literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
111 Akademia, 2016-07-27
[iturburua]
Mikel Peruarena:
«Historia hau yankiek kontatu digute, eta gure aiton-amonen aiton-amonak han zeuden»

2014ko 111 Akademiaren Saria eman dio Mikel Peruarenari (Ereñotzu, 1978) Lehen Mundu Gerrak Iparraldean utzi zuen arrastoaren ingurun idatzitako lanak (Su zelaiak — 2014, Susa). Autozentratu beharra dugula dio, historia hori yankiek kontatu digutelako eta gure aiton-amonen aiton-amonak han zeudelako. Hegoaldeko bati baino gehiagori emango zion zer pentsatua.

Urte erdia baino gehixeago darama liburuak kalean. Zer iritsi zaizu bueltan?

Ez dut gehiegi pentsatzen zer etorriko den, hortaz, etortzen den guztia ona izaten da; baita txarra denean, egurra emateko denean ere, behintzat zerbait eragin duen seinale izaten baita hori. Ni pozik nago. Liburuaren gaia konplikatua da, ezezaguna da. Lehen Mundu Gerraren mendeurrenarekin bat egin du baina hemen ez du oihartzunik eduki mendeurren horrek, beraz, ez da jendeari arreta bereziki pizten dion gai bat, akaso azkenaldi honetan zerbait nabaritu bada ere. Bestetik, ez da oso erraz irakurtzen den liburua, ezberdin samarra baita: ez da ipuin-bilduma bat, ez da ohiko narrazio bat, ez dago hari bakar bat, ezta pertsonaia bakar bat ere, eta beharbada beste era batera irakurtzen ohituta gaude. Beraz, hori kontuan hartuta, oso pozik nago liburuak izan duen harrerarekin. Banuen kezka jendeak nola irakurriko ote zuen, eta orokorrean hasieran lan pixka bat eskatzen diela esaten duten irakurleek, baina gero murgiltzen direla. Hori da, batik bat, jaso dudana. Kontrakoak ere izango direla pentsatzen dut, dena dela. Eta sariarena ez nuen inondik inora ere espero. Erabat harrituta nago. Nire kalkuluetan ez zegoen halakorik inondik ere.

Zerorrek aipatu bezala, irakurleari ahalegina eskatzen dion liburua da. Batetik, pertsonaia ugari dituelako, asko eta asko agertu ahala desagertzen direnak, gainera. Nola antolatu zenituen liburuan agertuko ziren pertsonaiak?

Egia esan, bizitza ere halakoxea da: gure bizitzetan tartean behin halako pertsona batzuk agertzen dira, eta seguru asko ez dugu jakingo momentu konkretu horretatik aurrera non dabiltzan. Gure bizitzan jende mordo bat ezagutzen dugu azkenean. Literatura guztia da tranpa, baina nobelek bereziki badute nolabaiteko amarru hori, oso pertsonaia gutxitan zentratzen direlako alegia, eta arreta oso jende jakinaren gainean jartzen dugulako. Liburu hau, ordea, bazen errealitate oso zabal bat islatu nahia, beraz, banekien pertsonaia asko erabiliko nituela: batzuk garatuak, besteak ez; batzuk aurrerago berriz azalduko zirenak, besteak ez. Bestetik, oso gutxi idatzi dugu gerrari buruz azkeneko urteetan, eta gauza asko neuzkan kontatzeko, baina ez nekien nola sartu horiek denak. Izan ere, pertsonaia bakar bat edo bi hartzeak edo familia saga bati heltzeak, adibidez, bazeukan gerraren alderdi bakar batzuk kontatzeko nolabaiteko arriskua. Zabaldu egin nahi nuen, irakurleak pentsa zezan sufrikario hark zenbat modu ezberdinetara eragin zien honi, hangoari eta besteari, hainbat eta hainbat jenderi. Beraz, pertsonaia asko behar nituen. Nagusienak, edo liburuan gehien garatzen direnak, hasieratik finkatuta neuzkan; baina beste asko bidean sortzen joan dira, ezagutzen joan naiz.

Oso gutxi idatzi da, bai, gai honi buruz. Zergatik gelditu ote zaigu Hegoaldekooi hain ezkutuan Lehen Mundu Gerrak eta Iparraldean, guregandik hain gertu, hark izan zuen eragin izugarria?

Ez digulako hainbeste eragin. Hemen, kontu historikoekin hasten garenean 36ko gerrara joaten zaigu gogoa. Arrasto handia utzi du, gatazkak eragiten ditu gaur egun ere eta oraindik gelditzen dira hura bizi izan zutenak edo haien seme-alabak, gerra hura oso gertu bizi izan duen jendea, alegia. Eta memoria historikoari, iraganari buruz ari garenean, horrek gainontzeko guztia jaten du; itxi gabeko zauri bat dago, oso handia, eta ez dio beste ezerik lekurik uzten. 14ko gerrari buruz ez dakigu ezer.

Bada, Hegoaldeko irakurle batek baino gehiagok, liburua amaitu ostean, orain arte nora begira egon ote garen ere pentsatuko du…

Idazteko motibazioetako bat zen hori. Autozentratu egin behar dugu pixka bat, historia hau yankiek kontatu baitigute, eta gure aiton-amonen aiton-amonak han zeuden.

Zenbait irakurleri hasieran ahalegina eskatu dion beste elementu bat hizkuntza izan da. Makina batek pentsatu du Iparraldekoa zinela…

Bada, seguru hanka-sartze mordo bat egin ditudala. Dokumentazio lan guztia Iparraldeko euskalkian egin dut, hortaz, nahi gabe ere, idazterakoan horixe atera zait. Portugesez irakurtzen urtebete pasatuko bagenu, ohartu gabe hitz mordo bat ikasiko genituzke; ez dugu portugesez hizketan ikasiko baina hiztegia asko zabalduko zaigu. Bada, kasu honetan ere, antzeko zerbait gertatu da. Garai hartako Eskualduna astekarian gerrari buruz asko idatzita dago eta, noski, nolabaiteko Iparraldeko euskara batu bat erabiltzen zuten: bazegoen lapurteraren, baxe-nafarreraren eta goi-nafarreraren artean nolabaiteko truke bat, eta horrek busti egin nau. Ezinezkoa egin zait, gainera, beste era batera kontatzea. Batuak kolore asko izan ditzake. Gipuzkoarrok erdian gaude eta normalean batua gipuzkeraren kutsuarekin egiten dugu; hori beste euskalkietako hiztunek nabaritzen dute baina gu ez gara konturatzen. Bada, joko berdina egin dezakegu, batua beste euskalki batzuekin busti dezakegu. Horixe izan zen ariketa. Batuaz egiten saiatu nintzen, baina oso giputza zela konturatu nintzen, ezin nuen hala egin. Iparraldeko hiruzpalau laguni pasatu nien testua, harrera ona egin zidaten eta horrek pixka bat lasaitu ninduen, kezka bai baineukan.

Gerraren gordinkeria eta krudelkeria hain bortizki erretratatzeko gaitasuna txalotu dute irakurle batzuek; beste batzuei, ostera, gogaikarria eta itogarria gertatu zaie fronteko erreketan hainbeste ibiltzea. Edonola ere, gerraren ankerkeria azaltzeko behar-beharrezkoak izango ziren pasarte horiek…

Bai. Bost urte trintxeretan, erreketan sartuta pasatzen baldin badituzu, azkenean besteen heriotzak garrantzia galtzen du, egunero ikusten baituzu jendeari hesteak lehertzen ari zaizkiola. Ez dago bizirauteko beste modurik. Ez bazaizu azala pixka bat gogortzen, hurrengoa zu izango zara. Sentipen hori asko azaltzen da soldaduek idatzitako testuetan. Beraz, bost urte horiek ezin nituen bi orrialdetan kontatu, bost urte luze izan baitziren. Bi hilabeteko gerra izan balitz beharbada egin nezakeen hori, baina bost urteko agonia nolabait ere transmititu behar nuen. Liburua bi alditan itzultzen da gerrara, eta ohartzen nintzen bigarren aldi hori pixka bat nekagarriagoa izan zitekeela. Gertatzen dena da, bigarren parte hori lehenengoa baino luzeagoa dela denboran. 1916ko otsailean Verdungo batailarekin hasten da bigarren zatia, berriz gerrara itzultzen garenean, eta ia hiru urte pasatzen dira amaitu arte; alegia, gerraren erdia baino gehiago pasatzen dugu zati horretan berez, nahiz eta nobelan proportzio hori ez mantendu. Horregatik luzatu nuen pixka bat gerrari dagokion bigarren aldi hori, zera esateko: Verdunera iritsi gara, kristorenak kontatu ditugu orain arte baina honek oraindik beste hiru urtez jarraitu zuen horrela. Zati hori hamar orrialdetan kontatu izan banu, hasi eta lau hilabetera amaitu zela emango zukeen. Eta jabetzen nintzen agonia horretaz, baina zaila zen oreka lortzea: izan zenaren dimentsioa behar bezala azaltzeko luzatu beharra batetik, baina irakurlea gehiegi ez nazkatzea, bestetik. Pentsatzen dut, irakurle bakoitza mundu bat denez, nork bere erara hartuko zuela atal hori. Batzuek esan didate gerrako pasarteak izugarri gustatu zaizkiela; beste batzuentzat, ordea, gehiegi izan dira.

Eskualduna astekaria eta Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren egunkaria izan dituzu, besteak beste, liburu hau ontzeko informazio iturri. Nolakoa izan da dokumentazio lana?

Ez neukan oso garbi zer egingo nuen, fikziozko zerbait egiteko ideia baldin banuen ere, nobela tankerako zerbait printzipioz. Aurreko liburua (Ez obeditu inori, 2009) idazten bukatu eta laster hasi nintzen 14ko gerraren inguruko kezka horrekin, alegia, ez dugula horri buruz gehiegi idatzi. Eskualdunarekin egin nuen topo eta izugarri kronika ederrak aurkitu nituen, bere gordinean oso ederrak, hizkuntza aldetik etab. Gure aurreneko gerra korrespontsalak agertzen dira, gainera, hor: gerran zeuden apaizak ziren, bat izan ezik: Etxepare. Frontetik euskaraz bidaltzen zituzten gutunak gero kronika gisa agertzen diren Eskualdunan. Urrezko meategi bat zen hori niretzat, paper zaharren artean ibiltzea gustatzen zaigunontzat. Anekdotak, izenak, lekuak eta pasadizoak biltzen hasi nintzen eta biltegi handi samarra egin nuen, handiegia beharbada. Eta hori bildutakotik abiatuta, liburuetara eta mapetara ere jo nuen gero. Nahiko bilaketa kaotikoak egiten ditut nik, gainera. Denbora dezente pasatu nuen horretan, itxi beharra neukala erabaki nuen arte, bestela ez bainukeen sekula bukatuko. Egia esan, denbora asko pasatu dut nola kontatu asmatu ezinik: idazten hasi, utzi, hasiera bat osatu, gero beste bat, pertsonaiak asmatu, kendu… Urte parea pasatuko nuen, akaso, horrela.

Etsigarria ere izango zen…

Bai, askotan utzi dut. Baina momentu batean berrehun folio baino gehiago neuzkan oharrekin, argazkiekin eta bestelako materialarekin, eta ez nuen hori guztia alferrik galtzen utzi nahi. Gainera, mendeurreneko data gerturatzen ari zen. Beraz, egin behar nuela erabaki nuen momentu hartan, ondo edo gaizki, baina atera egin behar nuela. Datak behartu ninduen, nolabait. Batzuetan zure buruari jarri behar dizkiozu halako presio batzuk: orain egin edo ez egin.

Gerrara zihoazen soldaduek aste gutxi batzuetako kontua izango zela uste zuten. Behin eta berriz ageri dira horri buruzko erreferentziak liburuko lehen atalean. Benetan uste hori al zegoen zabalduta?

Bai. Guk badakigu zer izan diren gerra horiek, baina Lehen Mundu Gerra lehenengo posizio gerra izan zen. Ordura arte, Napoleonen gerretako erreferentziak zeuzkaten, eta XIX. mendearen bukaeran Prusiarekin izandakoarenak ere bai. Soldaduek uste zuten zelairen batean topo egingo zutela etsaiarekin, egun batzuetan atzera bidaliko zituztela eta kito. Gertatzen dena da alemaniarrak aspalditik ari zirela gerra beste era batera prestatzen, kanoiekin eta gainerakoekin. Soldaduek ez zuten lubakietako gerra hori horrela ezagutzen, ez zekiten hori zer zen. Pentsa, Frantziako armadako soldaduak zelaian barrena zihoazen lehenengo egunean eta alemaniarrek, kanoiekin eta lubakietatik tiroka, ia-ia Pariseraino bidali zituzten atzeraka, hamar bat egunetan. Ez zekiten zer zetorkien. Historia militarrari buruz batere jakin gabe, irakurri ahal izan dudanaren arabera, Lehen Mundu Gerra lehenengo gerra totala izan zela interpretatzen dut nik, gizonezkoen populazio osoa gerrara bidali zuena eta gero sekulako arma lehiaketa ekarri zuena: hegazkinen arteko gerrak hasi ziren, alemaniarrak urpekoak erabiltzen hasi ziren… Gerora, XX. mendean gerra izan direnen aurreneko probaleku basatia izan zen hura. Baina, noski, gerra hartara zihoazen Iparraldeko soldaduak beste mundu batetik zetozen, XIX. mendetik XX.era salto egin zuten egun batzuetan. Gerra aste batzuetako edo, asko jota, hilabete batzuetako kontua izango zela uste zuten. Militarren batzuek edo goi kargu zenbaitek horren inguruan zer pentsatuko zuten ez dakit; baina herritarren gehiengoak, behintzat, ez zeukan zetorrenaren inolako susmorik. Baina, noski, irakurleak badaki soldaduei zer zetorkien gainera, eta horrekin jolastu dut pixka bat.

Gerraren aruka egon eta soldadu joateari ihes egiten saiatu zenik izan bazen ere, herritarren zati handi batek gazte euskaldunak Frantziaren alde gerrara joatera animatzen zituen, alemaniarrak txikitzera. Laugarren atalaren hasieran ageri den Pierre Lahnderen esaldi honek oso ondo laburbiltzen du hori: “Il savent que l’immolation pour la Patrie est l’acte suprème de charité, ils se battent, ils meurent en héros“…

Maulen emandako hitzaldi bateko zatia da hori. Ekitaldiak antolatzen zituzten soldaduentzako dirua biltzeko, jertseak trikotatzeko etab. Esaldi horrek adierazten duen horixe zen erretagoardiako giroa. Eskualduna astekarian oso nabarmen ikusten da hori. Eskualduna oso eskuin-muturreko argitalpena zen, gaur egun frente nazionaletik eskuinera egongo litzateke beharbada. Batasun nazionalaren sentimendu hori gailendu zen, oraindik ere tarteka agertzen dena, Charlie Hebdoren gaiarekin, esaterako, “utz ditzagun diferentziak batasun nazionalaren izenean”. Ezker-eskuina bazegoen, baziren xuriak eta gorriak, erlijiosoak eta deabruak, gatazka sozialik ere bazen; baina, nolabait, batasun nazionalaren ordua zela hedatu zen, etsaia Alemania zela eta haren aurka joan beharra zegoela. Komunikabideek horretan jardun zuten bereziki eta, orokorrean, jendearen sentimendua ere horixe zen. Semea frontean baldin badaukazu eta aleman anker bat baldin badator zure semea hiltzera, horrek atxikimendua sortzen du; jada ez da trapu batekiko atxikimendua bakarrik, haragizko eta odolezko atxikimendua da. Sentimendu horretatik kanpo zegoen jendea ere bazen, noski, desertoreak etab., eta horiek ere tartean sartzen saiatu naiz. Sozialismoaren barruko adar batzuk ere mugitu ziren soldaduak grebara deituz, hemen hainbesteko oihartzunik izan ez bazuten ere. Halako mugimendu txiki batzuk egon ziren, baina gerra hastearekin batera gehienak lurpean geratu ziren. Nahiko bazterreko mugimenduak izan ziren orokorrean.

Lehen aipatu dugun Verdungo guduarekin hasten da liburuko laugarren atala. “Gerla irabaztea, hemen Verdunen, zulo honetan kukutu eta irautea da”, dio liburuko pasarte batek…

Azkenean, gerra irabaztea etxera itzuli ahal izatea da soldaduarentzat. Oraintxe aipatu ditugun hasierako idealismo, itxaropen eta ilusioak birrindu egiten zaizkie eta beste ikuspegi bat hartzen doaz soldaduak, handik bizirik ateratzerik lortuko duten galdetuz behin eta berriz. Sekulako infernua izan zen Verdungoa, ikaragarria, trauma kolektibo bat utzi zuena. Hilabeteak eta hilabeteak bonbak jaurtitzen, atsedenik gabe, hamar metro aurrera, hamar metro atzera egiteko, hilabeteetan. Eta milaka pertsona hil ziren hor ezer ez lortzeko, posizioak apenas aldatu baitziren. Han egon ziren soldaduengan sekulako arrastoa utzi zuen. Hiltegira bidaltzen zituzten sentsazioa zeukaten.

Sentsazio hori behin baino gehiagotan agertzen da, alegia, agintariek inolako zentzurik gabe ematen zizkietela aginduak…

Bai. Soldaduen egunerokoari buruz ez dakigu gauza handirik; izan ere, gutunak irakurri egiten zizkieten, hortaz, ezin zuten posizioen berri eman edo antzeko ezer aipatu, korreo hori espiaren baten eskutan erortzen baldin bazen ere. Baina baditugu soldadu ibilitakoek gerora idatzitakoak, eta askoren artean badago mesfidantza hori: ikusten zuten gerra amaierarik gabe luzatzen ari zela eta ez zutela aurrera egiten, jendea etengabe hiltzen ari zela eta ez zutela hori konpontzeko ezer egiten, hortaz, zer inutil koadrila da guri aginduak ematen ari zaigun hau? Sentimendu hori, logikoki, zabalduta egon behar zuela uste dut. Dena dela, ez dakigu zehazki euskaldunek zer pentsatuko zuten, ikusi baitugu batzuk aldeko amorratuak zirela.

111 Akademiaren Saria jaso ostean zera aipatu zenuen: “Iraganak zenbateraino baldintzatzen gaituen, uste dut Ipar Euskal Herrian oraindik egin gabe daukagula gogoeta hori, 14ko gerrak zer eragin izan zuen gaur egungo gizarte oskaetan”…

Bai. Batzuetan intuizio batzuk izaten dituzu, gehiegi formulatu gabe dauzkazunak. Bada, nik badut intuizio bat, alegia, ez garela konturatzen gure aiton-amonen historiek zenbateraino konfiguratu dituzten gure gurasoenak, eta gure gurasoenek gureak, norberaren biografia. Eta biografiaz aparte, pertsona horiek osatzen dituzten gizarteen historiak. Nik uste oso nabarmena dela Lehen Mundu Gerrak Iparraldean zer nolako arrastoa utzi zuen, zer beldur, zer atxikimendu sortu zion. Nik errezeloa daukat frantseste bidean, euskaraz bakarrik zekien jende askok orduan ikasi zuela frantsesa halabeharrez. Eta gauza horiek arrasto handia uzten dute, ez dakizu noraino sartzen dituzten sustraiak. Historia gurekin hasiko balitz bezala bizi gara, gu jaiotzen garen momentuan hutsetik hasiko balitz bezala, eta ez da horrela izaten. Gure kasuan, gainera, lehen nioenaren bidetik, historia hau Hegoaldekooi yankiek kontatu digute neurri handi batean, baina Iparraldean ere jakin nahiko nuke gaur egun haurrek ikastoletan ikasten dutena nork kontatuta ikasten duten. Gure arazoa horixe da, ez daukagula ez instituzio, ez baliabide, ez diru ez ezer jendea halako lanak egiten jartzeko, berreskuratzen, zer berreskuratu behar den, nola berrikusi behar dugun hau; izan ere, egin zen berrikuspena gerra bukatu ondoren herri guztietan hildako soldaduei monumentua jartzea izan zen. Gerora lantxo batzuk egin dira, baina ikuspegi kritiko hori ere errekuperatu beharko genuke. Bitartean yankiek jarraituko dute gure historia kontatzen, edo frantsesek edo espainolek. Beti kanpotik kontatuko digute.

 

Bilaketa