literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ariane Kamio
Gara, 2016-11-19
[iturburua]
Koldo Izagirre:
«Franco hil zuten egunetan gure duintasuna detaile txikietan erakutsi genuen»

Frankismo garaiko heroikotasun txikiekin eta bere barne unibertsoan gordetako irudiekin osatu du Koldo Izagirrek “Franco hil zuten egunak” (Susa) kontakizun bilduma. Omenalditxoa da berea, oroitzapenezko plaka bat, fikzionatutako gertakizun errealen gainean egina.

“Franco hil zuten egunak”, egun desiratua euskaldun askorentzat…

Noizbait helduko zela bagenekien, baina uste dut azkenean dezepzio handi bat izan zela, oso egun normala izan zela Franco hil zen eguna. Bere heriotza programatua bezala gertatu zen. Hilabete baino gehiago egin zuen ospitaleratuta, eta denek zekiten hil egingo zela baina bizirik mantendu zuten artifizialki. Noizbait esan omen zuen berak kontziente zenean: “Oso zaila da hiltzea”, edo “oso gogorra”, edo halako zerbait. Preseski horretarako zen, alegia, bat-bateko heriotzak ekar zezakeen euforia geldiarazteko.

Ez zen xanpainik egon…

Ez, ez. Xanpaina jada gastatu zen dena Carrerorekin. Carreroren heriotza bera hain izan zen espektakularra eta gainera erresistentzia ekintza batek gertarazia... hori izan zen benetan frankismoaren heriotza. Franco gauza residual moduan geratu zen. Nik eta nire inguruak horrela bizi izan genuen.

Eta zuk, nola gogoratzen duzu egun hura?

Gogoratzen dut... seguru asko bileraren bat izango genuen, gero afariren bat eta lo nengoen goiz hartan, ez nintzen fakultatera joan. Amak, goizean goiz, “azkar! Franco hil da!”. Eta pentsatu nuen, “azkar? nora?”.

Gaztea zinen artean…

Bai, 22 urte nituen.

Gerra bizi izan zutenek agian beste era batera bizi izan zuten egun hura…

Ez dakit, baina nire aitak gerra bizi izan zuen eta igualtsu pasatu zuen egun hura. Beste zerbait etorriko zela edo erregimenak ez zuela iraungo hori garbi zegoen, baina bestelako ospatzeko moduko gauza ez zen izan, nire pertzepzioan behintzat.

Eta zergatik joan zara haraino?

Ez naiz joan, etorri egin zait. Hori askotan gertatzen zait. Ez dut asko programatzen. Ideia eta apunteetatik abiatzen naiz baina ez dut programatzen, ez liburua, ez eta egitura ere. Idatzi ahala etortzen zaizkit posibilitateak eta ez neukan horrelako liburu bat egiteko batere asmorik. Nire asmoa zen erreforma garaiko urteak azaltzea, nolabait “Sua nahi, Mr. Churchill?”-en (2005) jarraipen tematiko bat XX. mendeko zati batzuk azaltzeko. Baina hasi nintzen eta konturatu nintzen bazeudela bi-hiru ipuin bazutenak zerbait. Francoren presentzia ez zen bertan, baina atzealde batean, eszenarioaren atzean Francoren inguruko ideia bat bazen. Horrek probokatu zuen liburua. Desbideratu nintzen hasierako asmotik.

Horrek lotura handia izango du horretan, batetik, Franco Donostiara etortzen zelako. Eta bestetik, portua. Portura etortzen zen beti Hernan Cortes edo dragaminas bat edo destruktore bat “Azor” yatearen eskolta bezala. Horiek ezin zuten Donostian sartu, kaladoagatik, eta Pasaiara etortzen ziren eta espektakularra zen haien etorrera. Ni kaian bertan bizi nintzen. Nire aita bertako enplegatua zen, elektrizitatearen arduraduna eta horregatik etxe bat genuen hor, 24 orduak disponible egon behar zuelako. Baneukan atzean hondar bat edo zerbait, eta azaleratu egin da.

Zer idatzi ez planifikatzearena beti konstante bat izan da zugan?

Bai. Galdetu izan diet lagun eta lankideei eta denetik esan didate. Beste gauza bat ere badago nire kasuan. Eta injustua izango naiz esango dudana esanda. Irudituko litzaidake betelana egitea asko planifikatzea ere. Nahiago dut apunteak eduki eta murgil egin testuan, hasi nonbaitetik, egitura bera ere ez planifikatu, eta gero posibilitateak sortzen dira. Horrela hasten naiz testuaren gainean, eta gero testuak berak eramaten nau, nolabait. Asko planifikatzen dutenek ere, seguru asko, aldaerak egingo dituzte idatzi ahala. Horrek segurtasun bat ematen du, batez ere eleberrigintzan, argi izaten duzu zer bilatzen duzun. Baina gauza bat da hezurdura eta bestea kontakizuna ez aldatzea.

Hariak mugitu egiten dira…

Zorionez!

Noiz hasi zinen liburu honekin? Egituraren eta kontakizunen arabera, badirudi urteetan gordea izan duzun zerbait dela.

“Egarri egunak portualdean” (2011) publikatu nuen, baina hori ipuin bat zen eta azkenean nobela bihurtu zen, abandonatu egin nuen proiektatua neukan ipuin multzoa eta, seguru asko, bazegoen nigan gai horrekiko zerbait, baina ni konturatu gabe nengoen. Irudi asko etorri zitzaizkidan burura, baina batez ere bat nuen gogoan; argazki batean Francok ehizatutako zeroirik handiena, grua flotante batekin hura airean. Ez dakit zer adierazten duen, baina zeozer adierazten du horrek. Ipuin hori idatzi nuen jakiteko zer errepresentatzen zuen. Abiatu nuen argazki horretatik, eta hortik historia bat sortu. Lagun bat Saharan soldaduskan, beste bat Ferrolen Francoren estatua kendu zutenean…

Esan daiteke zure irudimena askatu duzula, beraz.

Alde batetik, gertakariak eta pertsonaia asko errealak dira. Baino gainerako guztia fikzioa da. Nik fikzioa erantsi diet gertakari hauei. Gertakari historikoak dira, Joseba Elosegi sutan, esaterako.

Ez nuen gertakari hori ezagutzen.

Joder, zein zaharra naizen!

Interneten sartuta ikusi nuen nola pilotalekuan bere burua erre zuen Francoren aurrean.

Ezagutzen ez baduzu hori, nire ustez, Donostiaren erruz da. Azken finean, protesta demokratiko bat izan zen diktadore baten aurrean. Berak bere burua erre zuen eta mirari bati esker atera zen —hogei metrotik behera erori zen—. Komentatu izan zen berak arropa alkoholarekin busti zuela eta ez gasolinarekin, bestela sarreran bertan atxilotuko baitzuten, kiratsagatik.

Ez dakit plakarik dagoen frontoian. Behar luke. “Hemen, halako egunean, Joseba Elosegik, bere burua jarri zuen sutan Francoren aurrean…”.

Anekdota bat gehiago historiaren zati ilun horren barruan.

Plaka batek duintasuna erakutsiko luke. Bakearen eta Giza Eskubideen etxea dago Aieten. Propio joan nintzen. Anna Franken gauza bat agertzen da…

Sinbolo bat munduan.

Des-sinbolizatu egin dute. Jada ez dauka zerikusirik, oso gauza manipulatua da, maiztua, eta era txarrean ikono merke bihurtua. Hala ere, bertan ez dago Francori buruzko ezer.

Ezer gertatu ez balitz bezala…

Eta hura bere udako etxea izan ez balitz bezala, Ministro Kontseiluak egin izan ez balira bezala, eta abar, eta abar.

Baina hor badago arazo handi bat. Denbora hartara itzultzeko beldurra, edo interesik eza.

Zerbait badago behintzat.

Pilotalekuan zinen egun hartan?

Ez, telebistan ikusi nuen zuzenean. Eta kalera irten nintzen hura kontatzera! Franco hil zenean ez, baina orduan bai!

Behin plaka bat ipini zuten Buenos Airesen ekintza honetxegatik: Buenos Airesko biztanle arrunt bat badoa kalean eta gurutzatzen da beste tipo batekin. Ikusten du, arrimatzen zaio eta zaplazteko bat ematen dio. Eta bere bidean jarraitzen du. “Hemen, halako izeneko herritarrak, gurutzatu zen inpunitate eta torturarekin, eta masaileko bat eman zion”. Oso polita iruditu zitzaidan. Astiz torturatzailearekin gurutzatu zen. Errekonozitu eta masailekoa eman zion.

Nire helburua ez da denuntzia literatura egitea, edo literatura politikoa. Garbi dago ez dela.

Plaka bat jarri duzu zure liburuan.

Hori da, plaka bat Joseba Elosegiri, nahiz eta bera ez den protagonista!

Zure omenalditxoa da.

Bai, frankismoa hain gauza luzea da, zeina bizirik dagoen oraindik.

Zure belaunaldiarengan pentsatu duzu liburu hau idazteko orduan?

Ez, gehiago jende gazteagoarengan.

Eta zure belaunaldikoek irakurri dute? Diot hau entretenimendu hutsa delako haientzako, oso identifikagarriak diren pasarteekin.

Ziur nago ondo pasako dutela. Errekonozituko dituzte giroa, mugimendua…

Gure belaunaldiari frankismoaren oihartzunak iritsi zaizkio. Guk jaso dugun giro horretara ere oso ondo iristen da liburua.

Helburua bete dut. Klase apaletik heroizidade txiki batzuk, oso txikiak, egin ziren. Azken finean, Franco hil zuten egun horietan gure duintasuna detaile txikietan erakutsi genuen. ‘Futbolaria naiz baina hala ere xingola beltza jarriko dut besoan fusilamenduak egon direlako...’, nolabait Franco hiltzen hasi ziren egunak dira.

Historia horiei unibertsaltasuna ere eman diezu.

Leku askotan egongo ziren halakoak. Pentsa PC batek zer nolakoak egin zituen!

Dokumentazio lana egin duzu?

Oso gutxi. Dokumentazio lana beste ipuin batentzat egina neukan, baina utzi egin behar izan nuen nobeleskoegia zelako.

Hala ere, kontakizun batzuk luze samarrak dira.

Batzuk horrela atera dira, baina ez zen nire asmoa. Agian, heldutasunera iritsi naiz eta nobelista izan ahal izango naiz laster.

“Lorea Gernika” zure aurreko lanarekin alderatuta, estiloan aldaketa nabari da.

Idazlearen berrinbentzio bat da nolabait, estilo identifikagarri bat, elipsiak, eta abar. Eta derrepente beste gauza bat. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan poesian. Argitaratu nuenean “Rimmel” oso despistantea izan zen nire irakurle batzuentzat. “Hau zer da?”, idazlearen beste alderdi bat, ez naiz monolitikoa! Uste dut gogoa ere izaten duela idazle batek beste narratzaile bat izateko eta “Lorea Gernika”-rekin asko disfrutatu nuen, zeren askatasun handia ematen zidan. Uste dut on egin zidala, eta orain berriz itzuli naiz Churchillen bueltako giro horretara.

Laburrekoa edo luzekoa, nongoa zara zu?

Nobelek badituzte gauza onak, baina esperientzia mardulagoak dira. Ipuinek, aitzitik, esperimentaziorako esparru interesanteagoak dira. Nobelan esperimentatzea zailagoa da. Ipuina dominatu litekeen baratzetxoa da. Eta bestetik, laburragoa denez, nolabait perfektua izatea eskatzen du. Baina borobilegia egitea ere artifiziala gera daiteke, zeren eskematismora irits gintezke. Miloko Venusari besoak jarriko bagenizkio bezalako zeozer.

Egin behar dut nobela bat. Badut buruan ideia bat. Baina luzatzen ari naiz eta hura ez idazteko aitzakia bilatuko du horrelako liburuetan.

Nagikeria?

Beldurra, nagikeria baino.

Zure ibilbideko idazle batek beldurra?

Bai. Askotan pentsatzen duzu, “hau azkena izango da”.

“Irauntza” izan daiteke Koldo Izagirre identifikagarriena?

Ez dakit. Irakurlearen pertzepzioa irakurlearena da eta, seguru asko, gurea baino ikuspegi zabalagokoa.

Kafkiarra da?

Ez dut uste. Ez dago makineria absurdo baten salaketa azaldu nahi duen sinbolismorik. Uste dut gehiago dela iraultza ezinezko bat. Irautea da helburua, datorren katastrofe ekologikoaren aurrean. Banekien esango zidatela kafkiarra dela, baina hori dagoeneko topiko bat da.

Nola ikusten duzu zeure burua literaturan?

Behin Bulebarrean geldiarazi ninduen gizonezko batek eta esan zidan: “Lehengoan EGAko azterketa neukan, zure testu bat jarri zuten eta ez zegoen hura ulertuko zuen amaren umerik. Segi horrela”.

Buenos Airesko zaplaztekoa Donostian.

Horixe izan zen!

 

Bilaketa