literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ion Orzaiz
111 Akademia, 2022-07-22
[iturburua]
Eider Rodriguez:
«Literatura ez da mundutik ihes egiteko modu bat, munduan egoteko modu bat baizik»

Barruan gordea zeramana. Urteetan isilean egondakoa. Ezin idatzizkoa zirudiena. Horri guztiari forma eman zion Eider Rodriguezek bere lehen eleberrian: ‘Eraikuntzarako materiala’ (Susa, 2021). Hainbat geruza, ertz eta materialez osatutako kronika intimoa da nobela, urteetan alkoholak blaituta bizi izan den gizon baten eta haren halabaren arteko harremanaren gainean eraikia: harea, zementua, karea, azulejoak… Baita zaldiak, eskutitzak, egunerokoak eta oporretako apartamentua ere. Eta tabernan lekutzen den aita familiaren begiradatik ihesi. Irakurlea etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daraman literatur lan hunkigarria da Rodriguezena. Erauzte psikologikoa. Nobela gazia eta mingotsa. Hondamendiaren erretratu horri esker, 111 Akademiaren Saria irabazi berri du.

Zer da sari hau zuretzat?

Sari berezia da, irakurleek emanikoa delako, eta hori da, finean, idazle batek eduki dezakeen estimulu edo akuilurik handiena. Liburua jendeak egiten du, eta horregatik, saria jasotzeko ekitaldian eskerrak eman nizkien hainbat eta hainbat laguni, modu batera edo bestera liburuan parte hartu dutenei eta, nola ez, baita irakurleei ere. Hortaz, oso pozik nago sariarekin. Dena den, aitortu behar dut nahiko ‘old school’ naizela, eta uste dut sariei ez zaiela gehiegizko garrantzirik ere eman behar. Poztu bai, ospatu bai, baina serioegi hartu gabe.

Saria jaso zenuenean aipatu zenuen idaztea zer den zuretzat…

Ekitaldian esan nuen, idazle izan aurretik irakurle izandako naizela eta, hasieran, bai idazketa bai irakurketa zirela ihes egiteko modu bat. Denboraren poderioz konturatu naiz ezetz, kontrakoa dela: mundutik ihes egiteko modu bat ez, munduan egoteko modu bat da literatura, munduari aurrez aurre begiratzekoa eta munduarekin konprometitzekoa.

Liburuak ibilbide bat egin du dagoeneko. Nola ikusten duzu orain, hilabeteek eta irakurleen harrerak emandako perspektibarekin?

Pozik nago harrerarekin. Oso. Irakurle asko hurbildu zait, batzuk aurrez aurre, beste asko idatziz, eta esan didate liburuak hunkitu dituela. Oso gertuko sentitu dutela. Askok erabiltzen du hitz hori: “gertuko”.  Antzeko kasuak eta bizipenak izan dituzten beren etxean eta esan didate identifikatuta sentitu direla. Oso pozgarria izan da hori niretzat. Hasieran beldur nintzen, jendeak ez ote zuen liburuak planteatzen duena ulertuko: ez zutela nobela baten gisara irakurriko, baizik eta idazleari, niri, gertatu zaidan zerbait balitz bezala. Eta liburua ez da hori: ez da autofikzioa, eraikuntza edo konstrukzio literario bat baizik. Zorionez, ez dut halako erantzunik edo iruzkinik jaso; kontrara, orain arteko ‘feedback’-a klabe nobelistiko eta literarioan iritsi zait.

Irakurleak arazorik gabe sartu dira eleberriak planteatzen duen jokoan, beraz…

Bai, bai, sorpresa oso ona izan da. Eta balio izan dit irakurleen argazki fidelago bat egiteko, gainera. Gustuz hartu du.

Hala ere, nobelan azaltzen diren pertsonaia eta leku asko benetakoak dira. Hurbilegi sentitu al du inork?

Ez, nik dakidala. Pertsonaiek ordezkatzen dutena egia da, ez da autofikzioa. Ez dut asmatutako izenik jarri irakurleek pentsa dezaten “nor izango ote da hau?”. Benetakoak dira izenak eta gertakariak, baina errealitatearen eta liburuaren artean dagoen eraikuntza hori nobela bat da. Eta jendeak errespetuz irakurri du: ikusi dituzte benetako izenak, eta badakite gertakari errealetan oinarrituta dagoela, baina onartu dute dena dela itun nobelistikoaren parte. Nobela baten gisara hartu dute liburua, hala delako, eta arnasa horrekin irakurri dute. Eta bertan azaltzen den jendearen aldetik ez dut jaso inongo kexurik. Beste batzuek esan izan dute “hau ez da agertzen”, edo “hori ez duzu aipatu”, baina nobelan azaltzen direnek, ez.

‘Eraikuntzarako materiala’. Izenburuak berak azaltzen du liburua konstrukto bat dela. Materiala handik eta hemendik biltzen joan al zinen, pixkanaka eraikina sortzeko?

Bai. Izenburuak erreferentzia egiten dio narratzailearen aitak eta amak lan egiten duten enpresari, eraikuntzarako materialen enpresa bat baita. Hortik harago, baina, jolas bat da, testua osatua baitago material ezberdinekin: badira egunerokoetatik ateratako zatiak, badira zerrendak, badira hirugarren pertsonan eta bigarren pertsonan idatzitako pasarteak, badira gutunak… Hortaz, nobela da material horiekin guztiekin eginiko eraikina, zentzu metaforiko eta literalean. Azken finean, ezin da inoiz kontatu errealitatea benetan gertatu zen bezala, beste gauza bat izango da beti. Horrez gain, badago beste eraikuntza prozesu bat nobelan: narratzailearena berarena. Eta paraleloan, baita haren aitaren deseraikuntza prozesu bat ere. Hondarrezko erloju baten gisara ikusten ditut biak: goiko zatia hustu ahala betetzen da behekoa.

Eleberriaren denbora narratiboak 40 bat urteko epea hartzen du. Bizitza oso bat. Hala ere, idazketa prozesua oso bat-batekoa izan zela esan izan duzu…

Bai, liburua irakurtzean berehala antzematen da: istorioa nire baitan neraman aspalditik. Ez dakit buruan edo bizkarrean, baina hortxe neraman nirekin. Ipuinak idazten ari nintzen, eta gai hau etortzen zitzaidan burura behin eta berriz. Leire Lopez editorearekin hizketan, esan nion ipuinak idazten ari nintzela, baina banuela ipuin batean kabitzen ez zen istorio bat. Kontatu nion ideia, eta esan nion erreparo handia ematen zidala hori guztia kontatzeak, baina era berean, trabatuta nengoela, gaia behin eta berriro etortzen zitzaidalako. Hark animatu ninduen idaztera, eta ordura arte neuzkan zalantzak birrindu egin ziren berehala. Ulertu nuen hori zela nire lana: gustatzen zitzaizkidan gauzak ere kontatzea. Hor istorio bat zegoela, eta zerbait egin behar eta nahi nuela istorio horrekin. Hurrengo egunean, mapa bat egin nuen ideiekin, txatalekin, oharrekin… eta bat-batean oso argi ikusi nuen zer egin nezakeen. Orduan iritsi zitzaidan liburuari hasiera ematen dion aipuetako bat, Maurice Blanchotena: “Ez zara zu izango hitz egingo duena; utziozu hondamendiari zure baitan hitz egiten, nahiz eta ahanzturaren edo isiltasunaren bidez izan”. Materiala apur bat ordenatuta neukanean, esaldi hori idatzi eta berehala etorri zitzaizkidan ideiak, hitzak… Tira, ez dut mistiko jarri nahi, prozesua ez baitzen batere mistikoa izan; kontrara, oso materiala izan zen dena. Baina behin abiapuntu hori neukala, hitzekin eta ideiekin neuzkan tentsio eta borroka asko desegin ziren.

Narratzailearen eraikitzea eta bere aitaren deseraikitzea aipatu dituzu lehen. Estiloari dagokionez, nabari da hurbilketa bat bi pertsonaia horien artean: liburuaren hasieran, narratzaileak hirugarren pertsonan hitz egiten du bere aitaz; bukaeran, aldiz, bigarren pertsonan hitz egiten dio.

Idazketa prozesuak berak ekarri zidan hori. Liburua hasi aurretik ez nuen uste elementu hori hor egongo zenik. Baneukan mapa bat egina, mapa fisiko bat kortxo batean, eta hor gauza asko neuzkan apuntatuta. Tonuak, usainak… bizitza bat zen hor zegoena. Eta testuak berak eraman ninduen bigarren pertsonan idaztera. Nik argi nuen ez nuela narrazio lineal bat idatzi nahi. Kaosaren berri eman nahi nuen: kontrajarriak diren sentsazio eta sentimenduak, nahasian. Baina kontakizunaren puntu batean, behar nuen narratzailea kanpotik ikusi. Tarte txikia zegoen narratzailearen eta idazlearen edo nire artean, eta handitu egin nahi izan nuen distantzia hori. Zertarako? Bada, beste era batera esan ezingo nituzkeen gauzak esan ahal izateko. Liburua idatzi ahala askatzen joan zen korapiloa edo mordoiloa. Ez zen aurrez erabakitako ezer izan.

Liburuak berak gainditzen du eleberri batez dugun kontzeptua, ezta?

Bai, baina gaur egun hainbeste gauza kabitzen dira “eleberri” kontzeptuaren barruan… Muga horiek birrinduta zeuden aspaldi, nahiz eta jende bati, oraindik orain, kostatzen zaion “nobela” hitza aditu eta lan puskatu edo fragmentario bat irudikatzea. Hortaz, ez da nire meritua inondik inora. Adibide asko daude historia osoan. Nik, funtsean, alderdi askotatik begiratu nahi nion aita-alaba horien harremanari, eta horregatik jokatu dut ikuspegi diferenteekin, genero ezberdinekin, oin-oharrekin, zerrenda administratiboekin… Idazteko daukagun material guztiarekin, alegia. Narratzaileak bere bizitzako pasarte batzuk gogoratzen dituenean, adibidez: oroitzapen horiek nahastu nituen narratzailearen eguneroko beste zati batzuekin. Eta elementu batzuk bestearen ondoan jarrita, beste traza bat hartzen dute. Gauza bera gertatzen zaie fikziozkoagoak diren zatiei. Kontakizun bakoitza non irakurtzen dugun, nola, zeren ondoan, zein markorekin… Hitz sorta baten irakurketa zeharo alda daiteke, aldamenean dituen beste pasarteen arabera. Eta horrekin bai, horrekin ahalegin berezia egin nuen liburua idaztean.

Beste proiekturik ba al duzu orain esku artean?

‘Eraikuntzarako materiala’ bukatuta ez naiz inolaz ere hustuta sentitu. Aspalditik neukan zor bat kitatu dut liburu hori idatzita, eta zorrak kitatuta hobeto bizi da bat. Eta aurrera begirakoei dagokienez, eleberria hasi aurretik ari nintzen ipuin sorta bat idazten, eta horri heldu diot berriz ere. Oso gustura, gainera.

 

Bilaketa