literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Erostarbe
Berria, 2011-04-19
[iturburua]
Ur Apalategi:
«Pertsonaiak beti aurkezten ditut gordinki»

Idazleak eta bikote harremanak, botereak eta lehiak berdintzen dituzten bi unibertso, idazlearen galbahe gordinetik igaroak; Beterriko Liburua aipamena jaso berri du 'Fikzioaren izterrak' bere azken liburuak.

Literaturaren alde eta ertz gehienak gertutik ezagutzen ditu Ur Apalategik (Paris, 1972). Literatur irakasle da, kritika literarioa lantzen du, editore lanak egiten ditu eta idazlea da. “Irakasle izatea bokaziotzat daukat, saiatzen naiz irakurtzeko modu bat irakasten. Editore lanak idazlearen egoismo eta nartzisismotik ateratzen laguntzen dit, aldiz. Editoreen lanak bortxatzen zaitu besteen lanari kasu egitera”. Gauak eta hiriak (Elkar, 1997) eta Gure gauzak S.A. (Utriusque Vasconiae, 2004) nobeletan bezala, idazleen inguruko mundua da nagusi Fikzioaren izterrak (Susa) iaz kaleraturiko ipuin liburuan ere.

Beterriko Liburua aipamena irabazi berri du Fikzioaren izterrak zure nobelak. Irakurleek ematen duten saria izanik, zer sentitzen duzu ?

Irakurlearentzat idazten dut nik. Irakurlea kontuan hartzen dut, eta irakurlearen plazera da nire kezka nagusia. Bi printzipio ditut, beharbada kontrajarriak diruditenak, baina, hala ere, niretzat ebidenteak direnak. Alde batetik, nire kezka beti da irakurlea ez aspertzea. Irakurleari ez diot eskatu nahi esfortzu berezi bat, baizik eta liburuak berak behar du eraman irakurlea. Hori funtsezkoa da niretzat. Halako politezia moduko bat irakurlearekiko.

Baina, aldi berean...

... ez dut inoiz kontzesiorik egingo irakurleari eskainiz ustez irakurleak maite duena. Kontraesankorrak diruditen arren, bi printzipio horiek uztartzen saiatzen naiz. Nire obsesioak, niri benetan inporta zaizkidan kezkak landuko ditut, zintzotasun handiz, inoiz ere neure burua bortxatu gabe egitera gustuko ez dudan zerbait... Halakorik ez. Ni nire gauzak esatera noa, nire mundua esploratzera, baina betiere kezka horrekin: irakurlea ez aspertzea.

Era berean, kritikak ondo hartu du zure liburua. Zintzotasun osoz esazu, idazleak irakurlearen edo kritikariaren iritzia lehenesten du?

Biak; benetan, biak. Oso desberdinak dira. Irakurleari gustatu zaiola entzutea oso atsegina da, eta benetan pozten zaitu, eta ikusten duzu neurri batean lortu duzula helburua, irakurle hori seduzitzea, eramatea eskutik hartuta liburuaren bukaeraraino, eta aspertu gabe. Eta kritikariaren edo unibertsitateko ikerlariarena ere, oso garrantzitsua da, beharbada areago niretzat, lanbide horretakoa naizelako. Nik estimu handitan dut kritika literarioa. Niretzat funtsezkoa da, sistema literario baten osasunerako eta garapenerako, kritika literario kalitatezkoa existitzea. Beste poz mota bat ematen du, hori bai. Ni ofizio batekoa naiz, eta ofizioko beste batek esaten dit lana ongi egiten dudala.

Literatura eta bikote harremanak dira liburuko bi gai nagusiak. Hobeto esanda, literaturaren eta bikote harremanen barrunbeak. Barrunbeak arakatzen hasita, interes ankerrak ageri dira, baina interes anker horiek ere gizatiarrak dira... dikotomia horretan jarri nahi izan duzu indarra?

Uste dut nire kezka errekurrentea dela. Gaua eta hiriak eta Gure gauzak S.A. lanetan ere alderdi anker horiek azaltzen dira. Ni saiatzen naiz argi gordinenarekin begiratzen harremanei, ezohiko tokietatik, angelu berezietatik, agerian ez dagoena agerira ateratzeko, nahiz eta ez hain polita izan. Hori da idazteari lotzen diodan behar bat, funtsezkoa. Nire kezka handietako bat. Baina horrek ez du esan nahi literatura misantropo bat egiten dudanik, nik ez dut nire lana hala ikusten, hau da, nik pertsonaiak beti aurkezten ditut gordinki, diren moduan, beraien alde on eta txarrekin, baina uste dut nekez aurki litekeela nire obran pertsonaia bat guztiz baztergarria...

Alegia, ezaugarri gizatiarrak nabari zaizkiela.

Denok dugu alde bikoitz hori. Eta ahal duguna egiten dugu horrekin. Ni saiatzen naiz pertsonaiak maitatzen, haien alde guztiekin.

Hala ere, literatur sistema, idazleen mundua gordin eta are patetiko samar ageri da ipuinotan. Mundutxo hori ez zaizu oso erakargarri ?

Ez, ez, aitzitik. Niri guztiz erakargarria zait; hain zuzen ere, bere alderdi nahasi horrengatik. Patetikotasuna, gauza miserableak... entzun izan ditut halako izenondoak kazetarien edo irakurleen ahotan. Nik ez dut hainbesterainoko ikusten. Niretzat, bizitza bera da horrelakoa. Ez dut inpresioa azpimarratu dudanik bereziki alderdi hori.

Ipuinok irakurrita, batek baino gehiagok azaldu du tentazioa pertsonaia horiek pertsona errealekin identifikatzeko... Jolas moduko bat egiteko.

Liburu honetan ez nuen espero horrenbeste horrelakorik eragitea. Aurrekoan, Gure gauzak S.A.-n nabarmena zen. Aurrekoan jolastu egin nuen horrekin kontzienteki. Bazegoen nire partetik ere pikardia puntu bat. Ondo nekien zer egiten ari nintzen. Eta banekien hori izan zitekeela elementu bat gehiago liburuarekiko interesa pizteko. Horrekin jokatu nuen, ez dut esango modu zinikoan...

Probokazio kontziente bat.

Bai, dudarik gabe. Honekin, ordea, ez dut batere gogoan izan hori. Lehen ipuinean, ezin dizut ukatu pertsonaia bat, edo bi, edo hiru egon daitezkeenik identifikagarriak. Ados, onartzen dut. Baina gainerako ipuinetan ez dago halakorik. Ez da hori izan helburua, eta ez dut izan inor gogoan. Nire ustez, aurreko eleberriak izan du eragina liburu honen harreran.

Lehen ipuin horretan, Azken fandangoa Buenos Airesen izenekoan, protagonista nagusiak, zera dio une batean: “...oroitarazi dit zergatik hasi nintzen idazten. Jendea harritzeko, harrapatzeko, botere hori izateko irakurlearengan”. Botere kontua da idaztea ere?

Bai, konbentzituta nago. Idaztea ez da neutroa. Idaztea ez da bakarrik aisialdia, ondo pasatzea. Idaztea da munduaz zerbait esatea, bustitzea. Hitza hartzen duzunean eremu publiko batean, liburu batekin egiten den moduan, ardura bat daukazu, zerbait esaten ari zara, eta botere bat ematen dizu de facto. Gero, idazleek ere izaten dute beraien presentzia hedabideetan. Espazio publikoan esaten den hitzak pisua dauka, arduraz ibili behar duzu. Botere bat ematen dizu, eta uste dut botere horrek izan behar duela nonbait kontrabotere bat.

Eta kontraboterea nork jartzen du?

Ni ez naiz hasiko esaten zer izan behar den kontraboterea. Idazlearen berezitasuna da bere ahotsa bakartia dela. Orduan, gizabanako gisa, herritar gisa, idazle bakoitza mintzo da bere baitatik, eta bere mamuak izango ditu. Bakoitzak ditugu gure etsaiak eta gure mamuak, eta gure kezkak sozialki… Niretzat, ekintza soziala da idaztea. Nik baditut nire kezka iturriak gizartean. Horrekin aritzen naiz borrokan idazten dudanean. Xume, nire ahalekin.

Liburuko bikote harremanetan ere boterea ageri da, lehia ageri da. Harreman bat dagoen unetik beretik al dago boterea, lehia?

Bai, uste dut baietz. Gure gizarte Mendebaldeko honetan, eta feminismoak egin duen ibilbidearekin, gaur egungo bikotea ez da rolak finko dituen gauza bat. Horrek asko konplikatzen ditu harremanak. Konplexuago bilakatzen ditu. Ezgonkortasuna eragiten du. Botere jokoak eragiten ditu. Baina, hain zuzen ere, horregatik da niretzat hain interesgarria, hain atsegina. Horregatik da abentura bat gaur egunean bikotean bizitzea. Negoziazio etengabea, gorabeherak. Egunero eraiki behar duzu harremana. Egunero hasten da. Eremu horrek literarioki asko ematen du, oso aberatsa da. Gizarte tradizionaletan, emaztearen lekua oso mugatua zegoen, zer konta zitekeen bikoteaz? Ez gauza handirik.

Lehen ipuin horretako pertsonaia horrek berak dio oraindik ere astuna eta zurruna dela euskal literatura. Gaur egungo literaturan oraindik ere pisu handia al du literatura mota horrek?

Hori da gaur egungo galdera handienetako bat. Zein da gaurko kultura. Lehen zegoen kultura bat hierarkizatua. Kultura aristokratiko edo elitista. Hori klase sozial bati zegokion, goi mailei. Oso estratifikatua zegoen kultura. Kultura herrikoia eta goi kultura. Gizarteen demokratizazioarekin eta kontsumo gizarteen masifikazioarekin erabat itxuraldatu da paisaia. Ni naiz demokratizazio horren seme bat. Nire jatorria ez da burgesia. Uste dut gaur egun defendagarriena den jarrera, gehienok mugitzen garen mundua dela mid-cult delakoa, erdi kultua, erdi postmodernoa... Hitz asko eman dakizkioke.

Zein da zure jarrera postmodernitatearekiko?

Nik oso jarrera eskizofrenikoa daukat postmodernitatearekiko. Alde batetik, ezin da postmodernoa ez izan. Bestela, nostalgiko misantropo bat zara, bere dorrean gorderik bizi nahi duena. Ez du zentzurik. Bestetik, postmodernitateak izan ditu bi aro. Lehen aroa izan da halako askatze bat. Energia positibo askoren askatze bat, ona. Eta gero etorri da postmodernitatearen aro dekadentea, non kontsumo gizarteari erabat itsatsita dagoen, degradatua, eta edozein kaka saltzen dizuten. Horren aurka oldartu beharra dago. Beraz, badago tentsio bat, non kokatu erabakitzeko. Nire ustez, hala ere, idazleok beste ardura bat ere badugu, eta da jendearen izpiritu kritikoa altu mantentzea. Jendearen gustua elikatzea kolektiboki. Euskal literaturan sekulako lana egin da azken 30 urteetan. Gaur egun badaukagu irakurle multzo bat, ez da masa izugarria, baina masa polit bat da, literaturan bere gustua geroz eta finagoa duena. Nik ez dut federik galtzen.

Azken ipuinean Atxaga eta Saizarbitoria idazleen inguruko gogoeta bat dago. Euskal literaturaren eredu desberdinen ordezkari modura ageri dira. Bi eredu aski diferente, baina noizbait beharrezko?

Atxagari gertatutakoa (Espainiako sari nazionala) eta horren ondorio guztiak, beharrezko gaitza izan dira.

Nazioarteko literatur esparruan —Atxagaren figuraren bitartez— nolabait onartu gintuztenean, lehen aldiz eskolara doan umeari gertatzen zaiona gertatu zitzaigun, alegia, bestearen begiradak gaina hartu ziola barne begiradari, etxeko begiradari. Bat-batean eskolako beste umeek ziotena gurasoek ziotena baino garrantzitsuagoa bihurtu zen eta, hobeto integratze aldera, eskolako umeek gugandik espero zutena egiten hasi ginen, batez ere eskolako ume harro eta indartsuenek nahi zutena, jakina.

Norentzat idazten duzu zuk?

Euskal irakurleentzat idazten dut nagusiki. Gainerakoak bigarren mailakoa dira niretzat. Iristen dela haiengana, bada oso ondo. Idazten dut euskaraz hala ateratzen zaidalako, eta barruko ikuspegi hori ateratzen zaidalako. Eta ez daukat ezer beste zerbait saiatzen dutenen kontra. Baina kanpoaldeari begira idatziko banu, saiatuko nintzateke espero ez duen zerbait ematen. Neure burua salduko ez lukeen zerbait. Azken ipuin horrek hori erakutsi nahi du, nola daramagun geure baitan etengabeko borroka hori, autodefiniziorako borroka hori. Zer gara? Zein eredu da gehien islatzen edo errespetatzen nauena? Eta nola helarazi hori kanpoaldeari. Kanpoarekin lotura eraiki egin behar da, ez jasan.

Esan duzu ez dakizula gehiago idatziko duzun, baina idatziko bazenu, liburuko pertsonaia batek dioen moduan “egia edertu gabe” idazten jarraituko duzu?

Nik ez dut aginduko inoiz niri buruzko egia esango dudanik liburu batean. Ezta pentsatu ere. Hori gauza pribatua da, intimoa. Horregatik, ez naiz autofikzioaren zalea batere. Nik ez dut neure burua saltzen. Anbiguotasunarekin jolastea da literaturaren funtsa. Nik egia esatekotan esango dut ez niri buruz, eta esango dut egia literaturaren tresna erabiliz.

Horregatik aldarrikatzen duzu fikzioa?

Hori da. Fikzioa da egia esaten duen gezur bat. Fikzioa ez da mugatzen literaturara. Fikzioa da oro. Baita errealitate deitzen dugun hori ere. Fikzio kontsentsuatu bat da. Ados gaude esateko hau hori dela. Errealitatea ez da existitzen, akordio bat da. Politikan ere errealitatea ez da existitzen, euskal nazioa ez da existitzen. Ados jartzen gara hori esateko. Fikzioaren kontzeptua baliatzeak laguntzen digu saihesten totalitarismoak, esentzialismoak, hainbat gaitz arriskutsuak direnak eta aldi berean jarrera eraikitzaile bat izaten uzten digu. Fikzioa elkarrekin eraikitzea oso gauza interesgarria eta terapeutikoa da.

 

Bilaketa