literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Lorea Agirre
Argia, 1990-05-27
Jose Luis Otamendi:
«Irakurle subjektibo hori kolektibizatzera jo dut»

Poza eta gero liburuaren aurkezpenean bere poesiak entzun ondoren elkartu eta errezitaldian poesiak irakurtzean, bertso edo hitz batzuk aldatzeko tentazioa izan duela dio. Hala ere aitortzen du, orain arte esateko zuena esana dagoela liburuan.

Laugarren poesia liburua du Otamendik. Lehen biak —Egunsenti biluzia eta Azken undinaren kaira— desagerturiko Ustela argitaletxearen eskutik ikusi zuten argia. Zainetan murrailak eta oraintxe kaleratu den Poza eta gero liburuak Susan argitaratu dira. Jadanik hamar urte pasa dira lehen poemak plazaratzen ausartu zenetik. Ordudanik esan nahi dituenak eta hauen esateko moldeak aldatzen joan dira, nahiz eta marko erreferentzial eta kontzeptu batzuk konstante bihurtu diren bere literatur produkzioan.

Laugarren liburu hau nola uztartzen da aurreko hiruekin, nola ikusten duzu hamar urte hauetako zure produkzio poetikoaren bilakaera?

Jada hamar urte pasa dira. Urte hauetan zehar poesia lanean agian konstanteak baino gehiago marko erreferentzialak mantendu ditut: maitasuna, itsasoa heriotza, begiak... Gehiago dira marko bat markatzen duten kontzeptuak, baina espresatzeko era aldatu egiten da eta baita ere horrekin esan nahi dena.

Ez zait erreza egiten pausoz pauso liburuak ikustea. Hirugarrena egin nuenean, pentsatzen nuen honaino iritsi eta beste zerbaitekin hasi beharra dago. Liburu bat egiten duzunean beti dago halako birplanteamendu bat eta uste dut badagoela salto bat liburu bakoitzetik hurrengora.

Esan daiteke salto nabarmenena laugarrengo liburu honekin eman duzula..

Hirugarrengoarekin izan nintzen salto hori eman behar nuenaren kontzienteen; beste zerbaiten bilaketan hasi behar nintzela. Kontua da, laugarren honekin lortu ote dudan bide horri heltzea edo ez. Intentzioa egon bazegoen.

Lehenengo biak bide intimistatik doaz, oso samurrak, noizean behin kolpe bortitzen bat emanez, baina beti ere intimidadea oinarri, norberaren mundu horretara zuzendua.

Hirugarrenean beharbada apuntatzen zen borondate bat hortik aldegiteko eta laugarrenean, agian nik nahi adina ez da islatu baina, bide horri heltzen saiatu naiz. Badago borondate bat zulo horretatik irteteko, norberaren bakardade boluntario horretatik hanka egin eta taldearen bilaketara joateko. Agian ez da gauza nabarmena ere baina ate zabaltze ahalegin bat badago.

“Poza eta gero poesia, poesia beti” diozu. Zertan datza poesia hori, zer dakarkigu?

Poza eta gero dagoena da poza berregitea. Baina jada norberak egin behar du poz hori. Poza berez datorkigun zerbait izatetik, azkenean jabetzen zara ingurua oso gogorra dela eta jipoi handiak jasotzen ditugula alde guztietatik.

Liburua hiru ataletan dago banatua, hala ere batasun bat mantentzen da.

Liburuaren lehen atalean pozarekin egiten da topo; ukitu xalo horrekin, gauza politak, kantarinak...

Bigarrenean mundu hau zeinen latza den ageri da eta hirugarren atalean pixka bat sintesi eginez edo puntu ziniko batekin esatea, poza etorri zitzaidan eta gero egundoko egurra hartu nuen eta orain aurrera segitzekotan, besterik ez bada poza nik neuk asmatu behar dut. Etorkizuna asmatu eta egin beharra dago. Nahiz eta jakin ezer ere ez dagoela hemendik aurrera, gure izate berak eskatzen digunez, aurrera jo behar da.

Poesia egitean maitasuna hartzen duzu abiapuntutzat, eta zu beti hitz egiten diozu...

Niri askozaz errazago egiten zait maitasunetik idaztea, akaso bizio metodologiko bat da. Maitasuna hartzen dut markotzat. Nahiago dut, norbaiti zuzentzean, zu maitea, esatea. Hurbiltzeko bide bat besterik ez da. Alegia ez naizela maite konkretuei zuzentzen ari. Irakurle potentzial horri, belarri ondoan hitz egitea gustatzen zait. Egia da ere beti izan dudala maitasun poesia asko egiteko ohitura, sarritan neure maite konkretuei. Horrek agian biziatu ere egin nau eta askotan asmo orokorreko poemetan ere jotzen dut maitasunera. Abiapuntutzat hartu eta ea nora eramaten nauen.

Bakardadeari beldurra islatzen da; bakardadetik hanka egin nahia.

Bai beldurra eta bai ekarpena. Baina bakardadeari baino gehiago beldurrari beldurra esango nuke. Bakardadeak ekar lezakeen bakardade horri beldurra. Bakardadea ona izan daiteke; baita txarra ere, ahuldu egiten zaituelako. Horri bai diot beldurra.

Talde baten barnean egoteak ze eragin izan du zure poesian?

Talde beharrak badauka zerikusirik eboluzio pertsonalarekin. Ez dakit azkenerako eremu antzua edo zer gertatzen ari zen aurreko bidea. Ez dena esatera iritsi naizela baizik, ez didalako gehiegizko jokorik ematen. Baita ere azken urteotan Susaren bidez lortu dut, frankotiradore izatetik, neu bakar bakarrik ibiltzetik, talde baten erantzun eta eraginak jasotzea. Mesede egin dit eta poesian beste bide batzuetatik eraman nau. Beste era batetako erreferentzi batzuk etorri zaizkit.

Lehen aipaturiko salto horrek kolektiboaren bilaketara zaramatza.

Irakurle subjektibo hori kolektibizatzera jo dut, mezua zabaltzera. Zu zeu bakarrik izatetik, zuek izatera. Nik zuri esateko guztiak esan dizkizut eta orain has gaitezen hortik harantz dagoen mundu horrekin. Gure arteko auzia konpondu ez dugu egin, baina bai definitu. Baina hor badago zuek batzuk eta hitz egin dezagun horretaz.

Zu-ni jardun dugu hiru liburutan eta laugarren hau, nahiz beharbada izango dudan joera hori metodo aldetik edo, zabalduko bada alde horretara joko du. Esperantza daukat hemendik aurrera hortik izango dela nire mintzagaia.

 

Bilaketa