literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Miel Anjel Elustondo
Argia, 2016-12-25
[iturburua]
Koldo Izagirre:
«Euskarazko literaturan mundu industriala ez da askorik ageri»

Azaroan publikatu zuen lan berria, Franco hil zuten egunak, eta Basques’ Harbour-eko beste kontu asko (Susa, 2016), nahiz ez zuen aurkezpenik egin. Bere portu partikularrera itzuli da, bederatzi narrazio sendotan, urakanaren indarrez, eta zurrunbiloan eraman ditu idazkera ikurrak, lexiko zelaia eta sintaxi erraza. Jende eta gertakari errealak harroin hartu eta literatura egin du, ohi duenez.

Franco hil zuten egunak liburuaren aurkezpenik ez eta, aldiz, elkarrizketa sorta egin duzu lan berria argitaratu zenetik. Isilean iragan nahi zenuena, bateko eta besteko hedabideetan izan zaitugu, prentsa bete orrialde.

Harrigarria egin zait, alde batetik, eta bestetik, berriz, kezkagarria. Alegia, egunkariaren lehen planoan azaltzeak zer adierazten ote duen; bi orrialde —eta hiru ere!—, edukitzeak nik, edo nire liburuak. Egin ditudan elkarrizketa guztiak liburuari buruzkoak izan dira, ez idazleari buruzkoak —ohiko bizpahiru galderak izan ezik—, baina eman didaten espazioak zer pentsatua eman dit. Ez nago ados. Eskertua nago, eragina izango du salmentan, seguru asko, baina, beste alde batetik, inpudikotasun sentsazioa dut. Ez da ohiko tratamendua. Nire kolektiboa, idazleena, “traizionatzen” ari naizela iruditzen zait. Badakigu idazletza gauza pertsonala dela, indibiduala dela, baina idazleari demasako tratamendua eskaintzeak kaltea ekar liezaguke. Foku azpian egoteak higatu egiten gaitu. Espero ez nuen tratamendua eman didate, egia esan.

Zure literatura lanetan inoiz ez bezala, aipu bat da atariko, hamar ilara soiletan. Bertan, idatzitakoak ipuinak direla diozu, “historia txipia esaten zaiona”, jende eta gertakari errealak dituztela oinarri, literatura erantsi diezula zuk, “haiek bizi izandakoak balio sinbolikoa har dezan”.

Aipuak, kasu honetan, badu arrazoia: ipuin guzti-guztiek daukate gertakari konkreturen bat oinarri, errealitatekoa. Nire belaunaldikoentzat aski atzemangarria da dena delako gertakariaren atzean dagoena. Irauntza ipuinaren atzean, esaterako, Garcia Ripaldaren hilketa dago, Donostian, Grosen. Joseba Elosegi, berriz, izen-abizenez aipatzen dut. Alegia, idatzi dudana ez da fikzio totala, hainbat zor dio gure historiari eta errealitateari. Nik horri literatura erantsi diot, haiek oinarri hartu eta mundu bat fikzionatu dut haien inguruan, neure gisara. Francoren katxalotea, esaterako, fusilatu guztien biktima erraldoia bihurtu dut, fusilatu guztiak har ditzakeen gorputz handi arpoiz jositako bat. Hargatik aipua: gertatutakoak dira, ez dut errekreazio hutsa egin, fikzio baten barruan sartu ditut.

Irakurleak ulertuko du?

Adinaren arabera...

Garcia Ripalda, Joseba Elosegi, Francoren katxalotea Bermeon… garai bateko izen eta gertatuak.

Oso zaharra naiz, iragan mendekoa! Nire gurasoak, berriz, kasik XIX. mendekoak! Horrek asko markatzen du, nahitaez!

“Itzaletik argira egin nahi duen jendeari eskainitako omenaldia izan nahi luke liburu honek”, atariko aipuaren amaieran irakurri duguna.

Liburuaren azalean erabili dugun argazkiak Itzala du izena. Nik jarritako izena da, nahiz berez ez daukan izenik, eta egilea ere aski anonimoa den. Karabineroa ageri da azal horretan —hau da, portuan, itsas aduanan dabilen guardia zibila—, fusila bizkarrean, goizeko hamarrak eta hogeian, atzeko paretaren kontra itzala proiektatzen duela. Garai baten ezaugarria dut itzal hori, Francoren itzala da, diktadurarena da, errepresioarena da. Toki guztietan zegoen diktadura, baita portuko lanean ere, eta, horretatik, itzaletik argira nahi dutenen omenez idatzia da liburua. Logika batean, iraganean idatzi behar nukeen, “itzaletik argira nahi zutenen”, iraganeko garai eta giroan kokatuak direnez narrazio guztiak, baina gaurkora ekarri dut, orduko itzal hura gabe ere bestelako itzal asko dauzkagulako oraindik. Ez da orduan bezala, noski. Lehen, diktaduraren kontrako borroka unibokoa posible zen, etsai nagusi bat zegoen! Orain, bistan denez, etsai asko dauzkagu klase apaleko euskaldunok.

Nola egiten duzu giro eta garai hori dena jende haren barru-barrutik, barne-muinetik, fikzionatzeko?

Horixe da literatura, ezta? Gaizki ari naiz pertsonaia batzuen ahotik ari banaiz. Nik, pertsonaia batzuk asmatu ditut, eta haiei bizia ematen saiatu naiz. Agian, ideologizatuegiak atera zaizkit, baina nik garai ideologizatua ezagutu nuen, eta, beharbada, ez dut zikinkeria hura nire gainetik osoro kendu. Hori izan da, hain zuzen, fikzionatzean egin nahi izan dudana: gertakariaren inguruan zegoena idatzi.

Fikzioa fikzio, nondik edaten duzu idazten duzun moduan idazteko? Ez da ohikoa gure artean zuk darabilzun sua, idazkera ikurren ausentzia, lexikoaren kolore horiek…

Ez dakit.

Manera lauagoak ohi darabiltza euskarazko idazleak…

Uste dut fenomeno orokortua dela goxo idaztea… Esperimentalismoak oso atzean geratu dira. XX. mendeko kontuak dira. Ez dut uste nik esperimentalismorik egiten dudanik, alabaina, saiatzen naiz egiturak aldatzen, puskatzen, atzera-aurrera ibiltzen, paralelotasunak eraikitzen. Hori guztiz ohikoa da nik irakurri dudan literaturan, oso gauza arrunta. Euskarazko literaturan pertsonaia xumeak ez dira askorik azaltzen, mundu industriala ere ez da askorik ageri, non eta gurean, Gipuzkoan eta Bizkaian, populazioaren gehiena industriatik bizi zenean. Mundu hori ez da askorik azaldu, ez bada gatazka jakin bat tarteko izan delako. Baina, normaltasunean, ez da azaltzen. Seguru asko, langilearen bizitza ez delako, zoritxarrez, oso nobeleskoa, ez duelako sorpresa handirik, istripu larriren bat-edo ez bada, behintzat. Industria mundu hori ez da ageri; portuko lana, esaterako...

Pertsonaia singular asko dira liburuan eta, horietarik bat, argazkilaria: Rafael Artista Fotografo.

Fotografo bat baino gehiagoren batura duzu. Portuko errealitateak ikusteko handia dauka pertsonaia horren sorreran. Portu industriala oso leku fotogenikoa da: hango zikina, hango bidoiak, hango bagoiak… Estetika industrial fuertea du portuak, kontraste handikoa. Ez zen harrigarria, beraz, portua fotografoen lekua ere izatea. Pasaiako portuak, esaterako, prentsa korrespontsalak eduki zituen beti, bertako Obra Batzordeak ez zeukan fotograforik, baina beti zeukan enkarguren bat haientzat. Fotografoek kolekzio handiak osatu zituzten. Pasaia Antxon, momentu batean, hiru fotografo profesional ere izan ziren lau mila biztanlerentzat. Horrek zer edo zer adierazten du. Oraindik orain, fotografo horietako baten familiak kristalezko bi mila negatiboren dohaintza egin dio Pasaiako kultur talde bati. Herri osoa ageri da bertan, gerra aurretik 80ko hamarkada arte. Fotografiari dagokionez, ni neroni portuan bizi nintzen eta, gaztetxotan, aitak kamera bat eman zidan non edo nondik kontrabandoz atera zuena, eta karrete batzuk hartu eta hara eta hona ibiltzen nintzen portuan fotografia abstraktuak eta esperimentazioak eginez. Honenbestez, esana dago fotografoari dagokiona.

Galego giroa ere guztiz presente zure narrazioetan. O burro ipuinean oroz gain…

Lau barruti handi ditu Pasaiak, eta horietarik bat da Trintxerpe, guztiz galegoa garai batean. Oraindik galegoa entzuten da hango kalean, nahiz eta orain gutxiago entzuten den, orduko galegoen ondorengoak galegoak baino euskal herritarragoak direlako. Guk “egun on” esaten genuenean, haiek “eu non” ulertzen zuten, hau da, “ni ez” edo “nik ez”, eta “eu tampoco” zen ohiko erantzuna... euskaldunen artean! Galego izaerak Trintxerpen ez ezik portuko inguru osoan zeukan indarra adierazten du horrek. Komunitate pobrea zen galegoena, lanik gogorrenak egitera etorriak ziren, Ternuara bakailaotara joan ohi zirenak... Asko sufritutako jendea, galegoak. Bestalde, Errepublika garaian, hainbat hilabetean greban egon eta manifestazioan irten ziren galegoak portutik Donostia aldera. Bada, Ategorrietan zain zituzten guardia zibilak, eta zazpi hildako, berrogei zauritu izan ziren. Hurrengo egunean, orduko egunkari El Día-ren titularrak: “Una muchedumbre con fines inquietantes se acercaba a la capital…”. Sarraskia zurituz, alegia! Guk ezagutu genuen galegoen mundua oso erakargarria zen, boxeo kluba ere bazeukan eta, bestalde, Trintxerpeko futbol taldean jokatutakoa naiz. Asko zor diot Trintxerperi. Normala liburuan agertzea.

Jakin dugu norentzat idazten duzun hain alderantzira: irakurle kultu, umoredun eta literaturzalea duzu gogoan.

Beroarena kendu behar zaio guztiari. Doi bat kultu, doi bat umoredun, doi bat literaturazalea.

Hori da gure maila?

Ni neroni ere hala naiz: doi bat.

XX. mende amaiera literaturara ekarri nahi duzula irakurri genuen Berria-ren azalean…

Ez neukan liburu hau idazteko asmorik, 1975etik aurrerako ipuinak egin nahi nituen, ez hauek, baina idazten hasi eta konturatu nintzen hantxe zegoela beti Francoren irudia, eta aurrera egin nuen. XX. mende amaiera literaturara ekarri nahi dudala esatea ere! Zer esaten dudan ere ez naiz konturatzen askotan!

Ez zara hitzaldiak egin zaharra Durangoko Plateruenan eta Bilbon Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolaturik. Euskara izan duzu gai bietan ere. Bigarrenean, “Euskara akabatzeko euskal metodo batzuk” zenuen zure berbaldiaren izenburu.

Dispertsio handi batean gaudela pentsatzen dut, eta indarrik gabe. Ez naiz euskaldun bezala errepresentatua sentitzen inon. Hori da gure patua. Politikari guztiak beren alderdikoak dira lehenik, eta, gero, euskaldunak dira. Gure hizkuntza egoera onean balego ez litzateke problema izango, baina problema da politikariek gure hizkuntzaren diglosia bider bi, gutxienez, erakusten dutela. Aniztua. Ez dira gai euskarazko diskurtso bat josteko. Euskaratik sortutako hizkera politikorik ez dago, dena da itzulpena, dena da gaztelaniazko terminoen egokitzea. Hori, hala ere, axalekoa da, funtsean ez dute bide-orririk, ez dago politika zehaztu bat euskararentzat. Izatekotan, euskara arazo sektoriala dute, lehen emakumea edo langilea arazo sektorial zituzten bezala. Baina hizkuntza ez da sektorea, dena bere barruan hartzen duen egitura bat baizik. Hori da gure arazo nagusia, euskaldunak ez garela multzo, baizik sektore bat, eta, hori horrela, ezin dugula elebitasun faltsu hau gainditu.

Autopsiarako frogak (Susa, 2010) aurkeztu zenuen garaian ere horretan zinen…

Areagotu egin dira frogak. Nazkatu egin naiz txatalak biltzen, surrealismoaren mailakoa da afera. Gasteizen gertatu zena, azokan porruak salgai jarri, “porruak” zioen txarteltxoarekin, eta udaltzainaren debekua jaso zuenarena bezala! Umorezko film batean azaldu eta jendeak barre egingo luke erridikulizazio modu bat delakoan. Baina errealitatean gertatu da! Horretaraino iritsi gara. Bitartean, ez da ezer gertatzen. Politika linguistikoak ondo daude, oso egokiak dira, aurrera goaz…

 

Irakurlearena

Desagertzeko arriskuan dagoen espezieren bateko idazlea da Koldo Izagirre Urreaga (Pasaia, 1953), alderantzira idazten dutenen kide. “Euskararen sintaxia ere halakoxea da, eta hura zuzendu nahian nabil”, dio. Franco hil zuten egunak, eta Basques’ Harbour-eko beste kontu asko, liburu berria dakarrela ere, non dago basques’ harbour eta, oroz gain, Egarri egunak Portualdean dakartza. Sahara, Joseba Elosegi, Francok fusilatuak, manifestazioan Donostiako Grosen 1975eko urriaren 31n balaz hildako Jesus Mari Garcia Ripalda, propaganda klandestinoa zabaltzen duen neska gaztea, Francoren heriotzaren osteko igandean jokatzeari uko egiten dion futbolaria —dolua gorde beharra izan ez dezan—, “eta beste kontu asko”, azpitituluan idazten asmatu duenez.

Franco hil zuten egunak honetan, aro jakin bateko giro-garaiak literaturizatu ditu Izagirrek, idazkera pekoz gora jarririk, ikurren gainetik jauzi eginik, pertsonaia bata eta bestea idazlearen lumari gailentzen zaizkiolarik, etorri handiko uholean, lexikoa aberats, sintaxi landu, erritmoa indartsu.

Finean, irakurle literatura zale makurrak behin eta berriz eta askotan irakurri beharko dituen orrialdeak, Izagirrek ez bezala behin eta berriz eta aunitzetan irakurriko ditugunak, egileak nekez itzuliko baita orri engoitik zaharrotara. “Liburu bat publikatutakoan izan nezakeen txarrena da hura berriz irakurtzea. Ahaztu egiten dut berehala. Oraintxe, ez nizkizuke emango Franco hil zuten egunak liburuko narrazioen tituluak. Ez naiz gauza. Ahaztuta daukat liburua jada”.

Irakurleak ez bezala.

 

 

Bilaketa