literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Garzia
111 Akademia, 2020-05-24
[iturburua]
Igor Estankona:
«Poema onenak dira murgilaldi baten antzekoak, beste mundu batetik etorri bazina legez sentiarazten zaituztenak»

Moskito (Susa, 2020) da Igor Estankonak (Artea, 1977) argitaratu duen azkeneko poema liburua, bosgarrena, bere hitzetan, haziak bailiran, mundu propio bat sortuz. Hamaika urte pasa dira aurreko liburua kaleratu zuenetik: Iratzeen esporak (Susa, 2009). Oraingoan, kaleidoskopio batean bezala iritsi zaizkigu bere irudiak eta hitzak, gozoak batzuetan, mikatzak besteetan, tantaka, poliki, itsaso zabal bateko olatuak bailiran.

Poema bakoitzak mosaiko bat bezala irakurri behar da?

Definizio ona da. Material anitzeko konposizioak dira, nahastean dakartzate hainbat erreferentzia. Batzuetan loturak agerikoak dira, beste batzuetan ez. Esan dezagun bakoitzak sortu behar duela bere irudia, bere poema.

Bidaia bat bezala irakurri behar ditugu, beraz.

Bakoitzak aukeratu behar du bere irakurtzeko modua, bakoitzak egin behar du aipatzen duzun bidaia hori. Onena, poesian zein bizitzan orokorrean, sentitzea da. Eta horretarako ez dago errezetarik.

Estiloari buruz zer esango zenuke?

Estiloa da lortzen zailena. Irakurleak esatea, “zein sendoa, zein arina, zein iluna, zein argia”. Nik uste dut Moskiton badagoela ahalegin bat dena joan dadin festina lente. Nahiko nuke poemak arin ibiltzea astiro landu direlako eta buelta asko eman diodalako lerro bakoitzari. Era berean Moskitok gura du erdietsi sakontasuna arintasun baten bidez. Poema onenak dira murgilaldi baten antzekoak, beste mundu batetik etorri bazina legez sentiarazten zaituztenak. Lortu dudan edo ez, hori beste kontu bat da.

Zergatik deitu diozu Moskito lan honi?

Ez dakit. Otutzen zaizkit hainbat arrazoi, denak a posteriori.

Liburuan gai asko ukitzen dituzula iruditu zait: heriotza, borroka, sentsualitatea, herria… baina gai nagusiren bat badagoela esango zenuke?

Batzuk gaiak dira, beste batzuk bide. Gero kanpoko forma eta gaia, biak bat bihurtzen dira maiz.

Hainbat momentu ezberdinetan sortuak izan al dira?

Hamaiak urtean zehar idatzitakoa dago Moskiton, kondentsatuta. Euforiak eta beheraldiak, momentu onak eta txarrak, nostalgiak eta etorkizuna.

Poemak bost multzotan sailkatuta daude. Zergatik sailkapen hori?

Atalak eta poemen ordena liburuaren irakurketa zoli eta bizi bat lortzeko daude pentsatuta. Ordeantu zitezkeen gaiaren arabera baina astuna gertatzen zen zeharo. Era honetan, dena nahastuz, poemen artean hari mehe bat utziz, kontzeptuala, uste dut atsegingarriago suertatzen dela.

Esango al zenuke malenkonia dela poema askoren abiapuntua?

Abiapuntua bai, baina ez helburua. Poema asko idatzi ditut atzera begira, nostalgiazkoak, baina Moskiton lehenaldira joan banaiz izan da aurrera egiteko, ez bertan geratzeko.

Nola ez itzuli poeman Mumia Abu-Jammal aipatzen duzu. Eta borroka.

Borroka —egunerokoa, ez oso epikoa agian— munduaren motorea da. Maitatzeko ere borroka egin behar da, ez dizutelako uzten, ez diozulako zeure buruari uzten. Beraz poema horretan diot: bide itsu batera iristen zarenean ere, edo orduantxe hain zuzen ere, “jaiotzen dela iba bat/mila ibairen isurkide, mila ibaiaren isurkidea”.

Plastikoaren inguruan ere mintzatzen zara: “gure plastikozko azala”, esaterako, Arrankaria ibaian, txoria zeruan poeman.

Poema horretan, beste azpi-gai batzuez aparte, naturaren gaia dago. “Naturaren diseinuetan” aspaldi erreparatu gabea naizela aitortzen dut bertan. Egia esan, izaditik arrunt deskonektatuak gaude maiz, plastikozkoak dirudigu.

Herriari esaten diozu momentu batean: “zergatik sufriarazten didazu horrela? Noiz hilko zara guztiz?”. Zergatik?

Batzuetan lehenaldiarekin kontuak garbitu behar dira.

Grezia ere aipatzen duzu Patua zer da hori poeman, eta “elenitatea, euskaltasuna, lilura”. Baina bidaiaren ideia berriro berreskuratuz, hasierako tonuak eta hitzek badute garraztasun puntu bat: “Hartu dugun bide bakoitzeko bereizi gara bidetik”.

Bai, zapore gazi-gozo batekin hasten da poema. Bidaian gaude, baina zerbaitek —maitasunak, osasunak, gogoak…— ez du funtzionatzen. Amaiaren, ordea, Itakan legez, bat ohartzen da helburua ez dela helmuga.

Lasai izeneko poeman Iruñea da hizpide, eta, “lekuok okupatzen dituztenak” aipatzen dituzu.

Iruñea delako Hiri Buruzagia, gure subirautza faltaren adibide mingarriena. Jose Anjel Irigarai ekarriz: nor bere lurean maiztertza zein garesti ordaintzen den.

Iradokizuna al da, orokorrean, poema bakoitzak bilatzen duena? Ate bat irekita uztea?

Hain zuzen horixe da asmoa. Heldulekuak baditu poema bakoitzak, eta erreferentzia ugari ere bai. Dena dela, guztia dator nahasian, eta bakoitzak bilatu behar dio zentzu bat, berea, propioa. Obsesionatu gabe, gainera. Lehen ere esan dugu: sentitzea da garrantzitsuena, poemaren kadentzia eta barne-esanahietara lerratuz.

Dedikatoria ederra da. Nola bururatu zitzaizun?

Neska-lagunaren izena agertzen da liburuan: Iratxe. Hiru alaben izenak ere aipatzen dira: Nahia, Nikole, Magali. Semearen izena falta zen: Orhi. Eta ezin tentazioari eutsi; Orhiko txoriarekin, Beti Orhira nahi duen horrekin, egin nuen joko antzeko bat.

Zure beste poema liburuei erreparatuz, honek ildo bera jarraitzen duela esango zenuke?

Bai, badago hari bat. Eta, bitxia bada ere, Anemometroa (Susa, 1998) urrun hartara egin dudala uste dut. Moskitok haren freskotasuna berreskuratu du, hurrengo poema liburuetan galduxe zegoena.

Irakurle bezala zein idazle dituzu gustukoen?

Asko. Azkenaldian harrapatuta nauka Ezra Poundek.

Genero bezala poesia al da gustukoen duzuna?

Ondoen hor manejatzen naiz ni. Atsegin dut poesia, txinparta batetik abiatuz zerbait idatz dezakezulako, edozein momentutan edozein kontestutan. Beste kontu bat da, noski, pieza horiek liburura ekartzea. Horrek lana eskatzen du: kendu, findu, birfindu. Baina atsegina da beste beharleku hori ere.

Zertarako idatzi eta irakurtzen da poesia?

Idatzi, barruak husteko idazten dut, errealitatea interpretatzeko, errepasoa egiteko, nire burua birkokatzeko. Irakurri, edertasunaren bila eta bihotza mugiaraziko didan zer edo zer kausitzeko irakurtzen dut.

 

Bilaketa