontatu nahi duzun horrek baldintzatzen du generoa. Ez da alderantziz. Zer kontatu nahi duzun, orduan aukeratzen dut nobela izan, ipuina izan edo saiakera.

Idatzi dituzun liburuetatik zeinetan zara gehiago zu?

Denetan. Nik uste dut denetan dagoela nire parte handi bat. Hemen ere ipuin gehienetan hor dago. Oso zaila egiten zait ni erabat ateratzea kontatzen dudan horretatik. Uste dut ezin dudala. Badago nolabaiteko sentimenduzko lotura bat, kasu honetan, ipuin guztiekin.

Bada askotan berrirakurri duzun libururik?

Badira batzuk. Kontatzen badizut gaztetan zerk animatu ninduen idaztera, erraza da, poesian hasi ginenean, Hego haizearen konpasean, adibidez, ikaragarria iruditzen zitzaigun. Edo Gabriel Aresti bera. Esaten zenuen: ni animatuko nintzateke antzeko zerbait egitera. Funtzionatu zuten nolabaiteko pizgarri moduan. Eta gero hasten zara arriskatzen. Nik uste dut asko arriskatu dugula literaturan. Oso normala zen liburu bat erostea, eta gero ez gustatzea eta esatea: beste batekin ahaleginduko naiz, gustukoa topatu arte. Ez zen hartzen hori porrot moduan. Ikasketa prozesu bat zen. Eta nik uste dut bide ona dela hori, zaletzeko, genero askotara eta autore asko irakurtzeko.

 

Bilaketa