literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Lierni Elortza
111 Akademia, 2020-12-18
[iturburua]
Uxue Alberdi:
«Gero eta zailagoa zait bertsolari izatea; idazten, aldiz, gero eta helduago sentitzen naiz»

Xumetasunaren ahotsa da Uxue Alberdirena (elgoibar, 1984). Bere hitz jarioak errekastoko ur freskoa irudi. Berezko emaria du, sorburu lagunak oso gogoan ere bai. Literatura mota asko landu ditu haurrentzat, gazteentzat, helduentzat, ipuinak, eleberriak, saiakera. Sari asko loru ere bai, tartean 111 Akademiaren saria 2017an ‘Jenisjoplin’ekin. Azken liburua, ‘Dendaostekoak’ (Susa, 2020); lau hamarkadetako kronika soziala dendaostetik kontatua, gaiz gai, puntadaz puntada brodatua.

Martxoaren 18an jaioa, negukoa edo udaberrikoa sentitzen zara? 

Udaberri hasierakoa sentitzen naiz. Beti lotu izan dut nire urtebetetze eguna udaberriarekin. Niretzat udaberria martxoaren 8an hasi izan da aspaldidanik, beste irekiera bat eta berotasun bat hasten da egun horretatik aurrera.

Egun seinalatua hartu duzu.

Bai. Urtarrila eta otsaila ilunak egiten zaizkit. Martxoaren 8a amak eta izebak beti ospatu izan dute eta pixka bat koskortu nintzenean nik ere bai. Beti lotu izan dut borrokarekin eta festarekin, ondoren zetorren nire urte eguna, gero udaberria, egunak epeltzera egiten zuen, loreak, paisaia aldatzen hasten zen.

Eta ez edozein urtetan jaioa: 1984an —George Orwellen obra ezagunaren izenburua—, literaturan marka utzi duena. Biek ere gai sozialak maite dituzue…

Ez dut nire burua Orwellekin konparatuko inondik inora. Baina beti izan diot maitasun berezia liburu horri oso txikitatik eman zidan atentzioa, besteak beste, nire jaioturtea zelako. Bada mugarri bat: zer gertatu zen gu jaio ginen urtean? Izan zen idazle bat 1948an 1984a idatzi zuena… arreta pizten zidan. Eta gai sozialena…, ez ditut interesak gaika bereizten, sailkapenam gehienetan kanpotik datozela uste dut. Batzuentzat liburu intimista da azken hau, beste batzuek diote liburu politikoa dela, zenbaitek liburu sozialtzat du. Kronika, nobela, biografia, inbentarioa… Nago, zerbait etiketatzen dugunean —politikotzat, sozialtzat, intimistatzat, sentimentaltzat, femeninotzat edo maskulinotzat—, gehiago esaten dugula gure buruaz liburuaz baino.

Dendaostera noiz eraman zintuzten lehen aldiz?

Jaioberritan, bularra bertan ematen zidan amak. Edo lehenago, dendaostean hazi nintzen amaren tripan, uholdeen artean. Jaio eta berehala hasi zen atzera lanean eta negar egiten nuenean dendara eramaten ninduten. Nik gogoratzen dudana baino lehenago.

‘Dendaostekoak’ duzu azken eleberria. Elgoibarren kokatua, 70eko hamarkada bukaeratik gaur egunera arteko 4 hamarkadetako argazki sozial eta kronika bikaina. Gustura? Sentsazio hori gelditu zaizu?

Bueno, bikainarena ez (barrez). Beti idatz daiteke hobeto, askoz hobeto, baina pozik nago liburu hau idatzi izanaz, idaztera atrebitu izanaz. Denok dauzkagu mesfidantza integratu batzuk literatura onak izan behar omen duenaz. Genero bakoitzaren nolakoez. Deseraiki ditugu —partez— aurreiritzi batzuk, literatura femeninoaren gezurra eta menoste mekanika… emakumeen obrei suposatzen zaizkien intimismoa, egunerokotasuna, txikikeria, sentimentalkeria… Teorikoki eta arrazionalki deseraiki ditugu, baina kalitatearen balio sisteman, gustuetan, oraindik ere zeharkatzen gaituzte mendeetako uste horiek. Niretzat lan honek bazeuzkan arrisku objektibo batzuk, narratzaileak oso gertukoak baititut, ama eta izeba, oso gertukoa baitutu paisaia, nire kontzientzia esnatu aurretik bertan egoten nintzelako, eta literaturak beharrezkoa baitu distantzia. Nola arroztu? Fikzioa egitea zen bide bat, baina gorputzak ez zidan eskatzen. Haien ahotsak jaso eta haien posibilitate literarioei buruz pentsatu nahi nuen. Pozik nago xumetasunaren ederra bilatzeko aukera hori egin izanaz. Misteriorik, epikarik, poetikarik, tramarik eta ia pertsonairik gabe, normalean literariotzat jotzen ez den materialari literaturtasuna bilatzen ahalegindu naiz, oihartzunak sortzen.

Hizkuntza aldetik erronka handia izan dela diozu.

Bai, bi narratzaileok ez direlako hiztun onak hiztun onaz daukagun aurreiritziaren arabera. Beraien lehen hizkuntza ez da euskara, euskaldun berri-zaharrak dira honezkero, baina euskara traketsa dute, akastuna, ez dute izugarrizko jariorik, ikasketarik ez daukatela esango lukete euren biografiek, ez dira kultuak ohiko zentzuan. Ez dute teoriarik egiten, ez dute analisirik egiten. Baina bizitzeko arte bat erakusten dute. Borrokalariak dira alaitasuna eta arintasuna galdu gabe. Hori lezio handia da niretzat. Beraien diskurtsoa oso urruti dago solemnitatetik eta hortik antipodetan egoteak ematen dio sinesgarritasuna. Agian, beste liburu batzuetan babestu izan dut nire burua teorietan, jende oso kultuaren aipuetan, hizkuntzaren ederrean, txinpartan, zorroztasunean, gaien pisuan, gaien traszendentzian, gatazkaren gordinean. Kasu honetan bi dendari xumeren buruetatik, gorputzetatik eta ahotsetatik hizkuntzari, gizarteari, politikari, egunerokotasunari begiratzea izan da nire apustua. Eta baneuzkan zalantzak jendeak nik botatako soka horri helduko zion ala ez.

Pintxintxutik, 1956an eta 1958an jaiotako Marijo eta Izaskun ahizpek sortutako eta kudeatutako dendaren tripetatik idatzia. Denda bat, mundu bat.

Nik uste aziertoa izan zela konturatzea denda bera, espazio bezala, eta dendarien ikuspuntua egokiak izan zitezkeela hainbat errealitate kontatzeko. Denda kalearen mailan dago, atea beti irekita, espazio feminizatua da, batez ere, emakumeek jotzen dute erosketa txikietara. Jendearen beharrak eta portaerak oso agerian daudeneko tokia da denda. Denda izan zen bi ahizpek euren askatasuna praktikan jartzeko sortu zuten espazioa. Dendakoa ez ezik, dendaosteko atea ere irekita zegoen hasieratik, lagunak bertara sartzen ziren. Garai oso bizian kuadrilla politizatua zeukaten, han zebiltzan anarkoak, troskoak, feministak…

Espazio fisikoaren eta edukien konbinazio bereziak elkarren osagarri. “Marx eta mertzeria”. Alde batera kalea dago; bestera, ibaia, eta denda natur espazioari eta espazio urbanoari lotua. Kokapen geografiko horrek asko inspiratzen ninduen. Ibaia zen denboraren joana eta, aldi berean, liburuak jarraitu beharreko lerro bat; kalea ibai solido bat zen hamarkadetan jarioak eraman dituena: beharginen jarioak, lagun kuadrillenak, gazteenak, zaharrenak, manifestazioenak, jazarpenenak… Eta inspiragarria zitzaidan mertzeriaren eta liburu gorrien arteko gurutzaketa ere. Alde batera arreoak, izara brodatuak, toallak, hariak eta bestean Rosa Luxemburg, Marx, Lenin…

Gai politikoak, markatuak oso, herri honen historian: Burgosko prozesua liburua hasi orduko, lehen ikurrina, ETA, presoak, herri mugimenduak, Etxerat, ikastolen publifikazioa… ahoan bilorik gabe.

Harien artetik kontatuta espazio publikoari eta debate politikoari dagozkion hainbat gai. Aipatu dituzun gai horiek guztiek denok zeharkatzen gaituzte, gorputzetan utzi digute marka, baina gure posizioaren arabera —posizio ekonomikoa edo politikoa, generoari lotua, hizkuntzari dagokiona…— modu diferentean digeritu izan ditugu. Posizio bakoitzetik kontatu daitekeena (eta kontatzeko modua bera) ere diferentea da.

Hainbeste gai txertatzeko trebezia azpimarratzekoa da. Izan sozial, politiko, ekonomiko, kultural… alegia, jendeak egunero bizi dituenak eta herri historian ere marka uzten dutenak ‘Dendaostean’ brodatuak.

Saiatu nintzen pentsatzen zeintzuk diren halako denda baten egunerokoan gurutzatzen diren gaiak edo errealiateak: kontu humanoak, portaerazkoak, familia harremanei dagozkienak, gatazka sozialak eta politikoak; auzi ekonomikoak, inguruko negozioei eta industriari buruzkoak, salerosketa txikiaren ingurukoak; kalearen eta naturaren aldaketak, kutsadurari, zaborrarekiko harremanei buruzkoa… denak nahasten dira dendan. Dendaostetik egunero ikusiko duzu parean duzun ibaia kutsatuta datorren, urak urri edo handi datozen; gainean bizi den ama zainduko duzu eta ama horrekiko harremanak zeharkatuko zaitu; dendaostera etorriko zaizkizu seme-alabak ogitartekoaren edo dantzako zapatilen bila, etorriko dira garraiolariak, komertzialak, hirian bizi diren lagunak… Eta dendara bezeroak sartuko dira: garaian garaiko poz eta minekin. Pertsonaien galeria bat! Saiatu naiz gure denda den moduko hibrido bat josten beraiek josten duten bezala, joskurak dauzkan etenak eta erritmoak imitatzen saiatu naiz, dendaren mugimendua eta alaitasuna harrapatzen. Zatarretarako piltzar askorekin soineko bat josten saiatu naiz: ez dotoreena, ez galakoa, ez modakoa… ezpada errealitate horrekiko ahalik eta leialena.

Detaile txikiak erabiliz, informazio jario egokia sumatzen da. Kontaera ia “nahi gabe egina dela dirudi.

Ez eta bai. Ikuspuntuari garrantzia eman nionetik, bi narratzaile hauei interesgarritasuna aitortu nienetik, isurian joan da. Ehunka galdera egin dizkiet, galdetzeko modua gakoa izan da, galdera txikiak behar zuten izan, konkretuak, zeharkakoak. Ez nien ekonomiaz galdetzen, ezpada dendako bezeroek dirua erabiltzeko daukaten moduez. Kontatzen hasten ziren: zaharragoek hala, gazteagoek hola; baserritarrek hala, tailerretako beharginek hola. Nork txanponak, nork billeteak. Nork eta noiz uzten duen zorretan, nork ordaintzen duen epeka. Gizonezkoek eta emakumezkoek nolako diru zorroak erosten dituzten kontatzen zidaten, nola ordaintzen den hilabete hasieran eta bukaeran. Garraiolariek esaten zieten: “auto asko dabil autopistan, pratikak beteta daude, igarriko duzue…”. Xehetasunen bila joan naiz.

Lehen ikurrina nola josi zuten kontatzeko, esate baterako…

Detaile adierazkorrak harrapatu nahi nituen, gatazkak dendariaren perspektibatik seinalatzeko. Ikastolen publifikazioari buruz hitz egiten dute liburu saltzaile diren neurrian; ETAren indarkeriari buruz hitz egiten duten dendako asegurua saldu zien pertsona, pareko aseguru etxekoaren senarra zen Patxi Kakatza ETAk hil zuelako dendatik 15 metrora; abortu eskubidearen aldeko borroka kontatzen duten dendaostean lagunen analisiak gordetzen zituztela oroituz; irakurtzen zituzten liburuen harira eta jasandako bortxaren edo panpina batetkiko harremanaren bidez marrazten duten euren izaera sexualaren eraikuntza… Badakigu zertaz hitz egiten zuten eta zertaz ez, zer erakusten eta zer gordetzen zen… Dendaostearen eta erakusleihoaren arteko jokoa hori izan da. Dendaren hiru parteak —erakusleihoa, denda eta dendaostea— ispilu dira, aplikatzeko bizimoduari, sexualitateari, hizkuntzari… Zein da gure hizkuntzaren dendaostea? Zer gertatu behar izan da nik gaur horrela hitz egiteko? Zergatik hitz egiten du nire amak hitz egiten duen bezala?

Hizkuntzari lotuta, narratzaileetako batek dio “josten duzun bezala hitz egiten duzu… di-da akatsekin baina funtzionatzeko moduan eta imajinazio handiarekin”.

Asko dibertitu izan gara izebaren hitz egiteko moduarekin, hizkuntza asmatzeko duen joerarekin. Bost axola esan ordez hiru axola esaten du, edo zer dauzkazu, urdirixak? Horrelako hamaika. Ekainetik hona dendan aritzen naiz lanean eta neu hasi naiz deboluketa esaten izeba itzulketa esaten hasi den bitartean… Hizkuntzari begiratu nahi nion, ahal zela umorez. Orain dela gutxi irakurri dut Leire Lopez editoreak utzita Sylvia Molloyren ‘Vivir entre lenguas’ zoragarria. Gustatzen zaizkit memoriari eta hizkuntzari buruzko liburuak. Nire hau ez da batere saiakera estilokoa, baina erakutsi nahi du hizkuntzaren dendaoste hori zirrikitu batetik.

Noiz sentitu zenuen dendaostea erakusteko gogoa?

Dendak 40 urte bete zituenean festa bat egin zuten eta argazkiak pasatzen hasi ziren. Ezin izan nion negarrari eutsi. Orduan jabetu nintzen denda gutxi barru desagertuko dela eta galduko dudala jaioterriarekin eta nire haurtzaroarekin dudan loturarik sendoena. Ohartu nintzen amaitu egingo zela zerbait, bazegoela nire barruan erreka bat oso sakona denda ixtean blokeatuta geldituko zena. Handik urtebetera ikastaro batean Jone Arrazolaren ‘Oñatiko emakumeak errekadutan’ hitzaldian nengoela esan nuen lehenengoz boz gora: “zerbait egin behar dut dendarekin”.

Bertsoa eta liburuak: biek elea oinarri eta esatea helburu. Hain ezberdin edo hain antzeko? 2011n zuk esana: “Elkar orekatzen dute. Plaza eta etxea, arriskua eta segurtasuna, bat-batekotasuna eta patxada, lagunartea eta bakardadea…”; gaur ere bai. Nola bizi dituzu?

Bai, neurri batean elkar orekatzen dute. Bi jardunek eskatzen duten ariketa eta gorpuztasuna oso-oso diferenteak dira: bakoitzaren tenpoa, testuingurua eta posibilitateak diferenteak dira. Baina bietan dago esateko gogoa, eder esateko gogoa, erritmoa, hitzen arteko tentsioa… nola eusten dioten hitzek elkarri. Azken urteotan gero eta zailagoa zait bertsolari izatea; idazten, aldiz, geroz eta helduago sentitzen naiz. Idazten hasi nintzenean ia denak egiten zidan ihes…, orain ere gehienak egiten dit ihes, ondo idaztea utopia baita; milaka erabaki hartzen dira liburu bakoitzean eta ezin denak zuzenak izan!, beti gelditzen zara zalantzekin. Baina idazle bezala ikusi egiten dut nondik haz naitekeen, non dagoen bidea eta lurra idazle modura hazteko: zenbat gauza ez dakidan egiten, zenbat gauza hobeto egin nitzakeen, zenbat gauza ez ditudan probatu.

Bertso munduan, neurri handi batean bertso sistemagatik, badira urteak sentitzen dudala ez dudala hazteko biderik, ez dakit nondik eta norekin ekin. Ez dut txapelketan aritu nahi, eta hortik kanpo ez dago apenas lurrik, kiderik, debate artistikorik. Bertsolari bizimoduak ere asko nekatzen nau, eta oraindik 36 urte dauzkat. Aldrebesa egiten zait ibilera, loa galtzen dut, insomniorako joera daukat. Umerik ez neukanean moldatzen nintzen, orain zailagoa da. Bertsolari ibilera ederra baina neketsua da berez eta, are gehiago, antolatuta dugun moduagatik. Iruditzen zait bertsolaritzan oraindik asko falta dela bizitza erdigunean jartzeko. Dena den, bi jardunetan konpartitzen dudana pasioa da. Niri bertsotan egitea asko gustatzen zait, ikaragarri disfrutatzen dut. Kantua eta bertsoa beti izan dira arnasa hartzeko modu bat, asko gustatzen zait, ikaragarri disfrutatzen dut. Kantua eta bertsoa beti izan dira arnasa hartzeko modu bat, asko gustatzen zait doinuen gainean esaten saiatzea, bilaketa hori plazer handia da niretzat. Baina aitortuko dizut azken urte luzeetan borrokan ari naizela bertsogintzarekin eta behin baino gehiagotan pasatu zaidala burutik uztea.

Idazlearen lana bakarkakoa da, aldiz bertsoa oso presentziala.

Literaturaren bakarkakotasuna kuestionatuko nuke. Badu parte bakarti bat, zuk asmatu behar dituzu esaldiak, bakarrik zaude orriaren edo pantailaren aurrean… baina pipan erretzen duen idazlaren irudia deseraiki behar dugula uste dut, dirudiena baino kolektiboagoa izan daiteke idazketa. Nik beti konpartitzen ditut testuak kideekin, haien iritziak jasotzea gustatzen zait, baita haien lanak irakurtzea ere. Hizkuntza bezala, pentsamendua eta estiloa ere ez dira bakarka eraikitzen.

‘Kontrako eztarritik’ saiakera. Euskarazko saiakeraren Euskadi Literatura Saria (2020). Hor, jende askori kontrako eztarrira joan zaion makina bat kontu. Lekukotza gogorrak ere bai. Eta hainbat irakurleri —dagokionak irakurri izan badu behintzat— kontrako eztarrira joateko moduko kontuak…

Nahiago nuke inori ez joatea kontrako eztarritik eta horren ordez liseriketa egitea. Kontrako eztarritik joaten zaigun hori eztulka bota ohi dugu, ez dugu ezer egiten horrekin. Liburuan kontatzen dena deserosoa izan arren digeritzeko modukoa dela uste dut, eta denoi dagokigula, gauden posiziotik, bertsolaritza berdinzaleago baten alde pausoak ematen jarraitzea. Nik ‘Kontrako eztarritik’ titulua pentsatu nuenean, bi adiera neuzkan buruan: guri kontrako eztarritik joan zaizkigunak, korapilatu zaizkigunak, digeritu ezin izan ditugunak kontatzea eta, bestetik, Bigarren sexuari erreferentzia eginez, beste eztarri hauetatik kontatutakoei ere autoritatea ematea.

Bertsolari askok oso gertuko sentitu zaituzte, ondoan, aintzindari ere bai…

Ni inondik inora ez naiz aitzindari sentitzen, aitzindariak errekuperatzen nahiko lan bada! Bai feminismotik, bai bertsolaritzatik bertatik ere lan handia ari da egiten orain dela 150, 100 edo 50 urteko inprobisatzaile haiek erreskatatzeko. Existitzen zirela ez genekien amak eta amamak jaio zaizkigu. Izenak errekuperatzen ere nahikoa lan, bertsorik gehienak galduta daude. Haien pentsamendua, asmoak, debatea, galdu da. Gure aurretik izan da hainbat emakume bertsolari. Nire kasuan momentu bat iritsi zen bertso jardunean egiten nuen hori ezin nuena jasotzen ari nintzen formazio feministatik bereizi, edo banekarren eraikuntza feministatik aparte kokatu. 20 urterekin irakurri nuen ‘Bigarren sexua’, amak utzita, berak ere 20 urterekin irakurritakoa. Hor bazegoen beste erreka bat zeharkatzen ninduena eta plazaz plazako ibilerarekin talkan sentitzen nuena hainbatetan. Horri buruz pentsatzen hasi nintzen ia ezinbestean, nire ezinegonei eta hausturei erantzun bat bilatu nahian. Uste dut askori gertatu zaigula antzeko zerbait.

Konplize dituzu denak… kantuan diozun bezala?

Nik uste modu sinboliko batean baietz. Mari Luz Estebani entzun nion feminismoa ez dela gustatzen zaizkizun emakumeekin batera borroka egitea, gustatzen zaizkizunekin eta ez zaizkizunekin batera borroka egitea dela; bestea laguntasuna da. Ahizpatasuna diferentzian egin behar dugu.

Artista ondoan izateak laguntzen al du sorkuntza lanean, edota egunerokoa praktikotasunetik begiratuz, ordutegi bereziak —ez erregularrak— nola daramatzazue?

Auskalo! Sorkuntzatik bizitzeak zaildu egiten al du bizia? Ez dakit, ez dut sekula kontraturik izan. Ez bikotekide bera dut 23 urte nituenetik eta kantaria eta musikaria da. Edozein kidetzak bezala bere zailtasun eta erraztasunak dituela iruditzen zait. Beti sentitu izan dut konplize, bai bikotekidea eta baita gurasoak ere. Baloratzen dute egiten dudana. Beraientzat inportantea da nik idaztea eta bertsotan egitea. Sekula ez didate iradoki ere egin bertso saioren bati ezetz esateko, alderantziz. Eñautengandik asko ikasi dut erritmoaz, letragintzaz… kantuetarako letrak idazteko eta bertsoetarako ere balio dit. Musikaren gainean nabigatzeko, ulertu egin behar duzu modu intuitibo baten, gorputzean sartu behar zaizu, batzuetan hitz batzuek kirrinka egiten dute doinu batekin edo doinuaren momentu batekin. Baina, batez ere, laguntzen dit nire burua zaintzen, ni baino bareagoa da eta digestio motelagokoa. Alde horretatik berak jasotzen du nire txinpartatik eta nik bere patxadatik, erakusten dit noiz isildu, edo gauza batzuk behin esanda nahiko dela. Seinalatzen dit noraino borroka egin… Noraino daramadan nik borroka eta noiz hasten den borroka ni eramaten. Zurrunbiloan zaudenean ez da erraz ikusten, eta ederra da ondoan norbait edukitzea zure grina, zure egoteko modua, zure haserretzeko eta zure mintzeko mekanismoak ulertzen dituena eta zuretzat ona desio duena.

 

Bilaketa