literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-30
Patri Urkizu:
«Liburua maite dut nik, jeneroen arteko mugak aintzat hartu gabe»

Bere aita zenaren autobiografia idatzi du Patri Urkizu idazle lezoarrak Susa argitaletxeak plazaratu berri duen ‘Zoazte hemendik!’ eleberrian. Lezon hilaren hasieran aurkeztu zien egileak liburua herritarrei. Herenegun beste aurkezpen bat izan zuen liburuak, Susak plazaratu berri duen beste eleberriarekin batera, Abelin Linazisororen ‘Axun’.

Reketeak 1936ko irailaren 13an sartu ziren Lezon, Gurutze Santuaren egunaren bezperan. Patri Urkizuren ‘Zoazte hemendik! ’ eleberriak orduko kontuak ditu abiapuntu, liburuaren azpitituluak —‘1936ko Santakrutzak’ — erakusten duen bezala. Sarrera txiki bat ere badu liburuak atarian: “Izpirituaren zaindaria oroimena da”, dio. Izan ere, Patri Urkizuk esan digunez, “eleberri honen bidez, Lezoko gazteei gerra zibila eta erbestea zein latzak izan ziren gogoratu nahi diet, besteak beste”.

Bere aita zenaren autobiografia hau, harekin izandako elkarrizketa moduan argitaratzeko ideia ere izan zuen Urkizuk, liburua idazteko ideiari lotu zitzaionean, Manuel Vazquez Montalbanek Francoren biografia egin zuen modua gogoratuz. “Baina gero pentsatu nuen nire hitzak ez zuela baliorik, eta aitaren ahotsari utzi behar niola lekua, bere lekukotasuna ager zezan lehen pertsonan, nahiz eta, noski, ezinbestean, nire ahotsa ere agertzen den, gauza asko neuk asmatuak baitira”.

Zer oinarri izan dituzu zure aitaren autobiografia hau idazteko? Nondik bildu dituzu datuak?

Aitak beti izan zuen gertakariei buruz bertsoak idatzi eta kantatzeko joera. Komunioa, ezteiak edo antzeko zerbait zenean, hark bertsoa idatzi eta egun hartako bazkalondoan kantatu egingo zuen. Bere bizitzaren halako aitorpentxo bat utzi zuen bertsotan idatzia, eta nik bertso horietako batzuk hartu nituen, gutxi, gerra eta erbesteraldia aipatzen zutenak besterik ez, eta bertso horiek abiapuntutzat hartuta, oinarri gehiago ere bilatu nuen: Lezoko jende zaharrarekin hitz egin, Tomas Garbizu, Melintxon eta abarrekin, eta horrela garai hartako lezoarrek gerra nola bizi izan zuten jakin ahal izan nuen. Horretaz gain, garaiko aldizkariak ere begiratu ditut, ‘Eguna’, ‘Euzko Deya’, ‘Eskualduna’...

Zerk ematen dio interesa zure aitaren biografiari?

Gizon arrunt baten biografia da, baina nik uste dut gerra egin zuten gehienak gizon arruntak izan zirela, eta horrenbestez nire aitaren bizitza paradigmatikoa izan daitekeela.

Hizkeraren aldetik, nola jokatu duzu?

Arlo horretan arazoak nituen hasieran. Lezoko jendeak irakurri du, eta oso erraz irakurri dutela esan didate, inongo eragozpenik gabe. Liburua gaurko irakurlegoari zuzendua dago eta batuan idatzi dut, baina, noski, garaiko hizkera eta Lezoko goi-nafarrerako hitzak jasotzen saiatu naiz, aitaren ahotsari egiaren antza ematearren. Aita Bizkaian eta Iparraldean ere izan zenez, Bizkaian eta Iparraldean kokatutako ataletan bertako hizkeraren oihartzunak ere jaso ditut, ukitu batzuk behinik behin.

Garai hori euskal literaturak behar bezain ondo jaso duela iruditzen zaizu, ala badago hor bete beharreko hutsune bat?

Nik entzuna diot noizbait Patxi Zabaletari euskal nobela historikoa ez dela behar adina landu, eta Jesus Mari Lasagabasterrek ere antzeko zerbait esan izan duela uste dut. Ni ez nago oso ados horrekin. Koldo Izagirreren ‘Euzkadi merezi zuten’ nobelan agertzen dira orduko kontuak, eta Auspoa saileko liburuetan ere oroitzapen ugari jaso dira; eta hor ditugu Sebero Altuberen ‘Laztantxu eta Betargi’, Pablo Fermin Irigarai ‘Larreko-ren’ ‘Gerla urte, gezur urte’, Luis Mari Mujikaren ‘Loitzuherrian, uda partean’... Jakina, ezin da konparatu hori gerra zibilak Espainiako literaturan eman duen oparotasunarekin, baina izan badira garai haren berri ematen duten idazlanak, zuzeneko lekukotasunak batzuk, eta geroago jaiotako idazleek egindako errekreazioak besteak.

Argitalpen edo berrargitalpen prestaketak, azterketa literarioak, saiakerak... Eleberriez gain, beste jenero asko landu dituzu. Ba al da besteak baino maiteagoa duzun jenerorik, ala denei aurkitzen diezu zerbait?

Literatura osorik gustatzen zait. Une batzuetan gehiago gozatzen dut eleberriarekin, baina ez dut inoiz baztertzen saiakera interesgarria denean, edo ezta poesia ere ona denean, edo gutunak... Orain, esate baterako, Jon Miranderen gutunen argitalpen bat ari naiz prestatzen, Susarekin Durango Azokarako kaleratzeko asmotan.

Liburua da, beraz, zure zaletasuna.

Bai. Liburua maite dut nik. Bernardo Atxagak ere maiz esan izan du, eta XIX. mendetik datorren kontua da hau, jeneroen arteko mugak hautsita daudela, literatura mundu irekia dela, horrelako mugarik gabekoa.

 

Bilaketa