literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.363 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2014-05-16
[iturburua]
Mikel Etxaburu:
«Poesiak berezkoa dauka musikaltasuna»

Bigarren poesia liburu plazaratu du Mikel Etxaburuk: Hodeiak Zapatetan, Susa argitaletxearen eskutik. Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) estreinakoan bezala kartzelaz mintzo zaigu poeta, garden eta gordin, itxaropenerako grinari atea zarratu gabe. Keu Agerretxea lagun aurkeztu du zuzenean.

Zu zara orain txoria liburua plazaratu zenuen 2011an, zure lehenengo lana. Zer nolako esperientzia izan zen hura, idazten jarraitzeko grina utzi zizun piztuta?

Bai, bistan da hori. Egia esan idazteko grina kartzela aurretik ere baneukan, baina ez nuena sekula lortu behar moduko tarte egokirik. Kartzelak horretarako tartea eman ahal dizu, zure egoeraren arabera beti ere. Nik horretarako tartea hartu nuen, eta kanpora begirako lehenengo sorkuntza liburua bertan egindako poemak izan ziren. Bigarrena desberdina izan da, kanpoan idatzia izan den heinean; idazteko grinak kartzela aurretik hor zegoen moduan kartzela ondoren ere jarraitu du.

Aurkezpenean aipatu zenuenez, bigarren liburuko poemak idazten hastean ez omen zenuen kartzelaz aritzeko asmorik, baina ezin izan zenuen saihestu. Zer asmo zenuen hasieran, zer gertatu zen?

Berriro ere poemak idazten hasi nintzenean, hezurdura zehatz bat sortzen, baneukan helburutxo bat ipinita: kartzelako kontuez aritu ondoren beste gauza batzuen gainean aritu nahi nuen. Idatzi nituen poema batzuk, baina ez nintzen batere konforme geratzen ateratzen zitzaidanarekin. Nahitaez zerbaitek beti eramaten ninduen justu nik nahi ez nuen lekura, eta gainera kontzienteki ekidin nahi izan dudan horretara. Poema asko kendu, aldatu, zakarrontzira bota… mila buelta eman nizkion kontuari. Lehenengo liburua modu arinago, naturalago, intuitiboagoan idatzi nuen.

Bigarren honekin neure buruari beste ariketa exijenteago bat ipini diot. Gaiak berak harrapatu nau, azkenean amore eman behar izan nuen: begira Mikel, zure buruarekin zintzo izanda, hau baldin bada ateratzen ari zaizuna momentu honetan hala izan dadila, idatzi honen gainean. Bidean neure burua komenzitzeko esaten nuen, ziklo bat ixteko baliatuko nuela pentsatzen nuen, kartzelaren itzal horrekin bukatzeko. Zikloa bukatu nahi izan nuen, zentzu honetan paralelismo bat eginez herri baten historia hurbilarekin, bizitzen ari garen honen guztiaren ziklo hori itxi nahi nuen ere nolabait. Amaitu eta gero esan nuen, “ondo Mikel, ez duzu lortu zure buruari ipinitako helburu hori, zikloa ixtea, eta ez dut uste herri honek ere ziko hori amaitua daukanik. Ziklo bat poemen bitartez itxi daitekeela zure burua gehiegi gorestea da”. Munduko poemarik ederrena idaztea lortuta ere horrek ez dauka behar besteko indarrik nire inguruan eta nire barruan gertatzen ari den guztia eraldatzeko. Helburu horiek bete ez dituen poema sorta bat da honakoa.

Beraz, barkatu baina, hurrengo galdera orduan zera behar luke: ez baduzu hasieran nahi zenuena idatzi, idatzitakoak gainera ez badu bere helburua lortu, zertarako publikatu duzu? (barreak)

Ados, ea ba! Ez baduzu hasierako helburua lortu, zertarako publikatu duzu?

Argitaratzea erabaki nuen, segurantza bat daukadalako: nik hemen esaten ditudan gauzak, sentitzen ditudan horiek guztiak, erabiltzen dituan moldeak, ez dira neureak soilik. Zorionez, edo zoritxarrez seguruena, herri honetan badago hainbat eta hainbat pertsona hemen idatzitakoarekin identifikatuko dena, bere egingo duena, edo begi hauetatik ikusi ahal izango duena. Nahiz eta nire poemek ezin duten ziklorik itxi, harri koskor txikitxo bat izan daitezke zikloak itxi eta zabaltzeko ahalegin horretan. Liburuan badago garraztasuna, baina ni neuri begira, gu geuri begira, ez dago irainik, ez dago gorroto adierazlerik, ez dago halakorik ezer. Aurrera egin behar da, hori adierazi nahi izan dut honekin guztiarekin.

Errealitate eta sentimendu gordinak edo garratzak azaleratzen dira sarri liburuan, baina funtsean pertsonak pertsonei buruz hitz egiten topatu ditut nik. Poesia hori bera da ezta? Norberaren sentimenduen bitartez azaleratzen zaigu norberarena soilik ez den gatazka.

Bai, hori uste dut nik, eta uste dut objektiboa dela, ez dela susmo hutsa. Nik norabide hori eraman dut bi liburuetan. Nik neuretik hitz egiten dut eta hitz egiten diot entzun nahi duenari, irakurri nahi duen horri, baina ez albokoa edo aurrekoa irainduz. Nik geutaz hitz egiten dut, geure bertuteez eta gabeziez, eta neure bertuteez eta gabeziez. Poema liburuak hiru atal ditu, batez ere bi lehenengoen artean badaude elkarrizketa txikiak, ni batek beste ni bati hitz egiten dio, hurbiltasun hori adierazi nahi izan dut.

Liburu bien tituluekin egin daitezke loturak. Orain zu zara txorian txoriaren irudiak hegan egitearen inguruko ideiara eramaten gaitu, askatasunera; bigarren honetan hodeiak zapatetara ekarri dituzu. Amets eta desioen mundutik, errealitatera, egunero lurrari loturik eman beharreko pausuetara ekarri duzu?

Bete betean asmatu duzu, hori da asmoa. Hodeiak hor daude, baina bihar igual ez, momentu honetan era batekoa da hodeia segundo batera beste era batekoa, ukitu nahi genituzke baina ezin dugu, badira eta ez dira, horiek dira ametsak, horiek dira askotan gure utopiak eta nahiak. Zapatak guztiz kontrakoa dira, lurrari guztiz lotuta daude, bidea egiteko dira, bidea zapaltzeko ere. Ametsak eta utopiak eta nahiak eta desioak daude batetik, eguneroko errealitatea eta segundoz segundo danok bizi duguna bestetik.

Askotan saiatzen naiz zapatak hodeietarako bide horretan ipintzen eta norabide hori egiten, baina hodeiak hodei dira eta askotan hartzera zoazenean desagertu egiten da, haizeak eramaten ditu, edo ez dira zuk hasieran uste zenuen hori, hurbildu ahala aldatu egiten dira. Hori bai, zapatak beti itzultzen dira etxeko sukaldera, etxeko zapatatokira.

Badira ertz ugariko hitzak, haien artean askatasuna. “Askatasunetik babesteko premia nuen” diozu Gerezi gorriak poeman. Zer nolako “askatasuna” dago liburu honetan?

Azken poema da hori, poema bakarra. Ni neu ageri agerian azaltzen naiz bertan, izen abizenekin, nik hala sentitu ditudalako gauza asko. Behar baino gehiagotan askatasunetik babesteko beharra sentitu dut izan dut nik. Poetak esan zuen bezala, amets bati izena ipintzen diozunean eta betetzen duzunean, amets horren izena baino ez da geratzen, eta izen hori baino geratzen ez denean beldurgarria egiten zait. Poeman diodan bezala kartzelara bueltatzeko gogoa dudan… inork ez dauka horretarako gogorik, ariketa literario bat da, baina bai sentitzen dut askatasunetik babesteko behar hori.

Atal horretan ere, eta oro har liburuan esango nuke, bada egun bizi dugun errealitatearen kontraesan eta ezinetatik itxaropenera pasatzeko gogo bat, bukaerako atal horretan bereziki ikusten da grina hori.

Ni ezagutzen nautenek badakite oso pertsona optimista eta alaia naizela, nahiz eta batzuetan nire poemek bestelakoa iruditu. Poema bakoitzaren esentzian, eta batez ere azkeneko atal horretan, badago etorkizunerako ate bat beti zabalik, zelan ez da egongo ba, bestela zer ginateke? Zer egingo genuke etorkizunari optimismoz begiratzeko aukera hori gabe? gureak egingo luke. Eta ez bakarrik borondate kontuengatik, nik uste dut objetiboki badirela euskarriak aurrera irribarretxo batekin begiratzeko, eta hori islatu nahi izan dut poemario guztian.

Barru barrutik ateratzen zaizkidan gauzak askotan ez dira oso atseginak izango, badaude arrenkura puntu inportanteak margotuak, baina horren atzean gauzekiko maitasuna dago, eta konpromisoa maitasun horiekiko. Konpromisoak beti datoz maite duzun zerbaitetik. Herri honetan asko maitatzen da beraz konpromiso handia dago, eta horri ateak zabal-zabalik utzi behar zaizkio.

Kanpotik barrurako eta barrutik kanporako hitzek presentzia handia dute, gutunetan, isilean gordetako eleetan: “zabaldu diedala azalak zure gutunei, / kresal giroan arnas har dezaten/ bertan atxilo egon izan diren eleek”. Esaten denak bezainbesteko pisua du esan ezin denak?

Bai, horrelako harremanetan esan ezin denak eta esaten ez denak sekulako pisua hartzen du. Gainera hor ipini dudana horrela da, poema liburu hau idatzi aurretik hartu nituen berriro gutunak, lehenago ez nuen izan behar bezalako adorerik berriro ere kartzelara bidali zizkidaten-zenizkidaten gutunak irakurtzeko. Paper honetan sartu nintzenean berriro ere hartu nituen, eta oraindik ikaraz eta oraindik bustita jarraitzen zuten, kontrarioak eman zizkidan moduan, eta oraindik sikatzen jarraitzen dute. Eguzkiak ez du igual behar bezain gogor jotzen, baina sikatzen jarraitzen dute.

Zure idazkerak, estilo aldetik, badu argia eta oso zuzena izateko joera, lehenengo liburuan zein bigarrenean. Kantatzeko edo zuzenean errezitatzeko aproposak izan daitezke zure poemak. Horrela ateratzen zaizun ahotsa da, edo apropos irakurlea bilatzen duena?

Ez dut irakurlea bilatzen honekin, baina era berean badakit honekin irakurlea hobeto harrapa nezakeela. Berrezko ahotsa da, sarritan zaila egiten zait berezko hortik ateratzea beste erregistro batzuetan aritzeko. Saiakera potenteak ari naiz egiten azkenaldi honetan, neure buruaren kontra sortzen nabil gauza berri batzuekin.

Poesiak berezkoa dauka musikaltasuna, badauka erritmoa, errepikapena, sakoneko melodia bat… nire ustez melodia berbera sumatu behar da liburu osoan, gero poema bakoitzak bere musika propioa daukan arren. Erritmoa eta musikaltasuna bai, apropos bilatzen ditu. Gure kaskezurrean eta inkontzientzian hobeto sartzeko bideak iruditzen zaizkit: errepikapenekin, zirkuluak eginez hasi eta buka elementu antzekoak erabiliz, konparazio eta gauza ulergarriekin, ahalik eta jende gehien identifikatzeko horrekin. Xaboi ponpen moduan, ametsen moduan, ukitu eta milaka zatitan apurtzen diren poematxoak bilatzen ditut. Ez dakit lortzen dudan, baina hori bilatzen dut.

Joera horren emaitzak zuzeneko emanaldietan sumatuko zenituen, bertan berehala ematen delako entzule-ikusle-irakurlearen erantzuna. Aurrekoarekin egin bezala, liburua zuzenean aurkezteko asmoa agertu duzu, liburuaren esperientziaren ezinbesteko partea bilakatu zaizu hori?

Bai, hasteko eta behin nik ondo pasatzen dudalako, gustatzen zaidalako. Bigarrenik uste dudalako etorri den lagun horrekin konektatzeko bideak baditudala, era batera edo bestera lortu egiten dudala. Bada agian poesia estiloagatik, poemak ulerterrazak direlako neurri handi batean; belarrietara ondo sartzen direla uste dut, nahiz eta sarri askotan ez ulertu zehatz-mehatz zer den adierazi nahi dudana belarrietara sartzen den hori atsegina egiten da.

Niretzat poesia kontatzeko eta kantatzekoa da, poesia altuan irakurtzea asko gustatzen zait eta pentsatzen dut badela poesiaren benetako indarra zelakoa den adierazteko bitarteko bat. Baina argumenturik onena da ni gustura egoten naizela. Zuzenean saiatzen naiz ere poemak kontestualizatzen, motibazioa eta jatorria azaltzen… entzuleak zergatik idatzi dudan jakin dezan, idazterakoan non eta zer neukan atzean.

Kartzelari buruzko literatura oso bat dago euskaraz, baita beste hizkuntza batzuetan ere —zoritxarrez-… adibide askoren artean, Jokin Urainen Ez dago etxean edo Ataramiñeren liburuetan ikus daitekeen moduan. Zer falta da idazteko? Kartzela-literaturaren amaiera, noski, baina bestela asko dago oraindik “ateratzeko”?

Nik uste dut falta dena idazteko dela batez ere kartzelan dauden idazle horiek, guk uste baino askoz gehiago direnak, eta kanpoan dauden askoren idazteko gaia eta ardatza etorkizuna izatea, eta ez hainbeste presentea eta iragana. Gure sormen lanetan herri berri bat irudikatzen eta herri berri horretan inbertitzen hastea. Eta hautsak astintzea, irribarre egin eta elkar hartuta aurrera egiteko. Nik uste dut hori falta dela, eta kostatuko dela oraindik, baina helduko da eta denontzako on-ona izango da, horrek gauza asko adierazi nahiko duelako: batez ere etorkizunean gaudela eta ez iraganean edo presentean kateatuak, herri batek ezinbestekoa du hori, eta nik neuk pertsonalki, eta seguru gutako bakoitzak ere bai.

 

Bilaketa