literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Argia, 2008-01-06
[iturburua]
Gotzon Barandiaran:
«Poesiaren transmisore oso ona da musika»

Orain bi bat urte ekin zenion Katamalo kontzeptua lantzeari. Gero etorri ziren kantaldi-errezitaldiak. Liburuak eta diskoak zer dira, helburu bat betetzea edo pausaleku bat?

Liburua orain bi urte idazten hasi nintzen jakin gabe zuzeneko emanaldiak egingo ote genituen, are gutxiago diskorik aterako ote genuen. Hori azken orduko apustua izan da. Barruan nituen gauza asko atera behar nituelako hasi nintzen idazten. Bulkada batez liburuaren hezurdura izan zena idatzi nuen, gerora etorri zen Gorka Urbizurekin bat egitea literaturaren bitartez. Berak ere idatzi egiten du eta bere idatzi batzuen inguruan berbaz ari ginela esan zigun gustatuko litzaiokeela elkarrekin zerbait egitea, Gorkak ezagutzen baitzuen BBKren lana. Lehenengo prozesua izan zen beraiei poemak pasatzea, jatorrizkoan zeuden bezala. Beraiek egin zuten aukeraketa. Gero testu batzuk moldatu behar izan nituen kantuen egiturara. Zuzenekoetan poema batzuk aldatu egin ditut, egoeraren, publikoaren edo aldartearen arabera, eta beste batzuk sortzen ari naiz hauen harira. Zuzenean ari zarenean publikoarekiko harremanean ezin duzu zurruna izan.

Arrakalak liburuari loturiko emanaldiak plaza ugari ezagutu zituen. Ordukoan ere musika bazegoen, grabazio bat egin zen amaitzean, uzta propioa zen ardatza... Katamalo ulertzeko funtsezko inflexio puntua izan al zen?

Bai. Azken finean aukera asko daude, bat izan daiteke poesia hutsean ematea entzuleari. Niri hori gogorra iruditzen zait, entzule moduan ere, uste dut horretarako liburua dagoela. Zuzenekoetan beste zerbait eskaini behar duzu. Kontuan hartu behar duzu minutu eta erdiko gauza bat dela, entzuleak hartuko du berba bat, ideia bat, esaldi bat, sentsazio bat... Zuzenekoan hitzak musikatzea da guk egin dugun aukera, baina hori ez da gauza berria. Poesia beti kantatu da, gure kantutegi zaharra, bertsoak... poemak dira. Modernitate honetara ekarrita nik Bernardo Atxagaren Etiopia liburua Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoaren bitartez ezagutu nuen, eta Otamendiren poema asko buruz dakizkit Bide Ertzeanen kantuengatik, Sarrionandiarenak beste hainbeste, Leterenak, Lauaxetarenak... Kantatuak ez diren poemak oso gutxi gogoratzen ditut. Argi dagoena da musika transmisore oso ona dela. Arrakalaken horretaz konturatu ginen, ikusten genuen kantu ziren poemak jendeak hobeto hartzen zituela. Apustua egin behar duzula uste dut, ahalik eta gehien transmititzera eta ahalik eta gauza gehien helaraztera. Bestela liburua dago, ez duzu zergatik agertokira igo.

Katamalo kontzeptuak aurpegi asko izan ditzakeen kezka islatzen du. Nora begiratu duzu lantzerakoan?

Barrura lehenengo eta gero ingurura, edo igual bietara batera. Asko kezkatzen nau bizi dudan egoerak, bizi naizen herriak, herri honen gatazka politikoak eta sozialak, ekonomikoak, harremanek... Gai hauei buruz nik nola jokatzen dut? Zintzoa naiz? Pentsatzen dudana esaten dut? Garbi jokatzen dut? Edo interesen arabera? Beste batzuek horrela egiten dutelako... Nire jarrera eta beste batzuena jarri ditut hartu-emanean, gai sozialekin lehenbizi eta gero harremanekin. Ni neu badakit batzuetan era batekoa naizela eta besteetan beste era batekoa, ez dudala esan beharreko guztia behar denean esaten, beste era batera esan edo ixildu egiten dut... Hori da Katamalo.

Zer garrantzi izan dute BBKtik eta Literatura Eskolatik egindako proiektuek zure prestakuntzan? Irakurle figuratik abiatu dira biak.

Nik uste dut abiapuntua izan direla, eskaini zigutela testuinguru bat, lurralde txiki bat, eta pizgarri bat ere bai. Sinestea, alde batetik beharra bazegoela beste eskaintza mota bat egiteko. Bazeuden eskaintzak baina gureak uste dut beste zerbait ekarri zuela talde bezala funtzionatzen genuelako, ez zelako zerbait indibiduala. Literatura Eskolan erreferentzia pila jasotzen ari gara, asko ari gara ikasten literaturaz, euskal literatura ezagutzeko balio du, harreman sare oso zabala eskaintzen digu hartu-emanean oinarritutako proiektuak aurrera ateratzeko. BBK Larrabetzun txokotuta zegoen eta gaur egun uste dut ez daukala mugarik Euskal Herrian. Idatzi bai, beti egin izan dut, baina ez ezer argitaratzeko. Irakurlea ere izan naiz beti, baina ezin da ulertu ni literaturan hastea BBK eta Literatura Eskola sortu ez bagenu.

 

Bilaketa